EMAIOK ZAKURRARI HEZURRA,
ETA EMAZTEARI GEZURRA

 

        Antiguako eliza jendez gainezka zegoen, gutxitan bezala. Ez zen harritzekoa, Errosario Iruarrizaga, Tomas Sarasketaren alarguna, oso ezaguna baitzen Donostia osoan.

        Jon Bidart detektibeak ongi gogoan zeukan hil berria.

        Emakume luze, ile zuridun bat zen, ongi egina, mehantza eta osasuntsua. Adinean aurreratua izan arren, soinez zauli eta gordina. Haren hankaje eder eta ibilera bizkorra! Aspertzeke, heriotzako ordura arte lanean ari izandako emakumea zen hura!

        Garai batean bikaintasunik ere ez omen zitzaion falta. Gero ordea, gaitzak jota, aurpegia zarpuiloz bete zitzaion. Hari begiratu eta jendeak nahiko lan izaten zuen higuin keinuei eusten.

        Baina Errosariokin alditxo bat hitz eginez gero, laster geldituko zinen zorabiatuta haren izaera bero eta indartsuaz.

        Andere diruduna eta elizkoia zen. Ez zen Donostian emakume haren bihotz on eta eskuzabala ezagutu ez zuen kofradi, errukietxe edo ongile elkartasunik.

        Ez dakit zenbat elkartek zeukaten aukeratuta lehenburu. Heriotza belun-ezbehartsua gertatu zitzaion Errosariori ordea. Baratzean zehar bakarrik ibiltzeko ohitura zeukan. Bere 73 urterekin arin ibiltzen zen hara-hona, mintegiak ikusi, loreak ureztatu eta txoriei hartarako eginak zeuzkan askatxoetan jana ipintzen.

        Baratzeko goialdean urmael polit bat zegoen, lorez inguratuta. Lore horik ureztatzen ari zela, irristatu, urmaelera erori eta ito egin zen.

        Ezbehar honek donostiarren bihotz-ondoa biziro ukitu zuen. Baina Errosario zenaren hiletara bildu zen jendetza ez zen emakumearen oroimen hutsez etorri. Tomas Sarasketa bere senar zena, urte batzuk lehenago Filipinetan hila, garai batean oso ezaguna izan baitzen Donostian.

        Eta hantxe bertan, argiz jantzitako eliza hartan, han zegoen Iker bere seme zaharrena, Donostiako notari entzutetsua, hiri hartako diruaren gorabeherak inork baino hobeki ezagutzen zituena. Eta bolo-bolo zabalduak zeuden marmarketak sinesten baditugu... diru arazoak ezagutze soilez asetzen ez zena...

        Bere ondoan eserita, elizako lehenbiziko eserlekuan, Julen zegoen, bere anaia gaztea, burdin arazoetan Euskal Herri osoan aipatuenetako bat. Bere lantegiak Bilbotik hasi eta Tuteraraino sakabanatuak zeuden.

        Lore Orgamendi, Ikerren emaztea, Eibarkoa zen. Orgamenditarrek Eibarren eskopeta lantegi ospetsuenetako bat dute gaur egunean ere. Eta Lambretta olategian, berriz, diru-akzioen erdia ere berarena omen da, zurrumurruek diotenez.

        Julen Sarasketa Emiliana Sorozabalekin ezkonduta zegoen. Andere hau azken garaiotan diruz nahiko murrizturik eta estu zebilen Donostiako handikien familia batean jaioa zen. Seme-alabak zituzten, Iñaki eta Itziar, Donostiako EUTG-n ikasten zihardutenak.

        Beren lehengusua Gotzon, berriz, Iker eta Loreren ezkontzako kimu bakarra, Bilbon zuzenbide ikasketak egiten ari zen. Agi zenez, aurrerapen handirik gabe; 23 urte zituen, bada, eta karrerako bi urte besterik ez onduta.

        Iñaki lehengusuak, ostera, bi urte gazteago izan arren, EUTG-ko hirugarren urtea ere amaituta zeukan. Ikastetxe hartako ikaslerik bikainenetakotzat jotzen zuten jesuitek.

        Itziar Filosofia eta Elerti gaietan ari zen. Ez galde haren ikasketak nola zihoazen. Ez zegoen, noski, inor zekienik.

        Etxean gurasoak ez ziren haren ikaskizunekin gehiegi arduratzen. Etxe oneko neskatxa bati unibertsitatean jarduteak izena ematen diola eta... horrexegatik bakarrik ari omen zen ikasten. Hori zioten behintzat bere lagunek.

        «Ez ote dabil gero senargai baten usaian?» Hala zioen «Pello Kirtenek», EUTG-ko atezainak bere ateraldien artean.

        Han zeuden bada Sarasketatar guztiak eta beste ahaide batzuk, berauen ama-amonaren hiletan.

        Orduko elizkizunetan ere sumatu zuen Jon Bidartek hilobiratzetan sarritan ohartu ohi zuen atsekabe samingarria. Heriotzak gizonak ezabatzen ditu, munduan den sorkaririk bikainena.

        «Munduko eskulturarik ikusgarriena ere ez duk ezer gizonik kaxkarrenaren parean», ziotson bere buruari. «Hilerrietan irotzen dituk ludiko erti-lanik begi-betegarrienak».

        Meza emailea Jon Bidarten haurtzaroko lagun bat zen, D. Frantzisko Errekarte. Biak Azpeitian haziak ziren. Jonen aita zena Miarritzekoa zen. Ama, berriz, Azpeitikoa. Honek udaroa Miarritzen igarotzen zuen neskame. Han ezagutu zuen Jonen aita eta bertan ezkondu.

        Hiru urtez bizi izan ziren hiri hartan. Eta hantxe sortu zen Jon.

        Baina Miarritz utzi egin behar izan zuten, Jenaro, Jonen aita, zapatagile trebe, baina diru-hartzaile txarra zelako. Azkenean porrot egin zuen, eta Azpeitira etorri ziren, Jonek bi urte zituela.

        Hemen lanbide berari ekin zion aitak. Eta oraingoan hobeto atera zen. Laster diru mordoa egin eta Donostiara aldatu ziren. Orain ere Donostiako Narrika kalean Bidartarren oinetako denda zoragarria ikusiko duzu.

        Jon eta On Frantzisko Azpeitiko Maristetan batera ibilitakoak ziren, eta adiskide zintzoak egin ere.

        Nork uste orduan, Patxi geroenean apaiz egingo zenik? Txermenak eta gereziak «Zabalegi» borda aldean harrapatzen zebiltzanean, esku berberaz egun batez bedeinkazioak emango zizkiela nori buruak eman?

        «Bai, apaizak gu bezalako gizakumeak dituk. Gure artetik sortuak eta gure antzera on eta txarrerako grinatuak», pentsatzen zuen Jonek, bere adiskidea Berri Ona kantatzen ari zen bitartean.

        On Frantziskok meza berriaren jaiegunerako dei egin zion bere adiskide Joni. Pozik etorri ere Azpeitira lagunarengana.

        Handik urte batzuetara Antiguako parrokiara izendatu zuten. Aurrera ere On Frantzisko eta Jon bakanduak izan arren adiskidetzan leial jarraitu ziren.

        Noizean behin batzarraldi eta jolastokietan elkarrekin biltzen ziren, eta elkarri etxera agerturen bat edo beste egin ere bai. Honelakoetan arrera atsegina egin eta hitz-aspertu ederrak egiten zituzten beren bizitzako gorabeherekin.

        Elizan Errosario anderearen hiletako elizkizuna aurrera zihoan. Perosi-ren doinuek eliza betetzen zuten une hartan. Eskaintza zen. Korutik abeslariak «Domine Jesu Christe» bikain abesten ari ziren.

        Solistari «libera eas de ore leonis» kantatzerakoan, ordea, ahotsa korapilatu egin zitzaion eta emakume batzuek beldurrez koru aldera begiratu zuten: «benetan lehoi bat al dator?». Baina ez, dena baketan joan zen.

        Bitartean familiako etxekoandreak elizaren erditik zerrendan bata bestearen atzetik bazihoazen estola eskuan zeukan apaizarengana eta jaiera handiz estolaren gurutzeari muin eman eta hildakoaren izenean oparia ipintzen zuten bere lekuan.

        Bere berena zuten eginkizun hori beteta gero, begirune handiz bihurtzen ziren beren familiako argiola piztuaren aurrera.

        Meza amaitu ondoren Jon bere aulkian gelditu zen, jendea irten zain. Gero Frantziskori agur bat egin nahi zion.

        Sarasketatar bi anaiek beren emakumeekin sakristiara sartu-irten bat egin eta beste senitarteko guziekin batera kalera jo zuten. Denak beltzez apain jantzita zeuden eta elizan zehar zihoazela, eliza barneko itzalekin ezabatu eta aienatu behar zutela zirudien.

        Jon sakristiara zen. Bi mutikok meza ontzietan gelditutako ardoa edaten ziharduten. Jon tupustean ikusita masailak gorritu zitzaizkien.

        «Eliza-zainari esango ote dio honek?, zioten haien begiek. «Ez estu, mutilak!» esan zien Jonek irribarrez. «San Pedro eta San Pablori meza laguntzen zieten mutikoek ere, zalantzarik gabe, zuek bezala ardoa edaten ziaten eta». Mutikoak barre algaraz; Jonek aurrera egin zuen. Poztu zen gogotik apaiza, bere laguna han ikustean. «Kaixo, Jon, hi ere hemendik?» agurtu zuen bihozkiro. «Bai, motel. Errosario anderea nork ez zuen bada ezagutzen? Gainera hemen izango hintzela, noski, eta etorri egin nauk. Baina ez nian uzte meza heuk eman behar huenik». «Errosario anderearen arimaren zuzendari ninduan eta halaxe gertatu zaidak. Hago pixka batean. Elkarrekin aterako gaituk. Etorriko haiz gurera zerbait hartzera».

        «Ez. Barka, estu antzean nabilek. Badakik...» «Atariraino lagun iezadak behinik behin».

        Bazekien Jonek atarira heldu eta gero etxe barnera sartu beharko zuela, baina...

        On Frantziskok meza-jantziak txukun utzi eta elizmutilari ohar batzuk eman ondoren bere lagunari sorbaldatik heldu eta biak elizatik atera ziren.

        «Elizkale» barrenean zegoen D. Frantziskoren etxea. «Beraz, hik ongi ezagutzen dituk Sarasketatarrak, e!» galdetu zion Jonek.

        «Ongi? Ez zekiat, ba. Errosario bai, hobeto ezagutzen nian.

        Sarasketatarrenean gutxitan izan nauk. Noiz edo behin ikusi izan dizkiat elkarrekin «Lorategi» deritzan Errosario anderearen landetxean».

        «Zergatik bizi zen bakarrik Errosario»?

        «Semeek hura gabe lasaiago bizi izatea nahi izan ziaten nonbait. Badakik, suiak eta errainak lapikoa beren gogara egosi nahi izaten dutela».

        «Aspaldi hil al zen Errosarioren senarra?».

        «Ez zekiat garbi esateko. Bere gizonaren berririk ez zian

        Errosariok aitatzen. Gai horietan oso isila huen».

        «Bai heu ere», pentsatu zuen bere artean Jonek.

        «Eta Sarasketatar gazteek zer diote? Oso atsekabetuak al daude amonaren heriotzaz?».

        «Horrela ziruditek; batez ere Gotzon, Ikerren semea». «Nor zen hori, luze, mardul bat?».

        «Ez. Hori Iñaki bere lehengusua huen, noski. Gotzon txapar argal bat duk, aurpegi zurbila».

        «A, bai. Zuzenbidea ikasten ari omen duk, ez da?». «Bai, horixe».

        «Eta zergatik esan duk, Gotzon hori batez ere nahigabetuta dagoela?».

        «Bere amak horrela esan zidak behintzat. Eta ez nauk harritzen, amonak bera baitzuen maiteen. Hots eta hi zerk kilikatzen hau berri hauen usaian ibiltzeko!»

        «Badakik kristauak ezagutzeak nire lanari kalterik ez diola egiten».

        Helduak ziren On Frantziskoren etxera.

        «Tira, Jon, igo hadi eta bar ezak kafetxo bat nirekin. Bost minutu bakarrik, motel».

        «Bost minutu bakarrik balira! Baina hirekin eserita hizketan hasiz gero, hegan joaten dituk minutuak ez ezik, orduak ere. Ea, bada, goazen gora».

        On Frantzisko bere amarekin bizi zen. Emakume txiki, mehe, apala zen. Betaurrekoak ibiltzen zituen. Ibilera eta jarduera guztietan barneko ontasuna eta aldarte berdina erakusten zituen.

        Kafea eta pattarra ekarri zizkien.

        «Astirik izaten al duk «Zeruko Argia» irakurtzeko?» galdetu zion On Frantziskok.

        «Bai horixe: aurrenetik azkeneraino».

        «Zer iruditzen zaizkik "Sarasa" izenordez idazten dituenaren idazlanak?».

        «Oso biziak eta jakingarriak».

        «"Sarasa" hori nor den ba al dakik?».

        Ez».

        On Frantziskok garaile begiratu zion.

        «Iñaki Sarasketa, arestian ikusi duan mutil lerden hura».

        «Arraiopola! Alde batetik pozten nauk. Ezin uka mutilak badituela sua eta garra idazteko».

        «Eta esaerak biribiltzeko moldea» osatu zion bere lagunak.

        «Horixe bera esaten diat nik, puntu batzuetan gazte horrekin bat ez etorri arren» ihardetsi zion Jonek, kafeari xurrusta egin eta katilutxoa azpiltxoan ipiniz.

        «Iritzien ezberdintasuna aberastasuna duk, motel».

        Jonek bere erlojuari zehar begirada bat eman zion.

        «Hots, Patxi, ez zeukaat luzatzerik. Guk lehengo lepotik burua. Hurrengo arte» esan zuen zutituz.

        Sukaldeko lanetan hara hona ari zen amari agurrak egin, lagunari eskua estutu eta irten egin zen berriz ere eliza aldera. Han lagata zeukan beribila hartu eta etxerantz abiatu zen.

        Egun bero eta argia zen. Eguzkiak gorputza moteldu eta grinak ernearazten dituen horietakoa. Udaroko sargori egunetan, batez ere, sentitzen zuen Bidartek bere burua izadi osoarekin bat eginik.

 

 

 

© Gotzon Garate

 

 

"Gotzon Garate - Esku leuna" orrialde nagusia