Hitzaurrea
Baudelaire izena entzuterakoan poeta berba da etortzen da beti burura. Gauza ederra da hau, baina liburu honetan bere beste alderdi bat aurkeztuko dugu, edo agian berdina, batek daki. Hona hemen Charles Baudelaireren idatzi bat. Idatzia bai, eta poemarik ez bada ere poesiaz beteriko lana dugu. Tradizioak liburu bakarreko idazletzat hartzen du Baudelaire. Les fleurs du mal bere lanetan handiena dugu, ados. Liburu beltz honek poesiari ematen dion argi zoragarriak nolabaiteko itzala egiten die bere beste lanei. Zabalagoa izanik, Petits poèmes en prose edota Les paradis artificiels ere aintzat hartzen dira batzuetan, baina kritika lan gehienak gaitzetsiak izan dira orokorrean. Poesia gauza ororen gainetik aldarrikatzen zuen gizonaren prosari ezin diogu guk esan forma ez duela zainduko, ardura formal izugarriak jorratu eta konpontzen ditu, baina idaztea osotasun organikoa bailitzan sentitzen du. Honetatik landa arteak eskaintzen zizkion lan handi guztiak
Irekitasun honen harira uler dezakegu lan honek azaltzen duen ikusmoldea, arteari dagokionez. Saiakera aberatsa agertzen digu egileak musika arloan erabat ezjakina dela aitortu eta gero. Ezjakite honek poetaren irudimena zirikatzen du, ezaguera ezak estetika baliabideak indartzen baititu kasu honetan. Jakinaren gainetik sentikortasuna ezartzen du, hau da, gizakiak sentitzeko duen ahalmena, ideia hau sortzeko ere baduen ahalmenari lotuz gero.
Bestalde, ukaezina da Baudelairek duen trebetasuna arte adierazpen guztien balioa asmatzeko, jateko egiten badu ere, literatur hutsak ez baitio etekin nahikorik ematen, ez dugu inoiz behar den bezala eskertuko Baudelaireren kritika lana. Berak ezagutarazi zituen Poe eta pintore inpresionistak ere, adibide pare bat ipintzearren.
Lehen aipaturiko ahalmena da, izan ere, Baudelaire eta Wagnerren kezka bizia. Gizakia edozer egiteko gai ikusten dute, musikariaren laguna zen Nietzschek Supergizonaren bitartez adierazten duen gisan. XIX. mendeko teoria hauek beldurgarritzat hartu izan dira maiz, eta naziak pentsalari hauek bereganatzen saiatu zirenean, naziei sinestea izan zen errazena, pentsamendu heldugabe eta izutiaren eskua dago, ordea, honen guztiaren atzetik, erreakzioa atzerakoi hutsa, alegia. Indarra jorratzen dute egile hauek, eta ez indarkeria, gizakiaren handitasuna goraipatzen dute. Gizakiarenganako fede honek hunkitu baino ezin du egin, nolabaiteko humanismoa dugu azken buruan.
Hausnarketa honetan Antzinaroa dute aitzindari poeta eta musikariak. Baina ez dute pastiche neoklasikorik eginen. Mito zaharretik muina besterik ez dute jasoko, gaitasun sortzailea eta unibertsaltasuna.
Mito berriak hizkuntza berri baten bidez aurkezten dizkigu Wagnerrek, itzeleko indar eta trebetasunez. Baudelairek, aldiz, kazetaritzako estiloa eta estilo poetikoa bat egiten ditu. Aurreko guztia zeharo garbi azaltzeaz gain, eresi ederra eta atsegina idazten dio arteari, sortu eta sentitzearen arteko harremanetan sakonduz.
Oier Alonso
© Charles Baudelaire
© itzulpenarena: Oier Alonso