Hizketaldia gauez
gizon arbuiatu batekin

(Garaikideentzako ikastaldia)

 

Beira baten dardara entzuten da.

 

GIZONA: (lasai eta ahots gora) Aurrera, mesedez.

 

Isilik.

 

GIZONA: Aurrera. Honaino igo zarenez gero, ez dauka zentzurik leiho ertzean eserita geratzeak halako altueran. Ikusten zaitut. Gela honetako iluntasuna zure atzeko zeruarena baino handiagoa da.

 

Zerbait erori da lurrera.

 

GIZONA: Orain linterna jausi zaizu.

BESTEA: Hara.

GIZONA: Lurrean bila ibiltzeak ez dauka zentzurik. Argia piztuko dut.

 

Argia pizteko giltzak soinu lehorra egin du eta eszena argitan geratu da.

 

BESTEA: Eskerrik asko, jauna.

GIZONA: Ondo da. Hor dago. Norbere burua ikusten dugunean egoera berehala atsegina bihurtzen da. Baina zu adineko gizona zara!

BESTEA: Gaztea espero zenuen?

GIZONA: Bai horixe. Hartu linterna. Aulkiaren ezkerraldean dago.

BESTEA: Barkatu.

 

Lorontzia txiki-txiki egin da.

 

BESTEA: Arraioa. Orain lorontzi txinatarra bota dut.

GIZONA: Pitxer greziarra.

BESTEA: Apurtu egin da. Sentitzen dut.

GIZONA: Ez du axola. Ezin igarri izango dut hutsunea.

BESTEA: Azken batean, etxeetatik gora joan eta lapurretan ibiltzea ez da nire ogibidea. Gaur egun eskatzen dizkiguten gauzak deabrua bera ere zertzeko modukoak dira... Jauna, benetan sentitzen dut hain torpea izatea!

GIZONA: Baliteke.

BESTEA: Pentsatu dut...

GIZONA: Pentsatu duzu ni beste gelan lo nengoela. Ulertzen dut. Ezin zenuen jakin ordu honetan ni oraindik idazmahaian jarrita nengoela.

BESTEA: Ordu honetan jende normala ohean dago.

GIZONA: Garaia normala denean.

BESTEA: Zure emaztea?

GIZONA: Ez kezkatu. Nire emaztea hil zen.

BESTEA: Baduzu seme-alabarik?

GIZONA: Semea kontzentrazio-barrutiren batean dago.

BESTEA: Eta alaba?

GIZONA: Ez daukat alabarik.

BESTEA: Idatzi egiten duzu? Gela liburuz beterik daukazu.

GIZONA: Idazlea naiz.

BESTEA: Irakurtzen al ditu inork zuk idatzitako liburuak?

GIZONA: Debekatuta dauden leku guztietan irakurtzen dira.

BESTEA: Eta debekatuta ez dauden lekuetan?

GIZONA: Gorroto dituzte.

BESTEA: Baduzu idazkaririk?

GIZONA: Zure inguruan zurrumurru zoroak dabiltza idazleen irabaziak direla eta, ezta?

BESTEA: Orduan, zu izan ezik ez dago beste inor departamentuan.

GIZONA: Bakarrik nago.

BESTEA: Hori ona da. Konturatuko zara lasaitasun osoa behar dugula.

GIZONA: Jakina.

BESTEA: Oso zuhur jokatzen duzu niri eragozpenik ez jartzean.

GIZONA: Ni hiltzera etorri zara?

BESTEA: Hartu dudan agindua.

GIZONA: Aginduz hiltzen duzu?

BESTEA: Nire lanbidea da.

GIZONA: Beti izan dut susmo iluna hiri honetan hiltzaile profesionalak ere egon behar direla.

BESTEA: Beti egon dira, jauna. Ni herri honetako borreroa naiz. Azken berrogeita hamar urteotan.

 

Isilik.

 

GIZONA: Ah... Borreroa zara.

BESTEA: Beste inoren zain egon zara?

GIZONA: Ez, egia esan ez.

BESTEA: Oso lasai hartzen duzu zure patua.

GIZONA: Oso fin berba egiten duzu.

BESTEA: Orain jende ikasiaz arduratzen naiz batez ere.

GIZONA: Pozten nau jakiteak kultura berriz ere arriskutsua dela. Ez duzu eseri nahi?

BESTEA: Une Batez idazmakinaren ertzean eseriko naiz, ardura ez badizu.

