V.— MORALA

 

        Baina biharamuna! Biharamun izugarria! Organoak bigunduta, nerbioak motelduta eta negargura izango dituzu, dardaraka. Lan batez segidan arduratzeko ezintasunak joko debekatuan aritu zarela esango dizu. Bezperako argiak kenduta, jai baten arrasto malenkoniatsua hartuko du natura ikaragarriak. Ahalmen guztien artean estimatuena, borondateak hartzen du minik handiena. Badiote substantzia honek ez duela gaitz fisikorik ematen, gaitz larririk ez behintzat eta nolabait egia da. Baina ekintzarako gauza ez den gizona, ametsetarako bakarrik balio duena, behar den moduan portatuko al da, gorputzadar guztiak egoera onean izanik ere? Hortaz, eta giza izaera apur bat ezagututa, konfitura pitin batez zeru eta lurreko ondasun oro berehala lortzen duen gizonak ez dio lanari ezer aterako. Hiritar guztiak haxixez horditzen diren estatua imajinatu dezakegu. A zer nolako hiritarrak! Nolako gudariak! Nolako legegileak? Ekialdean, usantza hain zabaldua izanik ere, debekatzeko beharra ikusi du gobernu zenbaitek. Izan ere gizonak debekatua du bere izatearen funtsezko baldintzak hondatzea edota bere ahalmen eta hauen inguruaren arteko oreka izorratzea. Hitz batean, ezin du bere patua hondatu beste mota bateko halabeharra hartzeko. Melmoth gogora dezagun, eredu miresgarria. Deabruarekin itun baten bidez berehala lortu zituen ahalmen zoragarrien eta Jainkoak deitua izanik jasan behar zuen egoitzaren artean dagoen aldean datza bere egundoko sufrimendua. Eta Melmothek bereganatu nahi duen jendearen artean inork ez dio bere abantaila ikaragarria erosi nahi baldintza berdinetan. Hain zuzen ere, bizitzaren baldintzak onartzen ez duen gizon orok arima saldu egiten du. Poeten sortze satanikoek, bizigarriei emaniko gizaki bizidunekin duten harremana bereiztea gauza erraza da. Gizonak Jainkoa izan nahi du eta menperatu ezin du lege moral bat dela-eta, bere benetako izaeraren azpitik desbideratzen da. Txikizka saltzen den arima da.

        Borondateari uko egin baino lotsa handiagorik eta oinaze biziagorik ez zela uste zuen Balzac-ek. Haxixaren efektu miragarriak eztabaidatzen zituen bilera batean ikusi nuen behin. Arreta eta bizitasun dibertigarriz entzun eta galdetzen zuen. Idazlea ezagutzen zutenek interesaturik zela uste zuten. Baina bere buruaren kontra pentsatzeak sekulako espantua ematen zion. Dawameska eskaini zioten eta berak aztertu, usaindu eta ukitu gabe bueltatu zuen. Bere ume jakingura eta abdikazioari zion nazkaren arteko borroka aurpegian igarri zitzaion. Duintasunaren gutiziak menperatu egin zuen idazlea. Izan ere, borondatearen teorizatzailea Louis Lambert bezain izpirituala imajinatzea zaila da, substantzia honen zati bat baztertzen duenean.

        Eterrak eta kloroformoak zerbitzu miresgarriak egin dituzte. Baina izpiritualismoaren filosofiaren ikuspuntutik, gizakiaren askatasuna eta beharrezkoa den mina murrizteko egin diren asmakizun guztiei atxiki ahal zaie ustelkeria moral berdina. Nolabaiteko mirespenez entzun nuen ofizial batek kontatu zidan paradoxa. Jeneral frantses bati operazio latza egin zioten El-Agouat-en eta kloroformoa harturik ere hil egin zen. Oso gizon ausarta zen jenerala, eta are gehiago, giza-legetsu hitza eman ahal zitzaion. «Ez zuen kloroformoa behar, kontatzen zidan, baizik eta armada osoa berari begira eta erregimentuen musika. Agian horrela bizirik atera zitekeen!» Zirujauak ez zuen ofizialaren iritzia baina seguruenik kaperauak sentimendu hauek miretsiko zituzkeen.

        Gogoeta hauen ostean haxixaren moraltasun eza azpimarratzea ez da beharrezkoa. Buru-hiltzearekin parekatzen dut nik, buru-hiltze motela. Beti odoltsu eta zorrozturik dagoen arma, zentzudun den inork ez du kontrakoa esanen. Sorginkeriarekin konparatzen dut, gizonak galarazia duen eremua bereganatu nahi duen magiarekin, alegia, egokia ez den gizonari galarazia behintzat. Horretarako materia eta arkanoen bidez lan egiten dute sorginkeriak eta magiak, faltsukeria ala eraginkortasuna frogatu barik. Arima filosofikoa duen inork ez dit konparaketa hau gaitzetsiko. Elizak magia eta sorginkeria kondenatzen badu Jainkoaren asmoen aurka borrokatzen dutelako da. Denboraren lana deuseztu eta garbitasuna eta moraltasuna balio barik utzi nahi dute. Elizak ez baititu legezkotzat hartzen ardurako borondate onez irabazitako altxorrak baino. Iruzurgile deritzogu beti irabazteko modua asmatu duen jokalariari. Txanpon batzuen truke zoriona eta jeinua erosi nahi duenari nola deituko diogu? Hutsezin izatean datza baliabidearen moraltasun eza. Magiari ere hutsezintasun honek ematen dio infernuko estigma. Gozamen bakarti guztien modura, haxixak gizabanakoa gizonentzat alferrikako bihurtzen duela erantsiko dut. Baita gizartea gizabanakoarentzat ere. Bere burua etengabe mirestera behartuta geratzen da eta bere Nartziso aurpegia miresten duen amildegirantz jausten doa.

