MUXIKA'TIK IPAR-AMERIKA'RA

 

Ariatza'ko Puenterrabian

astera goiaz kantari,

bertso batzuek jarri gurian

Gergorio Barrueta'ri.

Amerikara juan da bera

agur egiñaz danori,

gura genduke Goiko Jainkoak

lagun daiola berari.

 

Berrogei eta amabi urteko

udabarriko txorie,

Oka-Andorra beko errotan

jaioa eta azie.

Esan legike ez dala txarra

Barroeta'ren begie,

norantza egaz egin badaki

topetan urre gorrie.

 

Len be lagunak badituz andik

juanak era orretan,

polito baten bizi diranak

Amerikako lurretan.

Juan ziñian ezketiñoko

asko dauz zure gomutan,

orrantza egaz egin gurian

urre gorrie topetan.

 

Lengo batian artu genduan

zure idazki edo karta,

barruan zure argazki bat zan

zaldi ganian jarrita.

Ainbestek emen ikusi eben

euren eskuan artuta,

esaten eben: «Ez dok galduko

Gergorio Barroeta!».

 

Lau mulo eta iru zaldigaz

artzain kanperu jarririk,

juan da laister jarri zaituez

galoi andiak jantzirik.

Era orretan jarraitzen badok,

ez dago esan biarrik

Ameriketan ez dala izango

laster i lango txoririk.

 

Artxo, okela, lukainka, pernill,

ainbat olango gauzetan,

kafe ta puro, kopak nai beste,

ez abil, mutil, txantxetan.

Olango gauzak emen entzunda

asko dabiz amesetan,

diñuelarik: «Nor egon leiken

Barroetaren praketan!».

 

Esaten eben: «Sasoi orretan

zertarako Amerikara?

Berrogei eta amabi urtegaz

beren ezurrak iztera?»

Baña oragin ikusten danez

mutil ona iagok bera,

amaikatxuri barre eingo'tso

datorrenian etxera.

 

Ia koplarik naikoa da ta

amaitutera nua ni,

anaiarentzat besarkada bat,

zuretzat milla gorantzi.

Gaurko antzera beti alai ta

osasunagaz ibilli,

eta onantza zatozenian

txanpon askogaz etorri.

 

                        (1947)

 

 

 

© Balendin Enbeita

 


www.susa-literatura.eus