|
18
Demagun nire dantzarisak jira bat duela eta nekaturik iritsi dela hoteleko gelara. Forense baten prestutasunarekin desegiten ditu maletak, barrunbeak tentu handiz, oraindik bizirik baleude bezala, gelako armairuan banatuz. Gaua da eta gortinen atzetik hotelaren errotuloa soma daiteke, distira hotz eta siderala barreiatuz. Hiria ez da abarrots urrun bat baizik. Hiriak ez dira izan ere asko bidaiatzen duenarentzat aireportua, taxista gorrodun bat eta hoteleko korridore bakartien buruan gelako zenbaki bat besterik.
Batzuetan, jira luzeetan dabilenean, izena ere ahaztu egiten zaio eta larritu egiten da. Badaki biharamunean bere agenteak zain izango dituela, abegikor baina begirunez men egingo diotela, eskuan muin eman eta auto beltz baten ateak zabalduko dizkiotela, berriro txofer gorrodun baten kokoteari begira boulevard zabalak zeharkatzeko, tarteka, ballet emanaldia aldarrikatzen duen iragarki enmarkatuetan bere burua ikusiz. Ezin du esan molestatzen dutenik, baina harrigarria egiten zaio izenik gabeko gizonezko horiek erakusten dioten mirabetasuna, arreta gehiegizkoa, atalburuetan ukondotik bi behatzekin heltzeko mania, behaztoparik egin edo matxurarik jasan ez dezan.
Bien bitartean bera gaua pasa duen hiriburuaren izena gogoratzen saiatzen da eta horrek larridura sortzen dio, ez baita legezkoa, norbaitek galdegin baliezaio ere, zapaltzen duen hiriaren izenik jakin gabe ibiltzea. Beharbada horrek nekatzen du horrenbeste edo jendeak erakusten dion arretak eta berriro bere gelara itzultzen denean, halako patxada bat sentitzen du, zorionetik oso gertu dagokeena.
Orduan bere buruarekin bakarrik, inoren begiradatik urrun, ispiluaren aurrean esertzen da eta biluzik dagoela sentitzea gustatzen zaio. Begiak itxirik bere gorputza ferekatzen du, edertasuna ederretsiz beharbada? Ez, hori gizon batek bakarrik pentsa dezake. Ukimenaz gozatzen du, beharbada, besterik gabe.
Ni, argazkilaria izanik ere, begiradaren profesional bat alegia, ez nintzateke begiratzera ausartuko. Uste dut badaudela inork inoiz begira ezin ditzakeen uneak. Are gehiago oraindik. Bere azal zuria imajinatzen dut eta sinesgaitza egiten zait inoiz horrelako emakume bat laztandu dudanik pentsatzea ere.
Badakit, nola ez, gauzak nolatsu izaten diren. Hastapeneko deserosotasun hori gaindituz, senak hala agintzen dizulako edo, esku bat luzatzen duzu edo eskua bera luzatzen da, mekanoek duten mugikera dudakorrarekin. Eranskin bat bezain arrotz ikusten duzu airean barrena eta emakumearen bekokia ukitzen du, oraindik intentzio jakinik gabe, keinu makinal bat, jesto nagi bat eginez, ilea apartatzeko nornahik egin diezaiokeena, baina eskua han geratzen dela ohartzen zara harridura pitin batekin, betagaina estaltzen dion flekilloarekin jolasean, zeren eta ez baitago emakume baten ilea baino gauza bitxiagorik.
Gero, behatz lotsati bat ikusten duzu masailean behera, malko lehortuen aztarnak segituz. Aurpegia atzerritarrek behin eta berriz zapaldutako lurra bezala da, iraganaren markak ditu nonahi, eta zu nolabait aztarna horien ikerle sentitzen zara edo zuk ezagutu ez duzun iragan baten lekuko gutxienez.
Ezpainak ukitu dizkiozu eta badakizu beste hainbat gizon egarberak ase dutela beren egarria iturri horretatik, baina bost axola dizu horrek. Hori diozu behintzat zurekiko, hasperen labur bat eginez, ezpainak zabaltzen dituen bitartean. Emakumearen gorputza zirriztuz betetako etxe bat bezala dela pentsatzen duzu, zeinaren baitatik maitasuna haizea bezala iragaiten den, durundio batzuen oihartzuna eta bakardadearen zantzua utziz.
Konparazio merkea da, noski, merkeegia orain bezala, neskak begiak itxi eta burua atzerantz botatzen duenean bururatu ahal izateko, zu erosoago sentitzen baitzara, ausartagoa esango nuke, begiak itxita maitatzen duten emakumeekin.
Begiak itxi eta burua atzerantz botatzen du arrazoi gorderen bat medio, zerbait eskainiz beharbada, zaila da seguru jakiten, gizon batek ez baitaki inoiz une horietan emakumeak zer sentitzen duen. Zuk lepoko maldan behera irristatzen duzu behatza eta harriturik deskubritzen dituzu sorbaldako azalaren azpian bistaratzen diren hezur fin eta hauskorrak. Zakur gose baten gisan oldartzen zara eta amorruz koska egiten diezu eta aldi berean minik emateke, ukitu hutsarekin hautsi daitezkeela diruditen hezur horiei eta neskaren intziri bat entzuten duzu, kexu bat bezain tristea edo otoitz bat bezain zaharra.
Burua itzuli eta aurpegira begiratzen diozu. Begiak itxi eta ahapeka kexatzen ari da edo zerbait erregutzen. Beti mirestu izan duzu emakumeek gorputz osoarekin gozatzeko duten gaitasun berezi hori. Ukitzen duzun lekuan ukitzen duzula, antsi bat ateratzen dute, gomazko panpina batzuei eskuetan hartze hutsarekin ateratzen zaien gisa berean.
Ahazten hasiak zenituen hezurretara itzultzen zara berriro, zeure kasa pentsatzen duzularik, gisa horretan maiteko zutela lehen gizonek ere, hezur bat ahoan erabiltzeak pizten zien atsegin berberarekin.
Kolpetik, ordea, haragi bigunagoen gutizia sentitzen duzu eta itsumustuan abiatzen zara beherantz, senak dagoeneko ematen dizun segurtasunarekin edo, beharbada, haur jaio berria esnearen usainak gidatzen duen indar beretsuarekin. Titi-puntaren ukitu hezea sentitzen duzu sudurrean eta aski duzu buruaren kolpe doi bat bularra ahoa betean hartzeko. Zeure txistua xurgatzen ari zaren bitartean, neskaren eskuak somatzen dituzu zure buruan. Ileetatik heldurik indarrean gidatzen zaitu bere gorputzean behera. Dagoeneko badakizu indar ahaltsuago baten mendeko zarela eta ez duzula amore ematea beste erremediorik.
Pendiz eta malda leunetan behera irristatzen zaitu presaka, ezagutzen ez duzun norabide jakin batekin, hain bizkor ze pixka bat zorabiaturik iristen zaren bazter heze eta ilun batera, non zingira umelak txikatzen jartzen zaituen zure ahoarekin, tarteka, hori bai, ito ez zaitezen, arrasa hartzeko burua doi-doi altxatzen utziz.
Zuk ez duzu inoiz ezetz esaten. Ez duzu ohiturarik. Badakizu lehentxeago edo geroxeago, adiskide leialak premia uneetan agertzen diren bezala, altxatuko zaizula zitzila eta mirari horren aurrean liluraturik makurtuko duela burua zurekin dagoen emakumeak, belauniko jarri eta gurtuko duela eta men eginez hartuko duela bere eskuetan, lebitatzen duten gauzak, berez altxatzen direnak hartzen diren debozioarekin.
Hori guztia badakizu, ez 'dago esan beharrik, baina zail egiten zaizu zuri inoiz gertatu zaizunik aitortzea, sexuak ez baitu ia memoriarik. Horregatik errepikatzen da desioa behin eta berriz, horregatik begiratzen diozu dantzarisari inoiz emakume biluzirik ikusi ez bazenu bezala, azal zuriari darion errainuak begiak itsutuko balizkizu bezala.
Gelako oherantza bideratzen dut begirada. Kaio txuriak hondartza bakartietan bezala, ohearen gainean pausaturik lo daude bere sedazko barruko arropak. Gutxi barru maletan sartuko ditu, aztiak bere txisteran usoak sartu ohi dituen bezala eta izenik gabeko beste hiri batera aldegingo du. Aireportura bidean bezperako emanaldiaren iragarkiak ikusiko ditu berriro leihorik gabeko hormetan itsatsirik eta orduan beharbada, karteletan agertzen den argazkiari begira, nirekin gogoratuko da, zeren argazki bakoitzean, agertzen dena bezain garrantzizkoa baita kamararen atzetik begira dagoena. |
© Joxean Agirre