GIZONA ETA KIDEA
Friedrich Dürrenmattek alemanez idatzitako
DER DOPPELGAENGER
euskaraz Antonio M. Labaienek itzulia
(Jostaketa)
ERREJIDOREA: Kontu bat esango zenidala agindu zenduen, Komediagile jauna. Hasi zaitez beraz, hainbat jostari-lagun ahots ona dutenak, gainera, hemen nere esku ditut eta...
KOMEDIAGILEA: Bai, agindu nizun ipuin bat kontatuko nizula, Errejidore jauna. Bihotzean daukadan gertakari goibela, arrunt bakana. Aitortu behar dizut, ordea, ez naizela gogoratzen gaiaz baizik. Ez dio axolarik, jarduna agertuko da beti bere garaian.
ERREJIDOREA: Kontuz baina! Ni behartua nago entzuleari ondo tajuturiko jarduna eskaintzera. Jardun nahasi bat gogaikarri litzateke. Har ezazu hori gogoan.
KOMEDIAGILEA: Hartuko dut bada ahal dudalarik behintzat.
ERREJIDOREA: Arren! Egidazu mesede.
KOMEDIAGILEA: Gogoan dut... gizon bat zela...
ERREJIDOREA: Bere izena?...
KOMEDIAGILEA: Ez dakit, baina izenak ez du axolarik. Gizon bat zen beste asko bezalakoa.
ERREJIDOREA: Zer lanetan edo nola aurkitzen zen jende artean?
KOMEDIAGILEA: Horrek ere ez du garrantzi handirik.
ERREJIDOREA: Jum! Gutxienez non bizi izaten zen jakin behar dugu.
KOMEDIAGILEA: Ez da hain beharrezkoa hori jakitea.
ERREJIDOREA: Gizon hori nonbait biziko zen noski.
KOMEDIAGILEA: Jakina! Kontu egizu erdi galdua dagoen urrutiko mendi muino aldean, itsas bazterrean agian, hiri handi baten nahaspilan... amaigabeko zelaia-beteko pinutegi estu-estuan apika; non-nahi dela, laino arteko ilargi-erdiak argitzen duen tokian...
ERREJIDOREA: Amets bat al da?
KOMEDIAGILEA: Bai, amets antzekoa... gizona lotan dagoen gelan.
ERREJIDOREA: Tira! Tira! Mesedez!
KOMEDIAGILEA: Hiru gauza dira nahitanahiezkoak: Gaua, haren inguruan, haren arimaren bakartasuna eta lo zorroan murgildurik dagoen amildegia...
ERREJIDOREA: Isildu al zara?
KOMEDIAGILEA: Gogor egiten zait, ez uste, ipuin bat kontatzea, adituko ez didaten beldur bainaiz; eta garrantzi handikoa da esatera noana ulertzea...
ERREJIDOREA: Zure hitzaz jabetzen ez banaiz galdegingo dizut.
KOMEDIAGILEA: Galde zaidazu bai, laguntza handia emango didazu-eta.
ERREJIDOREA: Zaude lasai.
KOMEDIAGILEA: Bada... lotan dagoenaren aurrean, argia eta ohearen tartean, Gizonaren kidea eserita dago, begira, begira! argi ahulak egiten duen itzala bailitz...
ERREJIDOREA: Gizonaren kidea?... Bikoitza?
KOMEDIAGILEA: Gai hori ez zaizula atsegin dirudi?
ERREJIDOREA: Ipuin sinesgaitzak ez zaizkit gogoko. Eta mamu eta zomorroen irudipenak hainbestetan lardaskatu dituzte.
KOMEDIAGILEA: Nere ipuina horrelakoa balitz ezbeharra gertatuko litzaidake. Gai horiek nolako errespetu eta begirunez erabili behar diren badakit.
ERREJIDOREA: Hori al zen jardunaren hasiera?
KOMEDIAGILEA: Ontzat hartzen al duzu?
ERREJIDOREA: Ez didala pozik ematen azaldu dizut. Baina jarrai ezazu aurrera.
KOMEDIAGILEA: Jardun horretako patxadako gizon-ahots batzuek behar ditugu. Ikara zerbait ernaraziko diguten ahotsak...
ERREJIDOREA: Holako batzuek eskuratuko dizkizut bada.
KOMEDIAGILEA: Gizonaren Kideak ahots sakon, zakar eta handia beharko du.
ERREJIDOREA: Zuk nahi adinakoa izango duzu.
KOMEDIAGILEA: Oihu izugarri batek ikaratuta Gizona esnatzen du eta ezagutzen ez duen bere kideari begira jarriaz, beldurrak jota ez du zirkinik ateratzen, ezin da mintza... Azkenean hitza sortzen zaio isil eta geldi.
* * *
GIZONA: Nor zaitugu?
KIDEA: Ez ezazula galdegin.
GIZONA: Zer nahi nauzu gau honetan?
KIDEA: Hori zerorrek dakuskezu (ikusiko duzu).
GIZONA: Lapur bat al zara?
KIDEA: Ez!
GIZONA: Zergatik etorri zara bada?
KIDEA: Zuri esatera hiltzera kondenatua izan zarela.
GIZONA: Horretarako etorri al zara gauez nigana eta nere ohean eserita zaude? Ez zaitut ezagutzen eta hiltzera epaitua nagoela esaten didazu.
KIDEA: Hori da.
GIZONA: Zeinek kondenatu nau heriotzara?
KIDEA: Ez dakit auzi-epaia nola izan den.
GIZONA: Zergatik ordea?
KIDEA: Gizon bat hila izan zen.
* * *
ERREJIDOREA: Nere haserrea agertu behar dizut.
KOMEDIAGILEA: Ez dizut galaraziko.
ERREJIDOREA: Nere entzuleari tajuzko ipuin bat esatera beharturik nago. Norbait hiltzera kondenatzen dutenean, nork erabaki duen jakin nahi litzateke.
KOMEDIAGILEA: Ez nuke epai-erabaki hori jostaketa honetan sartu nahi.
ERREJIDOREA: Ez duzu tutik ulertzen dramatikaren legeari buruz.
KOMEDIAGILEA: Nor jotzen duzu begiz?
ERREJIDOREA: Hori galdera! Auzitegi Nagusiren bat.
