III.— SERAFINEN ANTZERKIA

 

        Zer sentitzen da? Zer ikusten da? Gauza zoragarriak, ezta? Aparteko ikuskizunak? Ederra al da? Izugarria oso? Eta arriskutsua? Horrelakoa da ezjakinak adituari egiten dion galdekizuna, beldurrarekin nahasturiko jakinminez. Umeen jakiteko ezinegona dela esan liteke, supazterretik aldendu ez den jendearenaren antzekoa, herrialde urrun eta ezezagunetatik datorren gizon baten aurrean aurkitzen denean. Herrialde miragarri baten gisa irudikatzen dute haxix horditasuna, inkamina eta prestidigitazio antzerki handia bailitzan non gauza oro mirari eta ezustekoa den. Aurreiritzia da hau, erabateko nahastea. Irakurle eta galdetzen dutenei haxix berbak mundu arrotz eta nahasi baten ideia ekartzen dienez, amets miragarrien zain (haluzinazioak esatea zuzenagoa litzateke, eta hauek ere uste dena baino gutxiagotan ematen dira) geratzen dira. Haxixaren ondorio eta ametsaren fenomenoen arteko ezberdintasunak azaldu egingo ditut orain. Gaueroko bidaia ausarta den ametsean mirarizko gauza positiboren bat badago, puntualtasunak mirariari misterioa eranzten badio ere. Gizonaren ametsak bi motatakoak dira. Batzuk, eguneroko bizitzaz beteta, kezkaz, nahiez eta bizioz, egunetik zehar erdikusitako gauzekin nahasten dira nolabaiteko modu arraroan, gauza hauek oroimeneko oihal zabaletan zentzurik gabe finkatu egin baitira. Azken hau da berezko ametsa, gizona bera dena. Baina beste motako ametsa! Amets burugabea, ezustekoa, lo egiten duenaren bizitza eta grinekin, izaerarekin zerikusi eta loturarik ez duena! Hieroglifiko deituko dudan amets honek bizitzaren naturaz gaindiko aldea irudikatzen du argi eta garbi. Eta burugabea delako, hain zuzen, dibinotzat hartu dute aintzinakoek. Berezko zioen bidez ulertezina izaterakoan, gizakiarengandik kanpoko arrazoi bat atxiki izan diote. Are gehiago gaur egun, neorromantikoak alde batera utzita, bada ametsetan gaitzespena edo aholkua ikusten duen filosofi-eskola bat, azken batean amets egiten duenaren gogoan sortzen den koadro sinboliko eta morala. Ikertu beharreko hiztegia da eta hizkuntza honen gakoa adituek besterik ezin dute lortu.

        Haxix horditasunari dagokionez, ez dauka antzekorik ezer. Amets naturaletik ez gara irtengo. Horditasunak irauten duen bitartean ez da egundoko ametsa baino izanen, koloreen bizitasun eta asmatzearen bizkortasunari esker. Baina gizabanakoaren tonu berezia betiere mantenduko da. Gizonak amets egin nahi izan du eta ametsak gizona gobernatzen du, baina amets hau bere egilearen fruitua izango da. Laxo dagoen gizona naturaz gaindikoa dena bere bizitzan eta pentsamenduan sartzen konpondu da. Baina azken finean eta gizon horrek sentitzen duena horrenbeste indarra izanik ere, gizon bera izaten jarraitzen du, handitua, sekulako indarrez hazi egingo bailitzan. Azpiraturik geratzen da, baina zoritxarrez bere buruak azpiratua, alegia, bere baitan duen alde menperatzaileak. Aingeruarena egin nahi izan du eta piztia bihurtu da, une batez oso indartsua, baldin eta gehiegizko sentikortasunari indarra deitu ahal bazaio. Gainera indar hori ezin denean ez ustiatu eta ez kontrolatu.

        Jakin dezatela jende mundukoiak eta ezjakinek, plazer apartak ezagutu nahian badira, haxixari ez diotela mirarizko ezer topatuko. Ezer ez, naturala dena gehiegizko heinean baino. Haxixak eragindako buru eta organismoetan ez dira emango ohiko gertakariak baino. Bereziak, neurri eta indarrean handituak, hori bai, baina betiere euren jatorriarekin bat. Bere jite fisiko eta moralaren zoritxarrari ez dio ihes egingo gizonak. Haxixa gizonaren uste eta gogoeta arrunten handitze ispilua izanen da, baina ispilu hutsa besterik ez.

        Hona hemen droga, begi-bistan: konfitura berde apur bat, intxaur baten tamainakoa, izugarri usaintsua, nolabaiteko nazka eta goragalea eragin arte, baina usain fin eta atsegin orok antzera egingo luke bere indar eta mami guztiarekin emanez gero. Laga iezadazue esaten, bide batez, proposamen honi buelta eman ahal zaiola eta usainik nazkanteena, okaztagarriena atsegin bihur daitekeela neurri eta hedapen txikian bada. Hona hemen zoriontasuna! Koilara txiki baten edukiera betetzen du! Zoriona bere horditasun guztiekin, bere zoramen guztiekin eta bere umekeri guztiekin. Beldur barik jan dezakezu, horrek ez du inork hiltzen. Zure gorputzeko organoek ez dute erasorik jasoko. Agian beranduago, sorginkeria gehiegitan eginez gero, borondatea murriztuko zaizu, gaur baino gizontasun gutxiago izango duzu. Baina hain da urruti zigorra, eta hain zaila geroko hondamenaren izaera zehaztea! Zer jartzen duzu arriskuan?

