EGUZKIren esker on publikoa ipuinak eman dizkiguten idazleei, proiektu honen giltzarri izan den Jon Urrujulegi lagunari, hamargarren urtemugako bertsoak paratu dituen Jon Maiari,

        Karlos Corbella argazkilariari, Jon Altuna maketatzaileari eta oso bereziki gure lurraren defentsan egunero ari diren

 

 

 

Zergatik liburu hau

 

        Orain dela hamar urte, Hego Euskal Herriko 70 talde ekologista eta antinuklearretan ari ziren 300 lagun Iruñean bildu eta EGUZKI sortu zen. Geroztik, EGUZKIkideok hamaika arazori aurre egin behar izan diogu, beti ere gure lurraren defentsan.

        Borroka fronte askotan aritu beharrak, ordea, sarri —sarriegi beharbada— aktibismora eraman gaitu. Aktibismoa beharrezkoa ez ezik ezinbestekoa ere bada, jakina, hein handi batean eguneroko errealitateak nahitaez inposatua. Baina, aldi berean, garbi dago aktibismoa, bere horretan itoko ez bada, proiektu zabalago baten zerbitzura jarri behar dela.

        Horregatik orain dela hiru bat urte hausnarketa kolektiboari ekin genion eta ondorioak, agian aparteko nobedaderik ekartzen ez bazuten ere, oso garbiak izan ziren. Hona hemen, labur-labur:

        — Pairatzen dugun krisialdi ekologikoaren manifestazio guztiak elkarloturik daude, guztiak dira gaixotasun beraren sintoma.

        — Gaixotasun hori indarrean dagoen garapen eredua da; hau, ingurugiroa hondatzeaz gain, intsolidario eta injustua da gero eta giza sektore zabalagoekin.

        — Gu ez gara, noski, garapen eredu honen kontra ari diren bakarrak. Saia gaitezen, bada, beste sektore aurrerakoiekin bat egiten, ibil gaitezen norabide berean bederen.

        — Elkarlana bideratzeko proposatu genuen Etorkizunerako Giza Akordioa (EGA), egun inpotentzia eta pasibitatearen menpe dauden indar sortzaileak ilusionatu eta mugiarazteko gai izan daitekeen tresna.

        EGAren filosofia oso gogoan izan dugu azken urteotako eginkizunetan, beti ere «Euskal Herria ekologiatik eraikiz» lemapean. Horren ondorioz, hainbat sektorerekin —arrantzale eta nekazariekin adibidez— aritu gara ahal izan dugun neurrian lan esparru komunetan, hala nola, arrantzu prozedura kaltegarriak, lurralde antolaketa, azpiegitura handiak...

        Kultur munduko jendearekin ere lan egin beharra zegoela garbi ikusi genuen lehenengo momentutik beretik. Amankomuneko lan esparru posibleak, ordea, ez dira arrantzale edo nekazariekikoak bezain ebidenteak. Horregatik sortu zen ipuin liburu honen proiektua, ekologista eta letra jendearen arteko hurbiltze saioa —xume-xumea baina— izan nahi duena.

        Proiektua lozorroan egon da luzaz, baina, aurten EGUZKIren hamargarren urtemuga dela aitzakiarekin, iratzarri egin dugu. Idazle ezagunei ingurugiroarekin —zentzu zabalean— zerikusirik duen erregaluzko ipuin bana eskatu eta irakurleak ondorengo orrialdeetan du emaitza. Azal eta mamiz oso testu desberdinak izan arren, guztiak dira literatur irudimenarekin ere «Euskal Herria ekologiatik eraiki daitekeen froga.

 

 

 


www.susa-literatura.eus