III
Luzio Varo etxean dago; ohetik goiz jaiki da; eguzkia ikusi nahi izan du. Haize fresko eta leunak, gonbidapen gisa, goizeko fereka dakarkio. Ia gau osoa igaro du lo egin gabe. Batzuetan loezinak bisita egiten dio. Bere burua lanean ari da; ametsaren argitzaletan, badirudi bere kasa lanean ari dela. Horra hor orain, zurbil samar, begiak betzulo lauso eta mehez inguraturik, egunsentiko gurdiaren dirdira sortu berriaren aurrean. Handik hona dabil gelan zehar; bere argizarizko tabletak konpontzen ditu. Handik hona dabil eta gogoetan ari da, gogoetan ari da. Zeri buruz?
Eguzkiko lehen sugarra sortzen da, zeru-ekialdea argi leun loratu berriez harrigarriro apainduz. Urre ugariak eta handiagotuz doanak Erroma urreztatzen du. Eraikuntza ilunak argitan altxatzen dira. Egunsentiak bere alaitasun iratzargarriaren ezti etereo eta musikalak goizeko airean urtzen ditu. Luzio Varo giroa arnastera agertzen da, bere toga zuriaz estalita, eta, ukondoa marmolean bermaturik, bizarra eskuan, egunsentiaren etorrerari hegira iraun, eta pentsatzen du...
«... Erroma, Erroma ikaragarria, Inperia handia, munduaren andrea. Zure begiradapean loria altxatzen da, indarrez osorik jantzita, eskuinean palma ozena eta sandalia magikoa trumoiaren lepoaren gainean. Zuk, zainetan erritmoa jartzen digun su-ardo hau, latindar odolaren bortxa hau transmutatu egin zenuen, antzin-antzinako egunean, Lupa latzak eraman zion errapetik Romulo-ren ezpain egarrietara.
Zazpi erregek lehenik begiztatu zituzten zazpi muinoak. Eta jatorrizko enborretik seme-alabak sortu ziren oparo. Mendi Sabinoen ereinotzak, Etruria ederrarenak eta Lazioko usoarenak Errepublika koroatu zuten. Goi-ospakizunen desfile handia, konkista neketsuak, patrizioa eta plebea, kontsul-gurdiak, liktoreak, gudalosteak... Nongo haitzuloan durunditzen du oraindik harmonia misteriotsuz eta jainkozkotasunez, hitz olinpikoak (bere Naiade Numa-ri ur lirikoetan entzun zionak?)
... Eta hona hemen arrano-taldea!, nondik datoz garaile? Zeruko lau puntuetatik; Kartago trauskiletik, uharte zoriontsuetatik, Atenas zuri eta sakratutik.
Eta zureak, o Zesar!, Galiziako baso ohoragarrietatik —eta eguzkiaren sugarpean euren zahagiei putz egiten dieten haize guztietatik eramanak—.
Inperator ederrari aparteko diademaren dirdira dario, eta bere eskua, altxatu eta, Jove-rena bailitzan, gobernatzen du, kapitoliar...»
Eta Luzio Varo, aspalditik kezka ematen dioten beste zenbait inpresiotara igarotzen da jarraian.
Hona hemen lehena. Arratsalde batean Tiberrera jo zuen, arrantzontzi batean, hainbat itsasgizon lagun zituela, eta adiskide erretoriko batekin, Arseliorekin; zeinak musukatzeko tirria baitzuen eta denbora hartan zegoeneko itzaltsu samarra baitzen, inperioaren eskuzabaltasunari esker laurehun mila sestertzio jaso zituelako, sukaldaritzako elkarrizketa baten ordainez. Honek Tiberio-ren bizimodu handinahi eta alaia abesten zuen; banketeen antolaera burutsua; eta baita zenbait apeta odoltsu eta haragikoi ere; idatziz jartzen zituen bankete haietan jaulkitzen zituen burutazio eta ateraldi aproposak, edota Seleuko gramatikalariarekin, Arselio-rekin edo Zenon grekoarekin jadanik agerian jarrita zeukan jakinduria.
