Haxixaren poema. Baudelaire.
Hitzaurrea

 

        Bada literatura eta artea noizbait hil zirela uste duenik. Baina duela gutxi jaio direla ere esan daiteke, ez baita denbora gehiegi igaro egilea bere lanaren izaeraz erabat ohartu denetik. Indarra mantentzen duen ikuspuntu honek Erromantizismoan izan dezake jatorria. Sinbolistek honen hazia jaso eta hona hemen Baudelaire bezalako artista, apika poesia modernoaren aita, Rimbaud eta beste idazle sorta bat baztertu barik. Hauen artean bere lanean eragin nagusia izan zuen Poe dugu aipatu behar, baina lan honetan Thomas de Quinceyrena argiago geratzen da. Literatura norberaren gogo sortzailearen adierazpen gisa eratzen lagundu zuten idazle hauek.

        Honako Haxixaren poema hau dugu Baudelaireren emariaren froga. Bere poesia klasikoagoari esker ezagutzen bada ere, prosa eta poesiaren arteko nahasketaren ideia zor dio literaturaren historiak, lan hau eta Petits poèmes en prose izan zirela medio. Hortaz, izenburua aintzat harturik, zentzu poetikoa eman diezaiogun liburuxka honen irakurtzeari. Idazketaren formak iruzurtuta jarduten badugu, agian tratatu moralista bat besterik ez baitugu sumatuko, eta zalantzazko modernotasun batek lagundurik, Pepito Grilloren kargua leporatuz, egilea kondenatuko dugu. Epaile itxurako aurpegi zorrotza poetaren mozorro hutsa da. Beraz ezin dugu poesiaz horditurik baino ulertu poesia hau. Gaur egungo idazlearen jarrera anbiguoak, Baudelaireren anbiguotasuna aitzindari izanik ere, beste gauza batera ohituta gaitu, anbiguotasuna nabariago agertzen baitigu. Literaturari ekarri dion pentsatzeko askatasunarekin esker onekoak izan gaitezen eta ez dezagun egin berak gorroto zituen moduko judiziorik.

        Baudelaireren garaia zentzu guztietan izan zen iraultzaile. Idazleak, mundua jasaten ari zen itzelezko aldakuntzak asimilatu nahian zebiltzan. Denbora eta espazioaren arteko proportzioen ideia zeharo aldatu zen, garraioak eta beste asmakizun miragarriak zirela-eta. Honek errealitateari nolabaiteko kutsu kaotikoa ematen zion. Einsteinen erlatibitatearena usaindu egin bailuen, Baudelaire pertzepzio berrien behaketan murgiltzen da, eta hortik hain modernoa zen bidaiaren gaia jorratu zuen. Baina ez anglosaxoiek egokiago zuten bidaia fisikoa (Stevenson...), baliorik gabe geratu zitzaion frantsesari exotismo erromantikoa. Baudelairek barne bidaiari ekin zion eta irudimena bihurtu zuen jarraibide. Beste bidaietarako trena asmatu zen bezala drogen lasterbidea azaldu zitzaion idazleari gogoaren bidaiari aurre egiteko. Egun, horrela deitzen dio jende askok horditasunari, bidaia, baina benetan ez dakit zenbaterainoko zerikusirik daukan egilearen bidaia izpiritualarekin. Hark irudimenaren bidea hartu zuen izutu barik, eta, bizitza egunero asmatzeko, zuen jarrera sortzailea begitantzen zait ezberdintasun nagusia.

        Argi geratzen ez den beste gauza bat Baudelairek drogak maite zituenentz da. Zinez maite zuena bizitza zen, eta esaldi hau drogaren aurkako kanpainetan erabiltzen bada ere ez da horren kontrajarrera gordinik agertzen poema honetan. Drogak eskaintzen duen paradisua artifiziala dela salatzen du, baina nolabait bizitzan den orori atxikitzen dio hau, Pessoak geroago egingo zuen erara, eta paradoxa biribiltzeko, bizitzari artifizioa eransten saiatu zen Baudelaire, gizartearen azpikeria borrokatuz aldi berean. Drogaren sasi gaitzespen hau malenkoniaz beterik eratu zuen, Tempus fugit klasikoaren jorratze modernoa aurkeztuz. Azken finean ergelkeria eta mitifikazio itsua borrokatzen zituen, gauzak bere neurrian ulertu behar direla argudiatuz. Bizitzan gauza oro da zoragarri, ondo profitatzea gelditzen da gure esku, surrealistek ikasbide ederra eduki zuten hemen. Askatasunaren alde lan egitea proposatzen digu. Ildo honetatik gaizki-ulertu anitz jasan du lan honek. Batzuentzat intolerantea suertatu da, besteentzat eskandaluzkoa, eta aurreiritzi barik ulertu nahi duenarentzat aldiz poesia hutsa.

        Bizitza maite zuela esaten dudanean, bere osotasunean maite zuela esan nahi dut, Infinituaren gutizian ederto adierazten duen moduan. Erabateko desirak zituzten garaiko idazleek, erabateko maitasuna, erabateko jakinduria... Eta ez bazuten ulertzen prosa eta poesian banaturiko literaturarik, nolatan onartu behar zuten mundua eta bizitzaren ezagupena inola ere zatitzea? Hortaz, letra-gizona izanik ere, Baudelaireri zientzia ere bai interesatzen zitzaion oso modu berezian. Ez zitzaion inoiz bururatuko kaxoi isolatuetan sartzea gauza biak, biek osatzen baitute neurri berean bizitza. Horregatik izugarri miresten zuen natura, bertan dena dagoelako, eta Lautreamontek hegaztiak deskribatzen zituen modura, Baudelairek ez du beldurrik zientzia poesia bailitzan aurkezteko. Horrelako mugarik ez zuten onartzen.

        Ez dakit Baudelaireren estilo hanpatua itzultzerakoan asmatu dudan, gure hizkuntza ez baita egokiena erromantzeen apaindurak adierazteko, modu ulergarri eta apalean jarduten saiatu naiz besterik gabe.

        Bukatzeko, aipaturiko hanpatasuna gainditzea besterik ez diot eskatuko irakurleari. Poesiaz horditu (edota ardoz edo bertutez...) eta ondo pasa!

 

Oier Alonso

 

 

© Charles Baudelaire

© itzulpenarena: Oier Alonso

 

 

"Charles Baudelaire - Haxixaren poema" orrialde nagusia