|
Gaxeneko Inesa, Maria Zozaia
eta beste aunitz lamin,
bada bai sorginik
eta izanen oraindik,
eta lilluratuko
lamiazingo errekan kantari
izpillu, orrazi eta irri.
Sorginak eta lamiak
hor nonbait dabiltza,
Zubieta-Itturengo zanpanzarren
joareen sabeletan
izkutuan gorderik,
beldur bait dira aspaldian
Pierre Lancre, Avellaneda
eta ondorengoei.
Begizkoa dugu sarturik
itzala galdurik,
itzuliko oraindik
Pierre Lancre eta inkisizioko epailariak,
su eta gar
jo eta kea
sorginkeria errotik garbitzera
erretzera berriz ere ameka sorgin.
Gaurko akelarreak edatu dira eta
ez bakarrik Zugarramurdin,
segituko bai epaiketak
josiak bait gaude sorginkeriz,
eta oraindik ez dugu aurkitu
Axularren itzalik. |
© Jose Angel Irigaray