— Ba al dakizue —esan zuen Arselio-k— zeintzuk izan diren azken banketean egin dituen hiru galderak, behar legez erantzutea inork izan ez dituenak? Hauek dira: Akiles-ek zein izen zuen Nikomedes-en gortean? Nor izan zen Hekuba-ren ama? Zer abesten zuten sirenek?
— Ni ere isilik geratuko nintzatekeen, nire jakituriak ez baitzukeen arrazoizko erantzunik aurkituko. Batez ere, azken galdera, nire irudiz, zailena da: Zer abesten zuten sirenek? Pentsatzekoa denez, maitasun-kanta gozoak abestuko zituzten, Pan-ek bere xiringaren lezketatik ateratzen dituenak baino gozoagoak. Haien gorputzak arroken gainetik altxatuko ziren; hondarpeak arrosekin loratuko ziren; haien adatsak haizeek askatu eta urre-antzeko banderatxoak bailiran hedatuko zituzten; haien begietako argizagi gozoek zorion hilezkorraren lorpena aginduko zuten eta, haien mingainek Venus-en loriaren berri emango zuten. Abesten zuten kanta — aireak sorgintzen zituena— bezalako imanik ez, soinu distiratsua bezalakoa izango baitzen, gozamen hutsez sentimenak menperatu eta pentsamendua kateatzen zuelarik; horrela, itsasontziak musika horren jatorrira eramaten zituzten ezinbestez, eta belarriak estaltzeko amarrua izango zutenak (Ulises-en lagunak, kasu) eskapatu ahal izango ziren heriotzatik, melodiatik ihesi.
Eta arraun-hots txikiarekin batera, itsasgizonetariko batek hitz egin zuen:
— O, jaun prestu horiek! Sirenek abesten duten ordua da; arratsalde guztietan joaten naiz nire lagunekin haiei entzutera. Borondate oneko gizonak bazarete, nik eramango zaituzte haien kantak entzun ditzazuen, kanta harrigarriak eta benetan liluragarriak baitira.
Arselio-k barre egin zuen. Baina Varo hurrengo arratsaldean itzuli zen arrantzale berberekin.
Ez nolanahiko harriduraz entzun zuten gizon haren esana —zarpaila zirudien arren, bere begietan bazegoen halako zintzotasun zerutar bat—. Eta, arrantzaleen gidaritzapean, ibaian gora jo zuen, ilunabarreko gasa more ukiezinen artean, bihurgune batera iritsi arte, non, harkaitz altu batzuetatik hurbil, olibondo eta mahasti birjina batzuek osatzen zuten basotik ez oso urrun, txalupa gelditu baitzen...
Txalupa gelditu egin zen; eta gero, korronteak poliki-poliki eraman zuen, ahots miresgarrien kontzertua entzun-uste izan zuten punturaino.
Ibaiko uretan ortziko izar jaioberriak dardarka hasten ziren, eta ondoko olibaditik eta mahasti birjinatik lauso gozo eta epel bat iristen zen, Zibeles-ek bere soinekoa erdi ireki eta bere sabel emankorraren lurrina eskapatzen utziko balu bezala.
Eta, ilunabarreko lanbroen artean, eskuetan adar orlegiak eta lore-otarreak zeramatzaten zuriz jantzitako emakume-prozesio bat ikusi zuen. Hilobi bat itxi berria zen; haren ondoan, gizon-talde bat bazirudien otoizka ari zela; eta prozesio zuriak ahots leunez abesten zuen.
Zer abesten zuten sirenek?
Hura ez zen itsasoko eta landako jainkotasunei egindako sakrifiziorik, ezta mahats-bilketako kanta bozkarioz beterik, ezta Dionisio-ren omenez egindako laudoriorik; Adonis-en kanta ere ez zen, ezta Flora-ren jaien abesti alai eta sutsurik. Ahotsak delikatuki gardenak altxatzen ziren, eta izpiritu berri baten etorreraren eta garaipenaren berri ematen zuten; bihotzak, hegaldunak eta lurrintsuak, igo egiten ziren, munduaren kizkietatik aske, urdi-irrikaz; mina sanfitikaturik zegoen, malkoak harribitxi sideralak bilakatuak ziren; sakrifizioak bertuterik gorenena lortuta zeukan. Hauts apaletik zurtoin sakratua ernamuintzen zen, zeinaren lore garbi eta inperialak paradisuko arnasa adoretzat harturik baitzeukan. Eta den-dena dirdiratsu agertzen zen jainko berriaren begiradapean; Jainko handi eta bakarraren begiradapean.
