BITAKORA KAIERA
Ingurubilean barrena abiatu da bidaztia
noiz eta non sartu den oroitzen ez duen arren.
Bidea ingurubila bat dela suposatzen du, gauza berrietan
iragandakoen isladak somatzen dituelakotz.
Baina iraganaren isladak ez dira atseginak, izugarriak dira
zentrorantz amiltzen dela erakusten deraukotelakotz.
Baina ba dea zentrorik?
Ala zabalalderantz amiltzen ote da?
Orduan pentsatzen du gordelekua behar duela eta zokoetan
gordetzen du aldizka bere burua. Baina izuak ere
bergordelekuetan ezkutatzen dira.
Orduan pentsatzen du noraezean galduko dela eta hari bat
behar duela labyrinthoan. Baina zer lokarritan
eutsi haria?
Orduan pentsatzen du oroitzapena bederen sostengatu behar duela
eta bitakora kaier bat eskribatzen du, ilunabarrero.
Hauxe da noraezaren bitakora kaiera, bidaztiak
haizerik gabeko itsasoan galerako ekaitza geroago eta
gertuago somatzen duen lemazainaren antzera idazten du.
Etsipenez eskribatzen du:
ez prophetaren antzera, eroaren antzera baizik;
ez Jainkoentzat, marionetentzat baizik;
marionetak marionetentzat bezala eskribatzen du.
Eta bidaztiak badaki batzutan, baina bertzetan ez daki deusere:
nor den, bere burua nortzu diren ere.
Batzutan pentsatzen du Europan barrena dabilela
eulia emakume bilutsiaren gorputzean bezala.
Bertzetan bitakora kaiereko orrialde hutsei begira geratzen da,
deus ere pentsatu gabe, edo ingurubilak marrazten.
© Joseba Sarrionandia