I.— INFINITUAREN GUTIZIA

 

        Bere burua behatzen jakin eta inpresioen memoria gordetzen dutenek, euren barometro izpirituala eraikitzen jakin dutenek, Hoffmannen modura, sasoi ederrak, egun zoriontsuak eta minutu zoragarriak dituzte apuntatzeko pentsamenduaren behatokian.

        Egun batzuetan gizona jeinu gazte eta kementsua duela esnatzen da. Betazalak ixten dituen loguraz libratu orduko, kanpoko mundua indar itzelez agertzen zaio, ingeradak garbi eta kolore aberastasun miresgarriaz. Mundu moralak bere perspektiba ederrak zabaltzen ditu, argitasun berriz beteta. Gizona, zorion hau eskertuz, zoritxarrez bitxi eta pasakorra, artista, eta zuzenagoa ere sentitzen da aldi berean, prestuago, hitz batean esanda. Baina gogo eta zentzuaren egoera aparta honetan, exajeratu barik paradisukoa deitu ahal dudana, egunoroko bizitza arruntarekin konparatuta, zergati nabari eta defini errazaz ez dena sortu, litzateke gauzarik bereziena. Higiene onaren eta erregimen zuhurraren ondorioa al da? Hau da gogoari ematen zaion lehen azalpena. Baina onartu beharra dugu, askotan gauza harrigarri hau, nolabaiteko mirari hori, goi-mailako indar ikustezin baten efektua balitz bezala gertatzen da, gizonaz kanpoko indarra, honek bere ahalmen fisikoak denboraldi batean gehiegi erabili eta gero. Ardurako otoitzaren eta irrika izpiritualaren sena dela esan dezakegu? Desioaren areagotze jarraia, gogoaren indarrak zerurantz duen tirabira liteke erregimen egokiena moralezko osasun hau sortzeko, hain da nabari eta ospetsua. Baina orduan, nolatan agertzen da egoera hori irudimenaren orgia errudunaren ostean, arrazoiak gehiegikeri sofistak jasan eta gero? Arrazoiaren erabilera hau, erabilera zintzo eta zentzudunaren aldean, itzulipurdika ibiltzea bezala da, gimnasia sanoarekin parekatzen badugu. Horregatik nahiago dut gogoaren ezohizko egoera hori benetako dohaina dela pentsatzea, gizona bere burua ederra ikustera gonbidatzen duen ispilu magikoa. Hau da, berez izan beharko lukeen bezala, aingeru-asaldura antzeko bat, aldatzeko abisua era konplituegian. Halaber izpirituaren eskola bat, Ingalaterra eta Amerikan ordezkariak dituena, mamuen agerpenen gisako naturaz gaindiko gertakariak Jainkoaren adierazpenak direla pentsatzen dute, gogoaren errealitate ikustezinak pizteko erne dagoen jainkoa.