        Biharko nerbioak pixka bat nekatu. Ez al duzu zigor handiagorik arriskatzen sari txikiagoak jasotzearren? Beraz, esan bezala: drogari indar eta hedapen handiagoa emateko estraktu koipetsua kafe huts kikara batean urtzera ailegatu zara. Tripa hutsik edukitzen arduratu zara,gaueko bederatziak edo hamarrak arte atzeratuz funtsezko janaria eta horrela lan egiteko askatasuna emateko pozoiari. Asko jota zopa arin bat hartuko duzu ordu baten buruan. Sabela prest daukazu orain bidaia luze eta berezirako. Bapore-makinak adarra jo du, ontziko belak zuzendu dituzte eta ohiko bidaiarien aldean nora zoazen ez jakitearen abantaila bitxia duzu. Zuk nahi izan duzu, gora zoritxarra!

        Menturazko bidaia honetarako une egokia hautatzen arduratu zarela espero dut. Lasaikeria perfektuak aisia perfektuaren beharra du. Bestalde, badakizu haxixak exajerazioa sortzen duela eta ez bakarrik gizabanakoarena, baizik eta egoerarena eta inguruarena ere bai. Ez duzu puntualtasun edo zehaztasuna eskatzen duen betebeharrik. Ezta famili-atsekaberik edo maitasun penarik ere. Erne ibili behar da. Atsekabea, kezka, minutu jakin batean zure borondate eta arretak eskatzen duten beharra gogoratzeak kanpai baten moduan joko du zure horditasunean barrena eta zure gozamena pozoituko du. Kezka estualdi bihurtuko da eta atsekabea oinaze. Esandako baldintza guztiak betetzen badira, eguraldia ederra bada, inguru egokian baldin bazaude, alegia, paisaia goxo bat edo poesiaz apaindutako apartamentu bat, gainera musika pitin bat entzun ahal baduzu, orduan dena dago primeran.

        Orokorrean hiru fase dauzka haxix horditasunak, bereizteko nahiko errazak. Gauza bitxia da hasi-berrien artean lehengo fasean ematen diren sintomak behatzea.

        Haxixaren efektu zoragarriei buruz zerbait entzun duzu, zure irudimenak ideia zehatza eratu du aldez aurretik, horditasunaren eredu baten antzekoa. Errealitatea zure itxaropenaren parekoa den jakitea falta zaizu orain. Nahikoa da hau hasiera batetik erabat larrituta izateko eta honek pozoiaren izaera menperatzaileari laguntzen dio. Lehen hastapenetan hasi-berri gehienek efektuen geldotasuna salatzen dute, ume-ezinegonaz itxaroten dituzte. Drogak ez duenez nahi bezain azkar eragiten, arrandia sinesgogorretan dihardute haxixa menperatzen duten adituek barre egiten duten bitartean. Lehen erasoak, aspaldi dudatsu dabilen ekaitzaren seinale, sinesgabezia horren baitan agertu eta ugaltzen dira. Lehenik zure jabe egiten den halako barre bat izaten da. Burugabea da eta ezin da eutsi. Arrazoirik gabeko pozaldi hauek lotsa apur bat ematera iristen dira eta sarri anizten dira zure harriduran lasaitu nahiez zauden bitartean. Hitz xume eta ideia hutsalek itxura bitxi eta berria hartzen dute, ordura arte hitz arruntak zirela pentsatu izanak ere harritu egiten zaitu. Zeure buruak parekotasun eta konparaketa zentzugabeak egiten ditu, hitz joko bukaezinak eta hitzerdi barregarriak dauzkazu jario etengabean, deabruak harrapatu egin zaitu, kilimak bezain mingarri den barrearen kontra setatzea alferrikakoa da. Noizbehinka zure buruari egiten diozu barre, zure ergelkeria eta zoramenari. Zure lagunak, baldin badituzu, barrezka daude zure egoera eta eurena direla eta, baina maleziarik ez dutenez ez zara amorratzen.

        Poztasun hori aldizka hildu eta zorrotza izaten da. Ondoez alai hori, segurtasun gabezia, gaitzaren ezbai honek nahiko denbora motza irauten du orokorrean.

        Ideiak berehala lausotzen dira oso, eta hain mehe bihurtzen da zure pentsamenduen haria, ezen zure kideek baino ezin baitzaituzte ulertzen. Gainera honi buruz ere ezin da ezer egiaztatu, agian ulertzen zaituztela uste dute eta begitazio bera duzue alde bietan. Eromen eta barealdi hauek, leherketen parekoak, benetako zoramenduaren antzera agertzen dira gutxienez zure egoera berdinean ez dauden guztien begietara, ergeltze maniako bat bezalakoa izaten da. Halaber zuhurtasuna eta zentzua, horditu ez den lekuko burutsuaren gogoeten normaltasunak ere poztu eta barregura ematen dizu erotasun mota berezia bailitzan. Rolak behekoz gora jarri dira. Burutsuaren odol-hotzak ironiaren azken muturreraino eramaten zaitu. Bere lekuan ez denarentzat ulertezina den poztasuna dastatzen duen gizonaren egoera, ez al da barregarri eta misteriotsua? Eroa zuhurraren erruki da, eta ordutik aurrera bere nagusitasunaren ideia gailentzen hasiko da bere adimenaren ikuspegian. Berehala haziko da, handitu eta meteoro baten modura lehertuko da.

