MODAN BALEGO,
ZORIONEKO LITZAKE EUSKERA
Euskalerriko mendi ta zelai,
erreka eta ibaiak,
euskeriaren babes gozoan
bizi zirian erriak,
gaur bazterturik ikusten doguz
bere oitura legiak,
jazokun orren errudun gara
euskaldun erdelzaliak.
«Euskalduna naz!» entzun nai dogu
ta gañera arrokeriz,
esaten dogu: «Euskalduna naz
izkuntzaz eta jatorriz!»
Baña biotzez euskera itxita
erdera maitatzen gabiz,
olango euskaldun erdelzalia
obe zan jaio ez balitz.
Euskaldunaren ama euskera da
eta ez dogu ezautzen,
edo ez dogu ezautu gura,
onela dogu autortzen;
Jainkoak diño bestenai itxi,
zeuria jarrai maitatzen,
eta gu gabiz ama itxita
ama-ordia goraltzen.
Euskeriaren ondamendiko
arerio gogorrenak
ezbairik bage esan legike
diriala euskaldunak;
euraren ama baztertu daben
ama-ordiaren lagunak,
atzerritarren lizunkerizko
bizitza gura dabenak.
Emakumia lurbira ziar
dabil modia begira,
nundi edo andi elduko iaku
modia dauan tokira;
jantziko iaku, naiz-ta nabarmen
izan, modien jazkera,
modan balego zorioneko
litzake gure euskera.
Ez uste izan erdera on
gura dogula zapaldu,
erdera bardin beste izkuntzak lez
ondo ikasi nai dogu:
baña euskera Euskalerrian
ez dagigula baztertu,
Euskalerririk ez dagolako
euskera galtzen badogu.
Euskera maite, gaxorik zagoz
eta osakairik ez dozu,
zeure semiak itxi zaituez,
errukarria zara zu.
En, euskera, ilgo al zara?
Arren erantzun eidazu!
Zu il ezkero ez dot nai bizi,
zeugaz eruan nagizu!
(1949)
© Balendin Enbeita
www.susa-literatura.eus