II
 
        Zorionek, emakume ia guztiek bezalaxe, bere maitasunezko istorioa izan zuen.
        Haren aita, igeltsari-buru ona, aldamio batetatik erori zen eta hil. Gero beraren ama hil zen, nebarrebak desagertu ziren, eta bakarrik eta umezurtz, kolono batek hartu zuen eta bere abeletxeko behiak zaintzen jarri. Neskatila gixajoak dardar egiten zuen bere piltzarren azpian, ahozpez edaten zuen potxingetako ura, edozergatik jipoitzen zuten eta, azkenean, bota egin zuten, bidegabeki hogei eta hamar sueldo lapurtzea leporatzen ziotelako.
        Laster beste landetxe bat aurkitu zuen, zeregin berberetan iharduteko, eta ugazabak tratu berezia emanez hasi zirenez, bekaizkeria piztu zuen bere neskamekideen gogoan. Abuztuko arratsalde batetan (Zorionek orduan 18 urte zeuzkan), bere lankideek Colleville-ko jai batetara eraman zuten.
        Zorione txunditu eta nahasi zuten musikaren zaratak, zuhaitzetan dilindan zeuden argiek, traje arraroek, blondek eta farfailek eta urrezko gurutzeek, batera dantza egiten zuen jende samalda guzti hark.
        Bera, apala zenez, ezkutatu egiten zen zaratots hartan, baina zalgurdi baten lantzan bularraldeaz euskarritzen zen gazte batek, pipa erretzen zuela eta aberats itxurakoa, dantza egiteko gonbidapena egin zion.
        Mutil gazteak sagardoa, kafea, gailetak eta zetazko zapi bat eskaini zizkion; eta, neskari atsegina zitzaiolakoan, laguntzeko eskaintza egin zion.
        Oladi baten ondoan, basatiki lurreratu zuen. Neska orduan beldurtu zen eta oihuka hasi. Mutilak ihesari eman zion.
        Beste gau batez, Zorionek Beaumont-eko errepidetik sarale gurdi handi bat pasatzen ikusi zuen, oso geldiro, eta gidatzen zuen gizona Teodoro zela konturatu zen. Teodoro nare hurbildu zitzaion, barkatzeko eskatuz, gau hartan mózkortuta zegoelako.
        Neskatilak, nahastuta, ez zuen asmatu ezer erantzuten, eta lasterka ihes egitea otu zitzaion.
        Gero Teodorok bertan geratu nahi zuela erantsi zuen. Bestalde, ez zeukan presarik eta bere gustuko emakumea nahi zuen. Neskatilak burua makurtu zuen. Orduan Teodorok ea ezkontzeaz pentsatu zuen galde egin zion. Zorionek, irritsu, ez ziola adarra jo behar ihardetsi zion.
        — Ez!, zin dagizut... —esan zuen Teodorok, eta gerria inguratu zion bere ezker besoaz... Neskatila Teodorori atxekia zihoan; lokartzen ziren...
        Haizea leuna eta laztangarria zen; izarrak dir-dir ari ziren; sarale gurdikada handia beraien aurrean kulunkatzen zen eta lau zaldiek hausmordo trinkoak sortzen zituzten beren ibilkera nekorrarekin. Ondoren, mutilak aginduta eskuinalderantz jo zuten. Berriro mosukatu zuen, neskatila ilunpean desagertu zen. Hurrengo astean, Teodoro eta Zorione berriro zitatu ziren. Baratze bazterrean biltzen ziren, harresi baten ostean, zuhaitz bakarti baten azpian. Zorione, beste neskatilak ez bezala, ez zen inozoa: animaliek hezi zuten. Baina zentzumenak eta bere ohorearen instintuak amore ematea galerazten zioten. Amore ez emate honek Teodororen maitasuna areagotu zuen, hainbesteraino non bere gogoa betetzeko (ingenuoki agian) ezkontzea proposatu baitzion.
        Zorione sinesgaitz zegoen. Mutilak agindu egin zion, zin egin zion.
        Gero, Teodoro bere nahigabeez mintzatu zitzaion; aurreko urtean gurasoek ordezko bat lortu zuten diruz, baina edonoiz dei egin liezaiokete; soldadu joan behar izatea pentsatu eta ikaratzen zen. Koldarkeria hau Zorionerentzat samurtasun-froga bat izan zen eta berea indartu zen.
        Zorionek ihes egiten zuen gauean eta zitalekura abiatzen zen korrika. Bertan Teodorok torturatu egiten zuen bere kezka eta eskeekin.
        Azkenez, hura bera joango zela prefektuetxera informeak bilatzera eta hurrengo igandean gaueko hamaikak eta hamabiak artean eramango zituela jakinerazi zion.
