HAREN HAIDURU
«Elle fréquentait la rue Pigalle
Elle sentait l'vice á bon marché
Elle était tout'noire de péchés
Avec un pauvre visage tout pale»
Edith Piaf
Ardura ahantziren zaitut zu ere,
ardura ahantziren ditut Nancy eta Katy,
ahantzirik ukanen zaituet haigun udaberrirako.
Baina hura ez, hura gogoan duket orduan eta gerora
eta haren haiduru iraganen ditut betiere arratsak
oroituz haren keinuen laztan amultsuak
haren beirazko begi nabarrak eta dizdiratsuak.
Ez nintzen ni soilik haren besoetan pausatzen,
haunitzek soegiten genuen banan bana dontzeila irudia
ehun libera berri hartzen eta galtzerdi
margotsuetan gordetzen zituen artean:
ikusi zuten betaurreko borobildun ikasleek
heuren alkondara zuriak eranzteko beldurrez,
ikusi zuten itsasoa lehendabizikotz ikustera etorritako
laborariek gelaren bazterretik beha lotsati,
eta portura saldoka heldurikako marinel urdinek
whiskiz bete ondoren sabela hustutzera aurkeztuak.
Haunitz ginen haren gorputz nekatutik
haren begi beltzaranetatik iragaiten.
Erran dautzut, maitea, ahantzi eginen zaitut zu,
zu ere haren islada. Baina oroitu eta igurikatu eginen dut
haren irribarrea, haren elur halako malkoak.
© Joseba Sarrionandia