Koruak. Nere haragi hau, bailestari ihes dagion fletxa duk.
Ikusle batek. Andregaiari kantuz ari zala zirudin.
Poeta beltxexkak.
Hire sabel berde
bortxatu gainean,
hire goroldiotan
nere kantua,
Ilunabar bakoitzean
suzko espuelaz
gultzurrunak erre
dioten
zaldia bezela,
nijoa.
Matxisaltoaren danbor pausoan.
Ilunabar bakoitzean
galdera berri
Telebistak
korneta hustuak bezela
dagi orru,
gizona traje soil
bihurtu nahirik.
Nere goxotasun hau
behazun bihurko balitz,
nork
salbako ziñusteke?
Arratsa ederra
dator,
intzetan igari
egin
berri.
Gaua,
iraindu berri duten zakurra bezela,
bildurti,
lotsati,
dator,
Gaua,
loreak jaso
eta
izarrak piztuaz
dijoanean,
berriro
esnatuko naiz.
Pasione hauek deskantsa ditezen.
Nere pasioneak
nola deskantsa?
Nere ederra
deskantsurik eza da ta.
Hire sabel berde
birjinen gainean,
hire goroldiotan
nere kantua,
ilunabar bakoitzean.
Arratsa,
uso zaurituaren
nekea begietan dula
lotara doanean,
nere deskantsua,
kezka
izanen da.
Koruak. Hitza Haragi egin zan eta gure artean jarri zun etxabola.
Ikusle batek. Arraioa! bazirudik sagardotegiko bertsolari bat.
Kondairaegileak. Poeta, beltxexka zan, begiek belea baino beltzagoak, ume batenak bezin goxoak. Sudurra zerbait kakotua, narrubiak ziruditen haren ezpainak. Bere jantziak ezin ditu inok oroitu.
Kleresziako funzionaroek garraxi zioten, «ixil zazute zakur hori, judio bat duk, zakil punta moztua zemakik, bere hitzak ez ditek urre usairik.
Ez duk urrea maite ez dun judioa baino okerragorik».
Poeta beltxexkak, txingarrak eta eztia begietatik zeriola, poema hau abesten hasi zan. Hura omen zan poeta danetan goxoen eta xarmantena.
© Xabier Azurmendi