PROLOGOA
Poema liburu hau argitaratu egin behar zela esan zidatenean zalantzan geratu nintzen, nahiago bait nukeen liburudendetan baino gordairu zaharren batetan atxikitzea, neuri eta adiskideei bakarrik dagokien lana izatea alegia, eta ez epaia espero duen erakustokiko alea. Orain gertaeren halabeharrez liburua zure eskuetara heldu delarik, iruditzen zait azalpen bat bederen zor dizudala, poemek azalpen aski eman behar luketen arren, eta azalpen eta guzi ere aski ez izateko beldur naizen arren.
Esan bezala, nahiago nukeen paper hauk gordairu zaharren batetan eskutatzea, eta ez paper zaharrei aldizka hautse astintzeko atseginagatik soilik, baizik eta beste arrazoinekaitik. Lehendabizi: beti iruditu zait poemagintza literaturaren eremuko alor sagaratuena, idazteko zein irakurtzeko zailena, eta, aldiberean, profanatuena. Bigarren: zalantzan nago ez ote den nire idazlan hau ere profanadorea. Hirugarren: argitarazioari begira, poemagintza bera bezain garrantzitsua da liburuaren tankera eta aurkezpena, eta ezin ditut inprentalana eta enparauak ezertan zaindu. Hiru arrazoin horik bederen, eta gehiago ere, baditut beraz poemon, oraingoz, gordairuan ezkutatzeko gogoaz geratzeko.
Errez idazten dira poemak, baina poesia ona idaztea gauzarik zailena da. Nire aldetik, narratibaren alorrean hobeto senditzen dut ene burua: aisago eskribatzen dut eta lasaiago geratzen naiz argitaratzerakoan. Poesia egitean zalantzak ditut, eta argitaratzerakoan gehiago, ez ote dudanentz poetikarik gabeko edo poetika ahuleko poemagintza egiten. Edozelan ere badakit gauza bat, aitzakia izan nahi ez duena: ez dudala aurrerantzean era honetako poesiarik eginen.
Baina eginari aurpegia eman behar zaionez, Izuen gordelekuetan barrena honetako poemok zertan diren argituko dut apur bat. Bada, urte betean, 1980. urtean zehar, eginikako poemek osotzen dute. Irailan eta Urrian idatzi nuen gehiena, baina urte guzian zehar bildurikako ohar eta gogoetez. Niretzat berezi samarra izan da 1980 urte hau: hogeita bi urte egin ditut, eta inoiz baino askeago senditu izan dut ene burua hazilaren hamairuan aurkezten ari naizen poema bilduma hau osotu berri nuela gartzelara, dirudienez luzarorako, sartu nauten arte. Esan bezala, 1980. urtean zehar sorturikakoak dira poemak eta, banan bana, sortuak direnez areago da poema bilduma, poema oso bat baino. Eta poema bilduma den arren ere, badu bilakaera edo egiturazio orokorra. Bada sarreran, liburua «bitakora kaiera» bat dela esaten da eta ondorengoa, beraz, bidaia bezala azaltzen da, bilduma zazpi zatitan banaturik: Sorterria, Paris, Grezia, Lisboa, Irlanda, Praha eta Deserria, hau da, Europako zazpi lurralde eta hiri zahar mitikotan barrena. Bestalde; ikuskizun, ideia eta egoera niminoak atzeman nahi izan dira epigrametan, eta sail berezia osotzen dute. Orohar, liburua zazpi ataletan banatzen den arren, poema bakoitzak badu autonomia eta, beraz, egiturazio orokorra ez da trinkotzat hartu behar, izan ere bilduma ez bait da homogeneoa, ez lengoaiaren, ez gaiaren, ez tankeraren aldetik. Desberdintasunak daude eta ez ditut orain berdindu nahi izan, liburuari batasun faltsu bat ez ematearren, eta dukeen batasuna desberdintasun eta guzi izan dezan.
Poemagintzaz luzaroan mintzatu gaitezke gaia ezertan ahortu gabe. Poema alosiek iradokitzen dutela uste zuten klasikoek ostera Edgar Allen Poe-k (Ez ote zuen Jon Mirande-k eredutzat?) logikaren sorkaria dela esan zuen; surrealistek subkontzientearen azalbidea aldarrikatu zuten, ostera Bertol Brecht eta bestek (Gabriel Aresti-k euskaratu zuen tradizioan) gizarte errealitatea adierazteko eta burrukatzeko harma zela sinetsi edo sinestarazi nahi izan zuten. Izan ere ez da ezer finkatua, eta poesia idazten hasten den bakoitzak hautatu eta landu behar du bere alorra, bere adierazbidea eta ez beste inorena delako.
Nire poemei dagokien aldetik, hiru gauza iruditzen zaizkit, poemagintzaren sorrerari buruz, aipagarri. Alde batetik literatura oro literaturaren literatura da, hots, literatura berari buruzkoa, eta poema orok aurreko poemagintzan du erroa, eta nirea ere erreferentzia literarioz beterik dago. Beste aldetik, bizimodu arrunteko egoeratan ere sortzen dira ideia literarioak, eta hauetaz ere baliatu naiz. Esate baterako, ene haurtzaroko situazio bat oroitzen dut zenbait poematan: lau urte nituelarik itsutu egin zen hauzoko agurea eta neuk ateratzen eta zaintzen nuen, eskutik oratuta, etxetik kanpora. Harako lekutan zer ikusten nuenentz galdetzen zidan eta nik, bada, nekusana kondatzen nion. Hirugarrenez, Pott Banda aipatu behar dut ene erro literarioei buruz, zeren eta hemeretzi urte nituen sortu zenean eta, erakutsi guti baina ikasi haunitz egin bait dut Bandaren hiru urteko historian. Sei elkartzen ginen Bilboko Alde Zaharreko tabernan: Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Jimu Iturralde, Jon Juaristi, Manu Ertzila eta seirok. Oso desberdinak ginen kreaturok, gero bakoitzari asturuak erakutsi dion bezala, baina orduan nolabaiteko heterodoxiak elkartzen ginduen eta solasaldi atseginak genituen astero. Eskerrak eman nahi dizkiet.
Poemagintzaren arriskuetara itzulirik, uste dut grekoa dela aspaldian entzun, oraindik oroitu, eta kondatuko dizudan istorio hau. Bada, ba omen zen mendialdean bidaiariak zelatzen eta asaltatzen zituen bandido gotor bat; harrapatu ondoren, aldez aurretik prest zeduzkan hilobietara bizirik sartzen zituen. Tamaina desberdineko hilobiak zituen eginik, baina baldin bidaiariaren gorputza luzeegia edo sendoegia bazen, orduan, etzanarazi eta moztu egiten zion hain amultsuki prestaturiko ohantzean sartzeko sobera zitzaiona, hala bidaiari gizagaisoaren oinak zein burua, zein besoak. Istorio honen amaiera aisa asmatzen da Vladimir Propp-en liburuak ezaguturik. Baina, behar bada, amaiera ez duenetarikoa da antzerako beste istorio bat, hau da, irakurlearen aurreritzi eta kritikoen ereduek edozein libururekiko duten bandidaiarena. Esan nahi dut, eta nahi duenak entelegatuko du, poema liburu hau ez dela ez dena, eta ez duela behar zutoihalik ez hilobi arranditsurik, heriotz naturalez dogokion hilobiaz aparte.
Bestalde, maiz entzuten da literatura hau ez dela entelegatzen, zaila dela, eta ea zertarako, ea norentzat idazten dugun. Niri, ea norentzat egin dudan inork galdetuko balit, adiskideentzat egiten dudala erantzungo nioke, agian. Baina besteentzat ugari esan ditzaket egiari, egiarik baldin bada ere, uko egin gabe. Esan dezaket: noizbait gerizak belarrietan eskegi dituztenentzat, itsasontzi zurkaiztuetako kapitainentzat, amodioak edo gaubiolinek erotzen dituztenentzat, eta margo berri bat asmatu duen xirulariarintzat. Esan dezaket: aizkoraz eta sugeaz sobera sinetsi gabe ere arriskuan hurbil somatu ditudanentzat, aztarnarik utzi gabe aldendu direnentzat, Efialtes sortua dela jakinda ere Termopilak defendatzen dituztenentzat, haiduru ditudan bi begi ederrentzat, asturuak alde gaitza seinalatzen dienentzat. Esan dezaket halaber: harpean atxiloturik den Merlin aztiarentzat, egunsentiari diosala irriz egiten dion xorimaloarentzat, presondegietako biztanle etsituentzat, eta kausa galdu ororen gerlarientzat.
Luzatzen ari naiz prologo hau eta ene buruari galdetzen diot ez ote den gartzelitis edo gisako eritasun bategatik. Baina hemen gose greban gaude, Jose Arregi torturez hilagatik, eta, geldirik egonean, gogoeta sobera sortzen dira, gogoeta hutsalak. Baina, kito.
Poema bilduma aurrean duzu, azalpen aski behar luke. Luzaroan esku artean erabili ondoren, orain argitaratu egin behar da, beraz, liburua amaitu da niretzat. Argitaratu gabe, ene gordairuan geratu izan balitz, orduan, amaigabea litzateke, noizean behin begiratzeko eta seme ahul bati bezala laztantzeko beharrizanagatik. Orain ez, argitaratu da, itsasontziak bota duen lastre bezala ahantz dezaket nik ere liburua, bildotsa egozten duen ardiak bezala esan dezaket: iadanik ez da nirea.
Joseba Sarrionandia
CARABANCHEL. 1981-2-15
© Joseba Sarrionandia