|
NERE BISITARIARI
(Saphoren ahoz)
Zatoz berriro nigana, galdu hori
basa-piztien begiekin, zatoz ilean haizea duzula.
Hurbil zaitez berriro, animalia eder baten antzera,
zure mutiko-ezpainetan ezti gertatuko diren
hitz lizunak neri belarrira esatera.
Zuhaitzez haraindi gaua erortzean,
udaren azken amiltzea balitz bezala,
eta airea lokatza bezain lodi izango denean
amorratuaren modura besarkatu nahi zaitut
eta zure estatua-gorputza kupidarik gabe arakatu
eta zure gorputzeko gune bero eta lokartuak ferekatu
eta zuganaino igo arrastaka, galdu arte,
gizonek, erositako gorputzei esan ohi dieten
hitz berberak murmurikatuz.
Barkatu, agian beste zerbait esan beharko nizuke lehendabizi,
agian: erotzeraino desio zaitut,
haur batek kutxa itxi bat desio duen gisa eta gero, laztantzen zaitudan bitartean, eta zuk
ez nigatik irribarre bat ezpainetan duzula
pentsatu, une labur batez besterik ez bada ere,
agian arrazoi duzula, agian amodioak
faltsua izan behar duela beti
edota traketsa, madarikatua izan nahi ez badu. |
© Maria Jose Kerejeta