XXV
Ez dakit zer ordutan.
Seguru aski ilunabarrean izan zen.
Ez dakit zer eguraldi zen.
Esan didatenez langarra zen.
Zeruaren gabardina
erdi-betz erdi-grisari
zerizkion malko lanbrotsuak
belardien usai ezkutua
agertarazi nahian omen zebiltzan.
Santa Barbara aldeko ilunaldia
ekaitzari bideak
idekitzen ari zen.
Denboraren fitxero sekretuan
programaturik nengoen,
baina nik ez nekien deus.
Etxekoek bazekiten,
apaizak ere bai.
alkateak ere-bai
Denboraren erlojuan
1948.go martxoaren 17an
arratsaldeko zortzirak ziren
eta
lanbro akonpasatuaren
melodia monotoniatsua
lurraren sabel borobilari
deika eta deika hasi zen
ateak ideki arte,
baina nik ez nekien deus.
Nafarrak eta Gipuzkoarrak
gorratatu ziren toki hartan,
han,
oharkabezko ustekabean,
danbadako batean
han,
Uitzi aldeko medien parean
eta Gipuzkoakoen magalean
erreka-zoztor baten ertzean
utzi ninduten ilunabarrean.
Eta nik ez nekien deus.
Bizitzaren persianatik zintzilik
gelditu nintzen
etorkizun hobeago baten esperoan.
© Mikel Arregi