2

 

        Gran Viako denda batetik atera eta espaloian barrena abiatu zen presaka, norbait berantetsirik zain balu bezala. Apur bat azkartu egin nuen nire pausoa, baina ez nuen aurreratzerik lortu. Pauso laburrak ematen zituen, baina dantzarisa batek bezain arin eta presaka eta beharbada horixe zela erabaki nuen emakume harengan atentzioa deitzen zidana, dantzan ondo egiten duten emakumeek bolada honetan nigan sortzen duten lilura.

        Beroki luze bat zeraman, baina seguru nengoen barrutik seda txurizko traje arinarekin zihoala. Beharbada zita garrantzitsu bat zuen nonbait, gizonezko bat ordularia kontsultatuz pub bateko barren argitzalean, beti baitaude gizonezkoak ilunabarreko orduetatik aurrera ordulariari tarteka begiratuz zitaleku jakinetan. Neu ere inoiz edo behin egona naiz beroki luze batean bildutako emakume bat noiz agertuko zain eskaiz forratutako barra baten kontra edo hotel argitsuetako bestibuloetan. Ondotxo dakit nik ere denborak zein luze jotzen duen edalontziko jela zatiei begira, hareazko ordulariak bailiran, ur bihurtzen ari diren bitartean.

        Azkenik, ordubete edo biren atzerapenarekin agertzen denean, ez du musu labur bat emateko ere astirik, desenkusak agertu nahi ditu eta berokia kentzen hasten da atzerapenaren arrazoiak esplikatzen ari den bitartean, ohartzeke ez duela izan soinean arropak jazteko betarik. Barraren kontra edo hoteleko bestibuloan dauden bezero apurrak une batez biluztu den emakumeari begiratzen diote harriturik eta biok barre egiten duzue, elkar besarkatuz.

        Gran Viako denda batetik atera den nire emakumeak zeharbidea zeharkatu du gorrian. Autoak meteoritoak bezain azkar iragan zaizkio ondotik, baina mirariz ukitu gabe. Jauzi txiki bat egin du galtzadatik espaloira, minueto baten konpasa aldatu balu bezala eta Licenciado Poza kalean gora desagertu da bere pauso presakorrarekin, euria ari balu bezala edo, ez dakit, biluzik doan emakume baten pausajearekin.

 

 

© Joxean Agirre

 

 

"Joxean Agirre / Elgeta" orrialde nagusia