KOMEDIAGILEA: Ondo da. Auzitegi Nagusia.
ERREJIDOREA: Hasi gaitezen berriro.
* * *
GIZONA: Nor zaitugu?
KIDEA: Ez ezazula galdegin.
GIZONA: Zer nahi nauzu gau honetan?
KIDEA: Zerorrek dakuskezu.
GIZONA: Lapur bat al zara?
KIDEA: Ez.
GIZONA: Zergatik etorri zara?
KIDEA: Zuri esatera hiltzera kondenatua izan zarela.
GIZONA: Horretarako etorri al zara, gauez, nigana, eta nere ohean eserita zaude. Ez zaitut ezagutzen eta hiltzera epaitua nagoela esaten didazu.
KIDEA: Hori da.
GIZONA: Zeinek kondenatu nau hiltzera?
KIDEA: Auzitegi Nagusiak.
GIZONA: Zer dela-eta?
KIDEA: Gizon bat hila izan delako.
GIZONA: Zer ikusi behar dut gizon horrekin. Ez dut nik hil.
KIDEA: Nik hil dut ordea.
GIZONA: Hiltzailea al zara?
KIDEA: Bai, hiltzailea nauzu.
GIZONA: Zu ere hil behar zaituzte orduan.
KIDEA: Ez, Auzitegi Nagusiak erabaki du zuri dagokizula nere errua ordaintzea eta zuk hil behar duzula nere ordez.
GIZONA: Oker bat da hori.
KIDEA: Auzitegi Nagusiak ez du okerrik egiten.
GIZONA: Ni errugabea nauzu.
KIDEA: Honela mintzatuaz ezagun da ez duzula nere aurpegirik ikusi. Aurrean duzun nere aurpegia. Argia hartuta mahai gainean jarriko dizut distiraz ager betea natzaizun.
GIZONA: Ene jainkoa!
KIDEA: Ez duzu ikaratu behar.
GIZONA: Nere burua ikusten dut. Nere aurpegia eta gorputza bera.
KIDEA: Ni zure Kidea naiz.
GIZONA: Hor ditut begiok masaila gainean, ahoa mugitzen zait eta eskuak bekokira daramazkit.
KIDEA: Zure ahotsak dardara egiten du.
GIZONA: Eraman ezazu hemendik argi hori, eraman! Zu ikusiaz nere burua gorrotatu nezake.
KIDEA: Horrenbeste nardatzen zure burua?
GIZONA: Ken ezazu hortik argia!
KIDEA: Arren bada!
GIZONA: Nola aurkitu nauzu?
KIDEA: Auzitegi Nagusiak bidali nau zuregana.
GIZONA: Auzitegi Nagusia, beti Auzitegiak.
KIDEA: Bidali naute erabaki gogorra beteko dutenen eskuetan zu lagatzera.
GIZONA: Ni errugabe nauzu!
KIDEA: Guziok gaituzu heriotza horren errudun.
GIZONA: Nik ez dut hil.
KIDEA: Nik hil dut.
GIZONA: (Amorrarazita) Zer axola zait zure egiteaz? Zer ikusi behar dut nik zure erruaz? Zuk egindakoa zergatik behar dut nik nozitu.
KIDEA: (Erruki gabe) Zuk ere beste horrenbeste egin izango zenuen ni bezala zirikatua izan bazina. Nere errua da zure. Berdin gaituzu aurpegiz, berdin gorputzez, berdin gogoz eta barne-muinez...
* * *
ERREJIDOREA: Arren! Jardunaren haria eteten utziko al didazu?
KOMEDIAGILEA: Ez badakizu ere une honetantxe zail zitzaidan aurrera jarraitzea.
ERREJIDOREA: Kidea delako horrek Auzitegi Nagusiaren aginduz al dihardu?
KOMEDIAGILEA: Litekeena da.
ERREJIDOREA: Hitzetik hortzera ez baitu besterik aitatzen.
KOMEDIAGILEA: Beti lelo on darabil, bai.
ERREJIDOREA: Garbi agertu behar da Auzitegi nagusi hori egiazkoa den ala Kideak sumatutakoa.
KOMEDIAGILEA: Bat edo beste izatea berdin zait.
ERREJIDOREA: Ihesbidetik zoaz.
KOMEDIAGILEA: Nik bakarrik esan niezazuke benetan gure ipuinean gertatua dela.
ERREJIDOREA: Nik zehatzago jakin nahi nuke bada.
KOMEDIAGILEA: Sasi-jakintsua zara.
ERREJIDOREA: Ez naiz teatro-errejidorea besterik.
KOMEDIAGILEA: Ondo da. Eman zagun «rokoko» jauregitxo apain batean gaudela. Bertan Auzitegi Nagusia biltzeko sala handi bat, mahai buruan Andre Justiziaren igeltsuzko irudia duela. Palazio hori zumardi oparo baten erdian dago, guzia zuhaitz tantai, akazi, zedro, izai eta zer nahi beste landarez hornitua. Toki horretan Auzi Maisuen automobil beltz ederrak kokaturik daude, auzitegi bilera bitartean. Han nonbait Okilaren karraska soinua, eta Kukuaren oihua entzuten dira. Eta bai azaltzen ere Eguzkiaren distira eta iturri baten zilarrezko ur-zurrusta.
ERREJIDOREA: Amets bat dirudi.
KOMEDIAGILEA: Bai, amets bat.
ERREJIDOREA: Eta Auzitegi Nagusi horrek gizona hiltzera kondenatu al du?
KOMEDIAGILEA: Itxura hala du.
ERREJIDOREA: Gizonezko guziok heriotzaren errudun garelako edo...?
KOMEDIAGILEA: Baietz diote.
ERREJIDOREA: Esan hori ez daiteke hitzez hitz hartu.
KOMEDIAGILEA: Auzitegi Nagusiak hala hartzen du, bada.
ERREJIDOREA: Eta jarduna nola jarraitzeko asmoa duzu?
KOMEDIAGILEA: Gutxi gora-behera jarraipena garbi azaltzen zaidala aitor behar dizut. Gogoan dut, laster, gizaseme batzuk etxean sartzen direla eta Auzitegi Nagusiaren izenean Gizon hau atzematen dutela.
ERREJIDOREA: Eta Kidea?