        Ikuskizun mota honetako baten lekuko izan naiz, eta egia esateko, urrunegi ailegatu zen. Substantziaren efektuak eta ustez berdin diren bi adimenen arteko diapasoi desberdintasun handia ezagutzen dutenek bakarrik ikusten zioten alde barregarria eszenari, beste baten behaketaren bitartez ezagutzen bazuten ere. Haxixaren ezaugarririk ezagutzen ez zuen musikari ospetsua, agian aipatzerik ere ez zuena inoiz entzun, droga hartzen zuen jende talde batean suertatu zen. Efektu zoragarriak ulertarazten saiatzen ziren besteak. Kontaera miragarriak entzuterakoan irribarre egiten zuen xelebre, ondo geratzearren, minutu batzuetan posatu nahi izan bailuen. Pozoiak zorrozturiko adimenek segidan asmatu zioten sentitzen zuen destaina, eta euren barreak min egin zioten. Barrealdia, hitz jokoa eta giro kaltegarriak amorratu egin zuten gizona eta esan nahi ez zuena esatera iritsi zen: «Artista izaera hau ez da ona eta negargarria izan behar du eraman behar duenarentzat». Barreak izpiritu oro argitu zuen, tximistaren pare. «Zama hau ona izan daiteke zuentzat, baina ez niretzat.» «Guretzat ona izanik nahikoa dugu», erantzun zuen gaixoetariko batek, berekoi. Benetako eroak ziren ala itxurak egiten ari ziren jakin barik, gure gizonak erretiratzea uste zuen zela zuhurrena. Baina norbaitek atea itxi eta giltza ezkutatu zuen. Beste batek, bere parean belauniko, barkamena eskatu z.ion taldearen izenean, eta lotsagabe baina negar batean esan zion bereganako adiskidantza sakona sentitzen zutela, gupida ematen zuen bere txikitasun izpirituala kontuan izanik ere. Etsituta, geratu egin zen eta musika apur bat egitera ere iritsi zen, behin eta berriz eskatu ziotelarik. Baina biolinaren soinuak, beste kutsatze bat bezala zabaldurik etxetik zehar, gaixo bat zein bestea atzitu (hitza ez da bortitzegia) egiten zituen. Hasperen erlatsak ziren, tupusteko negar-zotinak, malko isiletako errekak. Musikariak eten egin zuen ikaraturik eta zorion asaldatuena sentitzen zuenari, asko sufritzen zuen eta mina kentzeko zer egin behar zen galdetu zion. Bildutako batek, gizon praktikoa, limoi-edaria eta jaki garratzak proposatu zituen. Baina gaixoak, begiak liluraturik, erdeinu ikaragarriaz begiratzen zien guztiei. Bizitza gehiegiz gaixotutako gizona sendatu nahi izatea ere... Pozez gaixotuta!

        Pasadizo honetan ikusten denez, onginahiak garrantzi nahiko handia dauka haxixak sorturiko sentsazioen artean, onginahi nagia, mutua eta nerbioen hunkipenetik datorrena. Adierazpen honi lagunduz, pertsona batek horditasun mota honetan gertaturiko abentura kontatu zidan. Sentsazioen oroipen zehatza izan zuenez, ederto ulertzen dut lehen esandako diapasoi eta maila diferentziak zer nolako enbarazu barregarri eta askaezinean jarri zuen. Ez dut gogoratzen gizon horren lehen ala bigarren esperientzia zen. Gehiegizko dosia hartu al zuen ala haxixak efektu kementsuagoak sortu al zizkion, inongo zergati nabarmenik gabe (maiz gertatzen dena)? Kontatu zidan, bere gozamenaren bitartez, bizitzaz beterik sentitu eta bere burua jeinuz beterik ikustearen goreneko gozamenaren bitartez, ikarazko arrazoi bat aurkitu zuela bat-batean. Sentipenen edertasunak itsuturik geratu zen lehenik, behingoan izutua geratzeko gero. Bere adimena eta organoei zer jazoko zitzaien galdetu zion bere buruari, naturaz gaindikoa bihurtzen ari zen egoera okerragora joango al zen, nerbioak geroz eta hauskorragoak bihurtuko al zitzaizkion... Gaixoaren begi izpiritualak duen handitzeko ahalmena dela-eta, oinaze kontaezina izan daiteke beldur hau. «Zaldi zoroaren modukoa nintzen ni, esaten zuen, amildegirantz korrika, geratu nahian baina ezinik. Arrapalada ikaragarria zen, hain zuzen, eta gorabehera, inguru, ustekabe eta halabehar hitzari dagokion guztiaren esklabo bihurtu zen nire pentsamendua, rapsodiaren norabidea hartu zuen erabat. Beranduegi da! Esaten nion nire buruari behin eta berriz, etsipenez. Sentikortasun modu honek eten egin zuenean, agian minutu batzuk besterik ez zuena iraun baina izugarri luzea iruditu zitzaidana, zorionean murgildu ahal izango nintzela pentsatu nuenean, ekialdekoek gogoko duten zoriona eta fase sumintsu baten atzetik datorrena, atsekabe berri batek itoa izan nintzen. Kezka berria, umekeria hutsala niregana amildu zen. Afari batera gonbidatua nintzela gogoratu nuen tupustean, gizon agurgarrien artean gaua pasatzera. Aldez aurretik jendetza zuhur eta zentzudunen artean ikusi nuen sartua nire burua, norbera bere buruaren jabe, nire gogoaren egoera ezkutatzera behartuta nengoelarik, argi ugariek itsututa. Ondo aterako zitzaidala uste nuen, baina aldi berean behar nuen borondate ahalegina pentsatzeak ahitu egiten ninduen. Ez dakit zein ustekabe zela-eta ebanjelioko hitz hauek bururatu zitzaizkidan: Eskandalua jazotzen zaionarentzat ezbeharra. Berba hauek ahantzi nahiez eta benetan ahaleginduz, gogoan errepikatzen nituen etengabe. Nire ezbeharrak (egiazko ezbeharra nuen eta) egundoko neurria hartu zuen. Ahul izanik ere adorez ekitea eta botikari bati galdetzea erabaki nuen, erreaktiboak ezagutzen ez nituenez. Burujabe eta erne nahi nuen joan nire betebeharrak deitzen ninduen mundura. Baina botikako ataurrean bat-bateko gogoeta batek harrapatu egin ninduen, une batez gelditu eta pentsarazi eginez. Nire burua ikusi berria nuen erakusleiho baten ondotik pasatzerakoan eta harritu egin ninduen nire aurpegiak. Zurbiltasuna, ezpain estutuak, begi handituak! Kezkatu eginen dut gizona! Pentsatu nuen. Huskeria bategatik. Horri barregarri geratzea saihestu nahi nuela gehitu behar zaio, farmazian jendea topatzeko beldurra. Baina botikari ezezagunarekiko nuen tupusteko onginahia zen nire sentimenduen artean nagusi, zorigaitzeko une hartan ni bezain sentibera irudikatzen nuen gizona eta bere belarri eta arimak neureen modura dar-dar egingo zutela imajinatzen nuenez, farmaziara oin-puntetan sartzea erabaki nuen. Ez naiz inoiz zuhurregi arituko laguntza eskatu behar diodan gizonaren etxean, pentsatzen nuen. Nire ahotseko soinua nire pausoen zarata bezala moteltzea erabaki nuen. Ezagutzen al duzu haxix ahots hori? Baxua eta sakona, eztarrikoa, opiojale zaharrenaren antzekoa. Lortu nahi nuen kontrakoa izan zen emaitza. Botikaria lasaitzen erabakita izutu egin nuen. Gaixotasun honen gainean ez zuen ezer ezagutzen, ezta aipamenik entzun ere. Bitartean jakingura eta mesfidantzaz begiratzen zidan aldi berean. Zoro, gaizkile edota eskaletzat hartzen al ninduen? Dudarik gabe, ez hau eta ez bestea, baina zentzugabeko ideia guzti hauek nire burua zeharkatzen zuten. Kalamu konfitura zer zen eta zertarako balio zuen luze azaltzera behartua izan nintzen (a ze nekea!). Inongo arriskurik ez zegoela errepikatzen niolarik, artegatzeko arrazoirik ez zeukala eta ez nuela sosegu edo erreakzioa lortzeko baliabidea besterik nahi. Enbarazu egiteak ematen zidan atsekabea benetakoa zela ere errepikatzen nion. Azkenik, eta hitz egiterakoan ipini nuen beheramendu guztia ulertu behar duzu, erretiratzeko eskatu zidan, besterik gabe. Hau izan zen nire gehiegizko karitate eta onginahiaren saria. Afarira joan nintzen eta ez nuen inor asaldatu. Inork ez zuen asmatu mundu guztiaren antzekoa izateko behar izan nuen ahalegin itzela. Eta inoiz ez ditut ahaztuko horditasun ultrapoetiko baten oinazeak, begiruneak gogaitua eta betebehar batek nahigabetua baldin bada!»