Haren izpiritua aztoraturik astintzen zen bafada ezezagunen bidez. Zein gurtza estrainok hartzen zituen apaiztzat ahots eztitsuko emakume haiek? Jainkosa handia omentzen zuten ekialdeko zeremonien berri bazuen..., baina, abesti haien artean, Kristoren izena haren belarrietara heldu zen; jende haiek, beraz, asto-buruaren idoloaren sektarioak ziren.
Sirenaren kantak jarraitzen zuen, eta gaua sarturik zegoenez, hilobi itxi berriaren ondoan zuziek distiratu zuten.
«Aintza Jaunari, aintza Jesus erregeari, aintza Kristo santuari, Aitaren eskuin aldera igo delako! Zeren Berak ematen digu fedearen eta maitasunen maitasunaren grazia miresgarria. Maitasuna izpirituaren fruitua da; bakea, izpirituaren fruitua da, eta ontasuna, eta onberatasuna, eta otzantasuna, eta neurritasuna, izpirituaren fruitua dira. Eta mina Kristo-rena da; sufri bedi maite duena; Berak emango du sarietan onena, ezin zimelduzko koroa eta gozamen amaigabea.
»Aintza garaileari, Jaunarengan hiltzen den eta bere indarrez eta bertutez betiereko erresumara igotzen dena. Arima sakratuak hautsaren alaba den haragi miserablea garaitzen du, eta bizitza iraunkorraren alderantz egiten du hegan. Jauna aberatsa da erruki-beharrez eta berpizkundea eskaintzen digu eta salbatu egiten gaitu. Izan gaitezen indartsuak ilunpeen aurka eta eskain ditzagun gure ohoreak, gure odola eta gure pentsamenduak, eta gure egitateak, Jesukristo Jaunaren omenez. Ontasuna bera baita eta gure errege izango da menderen mendetan...»
Eta gizonak eta prozesio misteriotsua landako itzalen artean desagertu ziren. Eta berak txalupan itzuli zen, pentsakor; eta marinelak argitasun— eta freskotasun-hizkera hartaz hitz egin zion, halako moldez non ahaltasun sekreturen baten jabe zela pentsatu baitzuen; Erroman sortu berna zen anaitasun bat buruz, ideia berriei buruz, Greziatik heldu berna zen gizon bati buruz hitz egin zion —gizon horren hitz-jarioa hitz-jario guztiak gainditzen baitzituen eta zerabilen filosofia beste filosofo batzuen gainetik altxatzen zen, eta arranoa bailitzan usoen gainetik; gizon horrek Paulo zuen izena.
Abentura zela-eta, Luzio Varo oso kezkaturik heldu zen etxera. Egarri zen eta Pan-en irudi batez babesturiko iturritxora joan zen ura hartzera. Orduan, iruditu zitzaion, ezen, ura erori ahala, barre ozena ateratzen zuela eta jainko babeslearen brontzezko mozorroan iseka-espresioa zirriborratzen zela.
Varo-k bere arimaren hondora begiratzen du. Agian, lehen aldiz gertatzen zitzaion, udaberriko ardoa baino goizago horditzea... Izan duen gaztaroa lira eta arrosazko jaia izan da, eta jainkoak eurak ere ahantzian erori dira haren kantuen eta musuen xarmaren kariaz, usapalak nekagaitz sakrifikatu ditu eta eskua beti izan zuen anforatik hurbil. Kantatzen zituen bertsoak bere psikean bertan loratzen ziren, euren zerizanik mamitsuenean lurrinduta, eta zeukan filosofia epikuriarren baratze-lore ezin atseginagoa zen. Goizeko artizarrak dirdiratzean, Evandro-k bere arkadiar herria Tiber ertzetan biltzen zuen garaietan bizi izan zela iruditzen zitzaion batzuetan; edota amets lauso bat gogora ekarrita, mugarik gabeko zeruertza begiztatzen zuela iruditzen zitzaion beste batzuetan —barrenean arkitektura liluragarri eta monumentalak eta guzti ikusten zituela—; zenbaitetan, argiz beteriko herrialdea non altxatzen baitziren marmolezko zutabeak, arkupe zuriak eta velarium purpurakarak golko ozen eta urdin baten bazterretan.
