|
19
Haize bolada zakar batek apaiza irakurtzen ari zen latinezko liburuari orrialdea pasatu zion, monagilloari gonak altxatu eta zerraldoari begira zeuden emakumeei mantalinak astindu zizkien. Plazako panpanoetatik urteko azken hostoa erori zen eta balkoi batean alanbretik eskegita zeuden barruko arropa zuriak mugitu zituen: gauean ustekabean katigatu eta bertan bustitzen geratutako fantasma zuriak ziruditen.
Apaizak liburua itxi, besoak antxumatu eta isilune bat eskatu zien eliztarrei Jazintoren arimaren alde otoitz egin zezaten. Une horretan asto baten arrantza urruna entzun zen lehenik eta behi batzuen perra hotsa hurbilago.
Bospasei behi aurretik zituela mutiko bat agertu zen plazan. Lokarririk gabeko bota zahar handiegiek galarazten zioten korrika egitea eta eskuan zuen akuilua airean dantzatuz desafioak egiten zizkien animaliei. Behiek, noski, ez zioten agindurik ulertzen eta buru-makur, akuiluari zeharka begiratuz, iheska zihoazkion pausaje baldresarekin, tarteka galtzadaren gainean laprast eginez.
Zerraldoari begira zeudenek buruak jiratu zituzten. Plazaren erdian behi bat zegoen buztana gora altxata gorotz enplasto mardulak egiten.
Apaizak Jazinto aipatu zuen berriro.
Bere bizitza bidaia luze bat izan da. Eta hil eta gero ere bide luze bat egin behar izan du betiko babestuko duen lurraren bila. Zerraldoa bizkarrean duzuela ibili zaretenok badakizue hori nik baino hobeto esan zuen.
Behiak ez zuen betarik izan bere lana ondo bukatzeko. Akuiluaren hotsa entzun zen, airea ebakiz lehenik eta hezurren kontra gero. Azken simaur puztrinak bere atze iharretan utzi zituen zintzilik eta lagunen bila abiatu zen jauzi baldresak eginez.
Inork baino hobeto dakit nik ere segitu zuen gizon honek zer eragin izan zuen zuengan. Eta zuek esanda dakit hori, eliztarrok esanda alegia. Nik neuk ez nuen bistaz ezagutzen, baina apaiz egin berritan herrira iritsi bezain pronto izan nuen bere aditzera eta oso azkar somatu nuen, emakumeokin bereziki zeukan suertea. Enbidia pixka bat sentitu nuen orduan eta enbidia hori gorroto bihurtzen saiatu nintzen.
Eztulen bat edo beste entzun zen. Kontu zaharregiak ziren haiek beharbada orain jendaurrean berritzen hasteko. Eta emakumeak bereziki urduri jartzen ari zirela ematen zuen. Begirada lurrera jaitsi eta eskuak marruskatzen zituzten. Gizonezkoek plaza hutsari begiratu zioten berriro. Behiaren gorotz plastada bero eta ketiak ikus zitezkeen galtzadaren gainean, ilaran hurrenik hurren, handitik txikira ordenaturik.
Aitortza egitera buru makur hurbiltzen zinetelarik, maiz ikusten zintuztedan konfesonarioko saretik zuen barruko korapiloak askatu ezinik eta aski izaten nuen Elgetaren izena aipatzea zuetako bat baino gehiago negarrez hasteko, errukitzeko moduan askotan, hain kupidagabeki non nire ona eta bakea galtzen bainituen, ez bainuen orduan eta ez baitut orain ere emakume baten negarrik soportatzen esan zuen eta emakume batzuen negar zotinak entzun ziren.
Zuen gaueko ibilera haietan segitu zuen eta orain emakumeei bakarrik zuzentzen zitzaiela ematen zuen Elgetaren eskua ikusten nuen nik, hemen aurrean ikusten duzuen soinu txiki honek jartzen baitzintuzten galbidean. Behin eta berriz kontatzen zenutenez, erromeria bidean urrundik trikitixaren soinua entzun orduko, halako egonezin bat sentitzen zenuten soinean, zuek gaztetasuna deitzen zeniotena eta nik, nire ezjakintasunean, zerbait deabruzkoa bezala ikusten nuena. Sugeak bere txistuarekin txoria ergeltzen duen gisan, Elgetaren soinuarekin burua galtzen zenutela pentsatu ohi nuen segitu zuen.
Emakumeek apaizari ez, baizik zerraldoari begiratzen zioten, pentsatuz beharbada Elgetak han barrutik zerbait erantzun ziezaiokeela.
Urteak pasatu dira eta, berandu bada ere, ohartu naiz zeinen oker nenbilen. Zeruko lege guztien gainetik bihotzaren aginduak daudela ikasi dut, badaezpadako egia handien gainetik norbere egia txikiak. Apaizgintza uztea erabaki dut. Elizatik kanpo egiten ari garen Elgetaren aldeko hileta hau izango da nire azken lana esan zuen.
Emakumeek beren begi eroriak altxatu zituzten harriduraz elkarri begiratzeko, baina apaizak ez zien gehiagotarako betarik eman.
Despedida bikoitz baten eguna da, beraz, zuentzat gaurkoa segitu zuen eta emakumeengana zuzendu zuen bere begirada berriro. Zuen gaztaroko unerik gozoenen lekuko izan zen soinujole bati agur egiteko bildu zarete eta ustekabean zuen bizitzak zuzentzera dedikatu den apaizaren agurrarekin aurkitu zarete. Ez naiz gauza sentitzen besteren zoriona erabakitzen segitzeko. Are gehiago esango nuke, zuetako zenbait zorigaiztoko egin ditudan errezeloarekin aldegingo dut herri honetatik.
Negar zotin batzuk entzun ziren berriro eta une horretan konprenitu nuen elkarrekin lehian bizitako bi gizonen arteko gerra isil eta ezkutu baten amaiera besterik ez zela hileta hura, konfesonario eta erromeria lekuetan bezalaxe han zeuden gizon-emakumeen kontzientzietan jokatutako gatazka luze baten akabera eta, beharbada, gerra gehienek alarguntsa saminduak uzten dituzten bezala, honek neskazahar erreskada bat utziko zuela, apaiz batekiko leialtasunagatik bakardadera kondenatuak. Apaizaren ahotsak atera ninduen gogoeta horietatik.
Elgeta eta bion arteko borroka luze honetatik bera atera da garaile. Berak bereari eutsi dio azken ordura arte. Nik erdi bidean eman dut amore eta bizitza berri bat hastera noan une honetan gogoan ditut niregatik beren buruak bakardadera kondenatuta biziko direnak. Alferrik bada ere, guztiei barkatzeko eskatu nahi nieke esan zuen eta bere bi eskuak otoitz egiteko kokotsean bilduz, begiak itxi zituen.
Musuzapi zuri txikiak atera eta beren begi hezeak lehortzen ikusi nituen emakume batzuk, baina jesto isil horretan pena hainbat amorru soma zitekeela pentsatu nuen edo desengainoaren samina irakur zitekeela, azken batean apaizak emakume haiek guztiak abandonatzen baitzituen bizitza berri baten izenean.
Elgetari azken agurra egiteko ordua da esan zuen berriro begiak ireki eta bere onera itzuliz. Hila bizkarrean garraiatu zuten gizonezkoak zerraldora hurbildu, soinu txikia askatu eta egurrezko estalkia kendu zioten. Intzentsuaren zintzilikarioa airean astinduz itzuli batzuk egin zituen apaizak hilaren inguruan eta, berriro bere lekura iritsi zenerako, eliztarrak erreskadan jarrita zeuden hilari azken agurra emateko.
Ni gorriz jantzitako emakumearen atzetik jarri nintzen. Ez zidan begiratu ere egin. Begiak itxi eta bere lurrina dastatu nuen ondoez puntu bat sentitzeraino. Gauza urrun eta ezinezkoak bakarrik maite daitezkeen eran maiteko nuela nik ere pentsatu nuen emakume hura. Harlauza zabalen gainean bere takoi hotsak somatzen nituen. Zutik, eder eta urrun ikusi nuen, nire ondoan zegoelarik ere, zerraldora hurbildu eta burua makurtuz, hilari bekokian muin ematen. Dagoeneko gizonezkoak egurrezko estalkia eskuetan zutela zeuden zerraldoa ixteko zain. Urrats bat aurrera eman eta Elgetari begiratu nion: ezpain gorri batzuen marka zeraman kopetan. |
© Joxean Agirre