        Irudikapenetik sortzen diren atsekabe guztiak begiko baditut ere, istorio honekin ezin dut barre baino egin. Kontatu egin zidan gizona ez da oraindik zentzatu. Bere baitarik topatu behar zukeen kitzikapena konfitura madarikatuari eskatzen jarraitzen du. Baina gizon zentzuduna denez, neurritsua eta munduko gizona, dosiak txikiagotu ditu eta honek maiztasuna handitzea laga dio. Bere higienearen fruitu ustelak beranduago jasoko ditu.

        Horditasunaren ohiko garapenera itzuliko naiz. Ume pozaldi hau eta gero une bateko barealdia dator nolabait. Baina gorputzadarretan sentitzen duzun freskotasunak (egundoko hotza ere bihurtu daiteke batzuetan) eta berealdiko ahuleziak jazoera berriak igartzen ditu berehala. Gurinezko eskuak dituzu, eta buruan, zure izate guztian, harridura eta espantu deserosoak sentituko dituzu. Zure begiak handitzen ari dira, estasi anker batek alde guztietatik tiratuko bailien. Zure aurpegia zurbildu egiten da. Estutu egiten dira zure ezpainak, aho barrurantz sartuz, irrika mugimendua eginez, ekintza handiek kezkatua den gizonak duen handinahiaren ezaugarri den mugimendua, gogoeta astunek zapaldua edota indarra hartzeko arnasa hartuz. Eztarria itxi egiten da, nolabait esatearren. Egarriak ahosabaia lehortzen du eta gustura asetuko zenuke nagiaren gozamena atseginagoa ez balitz eta gorputzaren mugimendu txikienari ere traba egingo ez balio. Zure bularretik hasperen erlats eta sakonak ateratzen dira, zure lehengo gorputzak arima berriaren nahia eta jarduera jasango ez balitu bezala. Noizean behin astinaldi batek zeharkatzen zaitu eta nahi ez duzun mugimendua agintzen dizu, zeharo lokartu aurretik izaten diren bihotz iraulien pare, lanegun luze baten ostean edo ekaitz gau batean.

        Urrunago joan aurretik, lehen esandako freskotasun sentsazio horren gainean pasadizo bat kontatuko dut. Bide batez pertsonaren arabera zein efektu ezberdin sor daitekeen azalduko dut, efektuak erabat fisikoak izanik ere. Oraingoan idazle batek hitz egiten du, kontakizuneko pasarte baten jite literarioaren arrastorik erraz aurkituko dugu.

        «Neurriz hartu nuen estraktu koipetsua, esaten dit hark, eta dena primeran ari zen irteten, pozaldi erigarriak denbora gutxi iraun zuen. Ia zoriona den ahuldade eta harridura egoera batean nengoen. Kezkarik gabeko arratsalde lasaia espero nuen. Zoritxarrez, halabeharrak ikuskizun batera norbaiti laguntzera derrigortu ninduen. Adorez hartu nuen nire zeregina, nire nagi eta ez mugitzeko gutizia itzela ezkutatzea erabakita. Nire auzoko kotxe guztiak hartuta zeuden, ibilbide luzea egiteko konformatu beharra neukan. Kotxeetako zarata deseginen artean iragan, pasatzen ari zirenen elkarrizketa lerdoak entzuten nituen eta ezin konta ahala huskeriaz inguraturik nengoen. Hatz puntetan freskotasun pixka bat sentitu nuen eta segidan hotz bizia bilakatu zen, eskuak ur izoztuaz beteriko ontzi batetan sartuta banitu bezalaxe. Baina ez nuen sufrimendurik, gozamen baten antzera zeharkatzen ninduen sentsazio ia zorrotz hark. Bitartean hotzak geroz eta estuago harrapatzen ninduela iruditzen zitzaidan, amaigabeko bidaiaren arabera. Bizpahiru aldiz galdetu nion lagunari hotz handia egiten zuenentz, aitzitik tenperatura epela baino epelagoa egiten zuela erantzun zidan. Azkenik aretoan ondo jarrita, niretzat gordetako palkoan sartuta, aurretik atseden, hiruzpalau ordu nituela, agindutako lurrera iritsia nintzela pentsatu nuen. Bidean ukatutako sentimenduak oldarka sartu ziren nire baitan une hartan nuen indar ahul guztiarekin eta nire frenesi ahularen aurrean axolagabetu egin nintzen. Hotza berriz ere handitu zen eta nik aldiz jendea oso arin jantzita ikusten nuen, baita kopetako izerdia zapi batez xukatuz ere, tankera nekatuaz. Ideia pozgarria otu zitzaidan, gizon pribilegiatua nintzen ni, ikuskizun areto batean ni nintzen udan hotz izateko eskubidea zuen bakarra. Hotza beldurra eman arte ere areagotu zen, baina zein punturaino jaitsi ahal zen jakitearen nahiak menperatu ninduen. Nolabait esatearren, hain izan zen erabatekoa, zabaldua, non ideia oro izoztu egin baitzidan. Izotz mordo pentsalaria nintzen, izotz bloke batetik landutako estatuatzat nuen nire burua. Harrotasuna ematen zidan haluzinazio eroak, definitzen ez dakidan ongizate morala esnatzen zidan. Ikusle guztietatik inork ez zuela nire egoera ezagutzen eta eurenganako nuen nagusitasunaz berririk ere ez zutela jakiteak nire gozamen higuingarria areagotzen zuen. Gainera nire jabe ziren sentsazio arraroetaz laguna ez ohartzeak zoriontasun handia ematen zidan. Disimuluaren saria gordetzen nuen eta nire gozamen aparta benetako sekretua zen.

        Bestenaz, nire palkoan sartu bezain pronto hotzaren ideiarekin nolabaiteko zerikusirik zeukan iluntasun inpresio batek nire begien kontra egin zuen. Ideia bi hauek indarra elkarri ematea ere posible da. Badakizue haxixak argiaren handitasunak eskatzen duela beti, distira loriatsuak, urre likidoko turrustak, argitasun orok on egiten dio. Argitasun hau ur-jausian isurtzen da eta punta eta laztasunetara heltzen dira, lentejuelen antzera. Areto handiko zutargiak, Mariaren hileko kandelak, eguzkia sartzen denean ematen diren arrosa koloreko uharrak. Itxura denez, argi-armiarma kaskar hori ez da argitasun egarria asetzeko beste. Esan dizudan bezala, itzal mundu batean sartzen nintzela pentsatu nuen, pixkanaka trinkotzen ari ziren gainera itzal horiek, gau polar eta betiereko neguekin amets egiten nuen bitartean. Eszenatokiari dagokionez (antzezlan barregarri baterako zegoen prestatua), leku argidun bakarra zen, izugarri txikia eta urrun, oso urrun kokaturik. Estereoskopio erraldoi baten bukaeran bezala ikusten nuen. Ez dizut esango antzezleak entzuten nituenik, badakizu hori ezinezkoa dela. Nire gogoak noizbehinka esaldi zati bati heltzen zion eta dantzari trebe baten pare, tranpolintzat hartzen zituen urrutiko ametsetarantz salto egiteko. Antzezlan batek, pentsa genezake, modu honetan entzunik, ez dauka ez logika eta ez loturarik. Begiak zabaldu! Ene distrazioak sortutako istorioari oso zentzu zorrotza asmatzen nion. Ezerk ez zidan atentzioa ematen. Esther lehengo aldiz antzezten ikusi zuen poetaren antz apur bat neukan, Amanek erreginari maitasuna aitortzen zionean ez baitzen batere harritzen. Bistakoa denez, Aman Estherren aurrean makurtzen deneko pasarteaz ari naiz, bere krimenagatik barkamen eske dabilenean. Antzezlan guztiak metodo honi jarraituz entzunez gero, edertasun handiagoa lukete, Racineren lanak barne.

        Antzezleak txikiegiak iruditzen zitzaizkidan, ingurune zehatz eta zaindu batek setiatuak, Meissonier-en irudien antzekoak. Ez nituen jantzien xehetasun txikienak bakarrik ikusten, oihalen marrazkiak, josketak, botoiak eta abar, baizik eta gezurrezko eta benetako aurpegien arteko bereizketa marra, txuria, urdina eta gorria, eta makillaje baliabide guztiak ere bai. Eta Liliputeko gizontxo haiek argitasun magiko batez estalita agertzen ziren, olio-pintura bati beira oso garbiak ematen dionaren modukoa. Azkenik, itzal izoztuen zulotik irten ahal izan nuenean, eta behin barneko fantasmagoria lasaitua izan zela, nire senera itzuli nintzen, inoiz derrigorrezko lan astunak eman didan baino neke handiagoa sentitu nuen.»

        Horditasuneko aldi honetan ematen da, hain zuzen, fintasun berri bat, sentimen guztien zorroztasun handiagoa. Usaimena, ikusmena, entzumena eta ukimenak aurrerapen honetan parte berdina hartzen dute. Begiek infinitua ikusten dute. Belarriak zalaparta handienean harrapatu ezin diren soinuak ere sumatzen ditu. Orduan hasten dira haluzinazioak. Bata bestearen atzetik, kanpoko objektuek itxura berria hartzen dute pixkanaka, deformatu eta eraldatu egiten dira. Gero nahasteak datoz, hutsegite eta ideien trukaketa. Soinuak kolorez estaltzen dira eta koloreek ere musika daukate. Hau oso gauza naturala dela esango du norbaitek, buru poetiko orok erraz asmatzen baititu parekotasun hauek, egoera osasuntsu eta normalean. Baina irakurlea abisatuta dago, haxixaren horditasunak ez du naturaz gaindikorik ezer. Parekotasun hauek ohikoa ez den bizitasuna daukate, besterik ez. Burua nahasten dute, ahituz, eta gogoa nahasten dute era despotikoan. Musika notak zenbaki bihurtzen dira, eta zure buruak erraztasun pitin bat baldin badu matematikarako, doinua, entzundako harmonia, guztiak atsegineko izaera sentsuala mantentzen badu ere, dena bihurtzen da eragiketa aritmetiko. Zenbakiek zenbakiak sortzen dituzte eta hauen faseak eta sorrera adierazi ezin den erraztasunez jarraitzen dituzu, jotzen duenaren trebetasun berdinarekin.

        Batzuetan izaera desagertzen da eta poeta panteistek berezko duten objektibotasuna modu arraroan hedatzen zaizu. Kanpoko objektuak begiratzeak zure existentzia ere ahantzarazten dizu, zure burua eurekin nahastera ailegatuz. Zure begiek haizeak okertzen duen zuhaitz harmoniatsu batean ipini dute arreta. Segundo batzuen buruan poeta batentzat oso konparaketa naturala litekeena errealitate bihurtuko da zuretzat. Lehenik zure grinak emango dizkiozu zuhaitzari, zure desirak eta malenkonia, bere ulu eta kulunkak zeureak bihurtzen dira, eta laster zuhaitza bera izango zara zu. Halaber, gizakien gauzen gainetik hegan egiteko gogo hilezkorraren irudia izango da, ortziko hondoan hegaka dabilen txoria. Eta jadanik txoria bera zara zu. Eserita eta erretzen asmatzen zaitut. Zure arreta denbora luzean ipiniko da zure pipak jariatzen dituen laino urdinduetan. Lurrinketa baten ideiak zure gogoa menperatuko du. Lurrinketa motela, geldiezina, betierekoa, eta laster ideia hau zure gogoetari atxikiko diozu, zure materia pentsalariari. Nahaste bitxia dela-eta, qui pro quo intelektualaren trukatze moduko bat, lurrintzen ari zarela sentituko duzu, eta zure pipari (zeinetan tabakoaren erara uzkurtu eta batuta sentitzen zaren) zu erretzearen ahalmen arraroa atxikiko diozu.

        Zorionez, irudikatze bukaezin honek ez du minutu bat baino iraun, ahalegin handia eginez, argitasun tarte batek erlojuari begiratzen utzi baitizu. Baina beste ideia jario batek eramaten zaitu oraingoan, beste minutu batez izango zaitu bueltaka zurrunbilo bizian, eta beste minutu hau ere eternala izango da. Denboraren eta izatearen neurriek sentsazioen eta ideien aniztasun eta indarrak nahasten baitituzte. Ordu baten tartean gizon askoren bizitzak bizi ahal direla esan genezake. Nolabait idatzi izan beharrean bizi egiten den eleberri fantastiko baten parekoa zara. Jadanik ez da organu eta gozamenen arteko ekuaziorik. Pentsatze honetatik dator batez ere askatasuna desagerrarazten duen jarduera arriskutsu honi egin ahal zaion gaitzespena.

        Haluzinazioei buruz ari naizenean, ez dago hitza bere zentzu hertsienean hartu beharrik. Medikuek sarritan aztertzeko aukera duten haluzinazio hutsa eta haxixak eragindako zentzuen nahasteak eragindako buruaren egoeraren artean xehetasun garrantzitsu batek egiten du desberdintasuna. Lehengo kasuan, haluzinazioa bat-batekoa da, perfektu eta saihestezina. Gainera ez du kanpoko objektuen mundutik aitzakiarik hartzen. Gaixoak ikusten duen irudia, entzuten dituen soinuak hutsetik ateratzen ditu. Bigarren kasuan haluzinazioa pixkanaka dator, ia gaixoaren borondatez, eta ez da perfektu bihurtzen, ez du imajinazioak baino garatzen. Aitzakia bat dauka azken finean. Soinuak hitz egingo du, gauza diferenteak esango ditu, baina bazegoen soinu bat. Haxixak harrapatutako gizonaren begi hordiek irudi bitxiak ikusiko dituzte, baina bitxi edota izugarriak izan aurretik, irudi hauek xalo eta naturalak ziren. Indarrak, haluzinazioak horditurik hitz egiten duen bizitasunak ez du jatorrizko desberdintasuna murrizten. Haluzinazio honek ingurunean eta orainaldian ditu sustraiak eta besteak ez.

        Imajinazioaren irakite hau hobeto esplikatzeko, ametsaren osatze hau eta haxixak kutsaturiko buruak dakarren argiztapen poetikoa azaltzeko, beste pasadizo bat kontatuko dut. Oraingoan ez du egonean izaten den gizon gazte batek berba egiten, ezta letra-gizon batek ere. Emakumea da, emakume pixka bat heldua, ikusmina, gogoa erraz asaldatzen zaiona. Pozoia ezagutzeko nahiari amore eman eta gero, horrela adierazten dio beste dama bati bere begitazio nagusia. Hitzez hitz idatziko dut:

        «Oso arraro eta berriak izanda ere, nire hamabi ordutako (hamabi ala hogei? egia esateko ez dakit) eroalditik ateratako sentsazioak ez ditut berriz dastatuko. Gogoaren kitzikapena biziegia da, ematen dizun nekea handiegia eta dena esatearren, umekeri honi zerbait kriminala ere topatzen diot. Azkenean jakinahiak irabazi egin zidan. Gainera taldean egiteko zorakeria zen, lagun zaharren artean duintasun apur bat alde batera uzteari ez nion ezer txarrik ikusten. Ezer baino lehenago haxix madarikatu hori substantzia zitala dela esan beharra daukat. Horditasunaz libratu zarela uste duzu batzuetan, baina gezurrezko barealdia besterik ez da. Geraldia egin eta jarraitu egiten du atzera ere. Horrela ba, gaueko hamarrak aldean, honako egoera iragankorra pasatzen ari nintzen. Libratu egin nintzela uste nuen bizitza oparotasun hark eman zidan gozamenaz, eta gozamena izan zen baina kezka eta beldurrez lagunduta etorri zen. Gustura hasi nintzen afaltzen, bidaia luze batetik nekatua izango banintz bezala. Ordura arte ez nuen badaezpada ezer jan. Baina, mahaitik jaiki aurretik, ene eldarnioek ostera ere harrapatu ninduten, katuak xagua harrapatzen duen modura. Pozoia berriz hasi zen nire buru gizagajoarekin jolasten. Nire etxea gure lagunen etxetik gertu egonda, eta kotxe bat nire zerbitzuan izanik ere, amets egiteko eta zoramenaren aurrean arduragabetzeko beharrak liluratu egin ninduen eta pozez onartu nuen hurrengo egunera arte geratzeko gonbidapena. Gaztelua ezagutzen duzu, badakizu jabeek erabiltzen duten zatia konpondu egin dutela, baina normalean erabiltzen ez den partea zegoen moduan utzi dute, estilo eta dekorazio zaharrak mantenduz. Gazteluko alde honetan niretzako gela momentuan prestatuko zidatela erabaki zuten eta gelarik txikiena aukeratu zidaten. Logela higatu eta zaharra zen baina ez zuen horregatik xarmarik galtzen. Nola edo hala deskribatu egin behar dizut logelan jasan nuen irudipen bitxia uler dezazun. Gau osoa iraun zuen, baina ez nuen orduen alde egiteaz ohartzeko paradarik

        Logela oso txikia da, estua. Erlaitzaren altueran borobildu egiten da sabaia, ganga eginez. Hormak ispilu estu eta luzez estaliak daude eta hauen artean dekorazio estilo arina duten paisaiak daude panel batzuetan pintatuta. Erlaitzaren altueran, lau hormen gainean, zenbait irudi alegoriko dago, batzuk atsedeneko jarreraz, beste batzuk korrikan edo bueltak ematen. Hauen gainetik hainbat txori distiratsu eta loreak ere badaude. Sabaiak duen berezko kurbarekin bat burdin-hesi itxura duen pintura bat dago, irudien atzean. Sabaia urre kolorekoa da. Hala bada, moldura eta zirrikitu guztiak ere urrez estalita daude eta horren erdian itxurazko burdinsare geometrikoak banatzen du urrea. Ikusten duzunez, oso kaiola dotorea ematen zuen, txori handi batentzat kaiola ederra. Gau benetan ederra zela ere erantsi behar dut, gardena oso. Ilargia bizia zen. Kandela itzali eta gero ere dekorazio guztia ikusi ahal nuen. Ez ordea, gogoaren begiak argiturik, imajinatu dezakezunez, gau ederraren argitasunaz baino. Bere distirak urrezko bordatuetara heltzen ziren, ispilu eta kolore anitzetara.

        Nire aurrean gune zabalak ikusterakoan harritu egin nintzen hasieran, nire ondoan zeuden, alde guztietan. Ibai garbiak eta ur bareetan isladatzen ziren paisaia berdeak ziren. Ispiluetan emendatuko panelen efektua imajinatuko duzu. Begiak altxatzerakoan, hozten ari den metal urtuaren antzeko eguzki sarrera ikusi nuen. Sabaiko urrea zen baina burdin-hesiak kaiola batetan edota alde guztietatik zabaldutako etxe batetan nengoela pentsarazi, nire espetxe zoragarriko barroteek gauza miragarri orotik banatzen ninduelarik. Lehenik nire begitazioari barre egin nion, baina begiratzen nuen heinean magia handitzen zihoan, biziago egiten zen, mirariak zeuzkan gardentasuna eta errealitate zapaltzailea areagotuz. Ordutik aurrera itxialdia izan nuen gogoeta nagusi. Baina egia esateko horrek ez zidan eragozten nire inguru eta gainean nuen ikuskizunetik ateratako gozamenak dastatzea. Nire burua kaiola dotore hartan denbora luzean sartuta ikusten nuen, milaka urtetan apika, paisai magikoen eta zeruertz zoragarrien artean. Basoko loti ederrarekin amets egin nuen, baita erruen ordaintze eta garbitzearekin ere. Tropikoko txori distiratsuak jira biraka ari ziren nire buru gainetik. Nire belarriak urrutian ikusten zen bide handitik zebiltzan zaldien txilinak sumatzen zituen eta gauza biak elkartuz ideia bakarra eginik, txoriei kobrezko doinu misteriotsua atxikitzen nien eta metalezko eztarriaz kantatzen zutela uste nuen. Niri buruz ari ziren solasean, jakina, eta nire gatibutza ospatzen zuten. Tximinoak zilipurdika eta bufoi lizunak etzanda zegoen presoari barre egiten ziotela ematen zuen, mugitu ere ezin zuelarik egin. Baina jainko mitologiko guztiek irribarre xarmantaz begiratzen zidaten, sorginkeria lasaitasunez jasateko adorea ematen bezala, eta begi guztiek keinu egiten zidaten nire soaren bila. Nire aspaldiko erruak, ezagutzen ez nituen bekatuek zigor pasakor hori eskatzen bazuten, goiko ontasun batek lagundu ahal zidala erabaki nuen. Hark, zuhurtzia inposatzeaz gain, gure gaztedia betetzen zuzen ume gozamenen ordez beste ganorako plazer batzuk eskainiko lizkidake. Ikusten duzunez, ardura moralak ez ziren nire ametsetik at. Baina irudi eta kolore distiratsu hauek begiratzeak ematen zidan gozamenak, eta drama fantastiko baten ardatz izatearenak ere, beste gogoeta guztiak baztertzen zizkidatela aitortu behar dut. Egoera honek luze iraun zuen, agian luzeegi... Goizera arte iraun al zuen? Ez dakit. Bat-batean goizeko eguzkia ikusi nuen nire gelan sartuta. Biziki harritu nintzen eta nahiz eta oroimena benetan saiatu, ezinezkoa izan zait lo egin ala insomnio zoragarria jasan nuen jakitea. Oraintsu gaua zen, eta orain eguna! Eta luze egin zitzaidan ordea, benetan uztea! Behin denboraren kontzeptua, edo hobeto esanda denboraren neurria deuseztuz gero, gau hura nire gogoeten aniztasunaren arabera baino ezin dut neurtu.Oso luze izan zela pentsatuta ere segundo batzuk besterik ez zuela iraun iruditzen zait, edota eternitatean ez zuela lekurik hartu.

        Eta nekeari buruz zer esanik ez... Sekulakoa izan zen. Esaten dutenez, bizi nuena poeta eta sortzaileen liluraren antzekoa izan zen, jendea hunkitzeaz arduratzen direnek jite lasaikoak izan behar zutela uste banuen ere. Baina eldarnio poetikoak konfitura koilaratxoak eman zidanaren antzik baldin badu, poetek publikoaren gozamena larrutik ordaintzen dituztela pentsatzen dut. Eta ni neu nire baitan sentitu nintzenean, nire sen intelektualean, egiazko bizitzan esan nahi dut, ondo sentitu nintzen, asetasun prosaikoz.»

        Emakume zentzuduna dugula argi dago. Baina haxixak eragiten dituen sentipen nagusien azaleko deskribapena osatzerakoan ohar baliagarriren bat ateratzeko besterik ez dugu erabiliko bere kontakizuna.

        Afaria une egokienean iritsitako gozamentzat hartzen du andreak. Behin-betikoa zirudien barealdi pasakorrak benetako bizitzara itzultzea laga behar zion une berean. Esan dudan bezala, iruzurreko barealdiak, hain zuzen, aldizka ematen dira, haxixak maiz eragiten du gose bizia eta ia beti gehiegizko egarria ere bai. Baina afaltzeak edo edozein jateak ere, behin-betiko atsedena sortu ordez areagotu egiten du. dama honek salatzen zuen zorabioa, zorionez eta borondatez onartu zituen sorginkeriako begitazioak erakarriz. Nolabaiteko lazturaren kutsua izaten dute begitazio hauek. Menpetzen duten gose eta egarria ez dira hainbat ahalegin eta gero baino asetzen. Gizona materiazko gauzen gainetik sentitzen denez edota hain horditurik sentitzerakoan, adore handia erabili behar izaten baitu botila bat edo sardexka bat mugitzeko.

        Jakien liseritzeak ekartzen duen behin-betiko krisialdia, hain zuzen, oso bortitza da. Ezin da borrokatu. Horrelako egoera ezin izango zen pairatu luzeegi balitz eta hordialdiko beste fase batek ez balu erraztuko. Aipaturiko kasuan beldur goxoa ematen duten irudipen ederrak dira emaitza, aldi berean kontsolagarri diren irudiak. Ekialdekoek kief deitzen duten egoera da hau. Jadanik ez da gauza asaldatu eta nahasia, zorion lasai eta geldia da, etsipen loriatsua. Zure buruaren jabetza galdu duzu orain dela asko, baina jada ez zara samintzen. Mina eta denboraren ideia desagertu egin dira. Behin edo behin agertzen ausartzen badira, sentsazio nagusiak eraldatzeko izango da eta bere ohiko izaerarekin ez du poesiaren malenkoniak min onuragarriarekin duen baino zerikusi handiagorik.

        Baina andre honen kontakizunean (horretarako idatzi dut) haluzinazioa endekatu samarra dela azpimarra dezagun batik bat. Izateko zioa kanpoko ikuskizunetik ateratzen du haluzinazio honek, gogoa ez da ingurua bestela islatzen duen ispilua baino. Ondoren, nik haluzinazio morala deituko nukeena ikusten dugu lanean: erruen ordaintze baten menpean dagoela uste du droga hartzen duenak. Baina emakumezkoaren jiteak gauzak aztertzea gogoko ez du eta ez dio laga haluzinazioa delakoaren izaera baikorra ikusten. Olinpoko jainkotasunen begirada onberak funtsezko poesia kutsu haxixtar bat jasotzen du. Ez dut esango emakume honek aladura saihestu duenik. Baina nire gogoetek, une batez malenkonia eta damuari begira, laster hartu dute itxaropenaren kolorea. Berriz ere frogatu ahal izango dugun burutapena da hau

        Biharamuneko nekeaz ere berba egin du andreak. Neke handia da, bai, baina ez da berehala ematen eta igartzea baino ez daukazunean harriduraz igartzen duzu nekea. Lehenik, zure bizitzako zeruertzetik egun berri bat irten dela ikusten duzunean izugarri ondo sentitzen zara, zure gogoak arintasun zoragarriaz gozatzen duela uste duzu. Baina zutitu orduko horditasun arrasto batek jarraitu eta alfertzen zaitu, menpekotasun berriaren kate bezala. Zure zango ahulek ez zaituzte herabeki baino eramaten eta objektu hauskor baten modura apurtzeko beldur zara. sekulako moteltasun honi xarmarik ez zaiola falta esaten duenik ere bada. Zure gogoaz jabetzen da eta zure ahalmenetatik zabaltzen da lainoa paisaiatik zehar bezala. Hemen zaude, oraindik ordu batzuetarako, ez zara gauza, lan egin, ekintza edo kemenerako. Nerbio-kinada oparotasun lotsagabez alferrik galtzeagatik zigorra da. Zure nortasuna lau haizetara zabaldu duzu, eta orain izugarri kostatzen zaizu atzera bildu eta bat egitea!

 

 

© Charles Baudelaire

© itzulpenarena: Oier Alonso

 

 

"Charles Baudelaire - Haxixaren poema" orrialde nagusia