IV.— JAINKO-GIZONA

 

        Haur buruberoek sorturiko esku-joko eta txotxongilo handi hauek baztertzeko ordua dugu. Ez al dugu hitz egiteko gauza benazkoagorik? Alegia, giza sentimenduen aldakuntza eta hitz batean, haxixaren moralari buruz.

        Oraindaino ez dut egin horditasunaren monografia laburra besterik, ezaugarri nagusiak bakarrik azpimarratu ditut, batez ere ezaugarri materialak. Baina gizon izpiritualarentzat, nik uste, garrantzi handiagoa dauka pozoiak gizonaren alde izpiritualean egiten duena ezagutzeak. Hau da, ohiko sentimendu eta hautemate moralaren handitze, deformazio eta gehiegikeria, giro apartan egiazko errefrakzio fenomenoa eragiten duena.

        Aspaldidanik haxix edo opioari emanda, morrontzaren ohiturak ahulduta dagoena eta bertatik irteteko indar nahikoa lortu ahal izan duena, ihes egin duen presoa iruditzen zait. Tentaldia beti saihesten arduratu den hutsik gabeko gizon zuhurra baino gehiago miresten dut. Ingelesek, opioa hartzen dutenentzat maiz erabiltzen dituzten hitzak, gainbehera honen kalteak ezagutzen ez duen errugabeei gehiegizkoak iruditzen zaizkie: enchained, feetered, enslaved! Kateak bai, eta hauen aldean beste guztiak, beharraren kateak edota maitasun debekatuarenak ere ez dira gasako bilbea eta armiarma-sarea besterik! Gizonak bere buruarekin egiten duen ezkontza izugarria! «Opioaren esklabo bihurtu nintzen, harrapaturik ninduen eta lan eta asmo guztiek nire ametsen kolorea hartu zuten.» dio Ligeiaren senarrak. Edgar Poe gogoaren gaixotasun misteriotsuei dagokienez beti aipatu beharra dago. Poeta paregabe eta filosofo eztabaidaezin honen pasarte zoragarri guztietan agertzen dira opioaren itzal eta distira erakusgarriak. Berenice argitsuaren maitale den Egeus metafisikoak bere ahalmenen aldaketaz hitz egiten du. Honek gauza arruntei ezohiko balio itzela ematera behartzen du. «Ordu luzeetan neke barik pentsatu, liburu baten marjinako edozein ohar ziztrin edo testuan arreta finkaturik, - udan, egun ia osoa tapizeria edo lurreko itzal arraro batean murgildurik geratuta, - gau oso batez nire burua ahantzi lanpara baten sugar edo supazterreko txingarrari begira, - egun osoak lore baten usainarekin amets egin, - berba arrunt bat behin eta behin errepikatu, soinuak behar duen ideia adierazteari uzten dion arte, errepikatzearen poderioz. Hauek ziren nire buru-ahalmenak jasaten zituen aberraziorik normal eta kalte gutxienekoak. Aberrazio hauek, dudarik gabe, badute beste eredurik, baina azalpen eta azterketa oro baztertzen dute.» Eta Auguste Bedloe urduriak goizero, paseatu aurretik bere opioko dosia jaten du, eta eguneroko pozoitzeari ateratzen dion probetxu bakarra zera da, gauza guztiak, baita huskeri txikiena ere, interesgarri gertatzen zaizkiola.: «Opioak aldiz, bere ohiko efektua sortu zuen, alegia, kanpoko mundu guztia interes berri batez jantzi. Orri baten dardara, - belar-izpi baten kolorea, - hirusta baten forma, - erle baten burrunba, - ihintz tanta baten distira, - haizearen hasperena edota basotik datozen usain arinak direla-eta inspirazio mundu oso bat ematen da, rapsodiako gogoeta nahasi errenkada apart eta nabarra.»

