KONTZIENTZI USTELA
Gauan erdian ames gogorrez
urratu bear gorputza,
erdi itxarrik izerdi larriz
taupada baten biotza.
Burua jaso, ez dago iñor
inguruan, dana utsa;
arrokerizko itz gogorretan
agiñai kirrizka-otsa.
Arrokerizko aundi-gurian
kontzientzi ustel bat lotan,
baña norbaitek zirikatzen dau
amesen bidez barnetan.
Min zorrotz on kenduko daben
indarrik ez dau topetan,
naiz-ta agiñai kirrizk eragin
amurruzko indarretan.
Alperrik dira ezitasunak,
alperrik gure indarra,
kontzientzi ' ontan zerbait badago
ondo ausnartu bearra.
Geure egintzak dirala bide
jarri badogu negarra,
on da geure barne ixillean
zirikatzen gaitun arra.
Barruko kezka on kentzeko
ez al da ezer egongo?
Kontzientzi on garbitu arte
ar on ezta juango.
Eta zer egin? Jarri doguzan
negarrak kendu lenengo,
eta orduan erri batentzat
gizonak gara izango.
(1971, Urtarrilla)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.eus