Existentzia honetan, bi pentsamendu izan dira haren izpiritua menperatu dutenak: Maitasuna eta Heriotza.
Maitasuna, haragiaren tirania eutsiezinarekin, piztien muturrak hezatzen dituen Maitasun supiztaile eta zoroa, basoei orro eta ulu eragiten diena; Maitasun ahalguztiduna, jainkosarik ederrenaren erritualean santifikatuta (eta zeinaren borondatea bere odol-taupadetan sentitzen zuen: odolean izadiaren bizi osoa sentitzen baitzuen; sentimenetan, munduaren sugar bizi-emailea. Eta Heriotzak, dardar eragiten ziona; Heriotza, lirikoak azaldu bezain zurbila, gauean alderrai, sorgindutako begetalak loratzen dituen eta txakurrei ikaraz intziri eragiten dien Hekata-ren babespean.
Bigarren inpresioa gizon harrigarri harekin izandako elkarrizketa izan zen...
Varo-k Paulo ezagutzen zuen —sekta berriaren predikatzailea, alegia—. Paulo kartzelan izan da, eta aske utzi dute; bere doktrinaren egiazkotasuna aldarrikatzen du eragozpenik gabe. Etxean bizi da lasai asko, bere kofradiako kideek bisitatzen dutela. Varo-k hitz egin dio, gai filosofiko bat edo beste eztabaidatu dute elkarrekin. Gizon gaitz eta burugogorra kausitu du —keinu indartsu asko egin eta begirada suntsigarriak jaurkitzen dituen gizon bat—; zakartasun, burugogortasun, suntsigarritasun hartaz harantzago, ordea, erle-burrunba leuna entzutea iruditu zitzaion.
Nereo-k, txaluparen marinelak, Pauloren etxeraino gidatu zuen. Eta Paulok ordura arte harentzat ezezaguna zen unibertsoko ateak ireki zizkion begi aurrean.
A, izan ere, berak hainbat alditan pentsatu zuen, bai, bere barruko tximeleta gardenari buruz, eta lorategi batetik jira-biraka hegaldatzen zela amestu zuen behin (lorategi bat non platano platonikoen hostailak fintasun handiko aurak eskegita zeuzkan... Gero, txori estoikoren bat basotxotik atera eta bere abestia kantatzen zion...).
Tximeleta jira eta bira zebilen hegan, psike gardenean zehar, eta lorategi ederretik nahiko hurbil adarren solasa entzuten zuen. «Jakizue, esaten zuten, umeak gaur bertan hasi direla Estigia-ko igel beltzen lepotik barre egiten..., guk badakigu txalupan zihoan agure bizarduna ur goibeletan ito dela. Biziaren haria moztean, atsekabea! oboloa eskuinean estututa daramanarentzat...»
Eta beste ezpain batzuetatik beste hitz batzuk entzun zituen. Norbaitek —ikaskideren batek— behin gogoeta eragin zion esaldi laburren bidez: Heriotzaren ondoren, dena amaitzen da; baita heriotza ere. Jupiter oso zahartuta zegoen, ezin zuen antzinan bezala ugaldu. Lege Papia, berari ere, egokitu egin zitzaion. Jainko zaharrak zegoeneko dardar egiten zuen, beldur baitzen, zahartzaroan, hankak ahuldurik, edo tronuak ankilosaturik, burusoil, bekainak jasotzeko ere indarrik gabea, norbait helduko ez ote zen, bera baino indartsuagoa, eta garai batean berak Saturno-rekin egin zuena berarekin egingo ez ote zuen.
Etxeetan, esaterako, lare jainkoek ez zuten bertuterik bat ere, eta mutuak eta gorrak zirela ematen zuen. Bat-batean, hitz orakuluarrak isilik zirauen. Behetik, era berean, zurrumurru baxua, kexak eta aieneak iristen ziren. Benetako jainkoak zesarrak ziren...