        Unea heldu zen eta Zorione tolesgabea bere maitalearengana joan zen.
        Beraren ordez, lagunetariko bat aurkitu zuen. Beronek ez zuela gehiagotan ikusi behar esan zion. Soldadutzatik libratzeko, Teodoro atso aberats batekin ezkondua zen, Lehoussais de Toucques andrearekin. Gertaera honek atsekabe handia sortu zion. Neskatila gixajoa lurrera erori zen krisialdi batek jota, Jainkoari otoitz egin zion eta bakar-bakarrik landa batetan negar egin zuen arturratu arte. Berehala landetxera itzuli zen, handik alde egiteko zuen asmoa jakineraziz, eta hilabete amaieran, bere kontuak kitatu ondoren, bere fardeleria bildu zuen zapi batez eta Pont L'Evêque-ra itzuli zen.
        Ostatu baten aurrean, alarguntsa jantzia zuen auzategiko andre bati galde egin zion, eta hain zuzen ere sukaldari baten bila zebilen. Zorionek ez zekien askotxo, baina Aubain andreak bere borondate ona eta eskari gutxi egiten zuela ikusirik, zera esan zion:
        — Ados: onartzen zaitut.
        Ordu laurden geroago, Zorione etxean kokaturik zegoen. Hasiera-hasieratik, «etxeko ohiturek» eta gauza guztietan agertzen ziren jaunaren oroitzapenek sortzen zioten sentipen arraroa nabaritu zuen. Pablo eta Virginia, zazpi eta lau urtetakoak, harribitxiz osatuta zeudela ematen zuen; Zorionek bere lepoan zeramatzan, zaldi gisa, eta Aubain andreak hainbeste mosukatzea debekatu zion, biziki nahigabetuz. Hala ere, zoriontsua zen; beldurraren gozotasunak tristezia ezabatu zion.
        Ostegunero, solaskideak etortzen ziren hiruren jokua egitera. Zorionek aurretiaz kartak eta suontziak prestatzen zituen. Bisitariak zortzietan heltzen ziren eta hamaikak irian joaten ziren.
        Astelehen goizetan, hurreneko atarian bizi zen truka tzaileak espaloira ateratzen zituen bere traste zaharrak. Gero, hiria ahots-dundurio batek betetzen zuen, zaldien zantzoak, bildotsen beekadak eta txerrikumeen kurrinkak kalesek kaletik ibiltzean sortzen zuten zurrumurru motelarekin nahasten ziren.
        Eguerdian merkatuko tokirik garaienean baserritar garai bat agertzen zen, sudur zorrotza; Robelin zen, Geffosses-eko maizterra; geroxeago Liebard heltzen zen, Toucques-eko maizterra, behe, lodi eta gorria, jaka gris batez eta ezproindun botez jantzia.
        Biok oiloak eta gaztak eskaintzen zizkioten ugazabari.
        Zorione beti bi baserritarron maltzurkeriez ohartzen zen, eta horrexegatik oso aintzat hartzen zuten.
        Zenbait egunetan, Aubain andreak Granville-ko markesaren bisita izaten zuen. Bere osabetariko bat zen, bizioek lur jota, Falaise-n bere azken lur zatian bizi zena.
        Markesa bazkalorduan agertzen zen beti, bere urtxakur nazkagarriarekin, animaliak bere hankez altzari guztiak zikintzen zituela.
        Zaldun itxura emateko ahaleginak egin arren, «nire aita ona» zioen bakoitzean kapela altxatuz, bizioak harrapatzen zuen, ardo kopak isurtzen zituen eta neurritik pasatzen zen. Zorionek bere albotik bazterrerazten zuen eztiro zera ziotsola:
        — Nahikoa da, Granville jauna!... Hurrengo arte —eta atea ixten zuen.
        Gustora jokatzen zuen honela Mr. de Roussais-en aurrean. Prokuradore izandakoa, gorbata zurien eta soileri eta lebita beltzaranaren gizona zen, aurrez-aurre begiratzen zionean gizon nagusi eta apart bezala miresten zuena.
        M. de Moussais-ek «andrea»ren jabetzak administratzen zituenez, beti bi orduz jaunaren gelan sartzen zen eta bere eginbeharren morroia zen, magistraturaren mireslea, eta halako latindar-gogoa zuen ere.
        Haurrei aise eta atseginez irakasteko, karta geografiko batzu oparitu zizkien. Munduko zenbait eszena ziren: lumaz estalitako gizajaleak, tximino bat dontzeila batekin zirrika, basamortuko beduinoak, balea arpoieztatu bat, etab. Pablok grabatu guzti hauen azalpena eman zion Zorioneri.