GIZONA: Etxean bazina moduan. Pattar apur bat?

BESTEA: Eskerrik asko, geroko. Aurretik ez dut edaten. Eskua sendo izan behar dut.

GIZONA: Txalogarria deritzot, eta naturala. Baina gero zeuk atera beharko duzu. Botila hau zuretzat erosi dut beren-beregi.

BESTEA: Bazenekien heriotza-zigorra ezarri dizutela? Herri honetan dena dago heriotzara zigortuta, eta batek ez dauka beste irtenbiderik zeru amaitezinera leihotik begiratu eta itxarotea baino.

BESTEA: Heriotza?

GIZONA: Hiltzailea. Nor bestela? Lehenagokoa bakarrik aurreikusi daiteke benetan. Horregatik herri madarikatu honetan dena aurreikusi daiteke. Gauzak logiko bihurtzen dira, norbera jorratzeko makinan sartu balitz moduan. Lehenengo ministroak eraso egin zidan, eta badakizu horrek zer esan nahi duen; Berorren Gorentasunaren hitzaldiek ondorio antiestetikoak izaten dituzte. Nire lagunek bizitzen jarraitzea erabaki zuten eta erretiratu egin ziren; denek dakite ni ikustera badatoz euren buruari heriotza zigorra jarriko diotela. Estatuak bere proskripzioko kartzelan sartu ninduen. Baina noiz edo noiz apurtu behar nituen nire bakardadeko hormak. Noiz edo noiz bidali behar ninduen gizon bat, hiltzeko baino ez bada ere. Gizon horren zain egon naiz. Nire benetako hiltzaileek bezala pentsatzen duen gizona. Gizon horri esan nahi nion, behin bakarrik —azken aldiz— zergatik borrokatu naizen bizitza osoan. Askatasuna zer den erakutsi nahi nion, gizon askeak ez duela dardararik erakutsi nahi nion. Eta orain zu zatoz.

BESTEA: Borreroa.

GIZONA: Zurekin hitz egiteak ez du zentzurik.

BESTEA: Arbuiatu egiten nauzu?

GIZONA: Nork estimatuko zaitu? Gizonetan arbuiagarriena zara.

BESTEA: Hiltzaile bat estimatuko zenuen?

GIZONA: Anaia bezala maiteko nuen eta haren aurka anaiaren aurka bezala borrokatuko. Nire izpirituak garaitu egingo zuen heriotzaren ordu gorenean. Baina orain, nire leihotik sartu dena hiltzen duen behargin bat da, eta noiz edo noiz, hilketa horiengatik erretiroa hartuko duena ohe gainean lo egin ahal izateko armiarma bezala asetuta. Ongi etorri, Borrero!

BESTEA: Eskerrik asko, jauna.

GIZONA: Harritu egiten zara. Ulergarria da; borreroak ezin du ondo erantzun. Pozten nau zu ezagutzeak.

BESTEA: Ez al duzu beldurrik?

GIZONA: Ez. Nola hilko nauzu?

BESTEA: Isil-isilik.

GIZONA: Argi dago. Kontuan hartu behar dira oraindik etxe honetan bizi direnak.

BESTEA: Labana daukat.

GIZONA: Orduan modu kirurgikoan egingo duzu. Min hartuko dut?

BESTEA: Oso arina da. Segundo batzuk baino ez.

GIZONA: Asko hil dituzu horrela?

BESTEA: Bai. Asko.

GIZONA: Pozgarria da Estatuak espezialista bat bidaltzea eta ez hasi-berri bat. Aparteko ezer egin behar dut?

BESTEA: Mesedez, alkandorako iduna askatuko bazenu.

GIZONA: Zigarro bat piztu dezaket lehenago?

BESTEA: Bai horixe. Hori ohore kontua da; denei uzten diet. Besterako ez dago hainbesteko presarik.

GIZONA: Camel da. Nahi al duzu bat?

BESTEA: Gero.

GIZONA: Egia da, dena egiten duzu gero. Eskuarenagatik. Pattarraren ondoan utziko dut.

BESTEA: Ona zara.

GIZONA: Txakurrekin beti izaten gara onak.

BESTEA: Hemen duzu sua.

GIZONA: Eskerrik asko. Ongi. Iduna solte dago.

BESTEA: Benetan, jauna, pena hartzen dizut.

GIZONA: Nik ere nahiko penagarri ikusten dut hau.

BESTEA: Eta hala ere zorioneko zara dena gau erdian gertatuko delako, guztiz pribatuan.

GIZONA: Benetan diotsut guztiz pribilegiatutzat daukadala neure burua.

BESTEA: Idazlea zara...

GIZONA: Eta?

BESTEA: Eta... orduan askatasunaren aldekoa zara, ziur.

GIZONA: Bakarrik.

BESTEA: Orain hil behar ditudan guztiak aldekoak dira. Zer ulertuko du askatasunaz borrero batek? Ezer ere ez, jauna.

GIZONA: Horixe.

BESTEA: Zigarroa zapaldu duzu.

GIZONA: Urduri samar nago.

BESTEA: Orain hil nahi duzu?

GIZONA: Beste zigarro bat erreko nuke, uzten badidazu.

BESTEA: Erre, lasai. Ia denek erretzen dute zigarro bat lehenengo, eta gero beste bat. Orain iparamerikarrak edo ingelesak dira. Lehen frantsesak edo errusiarrak ziren.

GIZONA: Ikusten dut. Zigarro bi hil aurretik eta zurekin hizketaldia; nik ere ez nuke hori galdu nahi.

BESTEA: Ni arbuiatzen banauzu ere.

GIZONA: Arbuiagarriaz ere ohitzen gara. Baina orduan hiltzeko zorian egoten gara. Hemen duzu sua berriro, jauna.

GIZONA: Eskerrik asko.

BESTEA: Hala da beti; denek dute beldur apur bat.

GIZONA: Bai. Apur bat.

BESTEA: Eta min handiz batek buruaz beste egiten du.

GIZONA: Justiziarik ez dagoenean erraza da hala egitea. Baina zuk ezin duzu justiziaz ere ezer ulertu.

BESTEA: Ezta ere, jauna.

GIZONA: Ikusten? Ni inoiz ez naiz harengandik ezertan aldendu.

BESTEA: Nik uste dut justizia zuen kontua dela, hemen kanpoan zaudetenona. Nork ulertzen du? Beti daukazue justizia ezberdina. Berrogeita hamar urte datoz kartzelan nagoenetik. Oraintsu hasi dira ni kanpora bidaltzen eta beti gauez joaten naiz. Noizean behin egunkariren bat irakurtzen dut. Noizean behin irratia pizten dut. Orduan heltzen zait patuen ibili zoroa, boteretsu eta handikien gora eta behera etengabea, haien jarraitzaileen oin-hots trumoitsua, ahulen hondamendi mutua, niretzat denak berdin jarraitzen badu ere. Beti horma gris berdinak, haietan behera datorren umeltasun bera, lohi urdin bera, Europako mapa balitz moduan zeru garbian, ibilbide bera korridore luze-ilunean patiorantz goizaldeko argi kolorgean; beti kolorerik gabeko irudi berdinak ekartzen dizkidate, alkandora eta prakak jantzita, ni ikusten nautenean zalantza bera, beti erremate bera, bai errudunentzat bai errugabeentzat: errematatu, mailu baten moduan errematatu, galderarik egiten ez zaion aizkoraren moduan errematatu.

GIZONA: Azken batean borreroa zara.

BESTEA: Azken batean borreroa naiz.

GIZONA: Zer ardura izango du borrero batek?

BESTEA: Pertsona bat zelan hiltzen den, jauna.

GIZONA: Pertsona bat zelan lehertzen den esan nahiko duzu.

BESTEA: Alde handiak daude.

GIZONA: Hitz egidazu alde horiez.

BESTEA: Zuk, nolabait, hiltzeko arteaz galdetzen duzu.

GIZONA: Gaur egun ikasteko daukagun arte bakarra dela ematen du.

BESTEA: Ez dakit arte hori ikas daitekeen eta ez dakit zelan ikasi beharko litzatekeen ere. Bakarrik ikusten dut batzuek badutela eta beste batzuek ez dutela; niregana narratsak eta maisu handiak datozela. Ikusten, jauna, beharbada niretzat dena ulergarriagoa litzateke nik gizonak hobeto ezagutuko banitu, bizitzan nolakoak diren jakingo banu, hona etorri arte igarotako aldi luzean zer egin duten; jakingo banu ezkontzea, umeak izatea, ohorea edukitzea, negozioak egitea, makina bat erabiltzea, jokatu eta edatea, goldea erabiltzea, politikan ibiltzea, ideiengatik edo herriarengatik sakrifizioak egitea, boterearen guraria izatea eta egiten den guztiaren esanahia. Jendea ona edo txarra da, arrunta edo balioduna bizi izan duen bizitzaren arabera, zirkunstantzien, arbasoen, erlijioaren edo diruaren arabera, edo bestela, goseak bultzatuta. Horregatik ez dakit gizakien egia osoa, neurea baino.