Aurrean zegoela, Paulok bere trumoi-hotsa bidali zion. Varo, zuzendaritza izpiritualik ezagatik, bere barruan iratzartzen zen artegatasunaren zorioneko uneen ostean, izpirituko atsekabe bat-batekoak zirela-eta kexatu egiten zenez, Pauloren begi-ninietan ikusi zuen bi izar misteriotsuren jaiotza bezalako zerbait, eta haren buruaren inguruan eguzki-lurrin antzeko zerbait; eta aurrean zegoela, filosofo berriak bere trumoi-hotsa bidaltzen ziola entzun zuen.
— Egarri zarete!, ordea hegira ezazue, ezen, edalontzia husteko ezindurik zaudetela Tantalo bezala, loturik Prometeo bezala. Gizon arbuiatuaren jakituria —Jainkoaren jakituria— eduki nahi duzue. Hori da egarria aseko dizuena, hori da ezkutatutako eta bizkortasun miresgarriz jositako ura. Egia Jainkoarengan baino ez dagoela, Jainkoarengana iristeko izpirituan zehar gora egin behar dela, iragartzen dizuet nik. Zuen bizitza idoloen omenez kontsakratu duzue. Kontuz ibili idoloekin! Lorez koroatzen zarete eta ardo-kopak husten dituzue, mende honetako printzeen jarraitzaile duin horiek. Kristo, gero? Jainko Jauna, gero? Bere martirioarekin purpurakara bilakaturiko haren hitzaren miresgarritasunak, gero? Utz itzazue munduaren gauza hutsalak, harrokeria eta erokeria eta zitalkeria eta ustelkeria direnak. Nik zuri esaten dizut, erromatarra zaren horri, mesprezatzen duzun juduari eta imitatzen duzun grekoari esaten diodana. Zuen jainkoak hodeiak bailiran igaro dira: Kristoren Jainkoa da Jainko bakarra. Bera bere izpirituaz, ez munduaz, errebelatu zaigu; ontasunaren eta egiazkotasunaren su txit santua da, haren Izpiritua.
Eta ostera ere, nola Varo-k hitz egin zion, adiadi entzun eta gero, bere bi pentsamendu finkoei buruz, maitasunari eta heriotzari buruz alegia, erantzun egin zion:
— Haragia! haragia! haragia! Behin, nire guda zaldian nihoala, baso lasai eta usain gozoz beteriko batean, Pan zure jainkoa ikusi nuen zuhaitz erraldoi baten erroan eserita, bere xirula jotzen. Soinua entzuteko, hurbileko iturrietatik ninfak ateratzen ziren. Eta akerra-usaina atzematen zen baso osoan. Halakoa da apatx arrailatuaren jainkotasunari darion lurrina, halakoa da zure maitasunetik hedatzen den usain gozoa: Haragia! Haragikoiak zarete; zuen sexuek menperatzen zaituztete. Itsasoko indarren gatibuak zarete, euren sasi grinatsuekin kateatzen zaituztelarik. Bai; zuen gorputza kalteari lotuta dago, bere benetako helburua gure Jauna izan arren. Zuen gorputzak ez du larrua jotzeko borroka helburutzat hartzen. Jainkoa gorputzarentzat eta gorputza Jaunarentzat da. Bizi-lorea ez da ez Pan-ena, ez Venus-ena, ez Apolo-rena, ez Ekialdeko idoloak bizkortzen dituzten izpiritu gaiztoena: Jaunarena da. Maitasuna!, maitasuna Izpirituarena da, Izpirituaren omenez egindako sagarapena da, Izpirituaren sugarra. Zuk maitasunean pentsatzen duzu odolaren sukarra eta gorputzaren beharra izango bailitzan: nik diotsut, ezen, lama jotzen duenak bere gorputz beraren aurkako bekatua egiten duela.