        Hauxe izan zen haren literatur erudizio guztia. Haurrena Guyot-i zegokion. Udaletxeko enplegatu gixajo bat zen, bere esku politagatik eta bere lumaiztoa bere bota gainean zorrozten zuelako ospetsua.
        Eguraldi ona egiten zuenean goizean goiz Geffosseseko landetxera joaten ziren.
        Baila gainbehera zegoen, etxea erdian eta, urruti-urrutian, itsasoa orban grisa bailitzan agertzen zen.
        Zorionek bere otarretik haragi hotz errabetak ateratzen zituen eta esnetegi ondoko solairu batetan gosaltzen zuen. Gaur egun desagertua dagoen jolasgela baten hondakinak ziren. Haize-korronteek paretetako paper puxka zaharrak higitzen zituzten.
        Aubain andreak burua makurtzen zuen gogoetatsu; haurrak ixildu ziren...
        — Baina ez al duzue jolastu nahi!- —zioen amak... Eta haiek alde egiten zuten.
        Pablo abeletxera igoten zen, txoriak harrapatzen zituen, karanbolak egiten zituen harresi gainean edo makila batez danborrak bailiran durundi egiten zuten upel lodiak jotzen zituen.
        Virginiak jatekoa ematen zien untxiei, lasterka abiatzen zen axuleiu bila eta bere ointxoen arintasunak eta mugimenduak bere galtzatxo brodatuak ikusgarritzen zizkioten.
        Udazkeneko arrastiri batez beren etxera itzuli ziren belazeetatik. Ilgorak ortze puxka bat argiztatzen zuen eta laino trinko bat geldo higitzen zen Toucques-eko inguruminguruen gain.
        Soropilean etzanik betalde batek lasai pasatzen ziren lau pertsona haiek begiratzen zituen.
        Hirugarren aldiz bazkatu ondoren, batzu jaiki ziren; gero artez Aubain andrearen familiarenganatz joan ziren.
        — Ez izan beldur —esan zuen Zorionek. Eta halako kantu edo erosta bat murmurika, hurbilen zegoenaren aurpegiraino iritsi zen, behia itzuli egin zen eta ihesari eman; enparaukoak bildu ziren.
        Baina hurrengo belazean zehar abiatzen zirenean, orroe izugarria aditu zuten. Ilunpean ezkutaturik zegoen zezen bat zen. Bi emakumeenganantz aintzinatu zen. Aubain andreak antxintxiketan alde egin zuen.
        — Ez, ez, geldi zaitezte! —esan zien Zorionek. Hala ere, haiek ibilkera azkarragotu zuten, eta ondoren hurrantzen zitzaien parra ozen bat aditu zuten. Eskalapoiek mailu gisa pentzeko belarra zapaltzen zuten. Zezena arrapaladan hasi zen beraien atzetik.
        Zorione gelditu egin zen; eta bi eskuez lur-zotalak erauziz begietara bota zizkion.
        Zezenak burua makurtu zuen, adarrak astindu zituen eta furfuriaz dar-dar eginez orroe izugarri bat bota zuen.
        Aubain Andrea, belardiko bazterrean bere semealabekin batera, hesia gainditzen ahalegintzen zen.
        Zorionek atzera egiten zuen zezenaren aurrez aurre eta itsutzen zuten soropil zokilak jaurtikitzen zizkion, bere ugazabandreari zera errepikatzen zion bitartean:
        — Gainditu hesia, gainditu hesia!...
        Aubain andrea zulogunetik jaitsi zen, Pablo eta Virginia bultzatu zituen, hamaika bider erori zen ikean gora eta, jauzi egin zuten fierki.
        Zezenak Zorione hesiaren kontra zokoraturik zeukan; aurpegitik lerdea zerion eta segundu bat geroago, seguraski deuseztatu egingo zuen. Zorione hesi azpitik irristatu zen trebeki, eta animalia haserrea harrituta gelditu zen.
        Gertaera hau urte askotan zehar hizketagai izan zen Pont L'Evêque-n. Zorione ez zen inoiz harro agertu eta ez zen here heroitasunaz konturatu.
        Zorione Virginiaren zerbitzuan zegoen oso-osoan, ikaraldien zioz nerbioetako gaisoaldi bat izan zuelako, eta M.Poupart doktoreak Trouville-ko itsas bainualdiak hartzea aholkatu zion.
        Sasoi hura ez zen bainuetarako egokia.
        Aubain andreak aurretiaz informazioa jaso zuen, M de Bourais-i galdetu zion eta bidaia luze batetarako prestaketak egin zituen. Ekipaia bezperan irten zen Liebarden gurdian. Biharamunean bi zaldirekin heldu zen; biotariko batean emakume-aulki bat zegoen, herenilezko bizkarraldea zuena, eta bigarrenean gilbor gainean kapa tolestu batek halako aurrekaldeko eserlekua eratzen zuen. Aubain andrea azkena jarri zen; Zorionek Virginiaren arta bereganatu zuen, eta Pablo Lechaptois-ek ederki zaintzearen baldintzapean lagatu zien astoaren gainean jarri zen.
        Bidea hain txarra zelarik, bi ordu behar izan zituzten zortzi kilometroak egiteko.
        Zaldiak belaunetaraino sartzen ziren basan, eta irteteko itsumustuko mugimenduak egiten zituzten hankez.
        Zenbait lekutan, Liebard-en astoa bapatean hondoratu egiten zen. Liebard patxadaz bere zaldieria bidean berrabiatzearen zain geratzen zen, eta bideondoan jabegoak zituzten pertsonei mintzatzen zitzaien bitartean, bere narrazioa apaintzen zuen hausnarketa moralak eginez.
        Honela, Toucques-en erdian, amatxilorez inguratutako leihoen azpitik pasatzen zirenean, zera esan zuen lepoa higitzen:
        — Hona hemen Madame Lehoussais, mutil gazte bat bilatu beharrean...Zorionek ez zuen ulertu Liebard-en esaldien esanahia.
        Zaldiak trostan zebiltzan, astoa asapalan, denek bidezidor batetatik jo zuten. Langa bat ireki zuten, bi mutil agertu ziren eta denak jaitsi ziren atearen aurrean.
        Liebard atsoa, bere ugazabandrea heltzen zela konturatu zenean antxintxiketan joan zen harrera egitera.
        Bazkaltzeko, behi-solomoa, tripakiak eta odolkia, oilakia eta sagardo apartsua jarri zizkien, eta bazkalburu opil bat eta aranak pattarretan; eta hau guztiaren osagarri, etengabe balakuak egiten zizkien Aubain andreari, osasunaz ezin hobeto zegoela esanez, ezin ederragoa iruditzen zitzaion Virginia neskatilari, eta mutil gihartsua zen Pablori, Liebard familiak beste garai batez zerbitzatu zituen hildako ahaideekiko oroitzapenak ahaztu gabe.
        Landetxeak, biztantzen zuen familiak bezala, halako zahar itxura zeukan. Sabaizuneko armadurak bipiatuta zeuden, hormak keak belzturik, eta adreilu grisezko zoladura hautsez estalita. Haritzezko arasa batetan edozelako tresnak zeuden: opotsak, platerak, eztainuzko goporrak, otsoentzako arteak, aharientzako belarriak.
        Xiringatzar batek barrea eragin zien umeei. Zuhaitz guztiek oinean onddoak zituzten eta abar usuak. Haizeak asko hautsi zuen. Arbola guztiak makurtu egin ziren fruitu ugarien zamapean.
        Lastozko sabaiek, herenile beltzaren antzekoak eta lodieraz ezberdinak, erauntsirik gogorrenei eutsi egiten zieten.
        Bitartean, gurditeria erabat hondatuta zegoen.
        Aubain andreak abisua emango zuela esan zuen eta zamabereak prestatzeko agindua eman ere.
        Oraindik Trouville-ra heldu arte ordu erdi inguru beharko zen.
        Talde txikiak oinez zeharkatu zituen Ecose-ak, halako amildegi makur eta ezberdinak, eta hiru minutu geroago Devid atsoaren urrezko bildotsaren bailan sartzen ziren.
        Lehen egunetatik, Virginia hobe sentitu zen, aire aldaketaren eta bainualdien eraginen zioz.
        Virginia, bestelako janzkirik ez zuela, atorraz bainatzen zen, eta bere sentzainak bainulariek gela gisa zerabilten mugazainen txosnan janzten zuen.
        Arratsaldeetan astotxoarekin Rodes-Noises-eko beste aldera joaten ziren, Hannequeville ondora. Zidorrak itzuli-mintzuli egiten zuen lur belartsuen artetik; ondoren halako lubeta batetara igoten zen.
        Bidertzean sasiak eta gorosti handiak altxatzen ziren. Zuhaitz idor batek ortze urdinean bere abar soilez kapritxozko sigi-sagak marratzen zituen.