        Bestalde, egoera xarmant eta berezi honetan, indar oro orekatzen da, irudimenak ahalmen miragarria izanik ere, ez du zentzu moralik sortzen abentura arriskutsuen ostean, nerbio gaixoek ez diote sentikortasun finari oinaze gehiagorik egiten, krimena eta etsipenaren kontseilari diren nerbioak. Egoera honek ez dauka aldez aurreko sintomarik. Mamu bat bezain ezustekoa da. Obsesio antzeko bat da, baina aldizkako obsesioa. Zentzudunak bagina, bizitza hobe baten ziurtasuna aterako genioke obsesio horri, borondatearen egunoroko jardunaren bidez lortzeko esperantzaz. Pentsamenduaren zorroztasun hau, zentzuen eta gogoaren berotasuna, lehen ondarea bezala agertu zaio beti gizonari. Horregatik berehalako gozamena besterik ez du kontuan hartu, eta bere gorpuzketaren legeak hausteagatik kezkatu barik, zientzia fisikoan bilatu ditu bere lokatzezko etxetik ihes egiteko baliabideak, ordu batzuk pasatzeko baino ez bada ere, eta Lazare idatzi zuenaren modura «paradisua behingoan eskuratu», likore latz eta usain sarkorren bidez, klima eta garai guztietan. Ai ene! Gizonaren bizioak, ustez atsekabez beteta, bere infinituaren gutiziaren froga dira, (froga hori bizioen hedapen hutsa ez balitz ere!) sarritan bidea tronpatzen duen gutizia da. Bide guztiek Erromara eramaten dute esaera arrunta zentzu metaforikoan har genezake eta mundu moralari erantsi. Gauza orok sana edo zigorra ematen digu, betikotasuneko forma biak. Giza gogoa grinaz beterik dago, saltzeko moduan dago, esamolde arrunta erabiltzen badugu eta zoritxarreko gogo hau, zeinaren berezko ustelkeria eta bere barra-aldirako gaitasuna bezainbatekoak diren, gaitasun la paradoxikoa, karitate eta dohain zailenetan gainezkako grina honen hustubidea gaiztakeriatan erabiltzen uzten dion paradoxetan oparoa da. Bere burua saltzen duenik ez du uste inoiz. Harropuztuta, ahaztu egiten du bera baino maltzur eta indartsuagoa dena arbuiatzen duela. Eta gaizkiaren izpirituak, ile bat baino ez zaionean ematen ere, burutzen bukatzen du beti. Izaera ikuskorreko jaun ikuskor honek (gizonarekin ari naiz) paradisua botikaren bitartez lortu nahi izan du,edari hartzituekin, altzari sendo eta benetako lorategiak oihalean margotutako eta markoan ipinitako dekoratuekin ordezkatzen dituen zoroaren pare. Infinituaren zentzuaren ustelkeri honetan datza, nire ustez, gehiegikeri errudun guztien arrazoia. Bai idazlearen kasuan, bere horditasun bakarti eta kontzentratutik hasita, min fisiko batendako lasaitua opioan bilatzera behartuta agertzen denean, gozamen erigarrien iturri bat aurkituz, pixkanaka erregimen bakarra eta bizitza izpiritualaren eguzki bihurtzen zaio-eta opioa. Eta bai behe auzoko mozkorkeria higuingarriaren kasuan ere, bideko lohietan barregarri lorrintzen dena, burua irrikaz eta handitasunez beteta.

        Ideal artifiziala deitzen dudana sortzeko, droga egokien artean, amorru fisikoa piztu eta gogoaren indarra lurrera botatzen duen alkohola eta usaintzekoak alde batera utzita, irudimena zolitu egiten badute ere indar fisikoa apurka-apurka ahitzen dutenak, substantzietatik adoretsuenak, eskueran daukagunak eta erosoak erabiltzeko, haxixa eta opioa dira. Droga hauek sor ditzaketen ondorio misteriotsu eta gozamen erigarrien behaketak, drogak luzaroan erabiliz gero ematen diren ezinbesteko zigorrek eta, azken finean, ideal faltsu baten jazarpenari dagokion moraltasunik ezak ere osatzen dute azterlan honen xedea.

        Opioaren gaineko lanari ez diot ezer erantsiko, modu bikainean jasota baitago, bai alde medikoa eta alde poetikoa ere. Beraz, liburu paregabe honen behaketa besterik ez dut egingo beste ikerlan batean, Frantzian ez baita osorik itzuli. Egilea, gaur egun bakarti eta isil, gizon ospetsua da, irudimen bortitzekoa. Opioan topatu dituen gozamen eta oinazeen kontakizuna egiten ausartu da, xalotasun tragikoaz, eta liburuko atalik dramatikoenean azaltzen ditu borondatearen ikaragarrizko ahaleginak, zuhurtzigabe hartu zuen kondenaziotik libre geratzeko.

        Egun haxixaz baino ez dut hitz egingo, datu ugari eta zehatzen arabera: idatzien laburpenak edota haxixaren menpe aspaldi dauden gizon azkarren konfidentziak. Monografia antzeko baten gainean eraikiko ditut era desberdineko agiriak, arima bat aukeratuz, azaldu eta definitzeko orduan erraza, izaera honetako esperientziak izateko pertsona aproposa.

 

 

© Charles Baudelaire

© itzulpenarena: Oier Alonso

 

 

"Charles Baudelaire - Haxixaren poema" orrialde nagusia