        Horrela adierazten da, bere pertsonaien ahotik, izugarriaren maisua, misterioaren printzea. Opioaren bi ezaugarri hauek haxixari ederto atxiki ahal zaizkio. Kasu baten zein bestean, orainago libre zen adimena esklabo bihurtzen da. Baina rapsodia hitza, kanpoko mundua eta zoriak pentsatu eta agindutako gogoeta ilara hain ondo azaltzen duenez, haxixaren kasua egi argi eta ikaragarriagoa da. Korronte guztien menpe den hondarra besterik ez da arrazoia, eta gogoeta ilara infinituki bizkorrago eta rapsodikoago. Hau da, nahiko argi ikusten dut haxixa opioa baino askoz sutsuagoa dela berehalako efektuari dagokionez, bizitza ordenatuaren etsai handiagoa da eta hitz batean, askoz ere asaldariagoa. Haxixarekin hamar urtez toxikatzeak ez dakit opioko hamar urtek dakarten hondamendirik sortzen duen, orainaldi eta biharamunean haxixak kalte handiagoa egiten duela besterik ez diot. Bata limurtzaile barea da, bestea aldiz deabru eragabea.

        Gimnasia arriskutsu eta goxo honek sortzen duen hondamendi morala gura dut definitu eta aztertu azken zati honetan. Hondamendia hain da handi eta arriskutsua ezen Proteo multiformearen zulotik ihes egindako ausartak iruditzen baitzait borrokatik oinaze gutxirekin itzultzen dena, infernua gainditu duen Orfeo bailitzan. Nahi duenak neurrigabeko metaforatzat hartuko du hizkuntza hau, dena den pozoi bizigarriak ilunpeetako izpirituak duen gizaki negargarria bereganatu eta menperatzeko biderik izugarri eta seguruenaz gain, bere gauzatzerik perfektuenetarikoa ere otutzen zaidala aitortu behar dut.

        Oraingoan zeregina arintzeko eta azterketa argiagoa izan dadin, pasadizo sakabanatuak kontatu beharrean fikziozko pertsonai bakar baten gainean egingo ditut esatekoak. Beraz nik aukeratutako arima behar dut. Bere Aitormenak liburuan, De Quincey-k arrazoiez dio opioak gizonari lo eragin ordez kitzikatu egiten duela, baina berezko joerak agintzen dion bidetik baino ez da kitzikatzen. Halatan opioaren gauza miragarriak azaltzeko alferrikakoa liteke itzain bat hartzea, idi eta larreekin besterik ez baitzuen amets egingo. Hortaz ez dut haxixak hordituriko abeltzainaren amets astunik deskribatuko. Nork irakurriko lituzke gustura? Nork irakurtzea onetsi? Nire kontua idealizatzearren bere izpi guztiak esparru bakarrean pilatuko ditut, polarizatu behar ditut. Eta izpi hauek bilduko dituen esparru tragikoa, esan dudanez, nik aukeratutako arima izango da. XVIII. mendean arima sentibera edota eskola erromantikoak gizon ez ulertua deitzen zuenaren antzeko zerbait, burgesiako familiek original epitetoaren bitartez distira kentzen diote arima honi.

        Honelako horditasuneko bilakaerarako egokiena jite erdi urduri eta erdi behazuntsua da. kulturaz jantzitako burua erantsi diezaiogun, forma eta koloreen ikasketan trebatua. Bihotz samur eta zorigaitzak nekatutakoa, baina beti eraberritzeko prest. Aspaldiko erruak onartzera ere iritsiko gara, nahi baduzu, eta izaera asaldaerraz batean normala denez, zikindu eta txarto erabilitako denborak eragindako damua ere bai, aladura positiboa ez bada. Metafisika interesatzea eta filosofiak gizakiaren patuari buruz dauzkan hainbat hipotesien ezaguera ere ez dira izango alferrikako osagarriak, ezta bertute-zaletasuna ere, bertute abstraktua, estoiko edo mistikoa, haur modernoen elikagai diren liburuek oinarri dutena, gailurrera igotzen den arima gorenaren modura. Derrigorrezkoa ez den baldintza bezala, aipatu ez dudan sentimen fintasuna gehitzen badiogu, gizon sentibera modernoaren ezaugarri nagusi arruntenak bildu ditudalakoan nago, originaltasunaren forma hutsala dei dezakeguna. Ikus dezagun orain haxixak etsigabe sustatzen duen banakotasunarekin zer gertatuko den. Giza irudimenaren bilera hau bere azken zoragarriraino jarrai dezagun, banakoak bere buruaren jainkotasuna sinetsi arte.

