Urrea maite etzutenei kanta zien Jesusek kantu hau
Itxas gainean
jarrita
maitasunez itxaronen dut,
urteek ile zuriz
jantzi arren,
errekaren zuztarretan.
Txalupatxo baten gisa,
ez arrau ez bela,
uraren kapritxora,
presarik ez dun
nomada bezela.
Maite kantetan
itxaronen dut
udaberriren batekin
datorken
maitasuna.
Nere txalupa hau
uraren
loisinek
eta laztanak
gastako
didaten bitarte.
Ezer ez balego
geroan,
bizitza
masusteen laztana bezela
galduko balitz,
maitasuna, belar gainean
karizi
huts
balitz.
Nahiko sari duk
on izatea
izar hoztuen basamortuan.
Hiltzeko jaio zan gizona,
eguzki lorea baino edarrago bai da.
Ikusle batek. (Sudur puntatik zerion tantoa eskuburuz garbituaz)
Arraioa! Nor ote duk gazte hori? Sagardotegiko bertsolaria zirudik.
Beste ikusle batek. Hain ezpain ederreko poeta nor duk?
Herriak (koruan). Hitza Haragi egin zan eta gure artean jarri zun etxabola.
Beste ikusle batek. Har zak baso bat ardo, poeta.
Herriak (koruan). Hitza Haragi egin zan eta gure artean, jarri zun etxabola.
Kondairaegileak. Bertsolari harek, lira eta kantuak utziaz,
zin egin omen zun, zandaliak hartzera berriz etorriko zala,
zandaliak
lira eta
traje beltzitua.
Beragan siniste dutenek, trajea eta zandaliak berriz jaso ditzaten.
Ikusle batek. Inork ez beza poeta beltxexkaren lira ikutu.
Herria (koruan). Jainkoa gizon egin zan eta gure artean jarri sun etxabola.
© Xabier Azurmendi