Nazaretko Jesusi Euskadiko poetak

 

                      I

Bar-barka zetozkiguk gaur ere hire hitzak,

sakonak,

milaka haize ta gizaldietan nekatuak.

Hire ezpainak

nahiz haitz zuloan lo hartu,

hainbeste laztan loretan utziaz.

Arnas gurdi diagu

hire

hitza.

 

                      II

Desertu zaharrak euripean lo datza.

Eguzki galdako torturapean,

kangrejo azalak bezela

sikaturik

sikutean.

Hire izumeak kixkur nahi zituk gure betazalak.

Mailua edo makalaren antzera

lurrera eroriak.

Hire arnasa, jaio baino lehen hil zan

maitasun zaharra bezela zetorkiguk.

Inoiz baino ederrago hator ostera.

 

                      III

Hator ostera profeta zahar

etxe autsi nekatura.

Larri minak

irentsi zitun miloika gizonen min hertsitura.

Umanitatea

potzu berriak pol-polka zebilek,

pentsamen

eta

kantuen atzetik.

Gizonok eta zakurrak hire gose gaituk.

Lurra bera ere

sikuteak

erdizkatua,

gizonok eta zakurrak bezela hire gose duk.

Nork bete Jesus,

gure zimaurtegitik

ihes

egin huen arratsaldean

utzi huen potzu sikua.

 

                      IV

Bide hertzeko hautsa ere

hire gosez

          bizi duk.

Odoldutako hire oinak

zapal zuten hautsa,

hire gosez

          bizi duk.

Hauts mindu hau,

paretak itxiak

hil nahi ez,

          erreka sortu nahi.

Hauts hau,

hauts

      mindu hau,

hire gose duk,

zakurrak edo errekak bezela.

 

 

© Xabier Azurmendi