KOMEDIAGILEA: Suntsitzen da (hanka egiten du). Gizasemeok gizona presondegira daramate. Alferrik zaio haserre errugabe dela esatea, haiek sorbaldak jaso eta entzungor egiten.
ERREJIDOREA: Abokatu bat aldeko hartu beharko du.
KOMEDIAGILEA: Ez dute holako auzirik hartu nahi izaten. Errua garbi baitago eta erabakia areago, Beraz Kideak heriotza egin duela esatea, balio gutxikoa da.
ERREJIDOREA: Orduan Auzitegi Nagusiak eta berak ez ezik, beste inortxok ez daki Kidea badenik.
KOMEDIAGILEA: Ez, beste inortxok ez daki.
ERREJIDOREA: Auzitegi Nagusiarengana bihoa ezinbestean.
KOMEDIAGILEA: Ez daiteke Auzitegi Nagusiarengana joan.
ERREJIDOREA: Zuk badaezpadako iritzia duzu Auzitegi Nagusi horretaz.
KOMEDIAGILEA: Eta ez dezaket iritzi hori aldatu.
ERREJIDOREA: Gizona ordea herri honetako legeen arabera bere errugabetasunaren alde lehia daiteke.
KOMEDIAGILEA: Beti Gizonak presondegiko ziega ilunean errugabe dela oihu egingo du.
* * *
GIZONA: Errugabe naiz. Ez dezaket esan errugabe naizela besterik. Ez didatela sinetsiko badakit, nere juezen belarriak presondegi honetako hormak bezain gorrak direla. Baina ni neu errugabe nauzue. Zuetatik edozein gizon bezalakoa nauzue. Goizean jaiki eta egun guzian arrastaka nabil. Jatearren irabazten dut eta irabaztearren jaten eta, atsegin-ordu batzuk gertatzen bazaizkit, hura poza nerea! Ez galdegin, otoi!, zergatik nagoen hemen, harrizko pareta hauen artean, neronek ez baitakit. Errugabe naizela besterik ez dezaket esan, eta ez dudala inor hil. Nola hil nezakeen, nola nere eskuok hil zezaketen, ez baitute lana baizik egin, nere burua mantendu ahal izateko. Entzuten ari zaidan edonork esan dezake, gezurti, koldar ala zoro gizarajo bat naizela. Errugabe naiz. Ene jainkoa, errugabe naiz. Uste honetaz egingo dut gau honetan garraxi; errugabe naiz. Hitz honetaz zutitu nadin nere eskubidea Jainkoaren eta epaikarien aurrean zainduaz, aldeztuaz: errugabe bainaiz!
* * *
ERREJIDOREA: Gizonak arrazoi du. Edozeinek ikusten du Gizonak arrazoi duela.
KOMEDIAGILEA: Hilko duten egunaren aurreko gaua heldu da. Aulki baten gainean dago eta aurpegia irekitzera doan aterantz begira. Bazter ilun hartatik astiro gau beltzean agertzen den Kideari so egiten dio.
* * *
GIZONA: Niregana al zatoz berriz?
KIDEA: Zuregana heldu naiz berriro.
GIZONA: Zer nahi duzu oraindik nitaz, hil behar banaute?
* * *
KOMEDIAGILEA: Biak ere txit patetiko mintzatzen dira. Sentimendu, bihotzondo gehiegiz.
ERREJIDOREA: Txit patetiko? Sentimendu gehiegiz?
KOMEDIAGILEA: Argi eta garbi hitz egin behar lukete. Gauza den bezala esanez, sentierak alde batera utzirik.
ERREJIDOREA: HAla nahi baduzu, bego! Banku arazo bat zuritzen ariko bailiran.
* * *
GIZONA: Niregana etorri al zara berriz ere.
KIDEA: Zuregana heldu naiz berriro.
GIZONA: Zer nahi duzu oraindik nitaz, hil behar banaute?
KIDEA: Heriotzaren errudun zarela, zure aitortza entzutera etorria natzaizu.
GIZONA: Hil behar naute. Ez daukat defentsarik. Halaz guziaz hil orduan ere «errugabea naiz» oihu egingo dut.
KIDEA: Uste al duzu, ordea, errugabe zarena?
GIZONA: Ez dut inor hil.
(Kideak lokarriak askatzen dizkio)
GIZONA: Nere kateak askatzen al dizkidazu?
KIDEA: Jaiki zaitez!
GIZONA: Norantz naramazu?
KIDEA: Zer axola dizu?
GIZONA: Nola duzu ahalmena nere loturaz libratzeko?
KIDEA: Auzitegi Nagusiaren izenean dihardut. Atoz nerekin. Agudo igaroko dugu pasaleku luzea eta eskaileretan behera bagoazke.
(Pausoak)
GIZONA: Eskaileretatik behera joango gora eta zaintzaileak ez gaituzte ikusiko. Zer nahi ote du Auzitegi Nagusiak nitaz?
(Pauso eginez)
KIDEA: Zuk, zeure burua errugabetzat hartzeagatik, Auzitegi Nagusiak nere esku utzi zaitu.
(Pauso eginez)
GIZONA: Ezkaratzetik barrena goaz eta ate handia berez zabaldu zaigu.
(Pauso eginez)
KIDEA: Bakartasunean dauden kale eta enparantzak igarotzen ari gara eta gau honetan aitortu behar duzu heriotzaren errudun zarela.
(Pauso eginez)
GIZONA: Nola egin nezake aitormen hori?
(Pauso eginez)
KIDEA: Zuk Gizon bat hilko duzu.
(Pauso eginez)
GIZONA: Ez nauzu gizon-hiltzaile.
(Pauso eginez)
KIDEA: Zer dakizu zure barruan gordeta dagoen asmoaz? Nork ezagutzen du bere burua? Zeure borondatez ariko zara hiltzaile bihurturik.
(Pauso eginez)
GIZONA: Zein hilko dut?
(Pauso eginez)
KIDEA: Jakin nahi al duzu?
GIZONA: Bai, jakin nahi dut.
(Pauso eginez)
KIDEA: Ni hilko nauzu.
(Pauso eginez)
GIZONA: Ez dut behin ere gizonik hilko. Gau honetan eta zerupe honetan nagoenez zin egiten dizut: ez dut sekulan gizonik hilko.
