Itxas urduria kantari

 

Ni, itxasoa,

          neskatx bat nintzan

          panpoxa

                kuaternarioan,

gero ateoak bezin antzu,

nere bularrak,

ateoak bezin antzu.

 

Nere ondartzatik,

irten ziren ominizatzera

          kanguroa

          eta

                  pitekantropoa.

Gero ez dut egin

          negar baizik.

Mendi danen gatza

          sabelean

          gordeaz.

Gero ez dut egin

          negar baizik.

 

Nere negarra giza negarraren antzeko,

nere negar

gatz soila.

 

Pitekantropoaren semeak

          ihes nagite.

Nere olatuak

          ez dira

          malkoak.

          Gatz huts.

 

Olatuak

mailu golpeak

akantiladoko

          hertzean.

Ur soila naiz.

          Euriak nazka

          ematen dit.

Edur mataza

          olatu gainean.

 

Nigar nahi, itxaron,

ezin dut nigar

          neskatxek bezela.

Neskatx izan nahi nuke,

negar egin

konprendi.

 

Neskatx izan nahi dut.

Kuternarioko lur maiteak

ihes egin zidan.

Mendiek neskatx birjinaren

bularrak bezela

zerura

begira

dagoz.

Neskatx izan nahi nuen.

 

Gaur

neska zahar bat naiz.

Lurraren gatz

                denak

erraietan.

Laztan baten goxorik gabe lotara.

 

Arrainak sabelean

kiribil dagidate.

 

Kuaternarioan erdi nitun

gizonak,

kondoia

          ur baztarrean utziaz

          lotara doaz.

Nik neskazahar

          begirada luzeaz

begira ohi diet.

 

Baina gizonak

nere hertzetan kondoia

utziaz

lotara

doaz.

Gaur ateoak bezin antzu arkitzen

                                            naiz.

 

 

© Xabier Azurmendi