I
 
        Mende erdi baten zehar, Pont L'Evêque-ko auzotarrek bekaizkeria izan zioten Aubain andreari bere Zorione neskamea zela eta.
        Urtean ehun libera kobratuz, Zorione andre onak etxe batetako zeregin guztiak betetzen zituen: josi, garbitu, kasatu, janaria prestatzen zuen, bazekien zaldi bat bridatzen eta oiloak loditzen, eta bere burua apaintzen zuen ere, bere ugazabandreak zion begiramenagatik harro, Aubain andrearen izaera oso atsegina ez izan arren.
        Andre hau 1809. urtearen hasieran hil zen ondasunik gabeko mamarro batekin ezkondu zen, bi umetxo eta zor piloa utziz. Orduan, Aubain andreak, bere ondasun higiezinak saldu zituen, Toucques-eko landetxea eta Geffosses-eko etxaldea izan ezik, zeinek 5.000 liberatako errenta ematen baitzuten, eta Saint Melaineko bere etxea utzi zuen, beste etxe apalago bat biztantzeko, bere arbasoena izandakoa eta Merkatuen atzean kokatua.
        Etxea, arbelez estalia, ibaiarekiko mugakide ziren kalexka baten eta zeharbide baten artean kokatua zegoen, eta barrualdean kontuz ez ibiliz gero behaztopa egiten zuten maila ezberdinak zeuzkan.
        Atalondo mehar batek sukaldea eta ezkaratzea bereizten zituen eta Aubain andrea eguneko ia ordu guztietan aulki batetan eserita egoten zen leiho ondoan, zuriz pintaturiko kasetoidura gainean, kaobazko zortzi aulki zegoen ederki lerroturik.
        Barometroaren azpian, piano zahar batek piramide gisa zegoen kartoizko kutxa pila bati eusten zion.
        Tapizeriazko bi irudi ederrek Luis XV estiloko marmol horizko tximinia atontzen zuten, eta beronen erdian Vesta-ren tenplua irudikatzen zuen mahai-erloju bat zegoen edergarri.
        Gela honetan hezetasun handia sentitzen zen, zolua lorategia baino behexeagoa baitzen.
        Lehen solairuan andrearen ganbara zegoen, oso handia, lore horizuridun paperez apaindua eta bertan Jaunaren erretratu bat ikusten zela, maritxu gisa jantzita. Gela hau beste gela ttipiago batekin lotuta zegoen ere, zenbait altzariz eta bi haurrohe biluziz apaindua. Ondoren aretoa zegoen, beti itxita eta oihal batez estalitako altzariz bete-betea. Pasabide txiki batetatik irakurgelara iristen zen: liburuek eta papertzarrek liburutegi baten apalategia babesten zuten, alboetatik intxaurrondozko idazmahai zabal batek inguratua.
        Leiho baten orriak lumazko marrazki batzuk, urkolorezko paisaia batzuk eta Audran-en grabatu batzuk ezkutatzen zituzten; denak beste garai hobe eta itzaldutako luxuen oroitzapenak.
        Bigarren solairuan, argileiho batek kanpora begira zegoen Zorioneren gela argiztatzen zuen.
        Zorione goizturratzearekin batera jaikitzen zen eta gautu artean lan egiten zuen etengabe; afaria bukatzen zutenean ontziteria garbitzen zuen, egurra gordetzen zuen errauts azpian, ongi ixten zituen ateak eta loak hartzen zuen sutondoan, bere arrosarioa eskuan zeukala. Ez zituen inork betetzen bere eginbeharrak tematsuago. Garbiketa eta txukunketari dagokienean, eltzeen dirdira gainerako morroien etsigarria zen.
        Zorione emakume eratsu eta ekonomikoa zen; geldiro jaten zuen eta bere ogiaren otapurrak biltzen zituen. Hark berak egositako hamabi liberatako ogia zen eta hogei egunetarako aski zuen.
        Betiere, bizkarraldean iskilinba batez atxekitako emakume indianoen zapiaz, bere ileei lotutako txano batez, bere galtzerdi grisaz, eta bere gonazpiko gorriaz janzten zen, atorraren gainean amantal bat jartzen zuela adurretako modura, eritetxeko erizaintsek bezala.
        Aurpegi argalska eta mehea zeukan eta ahots zolia. Hogei eta bost urterekin berrogei leporatzen zizkioten. Berrogei eta hamar bete eta gero, ezina zen beraren adina zehaztea; beti ixila eta urguria, kaizua zuzen eta keinukerak neurtuta, zurezko iruditxo bat ematen zuen, eragingailu automatiko batek higitua.

 

 

© Gustave Flaubert

© itzulpenarena: Karlos Santisteban

 

 

"Gustave Flaubert - Bihotz apala" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus