|
KOKTELERAREN EZTANDA
Gurea izan zen kantua entzuten da.
Negu bateko oroitzapenak.
Nik begietara begiratzen dizut, eta zuk
besteekin hizketan jarraituz, ez duzu ezer ulertzen.
Burua alderatu behar izan dut
agian lotsatu beharko ez nindukeen
zerbait ezkutatzeko,
eta presaka, beste kopa bat eskatu dut,
honezkero nabariegia izan behar duen
urduritasunez.
Eta denbora badoa aurrera.
Zer geratuko ote da guzti honetatik
hogeitamar urte betetzen ditudanean
eta, gaur bezala, eskuartean zerbait izatea
dagoeneko hain garrantzizkoa ez denean
eta bai berriz, nik bilatzen dudan bezala bilatzea
beste mahai batean beste begi batzuen konplizitatea.
Argi-urratzeak agian ekarriko didan
azken-amiltzearen zain nagoela
zirrara zantzu bat somatzen dut
eta itxaropena,
kamareroak, korbata okertuta eta erdi mozkorturik,
hutsune ezinezko bati begira,
azken kopa hori nahastean,
koktelerak azkenean eztanda egingo duela. |
© Maria Jose Kerejeta