LEHENDABIZI ORTZEA IZAN ZEN

 

Lehendabizi ortzea izan zen

gero itsasoa, eta harea ere,

geroago beste gauza guziak.

Orain belauntziak sutan dira

han non elkartzen diren ortzea, itsasoa eta harea.

Han dago Lope zohardiaren azpian,

oinak haretan,

ortzadarrari —argiaren habeari so—,

aparrari —gezalaren nigarrari so—,

erroiei —itzal hutsei so— diosala eginik,

so eta diosala halaber hare lurreko arrubioei.

Itsuaren antzera,

harri bilutsiaren antzera dago

bularrak haizearentzat agerrean

eguzkiak zodiakoaren bidea erratzen duen artean,

bere belauntziak erretzen diren artean.

Egunsentiaren eta oskorriaren margoak lausotzen,

eta engoitik galduak usapalak,

karnabak eta indioilarrak ere,

galduak orak eta abereak oro,

sagarrondoak eta basaranak, xenderak eta izpiluak,

galduak halaber argizagia eta artizarra.

Belauntziak sutan ortzemugan mendeen oskorriak.

Ailedi gaua nigana abaildu —oihukatzen du—

Baina eguzkia leinuru bere ainean,

itzalak oro ezabatzen.

 

 

© Joseba Sarrionandia

 

 

Joseba Sarrionandia / Izuen gordelekuetan barrena" orrialde nagusia