|
12
Haizeak portutik ontzi hondoratuen egur heze usaina ekarri zion aurpegira. Txaketaren solapak altxatu eta irribarre egin zuen edo egin zion bere buruari, adiskide bati konplizitatez bizkarrean joaz egiten zaion eran. Horrelakoa izan behar duela pentsatu zuen gaizkileen zorionak, goizean jaiki eta zeruko urdin inpudikoan odol markarik ez dagoela ohartzen direnean.
Portura daramaten kale estuetatik barrena abiatu zen. Zakur deslaiak ikusi zituen bazterrik bazter iragan bizitzaren batean galdutako zerbaiten bila eta gizon bakartiak zetozen itsasotik etxera burumakur, eskutsik itzultzeak eman ohi duen nekearekin. Gaua intruso baten disimuluarekin ari zen sartzen. Dagoeneko itzal iheskorrak soma zitezkeen atalburuetan zerbaiten zelatan. Zerua bakarrik ageri zen desberdin, urrun, arrotz eta eder. Eguzkiak itsas-muga jo eta odoletan tindatutako maindire urdin ilun bat zirudien.
Portuko harmaila bihurriak jaitsi zituen eta, diapasoi batek bezala, uraren gainean konpas nagi bat markatzen zuten arrantzontzien kulunkari erreparatu zion. Kaio luma-gris handien hegada etengabea, espigoiaren kontrako olatuen lehia amorratua eta isiltasunarekin hain erraz konfundi daitekeen uraren marmarioa ederretsi zituen eta itsasertza dela erabaki zuen bera bezalako izaki bakartien bizitoki posible bakarra.
Jaiotza bera, suertean tokatu zitzaizkion gurasordeak, gerra, baserriz baserri trikitixa erakutsiz eraman zuen bizimodua, Teresarekiko maitasuna, hitz batean bere bizitza osoa etengabeko deskuido bat iruditu zitzaion.
Une horretan ere lekuz kanpo nengoen, Teresarekin egon beharrean, Kontxatik barrena etxera bidean komentatu zuen. Dagoeneko Sor Maria ondoko gelara joana zen eta ni ere aldegiteko zain nengoen, Teresaren argazkia eskuan nuela, ohe barrenean.
Espejismo batek sor dezakeen harridurarekin, baina aldi berean mirari batek eskatzen duen sinesgaiztasunarekin miretsi omen zuen badiaren ederra eta gezurra iruditu omen zitzaizkion Ondarretako kartzelan pasatu zituen urteak, heriotzaren zain igarotako gau luze eta insomneak, soinu txikia beste lagungarririk gabe zeraman bizitza ibiltaria, Teresa ezagutu zuen eguna, haren irribarrea, min emateraino liluratu zuen bere gaztetasun krudela eta haren gorputz biluziak gauez zuen zurbiltasuna, gezurra baita ere egin zion zauria eta jasan zuen laidoa eta urrunegia, egia izateko, une batzuk lehenago aurkitu zuen Teresaren irudia.
Antiguoko tuneletik ateratzean, kolpetik esnatu balitz bezala, konprenitu omen zuen Teresarekiko lotura, maitasunak baino sendoago atxikitzen zuen sentimendua, izaki bakartien arteko kidetasuna zela, patuak bien bizitzei ezarri zien paralelotasuna eta nolabaiteko simetria. Benetako pertsona bakartiek dabiltzan lekuan hutsune baten lorratza lagatzen dutela pentsatu zuen, zeharkatzen dituzten kaleetan edo zapaltzen dituzten etxeetan goibeltasunaren iradokizun bat utziz.
Teresaz zituen oroitzapenen kontaduria egiten hasi eta gehienak despedidak zirela ohartu omen zen: anaiari soinua jotzen erakustera joaten zitzaion baserriko atarian gogoratzen zuen, artean neskatoa zela, bere zango mehar eta abarkekin, ondoan zakur txiki bat zuela. Zakurrak buztana dantzatzen zuen airean eta neskatoak eskua. Urolako treneko leihoan enmarkaturik gogoratzen zuen ondoren haren aurpegia, oso gazte zela Donostiara neskame joan zenean. Bakarrik bizi diren emakumeek inguruan sortarazten duten aura bereziarekin egiten zuen irribarre urte batzuk beranduago Madrilera joan zenean eta dagoeneko agur esaten ohitua dagoenaren solturarekin taxiaren atzeko leihotik eskua mugituz irentsi zuen gauak azken aldiz berarekin egon zenean. Bizitza beharbada agur esaten ikastea zela pentsatu zuen.
Matia kaletik gora zihoan. Gizonezko bakanak ikus zitezkeen tabernetan mostradoreen kontra, baso ardoari helduta, itsasoan marinelak bezala balantzatxoak eginez, zutik. Loradun bata narrastuekin atsoak ateratzen ziren bebarruetatik zabor poltsak espaloi izkinetan utzi eta desagertuz. Teresa zapatilla beroekin imajinatzen saiatu zen, baina alferrik. Erbestea beren baitan daraman jendeak taxi, geltoki eta hoteletan aurkitzen duela pausalekua ohartu zen eta, pasoko hegaztiak bezala, iragaitzaz bizi direla dauden lekuetan.
Berriro hostalera itzuli eta Teresa besarkatzeko gogoa sentitu zuen, agian biharamunean berandu zatekeela pentsatuz. Benta Berritik aurreraxeago, Etxe Maiteko rotulo gorriek errepidea argitzen duten gunean emakume bat edo beste somatu zuen espaloian ibilian geldi eta auto bakar bat argiak itzalita bazterrean. Ez omen zioten ezertarako betarik eman. Gainera oldartu zitzaizkion gizonek Teresa bakean uzteko agindu zioten ukabilka eraso aurretik. Konortea galduta utzi zuten lurrean eta, ospitalean kontatu ziotenez, inguruan ziren emakumeetako batek eman zion abisua anbulantziari. Kamillan atera zutenean ere, Teresaren izena aipatzen omen zuen behin eta berriz. |
© Joxean Agirre