(Pauso eginez)
KIDEA: Hori al da gogoratu zaizuna ni zure presondegi gelara sartu naizelarik?
(Pauso eginez)
GIZONA: Nola jakin zenezake?
(Pauso eginez)
KIDEA: Zure pentsamenduak ezagutzen baititut.
(Pauso eginez)
* * *
ERREJIDOREA: Beti pausoak, pauso-urratsak besterik ez. Jarrai ezazu ipuina aurrera!
KOMEDIAGILEA: Gizona, beti bere kidearen atzetik doa, gizonak egundaino ikusi ez zituen kale estutatik zehar, hiri handiaren erdian dauden leku eta zumardietatik. Bazirenik ere entzun ez zuen tokietan barrena, Non-nahi etxe zaharrak gailur erpinak zerurantz jasoak dituztela, antzinako arku-sarreraz apaindurik, aurrealdeak harri landu eta pintaketaz hornituak. Karrikatxo eta inda txipienak hutsik eta isil daude, ibilkari bien oinotsa baizik entzuten ez dela. Horra non, etxe batean sartzen direla, kale koskor batean dagoen etxean, hango guziak bezala hormak zikin eta zarpailduak dituzte eta bertan Gizonak antzinako arrastoak ikusten ditu, haien berri ez badugu ere. Leihoak hutsik daude edo larru azalez estaliak. Aurrez-aurre duten etxeak, ordea, ez du batere leihorik kalera, nahiz zabalenetakoa izan, baina apaintasunik gabea, soil, baldarra, erdi-erdian ate bat duela txiki eta biribila, zulo baten antzekoa. Etxeko sarrera kaleko goi aldean baitu.
ERREJIDOREA: Amets batean bezala.
KOMEDIAGILEA: Beti amets batean bezala.
* * *
(Ate bat irekitzean egiten duen hotsa entzun bedi)
KIDEA: Kontuz! ez zaitezen erori.
GIZONA: Non gaude?
KIDEA: Hiriaren erdian gaude. Bihotz-bihotzean. Atea ostera ixtera noa.
GIZONA: Ilun dago.
KIDEA: Ezkaratzean argi dago. Pauso batzuek eman ondoren argia ikusiko duzu.
GIZONA: Hau al da zure etxea?
KIDEA: Nere etxea duzu. Sar zaitez ezkaratzeko atari handian.
GIZONA: Zur trinkoz egindako mahai handi bat gainean leundua, eta horma-paretetan irudi ilunak zintzilik.
KIDEA: Gerta ohi ez dena, norberaren hiltzaileari ongi etorri esatea da. Nik hala dizut bada; ongi etorri!
GIZONA: Zure menpean naukazu.
KIDEA: Mesedez! Ikusi ezazu hor gorantz doan eskailera.
GIZONA: Eskailera goi aldean ilunpean bukatzen da.
KIDEA: Norbait dago han zure zain.
GIZONA: Andre bat ikusten dut doi-doi ilunpetik ateratzen.
KIDEA: Eskailera goi aldean geldirik dago eta zuregana begiratzen du.
GIZONA: Ba begiz aurpegi erdian jotzen nau.
KIDEA: Ez al da ederra?
GIZONA: Ederra da.
KIDEA: Ikusi al duzu egundaino emakume ederragorik?
GIZONA: Ez dut sekulan ikusi andre ederragorik.
KIDEA: Keinu egiten dizu.
GIZONA: Zer nahi ote du nitaz?
KIDEA: Ez ezer galdegin. Gorantz zoaz berarengana. Ni hemen geldituko naiz, mahai gainean eskuak jarri eta itxoinez. Zoaz harengana.
ANDRE AHOTS BATEK: Nor zara?
* * *
KOMEDIAGILEA: Barkatuko al didazu zure jarduna etetera banator.
ERREJIDOREA: Zergatik orain, hain zuzen?
KOMEDIAGILEA: Emakumearen ahotsa bestelakoa izatea nahi nuke.
ERREJIDOREA: Nere esku dudan ahotsik onena duzu, jauna.
KOMEDIAGILEA: Neskatxa baten ahots-tankera. Eginbehar latz horretako ahots larriago eta sarkorragoa behar litzake.
ERREJIDOREA: Horrelako ahotsa ere sortuko dizut bada.
* * *
BESTE ANDRE AHOTS BATEK: Nor zara?
GIZONA: Ni naiz gizon bat beste askoren antzekoa: ez gehiago eta ez gutxiago. Ez naiz ezertan hobea, ezta ezertan okerragoa ere, baina halaz eta guziaz zoritxar handi bat erori zait gainera. Nerea ez den hoben bat nozitu behar dut eta hiltzera gaitzetsi naute nik bururatu ez dudan egipen bategatik.
ANDREA: Ni nauzu andre bat lurraren gainean eta zeruaren azpian asko diren bezalakoa. Ederra naiz eta kalean noalarik gizonezkoek begiratzen naute, eta plazetan haurtxoek luzatzen dizkidate eskuak. Maite izan dut eta maitasunak hil nau, eta nik maite izan nuen gizonak puskatu nau. Banoa eta ez dakit norantz, bizi naiz eta ez jakin norentzako. Nere eskuak hutsik daude eta nire begiak itsu. Nik damadan musuak zorarazten du, esandako hitzak gaitzetsitzen eta nere egipenak ebakitzen.
GIZONA: Zer nahi duzu nitaz?
ANDREA: Eskua eman nahi dizut zu gidatzeko.
(Pauso batzuk eginez)
GIZONA: Non gaude?
ANDREA: Nere gelan gaude. Kandela bat piztuko dut nere aurpegia ikusi dezazun eta nik zurea.
GIZONA: Kandelaren argitara zure aurpegia ikusten dut eta zure lepo eta goitik behera erortzen zaizkizun soinekoaren tolesketak.
ANDREA: Zergatik jaisten dituzu begiak nik begiratzen zaitudalarik.
GIZONA: Arren eskatzen dizut zer nahi duzun nitaz esatea?
ANDREA: Ez al dakizu?
GIZONA: Ez, ez dakit,
ANDREA: Atozkit. Bertaratu zaitez. Emazu musu bat.
GIZONA: Eman dizut musu bat.
ANDREA: Orain badakizu, beraz, zer nahi zaitudan.
GIZONA: Bere andrea (emaztea) al zaitugu?
ANDREA: Bai bere emaztea nauzu.
GIZONA: Hark hil al du, maite zintuelako?
ANDREA: Hartara behartu dut.
GIZONA: Eta orain bera hil dezadala eskatzen al didazu?
ANDREA: Hori eskatzen dizut,
GIZONA: Ez naiz inondik hiltzaile.
ANDREA: Musu eman didazu, bada.
GIZONA: Hark zergatik hil behar du?
ANDREA: Ez duelako maite bere burua besterik.
GIZONA: Zuk zenioenez heriotza bat egitera behartu zenuen.
ANDREA: Inor maite ez zuelako bere burua ez ezik behartu nezakeen.
GIZONA: Zerorrek maite al duzu?
ANDREA: Maite dut.
GIZONA: Orduan zer dela-eta eskatzen didazu bera hil dezadan,
ANDREA: Neronek jakin al nezake? Ba al dakit jakin, zergatik elkarri musu eman diogun, eta zer dela-eta hau guzia esaten dizudan? Ez jakin zergatik naizena naizen, eta zergatik kandela erretzen ari den eta zure aurpegia kandelaren argipean dagoen. Ez dakit. Nik dakidan gauza bakarra da, hark hil egin behar duela eta zuk eman behar diozula heriotza (fin gaizto).
GIZONA: Nola egin nezake hori, ordea?
ANDREA: Zoaz harengana, beherantz.
GIZONA: Harengana joango natzaizu.
ANDREA: Alboan eseri zaitez eta hark bezala jarri eskuak mahai gainean berarekin hitz eginez.
GIZONA: Hori guzia egingo dizut.
ANDREA: Gero ni joango natzaizue hark eskatutakoa eramanez: edontzi (baso) bi, ardo-txarroa eta ogia erretilu batean.
GIZONA: Ardo eta ogia.
ANDREA: Baso bietatik batean pozoia egongo da: doi-doi hondarra estaltzen duen hautsa.
GIZONA: Itxoingo dizut.
* * *
ERREJIDOREA: Orduan gizona bere kidearengana joango da.
KOMEDIAGILEA: Joango zaio bai zurezko mahai inguruan eserita dagoenari, han behean, irudi ilunez betetako ezkaratz handira.
ERREJIDOREA: Ohartu behar dizut, zer nolako jokabide darabilzun ez naizela jabetzen.
KOMEDIAGILEA: Ez bainaiz olerkari.
ERREJIDOREA: Ez ni ere erti-irizle maisulari. Jardun lagunari joko hori egiten uztea ausartegia derizkiot. Ezerezetik atereak antzo azaltzen zaizkigu eta haien ahotsak hutsetik bailetoz entzuten. Haien izenik ez dakigu ezta ere nola bizi diren. Etorkizuna aitatzen dute soil-soilik batere argitasunik eman gabe.
KOMEDIAGILEA: Nere jardun-lagunaz gehiago jakin nahi al zenuke?
ERREJIDOREA: Jendeak jakin-gose izan ohi dira.
KOMEDIAGILEA: Aitortzen dizut ez litzaidakeela gaitz izango izenak aurkitu eta etorkizunaren patua urratzea. Asmo horrek, ene irudiko, beste nere asmoari kalte egingo lioke.
ERREJIDOREA: Zer duzu bada beste asmo hori?
KOMEDIAGILEA: Alegia, ipuin bat kontatzea.
ERREJIDOREA: Justizi-eza gerta zitzaion Gizonaren ipuina.
KOMEDIAGILEA: Orduan ulertuko duzu zergatik ez duen garrantzirik, berez garrantzigabea den gauzak, ipuinaren arabera. Gutatik edozein, izan zitekeen bere kidea aurkitu zuen gizona.
ERREJIDOREA: Zurekin batera nator. Baina izenok ez ditugu alde batera baztertu behar.
KOMEDIAGILEA: Onirizten al duzu gizonari Muturbeltz deitzea?
ERREJIDOREA: Ez da izen oso entzungarria.
KOMEDIAGILEA: Hektor?
ERREJIDOREA: Hobeto. Erbeste eta antzinako doinua du.
KOMEDIAGILEA: Eta kidea Ulises?
ERREJIDOREA: Ontzat hartzen dut.
KOMEDIAGILEA: Andreari Ifijeni deituko diogu.
ERREJIDOREA: Baita ere! Goazemazu aurrera!
* * *
ULISES: Ikusi zintudan, Hektor, eskailera igotzen ari zinelarik. Ikusi nizun aurpegia aurrez-aurre, eskua eskutoki gainean zenuela.
HEKTOR: Nekaturik nago.
ULISES: Eseri zaitez.
HEKTOR: Eskerrik asko, Ulises.
ULISES: Eta gero?
HEKTOR: Ifijenirekin hitz egin dut.
ULISES: Eskatu al dizu ni hiltzeko.
HEKTOR: Bai, eskatu dit.
ULISES: Orduan, hark eskatutakoa egin beharko duzu.
HEKTOR: Ez dut ikusten ihesbiderik.
ULISES: Ez baitago inondik.
HEKTOR: Eskaileretatik behera datozen pauso hotsa entzuten dut.
ULISES: Pauso-hotsa. Pausook zer adierazten duten badakizu, jakin. Edango al duzu nerekin?
HEKTOR: Bai edango dut zurekin.
ULISES: Nere mahaikidea ezagutzen duzu. Eskuarekin keinu egin diozu eta zuregana heldu da.
IFIJENI: Eskailera goi aldean nengoelarik ikusi eta keinu egin diot, bai; eskailera-mailatik gora igo da, gero tartetik nere gelara sartuaz.
ULISES: Zer eskatu diozun esan dit.
IFIJENI: Zure heriotza.
ULISES: Nere heriotza.
IFIJENI: Zuk ekarrarazi duzu gizon hori zure etxera, nik eske hori egin diezaiodan.
ULISES: Halaxe da.
IFIJENI: Zure kontuak atera dituzu eta ez alferrik.
ULISES: Ez dut behin ere huts egiten.
IFIJENI: Orduan, hil egin behar duzu.
ULISES: Bai noski.
IFIJENI: Aiherkundearen nekea ere nere eskutik kendu didazu. Guzia zure borondate huts da: zure gaiztakeri eta zure heriotza, zure erru eta zure hobena. Honoko ardo eta ogi hau da nik eman diezazukedan gauza bakarra.
ULISES: Eskaini zaidazu zertxobait, jauna, emazu. Zu zaitut zigortzaile. Zuri dagokizu eskuratzea nik edan behar dudan baso hori.
IFIJENI: (Gogor) Eskaini zaiozu. Emaiozu behingoan basoa, bertatik edan dezan.
(Tiro eztanda entzuten da)
ERREJIDOREA: Tiro egin dute!
KOMEDIAGILEA: Oso ikaratu zara.
ERREJIDOREA: Nola daiteke tiro eztanda?
KOMEDIAGILEA: Ifijeniri mintzatzen ari zela Hektorrek eskuetan iskilu bat zeukan.
ERREJIDOREA: Iskilu bat?
KOMEDIAGILEA: Erdi irekita zegoen mahai-kutxan aurkitu duena.
ERREJIDOREA: Eta bere kideari tiro egin al dio?
KOMEDIAGILEA: Ez, tiroa Ifijeniri bota dio.
ERREJIDOREA: Andrearen aurka?
KOMEDIAGILEA: Astiro iskilua andreaganantz begira jarri zuen eta tiroa atera zelarik...
(Berriz tiro hotsa)
ERREJIDOREA: Andrea Ulisesen besoetan erortzen da.
ULISES: (Errurik gabe) Hilda dago.
* * *
ERREJIDOREA: Ez naiz jabetzen zergatik Hektorrek andrea hil duen, Ipuinaren arabera bere kidea hil behar zuela bazirudien.
KOMEDIAGILEA: Ifijeni hiltzen du. Hektor eta kideak gorputza altxatzen dute, ezkaratzean barrena koadro baten pean dagoen aulki gainean jarriaz. Hain dago ilun toki hura, Hektorrek non dagoen ez dio antzematen, Biok hildako gorputzaren aurrean daude begira, begira. Aurpegi zurbil eta eskua zurixka ditu eta han nonbait dagoen leiho batetik egunsentiko argia nabaritzen da.
* * *
HEKTOR: Nik hil dut.
ULISES: Zuk hil duzu hil nahi ez zenuelako. Hiltzaile bihurtu zara hiltzaile izateko beldurrez.
HEKTOR: Zuri ere oker irten zaizu.
ULISES: Ez, neri ez zait oker irten.
HEKTOR: Zer esan nahi duzu.
ULISES: Zure egipena nere borondatea zen, eta zure gaiztakeria nere burutapena. Andreak hil behar zuen, nik egindako erruaren oinarri baitzen.
HEKTOR: Beraz, ni ez al naiz izan bitarteko besterik?
ULISES: Nik hiltzeko erabili dudan aizkora.
HEKTOR: Neri iruzur egin didazu.
ULISES: Joan zaitezke, ez dut gehiago zure beharrik.
HEKTOR: Deabru bat zara.
ULISES: Ez, baina gizonezkoak ezagutzen ditut.
(Geldi unea)
HEKTOR: Joan al naiteke?
ULISES: Mesedez.
HEKTOR: Norantz?
ULISES: Nahi duzun aldera.
HEKTOR: Auzitegi Nagusiak preso hartuko nau.
ULISES: Azkenik hiltzaile bat baitzara.
(Isilunea)
HEKTOR: Ardo-xorta elkarrekin edango dugu eta joanen naiz.
ULISES: (Errezeloz) Edan nahi al duzu?
HEKTOR: Kanpoan goizaldea goratzen ari da hiriaren gainean, jauna. Horregatik edan zagun!
* * *
ERREJIDOREA: Eta?
KOMEDIAGILEA: Guk Hektor deitzen dugun gizona, bere kidea duen Ulisesen aurrean dago. Hau, ostera, mahai ondoan eseri da. Hark honi begiratzen eta bai eseri ere edontzi bi eta ardo-txarroa dauden mahai ondora, eta eskuarekin txarroa hartuaz edontzi biak betetzen ditu.
ERREJIDOREA: Edaten al dute?
KOMEDIAGILEA: Biok edaten dute. Ulisesek begiratzen du Hektor isilik luzaroan, begi geldi zemaikorrez, aurpegian jarrita dauden harrizko begiez, eta edontzia eskuan hartu ala lurrera erortzen zaio zirtzilaturik.
(Edontzia puskatzen da)
KOMEDIAGILEA: Mahai gainean burua makurtzen du bi eskuen artean harturik. Hektor jaikitzen da. Kandelak ia itzali dira, pareta zuriak ilunduaz eta lurrean eta mahai gainean ardo putzuaren kutsua... Kidea, nekez eta arnasa larriz, bederen, zutitzen da eserlekuaren atzekoaldeari eutsiaz. Aurpegia beti begi gogorrez argitua. Hektorrek hildakoa bi besoen artean jasotzen du eta belarrira hots egiten dio. Bitartean gero eta indartsuago esne iduriko argi txinta, gero eta beldurgarriago agertzen delarik.
* * *
HEKTOR: Esaidazu egia.
ULISES: (Astiro) Goizaldea hor da, ez da ala?
HEKTOR: Nere ahotsa entzuten al duzu?
ULISES: Nere heriotza arina da, eta zuk galdetutakoa entzuten dut urrutitik bederik.
HEKTOR: Ba al zenekien hil behar zintudala. Ba al zenekien, jakin...?
ULISES: Lehenago ere esan dizut.
HEKTOR: Zergatik askatu nauzu, bada, hori guzia jakin da...?
ULISES: Egia jakiteak ez dizu onik egingo.
HEKTOR: Jakin egin nahi dut halere!
ULISES: Gau honetan joan nintzaizun gelara zuregatik hiltzearren. Baina nere errua ez duzu zure gain hartu.
HEKTOR: (Isil) Zure errua ez dut nere gain hartu, ez.
ULISES: Hori egin izan bazenu suntsitzen ari den gau honetan, libre izango zinen.
HEKTOR: Libre!?
ULISES: Auzitegi Nagusiaren izenean. Zuregatik pozik hilko nintzen.
HEKTOR: Hori erabaki al du Auzitegi Nagusiak?
ULISES: Hala zuen borondatea.