        Ia beti Deauville-ren ezkerraldean eta Havre-ren eskuinaldean itsasoari begira zegoen zelai batetan atsedenaldia hartzen zuten. Itsasoa leku hartatik eguzkiaz dirdiratsua antzematen zen, ispilu bat bezain leuna eta hain emea non ozta-ozta nabaritzen baitziren beraren murmurioak. Kurloiek, ezkutaturik, musika jainkotiarra abesten zuten, eta ortzegoi eskerga koloreaskotako nabardurak zituen ikuskizun haren gailurra zen.
        Aubain andreak harri baten gainean eserita, josi egiten zuen; beraren ondoan, Virginiak ihiez txirikorda kapritxosoak egiten zituen; Zorionek izpiliku-loreak jorratzen zituen; Pablo, aspertuta, haserretzen ahalegintzen zen.
        Bestetan, Toneques txalupatxo batetan igaro ondoren, maskor bila ziharduten. Itsasbeherak agerian utzi zituen itsaslakatzak eta medusak, eta umeak lasterka abiatzen ziren haizeak izpazterrera zeramatzan apar-malutak hartzera.
        Uhin lokartuak harearen gain erortzen ziren, hondartzan zehar desegiten ziren, urrutiagoraino hedatzen ziren; baina lurraren mugan hareazko bi muintxo zegoen, hipodromo erako zelai luzea zen Marais-etik bereiziz.
        Bertatik itzultzen zirenean zapaldako aldats gainetik Trouville urrats bakoitzeko handiagotu egiten zen begiratzean, eta bere etxe-laberinto guztiarekin anabasa alaian desagertzen zela ematen zuen.
        Egun berotsuetan ez ziren beren gelatik irteten. Itsasoko uhinak urdineztatzen zituzten eguzki-geruza itsugarriek etxeko burdintsareak eta xaretak bainatzen zituzten. Ez zuen ezein zaratak mendilerroetako ixiltasuna zauritzen. Ixiltasun honek etxeen lasaitasuna handiagotzen zuen.
        Urrutian itsasoratzen mailuak durdurio egiten zuen untzien hondoaren aurka talka egitean eta haizeska nekor eta geldo batek mundrunaren usain sarkorra zekarren.
        Olgura bakarra itsasuntzien itzulera zen. Buiak askatu ondoren inguratzen hasten ziren. Oihalak habeen bi herenetara jaisten ziren, eta trinketak, globo bat bezain puztua, uhinen mugiduraz aurrera egiten zuen irrist eginez portuko erdiraino, bertan bapatean aingura erortzen zelarik. Ondoren, itsasuntzia kairatu egiten zen. Marinelek arrainak botatzen zituzten untziertzaren gainetik; bazterrean gurdi ilada bat beraien zain zegoen eta kotoizko kapeladun emakume grinatsuak oldartzen ziren otzareak jaso eta beren gizonak besarkatzeko.
        Egun batez, honelako emakume bat Zorionerengana zuzendu zen eta berau geroxeago pozarren etxeratu zen. Zorionek bere ahizpetariko bat aurkitu zuen.
        Anastasia Barette, Leroux-en emaztea, titiume bat, beste umetxo bat eskuin eskutik lotuta eta ezkerrean loresorta bat zuela agertu zen, ukabilak aldaketan ezarrita eta kapela belarrietaraino zuela.
        Ordu laurdena igarota, Aubain andreak gizalege handiz agurtu zituen bisitariak.
        Zorionek bere ahizparekin topo egiten zuen beti haurrekin paseiatzen zebilenean, eta sukaldean zegoenean ere noizean behin beraiekin egoten zen. Senarrak ez zion inoiz bisitarik egin.
        Neskatila gixajoak beretarrekiko maitasun handia erakusten zuen. Maindireak, alkondarak eta bestelako janzkiak eta altzariak erosi zizkien. Argi zegoen bere ahultasun onberaz baliatzen zirela; ahultasun honek Aubain andrea asaldatzen zuen; gainera, ez zuen laket iloba nagusiaren mutirikeria, umeekiko begirunea galdu zuelako; eta urtaroa harez gero ona ez zelarik, Pont L'Evêque-ra itzuli ziren.
        M. Bourais-ek Pablorentzat zalantzaz aukeratutako ikastetxearen berri eman zuen; Caen-eko ikastetxea dudarik gabe hoberena zen, eta Pablok pozarren agurtu zituen, ziur asko lagun onak aurkituko zituen zentru batetara bizitzera joango zelako.
        Zorionek Pablo ez zegoela nabaritzen zuen, haren falta sentitzen zuen; baina zeregin berri batek betetzen zuen; Gabon egunetik egunero katekesira eramaten zuen Virginia.

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Karlos Santisteban

 

 

"Gustave Flaubert - Bihotz apala" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus