III
zuek hil zineten,
atomo,
huts,
huts
bihurtu zineten,
zuek, hil zinetenek,
ezin dezakezue
gehiago sufri
berriz bizi
gizonaren nekea konpreni
zuek zarete
egi-egiaz alaiak
lurpean hezur-mendiak;
gu bizitzaren morroi ta mandatariak.
bizitzak garamatzi
arrastaka bere eskutik
hemen ez dago
ez poz eta ez egunsenti;
beti, gaur eta bihar
kateaz lotuta
bizitzaren bidetik
beti bere atzetik
hemen ez dute balio libertadeek
gizon dirudunek maiztxo
dizkioten legeek
elizaren pakeek.
zuek ez dakizue zer den
betikoan bizitzea
pausa-leku bat ez dugula
egunerokoan jarraitzea
beharrezkoak ez garela sentitzea.
gu,
ezker ala eskuineko
ez gara zoriontsu.
kantu hau
aditzen baduzue ere
ez esna(tu)
ez urrikal(du)
ez naiz
ez gara zoriontsu.
© Mikel Arregi