        Honetarikoa bada zure gogoa, zure horditasuneko lehen bilakaera zure berezko forma eta kolore-zaletasunaren bizigarri izango da. Koloreek aparteko indarra hartuko dute eta kemen itzalaz sartuko zaizkizu buruan. Guretzat, erdipurdiko edo benetan txarrak badira ere, sabaiko pinturek ikaragarriko bizitza hartuko dute, ostatuetako paretak estaltzen dituzten paper margotu kaskarrenak ere diorama zoragarriak bailiren harrotuko dira. Haragi distiratsuko ninfek zerua eta lurra baino begi handi eta sakonagoz begiratzen dizute. Antzinateko pertsonaiek, apaiz edo militarrez jantzita, begirada hutsa erabiliz aitormenak egiten dizkizute. Lerroen bihurguneak gogoaren desira eta asaldura irakurtzeko hizkuntza erabatekotzat dituzu. Bitartean gogoaren egoera misteriotsu eta pasakor hau garatzen da, non bizitzaren sakontasuna, bere arazo anitzek laztua, bere osotasunean adierazten baita begi-bistan daukagun ikuskizunean, nahiz eta oso natural eta garrantzirik gabekoa izan. Hemen sinbolo bihurtzen da sumatzen duzun lehen objektua. Fourier eta Swedenborg, bere parekotasunekin bata eta bere korrespondentziekin bestea, begietaratzen zaizun animalia eta landareetan gauzatu dira, eta ahotsaren bitartez irakatsi beharrean forma eta koloreen bidez hezten dute. Zuk ere ezagutzen ez duzun neurria hartzen dute adimenak eta alegoriak. Bide batez, pintore kaskarrek arbuiarazi egin diguten alegoriak, poesiaren formarik jatorrizko eta naturalena izanik ere, berezko nagusitasuna berreskuratzen du horditasunak argitutako adimenari esker. Haxixa bizitzatik zehar zabaltzen da pintura magikoa bailitzan, horditasunez koloreztatzen du eta bere sakontasuna argitzen du. Paisai marraskatuak, zeruertz iheskorrak, ekaitzak duen hilotzaren zurbiltasunak zuritutako hirien ikuspegiak edo eguzki sarrerak eragindako galdek argituak, espazioaren sakontasuna, denboraren sakontasunaren alegoria dena, dantza, antzezleen keinu edo deklamazioa, antzoki batera sartu bazara, datorkizun lehen esaldia, liburu bat suertatzen bada zure begien bistan, orduraino susmatu ere ez duzun aintza berriaz agertzen zaizu izateen unibertsaltasuna. Gramatika astuna ere sorginkeria deitzaile bihurtzen da. Hitzak hezur-haragiz jantzita berpizten dira, izena bere funtsezko handitasunaz, adjektiboa izena jantzi eta koloreztatzen duen lausodura bezala eta aditza mugimenduaren aingeru, esaldiari zanbulu ematen diona. Hainbat lanetan distrazio bila dabiltzan alfer eta izpiritu sakonek mate duten musikak zuri buruz hitz egiten dizu eta zure bizitzako poema kontatu, zurekin bat egiten du eta zuk berarekin ere bai. Ez du zeure gau laxoetan bezala zure grinen gainean berba egiten, modu arin eta zehaztugabean, operan bezala. Oraingoan egoerarekin bat eginik ukitzen du zure grina, erritmoaren mugimendu bakoitzak zure gogoaren mugimendu ezagun bat agintzen du, nota bakoitza hitz bihurtzen da, eta poema osoa buruan sartzen zaizu bizitza hartu duen hiztegi baten antzera.