HEKTOR: Egia esaten al duzu?
ULISES: Zuk ala jakin nahi izan duzu.
HEKTOR: Eta orduan nik hil zaituztet.
ULISES: Ifijeni eta biok. Nik zuk emandako ardoa edan bainuen.
HEKTOR: Zer gizon-mota zara zu?
ULISES: Zu bezalakoxe gizon bat: besterik ez.
* * *
ERREJIDOREA: Hiltzen al da?
KOMEDIAGILEA: Hiltzen da.
ERREJIDOREA: Heriotza bi hamar minututan. Ia zineman adina. Asko aurreratu duzu.
KOMEDIAGILEA: Jardun gihartsua nahi zenuen-eta.
ERREJIDOREA: Eta Hektor, esnatzen da.
KOMEDIAGILEA: (Txunditurik) Nola antzeman diozu?
ERREJIDOREA: Guzia amets estu bat iduri... (zelako).
KOMEDIAGILEA: (Lur jota) Nola ordea?
ERREJIDOREA: Haren arimaren bakartasuna, murgildurik zegoen loaren amildegia, eta galdurik zebilen mendi-muino zabal eta itsas-bazterrak, zuri esatea atsegin zitzaizun eran. Galdutako hiri nagusia bere antzinako etxe zahar, gailur nabarmenez zerurantz goituak, guziak ilargi erdiak argituak. Bat ikaraz esnatzen den gauaren hesolak. Amets antzo ziren zure hitzak, beti amets antzo.
KOMEDIAGILEA: Bai, guzia ametsetan bezala gertatu zitzaion gizonari. Eta andrea... geldi eta zurbil hilotzik dago koadro ilunaren pean; eta haren kidea mahai-ondo besaulkian hondatuta errukigabeko osinean... Argia!
ERREJIDOREA: Zer esan nahi duzu?
KOMEDIAGILEA: Gizona joan zen biharamun argitsuan hirira Auzitegi Nagusiarengana. Eta heriotzaren errudun zela aitortu zuen.
ERREJIDOREA: (Jota) Ez al zen bada ametsa?
KOMEDIAGILEA: Ez da behin ere amets izan.
ERREJIDOREA: Ez nere haserrerik gabe. Berdin zait goizak zilar-argiaz hiria alaitzen bazuen ere. Eta orobat eguzkia bera azaltzen baduzu. Laino eta argi eskaintza hori merke da, eta ez aski zure ipuinari eman nahi diozun azkena edertzeko.
KOMEDIAGILEA: Gizona esnatu balitz eta guzia amets hutsa baledi, pozik geldituko al zinateke?
ERREJIDOREA: Hori gutxienez irtenbide bat litzateke. Ametsetan dena da zilegi. Baita bidegabekeria ere. Ametsetan bidezkoa da ilunpea. Zuk kontatu didazun ipuina, amets ordez, egia bihurtu nahi baduzu, ipuin ikaragarria litzateke.
KOMEDIAGILEA: Hori dut legea: ipuin ikaragarriak kontatzea.
ERREJIDOREA: Asmatu duzu, bada, bete-betean. Ulises deitzen dugun gizonari ezbeharra gertatu zaio.
KOMEDIAGILEA: Hektorri esan nahiko duzu?
ERREJIDOREA: Berdin zait. Gizonaren izenak ez du axolarik.
KOMEDIAGILEA: Horixe zen nere iritzia.
ERREJIDOREA: Axola duena, gauza da, eta ez izena. Eman zagun gizona hiltzaile bihurtu zela eta horrexegatik errudun. Baina heriotza hori egitera bultza duten barren-grinei so egin behar diegu eta honela hiltzaile errugabetzat hartuko dugu. Txarkeria bururatu zuen, berak egin ez zuen hobena bere gain hartu nahi izan ez zuelako. Eskatu ziotena, eska ez zitekeen gauza zen. Oraingo bere erruak ez du kentzen berari egin zitzaion bidegabekeria. Gizonarekin hitz egin nahi dut, arrazoi emango dit-eta.
KOMEDIAGILEA: Harekin hitz egin nahi al duzu?
ERREJIDOREA: Ez al nauzu bada errejidore?
KOMEDIAGILEA: Arrazoi duzu, errejidorea zara.
ERREJIDOREA: Esaidazu, otoi, non hitz egin nezakeen gizonarekin.
KOMEDIAGILEA: Kidea hil zelarik, Gizona jaiki eta aterantz zen abiatu. Atea zabalik zegoen. Etxetik irten zen hirian barrena joanez.
* * *
GIZONA: Nik hil dut! Entzun, bai, gizonok! Nik hil dut. Hemen noa goiz honetan menderatzen ditudan kale eta plaza zehar. Errudun naiz. Heriotzen errudun nauzue, ezen andre eta gizon bat hil ditut. Nik hil ditut. Berriz garraxi egin behar dut, bai, nik hil baititut.
* * *
KOMEDIAGILEA: Hor dabil lasterka hiriko kaletatik zehar, besoak zerurantz jasoak eta begiak zabal-zabalik.
ERREJIDOREA: Kale ixkinan itxoingo diot.
KOMEDIAGILEA: Han agertuko zaizu laino artetik eta masaila ikusiko diozu.
* * *
(Hurbiltzen datozen oinotsak)
ERREJIDOREA: Itxoin ezazu, mesedez, itxoin.
GIZONA: Nork hots egiten dit?
ERREJIDOREA: Adiskide batek.
GIZONA: Zer nahi duzu nitaz?
ERREJIDOREA: Zurekin hitz egin.
GIZONA: Nik hil dut.
ERREJIDOREA: Ez ezazula nigandik alde egin.
GIZONA: Ez daukat besterik esateko zuri.
ERREJIDOREA: Kale ixkina honetan itxoin dizut adieraztearren zurekin bat nagoela. Zure alde aterako natzaizu azken arte.
GIZONA: Ez dut laguntza beharrik.
ERREJIDOREA: Zoritxarra handia da eta Auzitegi Nagusia ahaltsua dugu hemen. Baina asko iritsi genezake errugabe zarelako.
GIZONA: Nik hil dut.
