GIZONA ETA KIDEA
Gai honetaz, Teatroa berritzea dela-eta, etengabe mintzatzen ari zaizkigu gaurko antzerkizaleak. Ez nago ziur, ordea, ondo bereizten dakiten zer den teatro zahar, eta zer teatro berri.
Hitz egin, asko egiten dute, «asto beltxarenak» esanez, jakina, lagun hurkoarengatik. Bere kaxa teatro berri on egin nahien hasten direlarik, kaxo motel!, porru aza ederrik ontzen dute. Berrikeri itxuran jatortasun eta bikaintasun gutxiko landareak. Berak ez ohartu arren, ezer baliokorik agertzen badigute zahar eta aspaldikoa izan ohi da gainera. Neretzat «berri ala zahar» deitu beharrean «ona» eta «txarra» berezi behar ditugu. Hau da egiazko neurri eta iritzia.
Arau honen pean gaiak ondo aztertu, ikusi eta ikasiaz, apal-apal lanari lotu dadila, inorengatik gaizki esateke. Eta are gutxiago publiko jendearengatik. Esanak esan, publikoa da auzi-maisu eta irizle nagusi, eta «azken hitza bere».
Ikusle-jendeak hezi behar ditugula eta gorantz igoarazi goiko mugak erakutsiaz bidezkoa deritzait. Baina kontuz eta tajuz.
Zuberoako pastoraletan jendeari ongi-etorria egiten zaio gizalegez
Agur jaun-andreak,
zuetarik du ohore gure herriak.
Erdal teatroan komediagileak, azken aldera, jendeari txalo bat eskatuaz, umilki barkapena eskatzen zuen, «perdonad mis muchas faltas» erantsiaz. Oraingoak berriz... harroputz, publikoa astotzat, ez jakintzat hartzen dute, beraiek bakarrik dira jakintsu, jaun eta jabe. Ez da egun asko holako bati radioz entzuten niola publiko-jende atzeratua menperatu eta iraintzen. Bera «vanguardista», aurrerazale, orokor, unibertsal omen.
Nere motzean, erantzun niezaioke nik «retaguardiakoa» izatea nahiago dudala. Eta antzinate horretan dauden Greziako tragedia maisuekin ibili: Eskilo, Sofokles, Aristofanes, Menandro, eta abar. Eta gero Erromako Plauto eta Terentzio eta lagunak. Italiako Commedia dell'Arte-ko egileekin. Eta Frantziako Molière, Corneille, Racine, Ingalaterrako Shakespeare handiarekin, Alemanian Goethe, Lessing eta Schiller; azkenik Espainian Torres Navarro, Gil Vicente, Lope de Vega, Calderón, ospetsuenak besterik ez aitatuaz. Non ikasia badago guzientzat. Eta berrizale amorratu zenbaitek hori ez badute uste, hainbat okerrago beraientzat. Han dabiltza, gizarajoak, ez dakitela zer bidetatik jo... Haietako batek bota zuen, zapla! Jazinto Benaventeren lana ere ez zela baliokoa, válido, gaurko egunean, adiskidea! Kostako zaizu haren Intereses Creados adinako beste antzerki-lan bat bururatzea.
Orain dela gutxi «vanguardista» horietako baten komedia irakurtzen ari nintzen. Irakurtzen esan dut, eta benetan irakurtzeko egokiago dela derizkiot, teatroan ikusteko baino.
Guzia, hitzaurre, bakarrizketa, aitzin-solas, prediku eta esplikazioz betea, jardun-lagunak nortzuek diren eta nola egin behar duten jokoa adierazteko. Berez, jardunak eta gertakizunek ez badigute azaltzen norberaren tankera, gauza motela, hila, izango da.
Gehiegizko mugarriak, erdaraz «acotaciones» deritzaienak, askotan dira kaltegarri. Ez dira gauza berriak. Bai zera! Teatroa bezain zaharrak, antzinateko didaskalia, periokhai eta beste ezizenak erakusten diguten bezala.
«Vanguardismoa» horretan badago, ondo jaioak gaude. Aitaturiko guziak ez du esan nahi ni Teatro berriaren etsai naizenik, ez dudanik Antzertiaren aurrerapena maite. Gogoz eta pozik irakurri eta aztertzen ditut, ahal dudan ginoan, oraingo aldiko komediagileen lan berriak. Ala, Bertolt Brecht alemana goraipatu ez ezik,
haren lantxo bat euskaraz itzulia dut: hemen inork baino lehenago.
Gaur, berriz, Friedrich Dürrenmatt aleman-suitzarraren txanda da. Idazle hau bizirik dauden dramagileen artean gailenenetakoa dugu. Teatro-lan asko ditu: Frank I, Die drei Physiker, Es steht geschrieben, etc., etc.
Teatro berri honen eredutzat Dürrenmatt idazlearen Der Doppelgaenger aukeratu dut, euskaraz GIZONA ETA KIDEA izena emanez. Egileak Spiel, jostaketa ala jostirudi deitzen dio, nahiz gaia bi gizonek Heriotzaren inguruan egindako jokoa izan. Baina ez batere negarti eta makabroa, umore eta poesiaz argitua baizik. Hori bai, jokoa soila da, gihar hutsa, lasto gutxi eta azal apaintasunik gabekoa. Jardun-lagun, guzira hiru. Tartean sartzen zaizkie ordea Komediagilea bera, eta teatro-erregidore edo zuzendaria. Eta hauek elkarrekin mintzatzen dira, ipuina nola jarrai eta tajutu. Goetheren Fausto hitzaurrean ere bada halako zerbait, GIZONAk eta KIDEAk berebiziko auzia darabilte bien artean, justizia eta justizia-ezaren arteko borroka; errudun eta errugabearen arteko eztabaida; burutapen sakona, gogoeta barrenkoi sakonaz bete eta hornitua. Gaia ez da berri, noski. Ba al da ezer berririk azoan? Hain zuzen, negu honetan irakurri dut I. Zaitegi euskal idazle jakintsuaren liburu eder eta aberatsa: Platon'eneko Atarian. Ezagutzen ez nituen Kriton eta Sokrateren elkarrizketan Gizona eta Kidea'k darabilen gaia aurkitu dut: «Zilegi al da eta aizu zuzenbidea huts egitea?... Bidegabe gaitzetsi dutelakoan dagoenez gero, bihurritu ote daiteke legeon aurka?»... Elkarrizketa laztana dute heriotzarako gaitzetsiak eta aspaldiko adiskide mamiak: Kriton eta Sokratek.
Gaur hainbeste aipatzen den Teatro Berri horren «Mezua» euskaraz
izan dezagun ahalik zehatz eta errazena Dürrenmatten antzerkitxoa
itzuli dut. Gaztel erdaraz inork oraindik bihurtu ez duena, nik dakidala behintzat. Katalanez Dürrenmatten La visita de la dama itzulia dago, ez honoko hau ordea. Oraingoan aurrea hartu diegu gure auzokoei. Geure buruak gehiegi harrotu gabe, ez al dugu behar guk ere «snobismo» pixka bat? Ez dakit teatro-ikusgarri bezala GIZONA ETA KIDEA egokia izango den. Hori jendeak esango du gerora. Lopek esan bazuen ere «el pueblo es necio y lo paga, hablémosle en necio para darle gusto», ez nator bat iritzi horrekin. Ez da hain ergela, ez.
Eta auzi-maisu batzuek baino begi hobea du gehienetan. Eta beti, hauek
galtzen duten zuzentasunaren sena.
Antonio Maria Labaien
1963-IV-14
© Antonio Maria Labaien