        Fenomeno hauek guztiak gogoan nahasturik ematen direla ez dago pentsatu beharrik. Alegia, errealitatearen doinu oihulari eta kanpoko bizitzako desordenarekin ez da nahastu behar. Barneko begiak dena eraldatzen du eta gauza bakoitzari benetan gustagarri izateko falta zaiona ematen dio. Funtsean haragikoi eta sentsual den fase honi dagokio ur gardenen maitasuna, korrontean doan eta geratuta dagoen ura ere bai. Modu harrigarrian garatzen da hau zenbait artisten buru hordituan. Egarri izpiritualaren pareko den amets honen aitzaki bihurtzen dira ispiluak. Lehenago aipatu dudan egarriarekin bat dator egarri hori, eztarria lehortuz. Ur iheskorrak, ur jokoak, urjauzi harmoniatsuak eta itsasoaren handitasun urdina irauli egiten dira, kantatu, lo egiten dute xarma adieraztezinez. Benetako sorgina bailitzan zabaltzen da ura. Eta haxixak zoramen amorratuak eragiten dituela sinestearen oso alde ez banaiz ere, espazioa eta kristala gogoko dutenentzat osin garden bati begiratzeak arriskurik ez duela ez nuke esango, Ondinaren alegia zaharra egia bihurtu baita buruberoentzat.

        Denbora eta espazioaren handitze izugarriaren gainean nahikoa hitz egin dudala uste dut. Beti loturik agertzen dira bi ideiak, baina gogoak orain atsekabe eta beldurrik gabe egiten die aurre. Nolabaiteko atsegin malenkoniatsuz begiratzen du urte sakonetatik zehar. ikuspegi infinituetan murgiltzen da. Handitze arraro eta zapaltzaile hau sentimendu eta ideia orori atxikitzen zaiola erraz asmatu daiteke: bai borondate onari zeinaren frogantza ederra eman dudala uste baitut, eta baita maitasunari ere. Edertasunaren ideiak modu naturalean hartu behar du lekua asmatu dudan gisako izaera izpiritualean. Harmonia, lerroen zanbulua eta mugimenduen oreka, beharrak bailiren agertzen zaizkio amesgileari. Betebeharren antzera, baina ez bakarrik kreazioko izate guztientzat, baizik eta amesgile berarentzat ere bai. Honek erritmo hilezkor eta unibertsala ulertzeko ahalmen zoragarria du krisialdiaren aldi honetan. Eta gure buru beroak edertasun pertsonalik ez badu, hori aitortzera behartu izanda ere, ez pentsatu nota desafinatutzat hartuko duenik bere burua, irudimenak asmatutako harmonia eta edertasun munduan. Haxixaren sofismak ugari eta miresgarriak dira. Orokorrean optimismoaren aldekoak izaten dira eta nagusienetariko bat, eraginkorrena, nahia errealitate bihurtzen duena da. Dudarik gabe, ohiko bizitzaren kasu anitzetan ere ematen da sofisma hau, baina hemen irrika eta zorroztasun askoz handiagoz. Bestalde, nolatan egingo luke salbuespenik edo laidorik bere teorian harmonia ulertzeko, hain izaki trebeak, edertasunaren apaiz antzeko honek? Zenbait ideiak ageriko zatarkeria zuzentzen dute, edertasun morala, bere indarrak lagunduta, grazia bere lilurarekin eta bokantza bere egitandiekin ere bai. Kontsolatu egiten dute gero eta nagusitza ederto lausengatu azkenik.