ERREJIDOREA: Nahasturik zaude. Zoritxarrak menpean hartuaz, erabat nahasi zaitu. Pentsatzen baduzu, garbi azalduko zaizu errugabe zarena. Ezin uka erru apurtxoren bat agian izan zenezakeela. Alabaina Auzitegi Nagusiaren jokoa aztertuaz eta zure aurka bidegabez emandako heriotza-epaia, jakina da Justizi ezak gaizkintzara behartu zintuela.
GIZONA: Auzitegi Nagusiaren baitan utziko dut nere burua.
ERREJIDOREA: Auzitegi Nagusia zuzen-kontra ari da. Aldez aurretik zure kaltean erabakia eman du.
GIZONA: Arrazoi duela gaur ikusten dut.
ERREJIDOREA: Ez daiteke inor, egin ez duen erruagatik heriotzara gaitzetsi.
GIZONA: Hiltzaile izan naiz inor hil gabe, eta heriotzaren errudun txarkeriarik egiteke.
ERREJIDOREA: Hori Justizi-eza da. Gizonezkoen aldetik ikusita zuzengabekeria.
GIZONA: Gizonezko begiz ikustez amore eman dut.
ERREJIDOREA: Zuri gau hartan kartzelan eska zizutena ez dezake inongo gizonek eskatu.
GIZONA: Eskatu al zidaten bada sinesmena besterik?
ERREJIDOREA: (Harrituta) Sinesmena?
GIZONA: Auzitegi Nagusiaren, Justiziarengan sinesmena.
ERREJIDOREA: Auzitegi Nagusiak arrazoi duela baderizkiozu zure burua errendi behar zenuke.
GIZONA: Amore eman dut. Errendi naiz.
ERREJIDOREA: Hain zuzen, orain borrokan jarrai behar zenuke.
GIZONA: Goizaldea da, jauna.
ERREJIDOREA: (Zalantzan) Baiki, goizaldea da.
GIZONA: Auzitegi Nagusiko mezularia kale ixkina zain dago.
ERREJIDOREA: Poliziako erkitu bat.
GIZONA: Nere juezengana eramango nau.
ERREJIDOREA: Zure burua Auzitegi Nagusira entrega nahi al duzu?
GIZONA: Ez da gauza ederragorik norbera menperatzea baino. Zuzengabekeria onesten duenak bakarrik, aurki dezake gero zuzenbidea, eta amore ematen duenak barkamena.
ERREJIDOREA: Zu errugabe zara. Errugabe zarena badakizu, jakin!
(Urrutiratzen doazen pauso hotsak)
* * *
KOMEDIAGILEA: Eta?
ERREJIDOREA: Gizarajoa badoa. (Garratz)
KOMEDIAGILEA: Harritzen al zara?
ERREJIDOREA: Lotsagarri da. Gizarajoa errenditu da. Auzitegi Nagusia auzitegi zuzena dela sinesturik baitago.
KOMEDIAGILEA: Eta zu?
ERREJIDOREA: Nik ez dezaket asma Auzitegi horrek emandako epaia baino ankerragorik.
KOMEDIAGILEA: Haren Justiziarengan sinesmenik ez duzulako.
ERREJIDOREA: Eta zuk sinesten al duzu?
KOMEDIAGILEA: Ni komediagilea nauzu. Gertakizunak azaltzen ditut.
ERREJIDOREA: Eta ipuin horretaz zuk Auzitegi Nagusiaren zuzenbidea erakutsi nahi al didazu?
KOMEDIAGILEA: Auzitegi Nagusiak sartu zaitu joko horretan, ez nik.
ERREJIDOREA: Hainbat hobe. Honela gure antsiak norengana zuzendu badakigu, behinik behin, ez laino arteko Jainko bati edo zuek idazleok sumatzen dituzuen ihesbidetatik joanez. Azken erabakia Rokoko jauregi batean hartua dute, zumardi zabal baten erdian, arrats-apalean gogoratzen zaidanez, okila txoriaren karraska eta kukuaren leloa entzunez. Mesedez, eraman nazazu harantz.
KOMEDIAGILEA: (Jota) Benetan nahi al duzu?
ERREJIDOREA: Komediagilea hitzetik hartzen ahalegintzen naiz beti.
KOMEDIAGILEA: Ez dizut debekatuko.
ERREJIDOREA: Zumardian al gaude?
KOMEDIAGILEA: Bai ala gaude; zumardian. Non-nahi okila txoria karraskan.
(Okilaren karraska hotsa entzun bedi)
KOMEDIAGILEA: Kukuaren deia ere bai.
(Kukuaren doinua entzun bedi)
KOMEDIAGILEA: Harritzekoa egunaren garai honetan. Guzia isiltasunean erdi murgildua. Zedro, akazi, izai-pinu, eta juez-nagusien automobil beltzak tartean. Nonbait eguzkiaren dirdaia eta iturriaren zilarrezko mataza eta han Rokoko jauregitxoa apaingarriz josia, aurre guzia Maitagarri, Jainko-izun, Lami eta Ninfaz oparo kilikatua...
ERREJIDOREA: Gizona eta Poliziako erkitu hankamehea suntsitzen diren jauregitxoa.
KOMEDIAGILEA: Atari handiko atal herdoilduak zabalik utzi dituzte.
ERREJIDOREA: Jarrai diezaiegun.
KOMEDIAGILEA: Harrizko eskailera, bertatik igarotako errugabeen urratsez, mailak janak dituena, horma zabalak kolorez ihartuak, pasaleku hutsak gure oin-otsak oihartzun egiten duten horietakoak, eta azkenik Auzitegi-Sala nagusia andre Justiziaren irudi hondatuaz.
ERREJIDOREA: Hutsik, guzia hutsik. Juezik ez, salataririk ez, leiho bat besterik ez, kristalak hautsez estaliak eta haizeak batetik bestera astintzen duena.
KOMEDIAGILEA: Non-nahi bila gabiltzala, noranahi goazelarik, pasaleku, sala, karez zikinduak, alfonbra zarpaildu eta solairu pipiz joak... guzia hutsik.
ERREJIDOREA: (Sumindua) Honetara ezkero nik pozik amor eman behar al dut?
KOMEDIAGILEA: Honetara ezkero pozik amor eman behar dugu.
Egan, 1963, 1/3 zkia.
© Friedrich Dürrenmatt
© itzulpenarena: Antonio Maria Labaien