V
eta orain
boza ere kendu didatenean
nola kantatuko dut
arimaren atsekabea
bizitzaren nekea
behar dudan guztiaren premia?
Hitzik gabe
nola eman
egunero behar dugunaren berri?
Nola adieraz
bagarela
eta ez garela izanen
eta garen
eta izatea nahi dugun pixka ere
ari zaizkigutela kentzen,
arima erdi-erditik puskatzen?
Nola prometi
izan gaitezkeela hobeak
kendurik oraingo nekeak?
Egun
ogia ebasten badigute
bihar
haizea ere
pozoinaz beterik emanen digutela?
Nori kanta
entzumena ere ohostu badigute?
nork altzatuko du boza
dorreen gainetik
fusilak dituela aurrean
denok heriotzaren atetan
bakarrik abandonatzean?
Herri Behera lehor
gelditu bada
zeinek bustiko ditu
gure eztarriak
eta idekiko belarriak?
Eskurik gabe
zeinek eginen digu ogia,
zeinek prestatuko
izpiritua mantentzeko janaria?
Nork laztanduko
neskatxa gazteen bularrak
eta titia eman haur ttikiei,
bularrak ere moztuak izanen zaizkien egunean,
gizaki guztiok hilotz gelditzean?
© Mikel Arregi