Eta Varo-k trumoiaren aurrean leun xuxurlatu zuen:
— Baina, hegira ezazu ugaldu eta ernaltzen duen Maitasunaren guztiahaltasuna nola esertzen den gauza guztien gainetik, eta gauza guztiak berari loturik daude. Zer dela-eta, hitz-eder eta jakintsua izanik, predikatzen duzu naturaren aurka? Hitz horiekin joango al zara habietako usoengana eta Hirkania-ko tigreengana? Hitz horiek esango al dizkiezu itsasoko arrainei, lurreko haziei eta olerkariei koroak ematen dizkieten mahats-parra lurrintsuei? Ni olerkaria naiz, jauna, eta zure Jainkoak, aitor dizut, ezpainetatik emakumeak eta arrosetatik kalizak kentzen badizkit, triste eta beldur utziko nau.
Gero, bere tupusteko ahuldadeak eta laguntza aurkitzeko zeukan desioa agerian jartzen jarraitu zuen. Egia zen gurtzako sakrifizio eta zeremonietan parte hartzen zuela, eta bere otoitzak jainkoen idoloei zuzentzen zizkiela; ordea zalantza zegoeneko bere arimaz jabeturik zegoen eta jainkotasun babesleak ahotsik eta izpiriturik gabeko irudiak iruditzen zitzaizkion. Bere filosofiari dagokionez..., existentzia haizea bezain iheskorra zen eta udaberrian lorea eta udazkenean fruitua bildu beharra zegoen. Zer zekarten kristautasunaren iragarleek? Hura, orduan, Heriotzaren eta Minaren aldeko gurtzaren erlijioa al zen?
Paulok, ahots larriz eta sakonez, beheko oihuei buruz, tristeen eta zapalduen erostei buruz hitz egin zion. Zapalduak eta tristeak kontsolatzen zituen erlijioa iragartzen zuen berak. Errainu kontsolagarrien inbasioa iragartzen zuen mezularia baino ez zen. Galilea-ko Artzain onak munduaren argia zekarren. Ez zen greko, judu, erromatarrarentzako argia, grazia unibertsala baizik. Inperioaren goitik, zesarren tronuetatik trumilka erortzen zen ustelkeriari eusteko, paganoen morala ez zen aski gotorra izan. Kristautasunak dei egiten zien behartsuei, Jaunaren babespean anaitasun-agapean biltzera, Jaunaren izpiritua unibertsoaren gainean ba baitzetorren, bihotz guztien barrura sartuz...
Eguzkia ordurako aterata zegoen. Varo-k handik gutxira Axio, zenturioia, bere bila joango zela gogoratu zuen, harekin joatekoa baitzen Zesar-rek Capri-n eskaini behar men jaira.
Tiberio-k bazuen olerkariaren berri eta gauza jakina zen hura bere banketeetara gonbidatzeko gogo bizia zuela.
Tiberio! Izen horrek gogora ekarri zizkion Paulo-k behartsuen sufrimenduei buruz esandakoak; anaitasun unibertsala Jainkoaren babespean, gizarte altueraren hilketak, urrez jantzitako bizio inperialak; bien bitartean, zergek itota, herriak sufritu egiten zuen, olatuaren xuxurlaz xuxurlatu egiten zuen, han behean... Bere jentil-bihotza, bere olerkari-bihotza, besteen minak sentitzeko gai zen, eta lehen urteetako epikureismoa osorik blaitu egiten zitzaion orain esklabuekiko eta txiroekiko urrikaltasun sakonez... Gosetiak eta miserableak baziren; bien bitartean, zentzugabeko ahaltsuen egoitzetan Fasioz harantzagotik ekarritako jakiak, erditzeen herrialdetik ekarritako animaliak, ozeanoko itsasertz urrunetan lortutako maskorrak eta elikagaiak irentsi egiten zituzten, geroxeagoko orgietan okaztatzeko... Hark berak, ez al zuen behin baino gehiagotan bere sabela giza-haragiaz (esklabu-haragiaz) elikatutako itsasugeekin gozatu?...
Halaxe jarraitu zuen bere gogoetan sartuta, harik eta urrats-hotsak eta agur esaten zion ahots ezagunak bere barruko pentsamenduetatik aterarazi zuten arte
Axio zen.
© Ruben Dario
© itzulpenarena: Xabier Galarreta