        Maitasunari dagokionez, pertsona askori entzun diot haxixa hartzen dutenengandik informatu nahi izatea, ume kuxkuxeroen antzera. Zer izan daiteke maitasunaren horditasuna, berez oso indartsua dena, beste horditasunean sartuta, eguzki bat beste eguzki baten barruan bezala? Honako galdera hau egingo du jende askok. Mundu intelektualeko begiluzeak iruditzen zaizkit niri horrela pentsatzen dutenak. Susmo lizun bati erantzuteko, alegia, egin barik geratzen den galdera zatiari, Plinioren lana gomendatuko dut. Honek mota honetako ametsak suntsitzeko moduan hitz egin zuen nonbaiten kalamuaren propietateei buruz. Gainera, nerbioak eta substantzia bizigarriak gehiegi erabiltzen direnean jakina da makaltasuna izaten dela emaitzarik normalena. Hemen ez da ematen bada indar eraginkorrik baizik eta emozioa edo minberatasuna. Hortaz, pentsa dezala irakurleak haxixaz horditutako gizon urduri baten irudimena izugarri sustatzen dela. Honen indarra mugatzea, urakana baretzea bezain zaila izaten da eta bere zentzuak neurri berdinean zorrozten dira. Beraz, normala da pentsatzea edozein laztan, tolesgabeena ere, bostekoa ematea adibidez, ehun bider indar dezakeela gogoaren eta zentzuen egoerak. Eta horrela, agian, hilkor arruntek zorionaren mukurua deritzoten sinkope hori emango litzateke. Zalantzarik gabe, maitasun arazoetaz sarri arduratzen den imajinazioari oroitzapen samurrak suspertzen dizkio haxixak. Minak eta atsekabeak oroimen honen distira areagotzen du gainera. Gogoaren asaldura honi atseginzaletasun dezente eransten zaio. Eta haxixaren moraltasunik eza frogatzeko nahikoa genuke ismaeldarren pasadizoa (hauen artean atera ziren asasinoak). Sekta ismaeldar bat Lingam inpartzialaren gurtzatik askoz urrunago ere iristen zen, hau da, sinboloaren emakume zatia bakarrik gurtzen zuten. Gizon bakoitza historiaren irudia izanik, oso naturala litzateke heresia lizun bat ikustea hemen. Infernuko droga bati emanik bizi den gogo koldarraren baitan sortzen da erlijio nardagarria, bere gaitasunen xahutzearen alde agertzen den gogoaren baitan.

        Haxixaren horditasunean onginahi bitxia ematen dela ikusi dugu, baita ezezagunekin ere, maitasunez baino errukiz eratutako filantropia litzateke (izugarri garatuko den izpiritu maltzurraren lehen hazia dugu hemen). Baina edonor samintzeko gehiegizko beldurra ekartzen du onginahi honek, are gehiago gaixoaren bizitza moralean gauza inportanterik egin duen pertsonari zuzentzen zaionean sentimentaltasun zehatz hau. Gurtza, adorazioa, otoitza, indar handinahiez eta suziri baten distiraz zabaltzen dira zorioneko ametsak. Argiaz itsutu eta itzalean deuseztu egiten dira bolbora eta suaren substantzia koloratzaileen antzera. Haxixaren esklaboak hartu ez dezaken aukera sentimentalik ez dago. Babesaren gutizia eta aitatasun sentimendu bizi eta arduratsua sentsualitate errudun batekin nahastuko da, haxixak beti zuritu eta barkatu egingo duena. Urrunago iristen da haxixa. Ariman arrasto saminik utzi duten erruak otutzen zaizkit. Senar edo amorante batek tristuraz (bere egoera normalean) begiratzen du hondamenak jotako iragana. Samindura atsegin bihurtu daiteke oraingoan. Barkamen beharrak trebe eta erregutzaile bihurtzen du irudimena eta aladura bera bizigarri izan daiteke eta gogoa indarrez berotu dezake bakarrizketa luzean ematen den deabruzko drama honetan. Aladura, bai! Benetako gogo filosofikoaren aurrean haxixa deabruaren tresna perfektu baten moduan agertzen dela esaten nuenean, oker al nengoen? Gozamenaren osagai bitxia den atadura, atadura beraren begiratze goxoan murgiltzen da. Nolabaiteko azterketa atseginzalea ematen da, eta azterketa hain azkarra izanez, gizonak, edota swedenborgtarren modura esatearren, deabru naturalak ez du azterketa antzematen, nahigabekoa izaterakoan, eta segundotik segundora azterketak lortzen duen deabruaren perfekzioa ere ez du antzematen. Bere aladura miresten du eta askatasuna galtzen duen bitartean harrotu egiten da.

