OSSIAN

 

                                (Jon Mirande zenaren omenez eskribatu dut

                                poema-narrazio hau, harek ere amets egin

                                bait zuen Tir na n-Og lurraldeaz: «itsasoaz

                                bestaldean, heriotze gabeko Gazteen Lurra,

                                kristalezko abardun sagar-ondoz estalia

                                den hura». Han bego.)

 

Fionno Finn mac Cumhail gure aita

Gabran-go gudalekuan hil zen,

haren semea nauzu, mila batailatako garailearen

eta azkenengoaren galtzailearen semea.

 

Nehork ezagutuko banindu Ossian deituko ninduke oraindik

orduan zaldunek eta neskatilek deitzen ninduten bezala,

eta liburu handitan apaizek urrez idazten zuten bezala.

Egun ez nau nehork oroitzen, eta neuk ere, begi itsuok,

ezin deus ere ezagutu.

 

Gabran-go zelaia odoletan zetzan, uholde antso odol oldea,

erio gorriak muino-bularretan zabaldurik.

Hasi nauzue bada kondatzen istorioa, utz iezadazue segitzen.

Beraz, ni haurra orduan, Niamh itsasneskak hartu ninduen

heriolekutik beirazko xalupan eta eraman

Tir na n-Og paradisura, itsasoaren bestaldera.

 

Hirurehun urtez bizi ninduzun, han non ezer ez den zahartzen,

non eztiarnoa doan erreken ildoetatik lili zimelgaitzez

beterikako baratzetan. Han non zaldunek, heriorik gabeko

bataila artetan, edari eta elikadura xarmangarriak

dituzten, eta emakume lirainak aldemenean. Sagarrak,

beirazkoak bailiran dilindan, eta mertxikak, urrezko

harpen doinuarekin.

 

Hirurehun urte mundutarren itxuraldaketa behatu gabe,

arestian ber, plazeretaz etsitu gabe. Baina,

senditu nuen berriz ere sorlekua ikusteko gogoa.

Niamh maitagarriak arriskuak gaztigatu zizkidan:

hila eta bersortua zela guzia munduan, maizegi,

eta lurra ukituez gero adinarekin berdinduko nintzela.

 

Halabainan, hain bait dira asmo traketsak temati,

zaldi zelatua ekarri zidan, hegaldun zaldi zuria,

harengan bakarrik abia nindekeen itzultzeko.

Egin nuen bidaia eta ikusi nuen bidea eta ez nuen

deusere ezagutu, Gabran-go zelai berriz orlegia baino.

 

«Ez duzu —errana zidan Niamhek— oina lurrean pausatu behar

ezen orduan haren babesera itzuliren zara».

Zaldiaren petrala hautsi, zela irristatu eta lurrarekin bat

egin zen ene gorputza. Eta lurra garratza zen.

 

Altzatu nintzenean agure itsu bat ninduzun,

ene masaileao ildoetan eta zangoen ahulezian. Hona hemen.

Eseria, haurra nintzena agurea, munduan eseria.

Elur malutak —hotzaren zamariak— ene baitara erortzen dira.

Eraman nazazu, otoi, bidaztia, arte baten azpira.

Edozein mundutarren antzera hil baino lehen,

han azalduren dauzkizu istorio gehiago Ossian-ek

Fionno Finn mac Cunhail handiaren semeak.

 

 

© Joseba Sarrionandia

 

 

Joseba Sarrionandia / Izuen gordelekuetan barrena" orrialde nagusia