II.— ZER DA HAXIXA?

 

        Marco Poloren kontakizunek barre anitz sortu dute, beste bidaiari zahar batzuen modura, baina jakitunek baieztatuta izan dira eta guk sinestea merezi dute. Ez dut kontatuko, paradisuko ideia irakasteko, zeuzkan jarraitzaile gazteenak, nola entzerratu zituen mendiko zaharrak, atseginez beteriko lorategi batean haxixez (hemendik sortu da haschichins edo asasino hitza) mozkortu eta gero, pentsatu gabeko obedientziaren sari erdizka ikusia bailitzan, nolabait esatearren. Irakurleak, haxixaren mundu sekretuari dagokionez, Hammer-en liburua eta Silvestre de Sacy-ren memoria begira dezake, eta assasin hitzari dagokionez Moniteur-eko erredaktoreari bere gutuna, 1809. urteko 359. zenbakian sartuta. Herodotok kontatzen duenez, eszitek kalamuaren hazia batu eta suan gorrituriko harrien azpian ipintzen zituzten. Herri hark Greziako edozein lurrinketa baino usain-bainu perfumatuagotzat zuten, izan ere gozamen biziak poztasun oihuak ateratzen baitzitzaizkien.

        Haxixa, hain zuzen, ekialdetik datorkigu, kalamuaren ahalmen bizigarria ondo ezaguna zen antzinateko Egipton, eta erabilpena oso zabaldua, izen ezberdinekin, Indian, Aljerian eta Arabia zoriontsuan. Baina gertu dauzkagu, begi-bistan, landare emanazioek eragindako liluraldiaren adibide bitxiak. Umeen kasua aipatu barik, luzerna ebakiko mordoetan jolastu eta iraulkatu eta gero bertigoa pairatzen dutenean, jakina da kalamuko uzta jasotzen denean, langileek, gizon eta emakumeek, antzerako efektuak jasaten dituztela. Uztatik gora buruak aztoratzen dituen miasma gaizto bat irteten dela esango genuke. Biltzailearen burua zurrunbiloz gainezka ipintzen da, zenbaitetan ametsez beteta. Une batzuetan gorputzadarrak ahuldu egiten dira eta ez dute lan egin gura. Nekazari errusiarren artean maiz ematen diren sonanbulismo krisiak entzunak ditugu. Zergatia janarietako kalamu haziaren erabilerari atxikitzen zaio. Nork ez ditu ezagutzen kalamu haziak jandako oiloen bitxikeriak, baita zaldien garra nekazariek kalamu hazi errazio batekin prestatzen dituztenean, maiz ardoz lagunduta, ezkontza eta jaietako lasterketetan.

        Frantziako kalamua ordea ez da haxixa egiteko egokia, esperimentu ugarien arabera, haxixa bezain droga indartsua emateko desegokia da. Haxixa edo kalamu italiarra, cannabis indica, asunen familiakoa, gure klimako kalamuaren guztiz parekoa da, altuera berdina ez dutela izan ezik. Aparteko ahalmen liluragarria dauka eta orain urte batzuk jakintsuei eta jende mundukoiari deigarri gertatu egin zaio. Jatorri ezberdinen arabera estimatzen da. Bengalakoa hasi berrien artean da preziatuena; aldiz, Egipto, Constantinopla, Pertsia eta Aljeriakoek propietate berdinak dituzte, baina neurri txikiagoan.

        Haxixa (edo belarra, hau da, landare nagusia, plazer materiagabe ororen iturria landare nagusitzat baitute arabeek) izen ezberdinak ditu, osaketa eta jatorrian izan duen prestatze moduaren arabera: Indian bangie; Afrikan tenaki; Aljeria eta Arabia zoriontsuan madjound eta abar. Ez da berdin urteko edozein sasoian jasotzea. Loretan dagoenean dauka indar gehien, beraz loredun puntek osatzen dute komentatuko ditugun prestakinetan erabiltzen den partea.

        Haxixaren estraktu koipetsua, arabiarren erara prestaturik, landare moztu-berriaren puntak ur apur batekin gurinetan irakiten lortzen da. Hezetasun guztia lurrindu eta gero, iragazi egiten da eta kolore hori berdexka duen pomada itxurako prestakina lortzen da. Honek haxix eta gurin kerratuko hatsa du. Era honetan, bitik lau gramo arteko bolatxoetan prestatzen da, baina geroz eta sakonagoa den kiratsa dela-eta, arabeek konfituran sartzen dute estraktu koipetsua.

        Konfituren artean usatuenak dawamesk izena du. Estraktu koipetsua, azukrea eta hainbat usainen nahasketa da: bainilla, kanela, pistatxoak, arbendolak edo musketa, adibidez. Batzuetan errauli pixka bat botatzen zaio, baina honek ez du zerikusirik haxixaren ohiko emaitzekin. Modu berri honetan haxixa ez da batere desatsegina eta.15, 20 eta 30 gramoko dosiak har daitezke bai ostia orri baten bilduta eta bai kafe kikara batean ere.

        Smith, Gastinel eta Decourtive-ren esperimentuen xedea haxixaren osagai aktiboen aurkikuntza da. Baina hala ere ez dakigu ondo zein den bere osaera kimikoa. Normalean neurri handian daukan erretxina bati atxikitzen zaizkio bere propietateak, ehuneko hamarreko proportzioaren inguruan. Erretxina lortzeko landare idorra birrindu egiten da nahiko lodi, eta aldi askotan garbitzen da, segidan distilatuko den alkoholean. Alkohol hau hein batean kenduko da, estraktu bihurtu arte baporatzen baita. Ura dela medio goma antzeko substantzia anitzak desegiten dira eta erretxinak purutasuna lortzen du.

        Emaitza biguna da, berde iluna eta haxixaren usain berezia dauka neurri handian. 5,10 edo 15 zentigramo nahiko dira efektu harrigarriak emateko. Baina haxixinak, txokolate pilula edo jengibrezko pilula bezala ematen dena, dawamesk edo estraktu koipetsuaren moduan, hainbat izaera ezberdineko efektu bortitz edota motelagoak ditu, beti norberaren jitearen eta nerbio-minberatasunaren arabera. Are gehiago, pertsona berak ere efektu ezberdinak paira ditzake. Eutsi ezineko poztasuna izan daiteke batzuetan, gustura eta bizitzaren osotasunean izatearen sentsazioa bestetan, edota ametsez beteriko loaldi nahasiak ere bai. Dena den, badira sarri errepikatzen diren fenomenoak, antzeko hezkuntza eta jiteko pertsonen artean, batez ere. Baina aniztasun honetan badaukagu nolabaiteko batasuna aipatzerik eta honi esker, lehen esan dudan horditasunaren monografia aise idatziko dut.

        Konstantinoplan, Aljerian eta Frantzian bertan ere bai, badago haxixa tabakoarekin nahastuta erretzen duenik, baina oso motel, eta nolabait esatearren, nagi agertzen dira aipaturiko fenomenoak. Egun ezagutzen den prestakin oro baino ahalmen askoz handiagoko olio hegazkorra erauzi egiten diote haxixari duela gutxi. Baina inork ez du aztertu ondorioei buruz hitz egiteko beste. Kafeak edo alkoholak misteriozko horditasun honen zabaltzeari sendo laguntzen diotela ez dago esan beharrik.

 

 

© Charles Baudelaire

© itzulpenarena: Oier Alonso

 

 

"Charles Baudelaire - Haxixaren poema" orrialde nagusia