        Hona hemen asmatu dudan gizona, aukeratu dudan arimak lortu dituen poz eta sosegua direla-eta bere burua mirestera beharturik gertatzen da. Kontraesan oro desagertu egiten da, arazo filosofiko guztiak garbitu egiten dira edo horren itxura ematen du behintzat. Gauza oro da dibertigarri. Momentuan gozatzen duen betetasunak izugarri harrotzen du. Bere buruan ahots batek (zoritxarrez bere ahotsak) esaten dio : «Zure burua beste guztien gainetik ipintzeko eskubidea duzu, pentsatu eta sentitzen duzuna ez luke inork ulertuko, besteek eragiten dizuten asmo ona ere ez luke inork estimatuko. Jendeak ezagutzen ez duen erregea zara zu, zure ustean bakarrik bizi zara, baina zer axola zaizu? Ez al duzu arima hobetzen duen mesprezua zure alde?»

        Hala ere noizbehinka oroitzapen latz batek zoriona zeharkatu eta usteltzen duela asmatu dezakegu. Kanpoko gauzek eragindako asmoak iragan latza ekarri dizute gogora. Pentsamenduen erregeak merezi ez dituen ekintza inozo eta doilorrez beteta agertzen da iragana, duintasun ideala zikinduz. Sinets ezazu, gaitzespen mamu hauek adorez borrokatuko ditu haxixa hartzen duen gizonak. Gozamen eta hantustea sentitzeko aitzakia berriak aterako dizkio oroitzapen zakarrari. Hau da bere gogoeten bilakaera: behin hasierako mina pasatuz gero, bere aintza lausotzen duen ekintza edo sentimenduak aztertzen ditu. Garai hartan eragin zioten arrazoiak edota inguruko gorabeherak, eta hortik ez badu bere errua barkatu edo arintzeko motiborik ateratzen, ez da horregatik lur jota geratuko. Kristal garden baten bitartez mekanismo baten jokoa ikusiko banu bezala begitantzen zait bere arrazoiketa : «Asalduraz gogoratu dudan ekintza irrigarria, koldar edo doilorra, nire benetako izaerarekin ez dator bat. Nire oraingo izaerak, nire iragana salatzen duen kemena barne, nire bertute gorenaren gaitasuna frogatzen du, aztertu eta juzgatzeko dudan arreta bereziak lagundurik. Bere burua juzgatu eta gaitzesten duen zenbat gizon trebe eta zorrotz dago munduan?» Kondenatu eta laudatu ere egiten du bere burua. Bertute, karitate eta jeinu ideal honek oroitzapen zakarra bereganatzen du eta gogoaren orgian murgiltzen du bere burua. Aitortzaren sakramentuari kontra egiterakoan, aldi berean penitentziagile eta aitorlea, benetan erraz barkatzen du bere burua. Edo oraindik okerrago, gaitzespenak bere harrokeria puztu egiten du. Bere amets eta asmo onen begiratzetik ondorioztatzen du gauza onak egiteko itzeleko gaitasuna duela. Bere ideala betetzeko adorearen frogatzat hartzen du bere amodiozko kemena, bertutearen ideiari buruz jarduterakoan. Ametsa eta ekintza zeharo nahasten ditu. Irudimena geroz eta gehiago berotzen zaio bere izaeraren zuzenketa eta idealizazioaren ikuskizunaren aurrean. Bere burua onartu ordez, borondate gutxiko eta harroputza, irudi liluragarri bat hartzen du. Bere gorespena berba garbi eta lau hauekin adierazten bukatzen du, gozamen mundu gogaikarri bat ekartzen dioten berba hauek : «Gizon guztien artean bertutetsuena naiz ni.»