        Eta bere duintasunaren truke, bere prestutasun eta hautamenaren truke, gizonak haxixari atarramentu izpiritual handia atera ahal izango balio? Pentsatzeko makina lortuko genuke eta gizona baliabide emankor bihurtuko litzateke. Maiz entzun dudan galdera da hau eta erantzun egingo dut. Hasteko, luze esplikatu dudan bezala, haxixak ez dio gizabanakoari bere burua baino ezagutarazten. Egia da gizabanakoa zeharo handitua izaten dela eta orgiaren ostean inpresioak gogoratzen direnez jende praktiko honen itxaropena ez dirudi guztiz zentzugabea, gutxi begiratzen bada. Baina gogoeta hauei probetxu handia ateratzea espero dute, eta ematen duten bezain ederrak ez direla esango nieke. Behin-behineko mozorroak eta oropel magikoko estalkiak ematen diote kutsu hori. Lurretik zerutik baino gehiago hartzen dute pentsamendu hauek eta urduritasunari zor diote edertasun parte handia, gogoak sentitzen duen irrikari. Itxaropen hau gurpil zoroa da gainera: onar dezagun une batez haxixak jeinua eman edo handitu egiten duela behintzat, haxixaren izaerak borondatea murrizten duela ahazten dute eta horrela alde batetik ematen ari dena bestetik ari da kentzen. Hau da, irudimenari ez dio probetxurik ateratzen. Azkenik eta borondatea sano mantentzeko gizon trebe eta kementsurik dagoela suposaturik, menpekotasun orok dakarren zorigaitzeko arriskua daukagu. Ohiturak bizkor bihurtzen dira behar. Pozoiaz pentsatzeko baliatuko dena ezin izango du pozoirik gabe pentsatu denbora gutxiren buruan. Imajinatzen al duzu irudimena bertan behera utzita duen gizonaren zoritxarra, haxixa edota opioaren laguntza barik funtzionatu ezin duenean?

        Ikerketa filosofikoetan, gizakiaren gogoak abiapuntura itzultzen den bide bihurria jarraitu behar du, argizagien ibilera imitatuz. Burutzea zirkulu bat ixtean datza. Giza gogoa grazia berezi batek sustatua bailitzan agertzen duen egoera zoragarriari buruz jardun dut hasieran. Itxaropenak berpiztu eta infiniturantz goratu nahiez substantzia ororen gutizia eman dela esan dut, baita arriskutsuenena ere. Hauek, norberaren nortasuna asaldatuz, bigarren eskuko paradisua eskain dezakete, desira guztien xede den paradisua. Eta azkenean menturazko izpiritu hori infernura iristen da konturatu barik, bide-batez bere jatorrizko handitasunaren berri emanez. Baina gizona ez da farmazia eta sorginkeriari laguntza eskatzeko bezain premiaturik, baditu zerua irabazteko baliabide zintzoagoak. Hurien laztan hordigarriak eta adiskidetasuna ordaintzeko ez dauka bere arima saltzeko beharrik. Zer da betiereko osasunaren truke erosten den paradisua? Izpiritualtasunaren olinpoan dagoen gizon bat irudikatuko dut (brahmana, poeta, filosofo kristaua...). Bere barau luze eta ohiko otoitzak arintzeko Rafaelo eta Mantegnaren Musak ditu inguruan, dantza jatorrak egiten dituzte, begirada goxoak eta irribarre distiratsuak botatzen dizkiote. Dena dakien Apolo gorenak (berdin dio Francavillarena, Albert Durer-ena, Gotziusena edo beste edozein Apoloa izatea, ez al da Apolo bat merezi duen gizon ororentzat?) bere arkuko sokarik sutsuenak laztantzen ditu. Bere azpian, mendi-hegalean, sasi eta lokatzaren artean, gizaki mordoak, esklabo taldeak, gozameneko keinuak egin eta pozoiaren haginak eragindako orroak botatzen dituzte. Eta poetak goibel esaten du: «Ez otoi eta ez baraurik egin ez duten zoritxarreko horiek lan ematen duen eroskundeari uko egin diote, eta naturaz gaindiko esistentziara zuzenean goratzeko baliabideak eskatzen dizkiote. Magiak engainatu egiten ditu eta gezurrezko zorion eta argia pizten die. Poetek eta filosofoek lan jarrai eta gauzak begiratzearen bitartez gure arima onera ekarri dugun bitartean. Borondatea maiz landu eta asmoa zintzo mantenduz egiazko edertasuna duen lorategia sortu dugu. Fedea mendiak mugitzeko gauza dela esaten duten hitzei jarraituz, Jainkoak baimendu digun mirari bakarra egin dugu.

 

 

© Charles Baudelaire

© itzulpenarena: Oier Alonso

 

 

"Charles Baudelaire - Haxixaren poema" orrialde nagusia