EPIGRAMAK
XLIX
lakuan erloju naufragoak
koloretako klarionez pintaturiko ortzetan
zintzilik urkatuak
eta sasitzan masustra bi zure begiak
L
hilei deitu eta
erantzun egiten dute
biziei deitu eta
ez dute erantzuten
LI
izpilu hautsiaren zatiak bezala
poema hauk ere
osoago baten puskak dira
eromenarenak edo
LII
horra hor haren gorpua
ez zen esnatu argitasun goibelak lehendabizi
eta gero lehen eguzki errainuek
begi irekiak argitu arren
LIII
lurraren sabela babesten iraunen diagu
hilarri abailduok
hezur ehortziak bermatzen
eta hire haiduru
LIV
ateak hertsi buhameak heltzean
hilerrietan lo eta katuez elikatzen direlakotz
eta haurrak ohostu
eta hurrutian saltzen dituztelakotz
LV
eguzkiloreek
ez zekiten norat beha
hain bait zen
eguzkia dirdiranta
LVI
neskatila itsuaren
zurezko begiak dira
deusetara begira
begirik ederrenak
© Joseba Sarrionandia