        Ez al dizu honek Jean-Jacques gogoratzen? Nolabaiteko atseginzaletasunez unibertsoaren aurrean aitortu eta gero, ez al zuen berak ere garaipena aldarrikatu (edo oso antzerako zerbait) egiazkiro eta bere esanean konbentziturik? Bere balore morala erabat goraipatzeko nahiko zuen bertutea miresteko sentitzen zuen irrika edota ekintza onen aurrean eta egin nahi izan zituen ekintza on guztiak pentsatzerakoan hunkipena sentitzen zuen, negar dut? Pozoiak menperatua, nire gizonak bere burua unibertsoko zentrotzat nola hartzen duen esplikatu beharko dit? Gizona, pasioa bere buruaz besterik ez dela arduratzen ematen duen atsotitzaren bizia nola bihurtzen den, alegia. Bere bertute eta jeinuaz ziur dago. Ez al duzu bukaera asmatzen? Inguruko objektuek gogoeta mundu bat eragiten dute. Inoiz baino gogoeta koloredun, bizi eta zorrotzagoak, estalki magikoa dutenak. «Eraikinak dekoratu bat bezala mailakatzen diren hiri zoragarri hauek, pentsatzen du gizonak, badiako urak aisialdi nostalgikoan kulunkatzen dituen untzi lerrak, eta gure pentsamenduen esanahi emango bailigun: noiz abiatuko gara zorionerantz? Forma eta kolore hordigarriz beteak dauden museo horiek, - zientziaren lanak eta Musaren ametsak pilatzen dituzten liburutegiak, - kontzertuan ahots batez hitz egiten duten instrumentuak, - xarmatzen duten emakumeak, are xarmantagoak apaintasuna eta begirada neurtzeari esker, - honako gauza hauek guztiak niretzat sortu dira, niretzat, niretzat! Gizakiak beretzat lan egin du, beretzat jasan ditu oinaze eta sakrifizioa, nire emozio, ezagupen eta edertasun gosea asetzeko pabuluma bezala!» Aurrera egingo dut, laburbilduz. Ameslariaren burutik ateratzen den azken gogoeta gorenak ez du inor harrituko : «Jainko bat naiz!» Aldarrikatzen du bere bularretik, sutsu. Gizon hordituaren nahi eta sinesmenak benetan eraginkorrak izanen balira, zeruko bidetik zehar dabiltzan aingeruak ere irauliko lituzke bere oihuak, hain da kementsu eta bortitza : «Jainko bat naiz!» Baina harrokeri zurrunbiloa laster bihurtuko da zorion lasai, mutu eta pausatu. koloreanitz eta sufrezko egunsenti batek argituko bailuen agertuko da orain izakien unibertsaltasuna. Gizon zoriontsu eta negargarri honen gogotik oroitzapen lauso bat halabeharrez pasatuko balitz: ez al zen beste jainko bat? Honi hitz egingo lioke bere nahiak eztabaidatzeko inongo beldur barik. Alemaniako doktrina modernoei iseka egiteko zera esaten zuen filosofo frantsesa nor den ez naiz gogoratzen: «Txarto afaldu duen jainkoa naiz.» Burla honek ez du hunkituko haxixak harrapaturiko bihotza. Honek lasai erantzungo luke : «Agian txarto afaldu dut, baina jainkoa naiz ni.»

 

 

© Charles Baudelaire

© itzulpenarena: Oier Alonso

 

 

"Charles Baudelaire - Haxixaren poema" orrialde nagusia