GIZONA: Erakutsidazu borrero-egia hori.

BESTEA: Hasieran irudi erraza egin nuen guztiaz. Azken batean, ni ez nintzen animalia motel bat baino, hil egin behar zuen indar hutsa baino. Horregatik honela pentsatu nuen: ezin da besterik galdu bizitza baino, bizitzatik aparte ez dago ezer, eta galtzen duena gizarajoa da. Horregatik hain zuzen egin nintzen Borrero, orduan orain dela berrogeita hamar urte, basoan animalia baten moduan hazi eta gero. Epaitegian galdu nuen bizitza salbatzeko izan zen. Ordain gisa borrero abila izatea eskatu zidaten. Bizitza irabazi egin behar zen. Borrero egin nintzen zuetarikoak hemen kanpoan okin edo jeneral egiten zareten moduan: bizitzeko. Eta bizitzak buruak moztea esan nahi zuen. Akaso ez zen zintzo hartutako erabakia?

GIZONA: Bai horixe.

BESTEA: Niretzat ez zegoen gauza naturalagorik gizon batek heriotzaren aurrean bere burua babestea baino, beraren eta nire artean borroka basatia sortzea nik haren burua labain-ahoaz ebaki arte. Hala hiltzen ziren basoko gazte gartsuak, haserrealdi baten edo maiteari gona gorri bat erostearren norbait hil zutenak. Nik ulertzen nituen, eurak eta euren grinak, eta maite nituen ni ere haietarikoa nintzelako. Haien eskuetan hilketa bat zegoen eta nire hilketan justizia; kontua argi zegoen eta argi konpontzen zen. Heriotza sanoaz hiltzen ziren.

GIZONA: Ulertzen dizut.

BESTEA: Gero beste batzuk beste modu batean hiltzen ziren, nahiz eta batzuetan heriotza bera zela ematen ziren. Horiek ni txarto erabiltzen ninduten eta harro hiltzen ziren, jauna, eta hil aurretik itzelezko hitzaldiak egiten zituzten askatasuna eta justiziaren gainean, gobernuari barre egiten zioten eta aberatsei edo zapaltzaileei bizkarrean hotzikara sortzeko moduan erasotzen zieten. Uste dut hala hiltzen zirela justizian sinesten zutelako eta beharbada arrazoia ere bazutelako eta heriotzak berdin ziela erakutsi nahi zutelako. Hor ere kontua argia eta erraza zen: haien eta nire artean gerra zegoen. Gorrotoz eta haserre hiltzen ziren eta nik haserre hiltzen nituen, beraz justizia alde bietan zegoela uste dut. Itzelezko heriotzaz hiltzen ziren.

GIZONA: Heriotza ausarta! Gaur egun asko hilko ahal dira hala!

BESTEA: Ba, jauna, hori da hain zuzen harrigarria: gaur egun ez da horrela hiltzen.

GIZONA: Zer diozu, doilorra? Izan ere gaur, zure esku hiltzen direnetatik bakoitza errebeldea da.

BESTEA: Nik ere uste dut askok nahiko luketela hala hil.

GIZONA: Bakoitzak nahi duen moduan hiltzeko askatasuna dauka.

BESTEA: Baina ez heriotza mota horretan, jauna. Horretarako ikusleak behar dira derrigorrez. Hori posible zen aurreko gobernuekin, heriotza-zigorra oraindik seriotasun handiz aurkezten zen ekitaldia zenean. Hara joaten ziren epailea, fiskala, aldekoa, apaiza, kazetari batzuk, medikuak eta ikusleak, denak lebita beltza jantzita, jendaurreko ekintza bat ikusteko moduan, eta batzuetan danbor-arrada bat ere egoten zen, are ikaragarriagoa izateko. Orduan oraindik merezi zuen zigortuak sua pizteko hitzaldiak egitea. Fiskalak ondo daki; behin baino gehiagotan ezpainak tximurtu eta haserrea gorde behar izan zuen. Baina gaur egun hori aldatuta dago. Nirekin bakarrean hiltzen da. Ez dago apaizik ere eta aurretik ez da epaiketarik egin. Ni arbuiatzen nautenez ez da hitz egiten, eta orduan heriotza ez da zehazten ez delako konturik garbitzen, eta zigortua galtzen ateratzen da. Horregatik orain piztien moduan hiltzen dira, ardurarik gabe, eta hori ere ez da dagokiona. Gutxitan bada ere, eta Estatuari komeni zaiolako, epaiketa egin eta hilketan fiskala eta epailea baleude... zigortua pertsona hautsia da, edozer egiten uzten duena. Hori, orduan, heriotza tristea da. Garaiak aldatu egin dira, jauna.

GIZONA: Garaiak aldatu egin dira! Borreroak ere igartzen dio.

BESTEA: Egunotan munduan zer gertatzen den jakin nahiko nuke.

GIZONA: Borreroa solte dabil, laguna! Nik ere heroi modura hil nahi nuen. Eta orain zurekin nago bakarrik.

BESTEA: Nirekin bakarrik, gauaren isiltasunaren erdian.

GIZONA: Nik ere beste irtenbiderik ez daukat piztien moduan hiltzea baino.

BESTEA: Heriotza ezberdin bat dago, jauna.

GIZONA: Esaidazu nola egiten den gaur egun piztiak ez bezala hiltzeko.

BESTEA: Apal hilda, jauna.

GIZONA: Zure jakituria borrero bati dagokiona da! Garai honetan ez da apala izan behar, mutil! Eta ez da apal hil behar ere. Dohain hori gaur egun itsusi bihurtu da. Gizateriaren kaltetan egiten diren gaizkintzen kontua egin behar da, azken arrasa eman arte.

BESTEA: Hori bizien kontua da. Baina hiltzera doazenen kontua beste bat da.

GIZONA: Hiltzera doazenen kontua bera da. Hemen nago ni, goizeko lehenengo izpiak irten baino lehen hiltzeko zigortua gela honetan, nire liburuek, nire izpirituko gauzek inguratuta, zuk hiltzeko, gizon gorrotagarriak, eta salaketarik gabe, apaizik gabe, hiltzaileei hori dena ematen bazaie ere. Isilpean hilko naute, aginduak dioen moduan, jendeari horren berri izateko eskubiderik eman gabe, ezta etxe honetan bizi direnei ere. Eta oraindik umiltasuna eskatzen didazu ! Zentzugabea, garai honetako injustizia da, hiltzaileak Estatu gizon eta borreroak epaile bihurtzen dituena, zintzoak hiltzaile gisa hiltzera behartzen dituena. Gaizkileek borroka egiten dutela esan zenuen. Ondo esana, borrero! Ni zurekin borrokatuko naiz.

BESTEA: Nirekin borrokatzeak ez du ezertarako balio.

GIZONA: Borreroarekin borrokatzeak bakarrik du balioa, eta horregatik da hain ankerra oraingo garaia.

BESTEA: Leihora hurbiltzen ari zara.

GIZONA: Gaur gauean nire heriotza ez da hondoratuko harri bat hondoratzen den moduan, isilik, oihurik egin gabe. Nire borroka entzun egingo da. Leiho ireki honetatik oihu egin nahi dut kalera, hirirantz! (Oihu egiten du) Entzun, hemen dagoen bat borreroarekin borrokan ari da! Hemen dagoen bat piztia bezala hilko dute! Jagi denok ohetik! Zatozte nolako herrian bizi garen ikustera!

 

Isilik.

 

GIZONA: Ez nauzu geldituko?

BESTEA: Ez.

GIZONA: Oihuka jarraituko dut.

BESTEA: Egizu oihu.

GIZONA: (ez oso ziur) Ez duzu nirekin borrokatu nahi

BESTEA: Nire besoek inguratzen zaituztenean hasiko da borroka.

GIZONA: Ikusten dut! Katua saguarekin jolasean. Lagundu!

 

Isilik.

 

BESTEA: Kalea isilik dago.

GIZONA: Oihu egin ez banu bezala.

BESTEA: Ez dator inor.

GIZONA: Inor ere ez.

BESTEA: Etxean ere ez da zaratarik entzuten.

GIZONA: Pausu bat bera ere ez.

 

Isilik.

 

BESTEA: Egizu oihu berriz, nahi baduzu.

GIZONA: Ez du merezi.

BESTEA: Gau guztietan dago bat, zure moduan, hiri honetako kaleetan oihuka ari dena eta inork ez dio laguntzen.

GIZONA: Gaur egun jendea bakarrik hiltzen da. Beldurra handiegia da.

 

Isilik.

 

BESTEA: Ez duzu berriz eseri nahi?

GIZONA: Ez dut beste irtenbiderik, uste dut.

BESTEA: Pattarra edaten ari zara.

GIZONA: Mesedegarri da zurekin borrokan egiteko prestatzeko. Tori, doilorra!

 

Txistua bota dio.

 

BESTEA: Desesperatuta dago.

GIZONA: Pattarra aurpegira bota eta lasai geratu zara. Ezerk ez zaitu artegatzen.

BESTEA: Nik ez dut gaur gauean hil behar, jauna.

GIZONA: Borreroak amaigabeko bizitza dauka. Orain arte gizakiarentzat arma duinak erabili ditut borrokarako. Izpirituko armak, On Kixote bat izan nintzen pizti txarra prosa onarekin menperatu nahian. Barregarria! Orain, oinperatuta eta haren atzaparrek urratuta, haginak erabili beharrean nago, etorkizun usteleko lana hori ere. Hau komedia! Askatasunaren alde borrokatzen naiz eta ez daukat armarik borreroari neure etxean tiro egiteko. Beste zigarro bat erre dezaket?

BESTEA: Ez duzu galdetu behar, jauna, nirekin borrokatzeko ziur bazaude.

 

Isilik.

 

GIZONA: (ahots beheran) Ezin naiz borrokatu.

BESTEA: Ez duzu egin behar ere.

GIZONA: Nekatuta nago.

BESTEA: Hori denei heltzen zaie, noizbait.

GIZONA: Barkatu pattarra txistuka botatzeagatik.

BESTEA: Ondo ulertzen dut.

GIZONA: Nirekin eroapena behar duzu. Hiltzea arte zaila ere zaila da.

BESTEA: Dardarka zaude eta pospoloa behin eta berriro hausten zaizu eskuetan. Neuk emango dizut sua.

GIZONA: Aurreko bietan bezala?

BESTEA: Horixe.

GIZONA: Eskerrik asko. Hau bakarrik. Gero ez dizut beste arazorik sortuko. Etsi egin dut.

BESTEA: Apalen moduan, jauna.

GIZONA: Zer esan nahi duzu?

BESTEA: Apalak ulertzea baino gauza zailagorik ez dago. Nortzuk ziren ezagutzeak berak ere luze hartzen du. Lehen baztertu egiten nituen. Hiltzearen maisu handienak direla konturatu nintzen arte. Piztien moduan hiltzen direnak, euren burua utzi eta heriotza trabarik egin gabe jasaten dute. Horrela jokatzen dute apalek ere, eta hala eta guzti ere ezberdina da. Ez da nekearengatik etsitzea. Lehenago, nik pentsatzen nuen: hori beldurretik dator. Baina apalak dira izan ere beldurrik ez dutenak. Gero irtenbidea aurkitu nuela uste nuen: apalek heriotza zigortzat onartzen zuten. Baina harrigarriena zen errugabeak ere horrela hiltzen zirela. Errurik batere gabeko egoeran hiltzen zituztela ziur nekiela.

GIZONA: Ez dut ulertzen.

BESTEA: Ni ere horrek nahastu ninduen, jauna. Hiltzaileengan apaltasuna ulertzen nuen, baina ezin nuen ulertu errugabe bat ere hala hiltzea. Eta hala ere euren kontra txarrik egingo ez balitz moduan hiltzen ziren, heriotza hori justua balitz moduan. Aldi batean beldur izan nintzen haiek hiltzean, eta neure burua gorroto nuen egiten nuenean, heriotza hura hain zentzugabea eta ulertezina egiten zitzaidan. Nire erremateak ez zeukan zentzurik.

GIZONA: (Triste eta nekatuta) Zoroak! Zoroak ziren! Zertarako balio du halako heriotzak? Behin borreroaren aurrean egonez gero, hartzen den jokabidea hartzen dela berdin da. Jokoa galduta dago.

BESTEA: Ez dut uste.

GIZONA: Apala zara, borrero. Baina gaur egun garaile handia zara.

BESTEA: Errurik gabe eta apal hil zirenengandik ikasi nuena baino ezin dizut esan, jauna.

GIZONA: Hara! Hiltzen dituzun errugabeengandik zure egia ikasteko modua egiten duzu? Hori da praktikoa izatea!

BESTEA: Ez dut haien heriotzetatik bat bera ere ahaztu.

GIZONA: Orduan buru zoragarria izango duzu.

BESTEA: Horretan bakarrik pentsatzen dut.

GIZONA: Zer irakatsi dizute errugabeek eta apalek?

BESTEA: Nik gainditu nezakeena eta gaindiezina dena.

GIZONA: Zure ahalak muga dauka?

 

Isilik.

 

GIZONA: Eta? Zalantzan? Behera eta behera eginez filosofatzen duten bakarrak borreroak direla ikusi dugunez, aprobetxatu entzun diezazuten.

BESTEA: Jauna, niri eman didaten boterea eta nik neure eskuez betetzen dudana, erortzen den aizkoraren zilarrezko zirkulu erdia, gau beltzaren erdian ziztatzen duen labanaren oineztua edo lepoa inguratzeko erabiltzen dudan sokalaster gozoa, ez dira lurrean gizakia zapaltzen dutenen boterearen zati bat baino. Indarkeria ekintza guztiek elkarren antza dute. Beraz nire boterea ere boteretsuena da: hiltzen dudanean, haiek hiltzen dute nire bitartez, haiek goian daude eta ni behean. Haien arrazoiak aukera zabala osatzen dute, izpirituzko eta gorenetik hasi eta beherengora arte nik ez daukat arrazoirik. Haiek mundua mugitzen dute, ni mugitzen ez den ardatza naiz, haien gurpil ikaragarria nire inguruan mugitzen dela. Haiek gobernatzen dute eta haien ikararen barru-barruan dago nire aurpegi isila: haien botereak azkenengo eta behin-betiko forma hartu zuen nire esku gorrituetan, kolpe baten markan batzen den zornearen antzera. Hemen nago indarkeria mota guztiak txarrak direlako, eta horregatik, nire biktimaren aurrean esertzen naizenean, idazmahaiaren gaineko gaueko argiaren azpian, soingaineko urratuaren azpian labana eskuan dudala, baztertu egiten naute, lotsa lurreko boteretsuengandik aldendu eta nire bizkar gainera bota dutelako haien guztien lotsa neuk eraman dezadan. Niri beldurra didate, boteretsuei ordea, lotsa ezezik miresmena diete. Euren altxorrak gozatzen dituzte ingurua inbidiaz beterik dutela, izan ere, botereak itsutu egiten du, gorrotoa piztu behar lukeena maitatzeraino. Horrela laguntzaileek eta kideek bat egiten dute boteretsuekin: txakurrak bezala, airean hartzen dituzte ugazabak haietaz baliatzeko erortzen utzitako botere txatalak. Goikoa behekoak utzitako boteretik bizi da, eta alderantziz, botere eta beldurrez, gutizia eta irainez egitura ilun bat osatuta. Egitura horrek denak inguratu eta azkenean beste borrero bat sortzen du, ni baino borrero beldurgarriagoa: nagusikeria. Horrek beti eramaten ditu masa herriak bere hiltegietako ilara amaigabeetara, baina alperrik, berak ez du ezer aldatzen eta. Berak suntsitu baino ez du egiten, indarkeria ekintza batek beste indarkeria ekintza bat baino ezin du ekarri eta, eta nagusikeriak nagusikeria baino ezin du sortu eta beste bat, etengabe, infernuko beheranzko biribilen moduan.

GIZONA: Isilik!

BESTEA: Zeuk nahi izan duzu nik hitz egitea, jauna.

GIZONA: (lur jota) Nork alde egin lezakeen zugandik!

BESTEA: Nik zure gorputza eraman dezaket, jauna, indarkeriak arriskuan dauka eta; horren menpe da hauts bihurtzen den guztia. Baina zu borrokatu zaren helburuaren kontra, hautsarena ez denaren kontra, ez daukat botererik. Hori ikasi nuen nik, borrero batek, gizon arbuiatu batek. Nire aizkorapean trabarik egin gabe hil ziren errugabeengandik ikasi nuen: heriotza injustuaren orduan harrokeria, beldurra eta umeen moduan hiltzeko eskubidea, hau da, mundua madarikatu gabe hiltzeko eskubidea alde batera uzten dituen gizona da boteretsuenak inoiz irabaziko lukeena baino garaipen handiagoa. Apalen erortze isilak, haien bakeak, ni ere otoitzean legez biltzen nindutela, arrazoi guztien kontrako heriotzen garraztasunak, munduaren aurrean barre zantzoa besterik ez diren gauza horiek, edo gutxiago, sorbaldak altxatzea baino ez direnek agerian utzi zuten injustuen ahultasuna, heriotzaren zentzugabekeria eta egiaren errealitatea. Eta egia horren kontra ezin dut ezer egin, ez dagoelako borrerorik harrapatuko duenik, ez mugatuko duen kartzelarik; horrexegatik ez dakit hartaz ezer, badela baino, indarkeriaz dihardutenak denak daudelako euren buruaren leihorik gabeko ziegan zarratuta. Gizakia gorputza baino izango ez balitz, jauna, boteretsuen zeregina erraza litzateke; harriak banan-banan jarriko lituzkete harrizko mundua egin arte. Baina gehien eraikita ere, jauregirik handienak eginda ere, euren bitartekoak indartsuenak izanda ere, asmorik ausartenak edukita ere, azpijokorik zitalenak eginda ere, eraikitzaileen gorputz irainduetan, materia ahul horretan dago gorpuztuta mundua nolakoa izan behar duen eta nolakoa den. Eta hor dago gorpuztuta baita ere Jainkoak mundua sortzeko zergatiaren oroimena eta haren erreinua etor dadin mundua hautsi egin behar delako sinesmena. Jakintza hori indar ikaragarria da, atomoena baino indartsuagoa, eta etengabe sartzen da gizakiarengan; masa bizigabean legamia da, noizean behin indarkeriaren gazteluak lehertarazten dituena, haitzetan arrakalak irekitzen dituen ur gozoaren antzera, azkenean haren boterea ume baten atzamarren artean isurtzen den hautsa bihurtu arte.

GIZONA: Lelokeriak! Lelokeriak baino ez!

 

Isilik.

 

BESTEA: Gaur egun lelokeriak bakarrik dira, jauna.

GIZONA: Amaitu da nire zigarroa.

BESTEA: Beste bat nahi duzu?

GIZONA: Ez, ja ez.

BESTEA: Pattarra?

GIZONA: Ezta ere.

BESTEA: Orduan?

GIZONA: Itxi leihoa. Badoa lehenengo tranbia.

BESTEA: Leihoa itxita dago, jauna.

GIZONA: Nire hiltzaileari gauza jasoak esan nahi izan dizkiot, orain borreroak neuri esan dizkit gauza arruntak. Borrokan egin dut lurrean bizitza hobea izan zedin, gizakia goldean uztartutako piztiaren moduan ez erabiltzeko: tira, goazen, lortu ogia aberatsentzat! Gero, askatasuna etorritakoan, sugegorrien antzera zuhurrak izateaz gainera, usoak izaten dakiten moduan gozoak ere izan gaitezen eta, azkenean, urkamendiren batean, lokatzez beteriko zelairen batean edo, txarrago, zure esku gorrituetan ez errementatzeko; eta beldur hori, zure lanbidea suspertzen duen beldur mespretxagarri hori, bizi behar izan ez izateko. Begien bistako egien aldeko borroka izan zen, eta halako egien alde borrokatzeak esan nahi du aldi tristea bizi dugula. Baina azkenean zure gorputz handia zeru argitik zuzenean gure geletaraino jaisten denean, orduan posible da apala izatea, naturala ez delako: gure pekatuen barkamena eta gure arimaren bakea da hori. Gainerakoa eskuetatik kendu digute; ez dagokigu guri. Gure borroka borroka ona izan da, baina gure hondamena hobea izan da. Egin izan dugunetik ezer ez da galdu. Igarotzen den ordu bakoitzeko, borroka berriz hasten du, edozein lekutan, norbaitek. Tira, borrero, itzali argia, egunsentiak gidatuko du zure eskua.

BESTEA: Nahi duzun moduan, laguna.

GIZONA: Ondo da.

BESTEA: Altxatu zaitez.

GIZONA: Ez daukat esatekorik ezer. Hau da unea. Hartu labana.

BESTEA: Ondo zaude nire besoetan, jauna?

GIZONA: Oso ondo. Sastatu.

 

Zubizabal, 1999, II. Zenbakia

 

 

© Friedrich Dürrenmatt
© itzulpenarena: Labayru Ikastegia

 

 

Friedrich Dürrenmatt euskaraz