Jesus poeta beltxexka

 

Herriak. (Koroan) — Poeta beltxexkaren anima misterio duk, inoiz konprendi ezinen dugun misterio.

Solistak. — Poeta beltxexka, abailaren larruan harri duk, aragiz eta odolez haizeari zulo berri egiten.

Abots ez ezagun batek. — Terapeutikak, sikoanalisiak, edo materiaren filosofiak ez dute inoiz argituko Poeta beltxexkaren bidea.

Ikusle batek. — Poema hau niork konpendituren ahal du?

Herriak. (Koroan) — Poeta ixilaren otoitzak herrira garamazki.

Filosofoak. — Maitatzea ez duk analisia, maitatzen bizi gaituk.

Solistak. — Inoiz, heriotzetik esnatuta, etorri litekek Poeta haundi hura, begiak esku muturrez garbituaz, behar bada misterioaren berri eman nahiez.

Koruak. — Nere aragi hau, egia esan, bailestari ihes dagion fletxa duk.

Kondairaigileak. — Gau hartan Jainkoak etzun kleresziak bezela kanta. Petrismo baten marmol eta ikurrinak alde bat utzirik, su berriz eta lira berriz pobreei kanta zien.

        Guk badugu izkutuko min bat, Jainkoak bakarrik goza lezakena.

        Gau haretan Jainkoa, neskatx poxpolin bat bezela etorri zan gure lurrera, entzun ziotenak hala zioten. «Alajainkoa, euskal bertsolariek bezelatsu kantatzen dik honek».

Koruak. — Nere aragi hau, egia esan, bailestari ihes dagion fletxa duk.

Poeta beltxaxkak. — (Lira goxatu; behatzei xixtu eman. entzuleei begiratu eta kantari hasi zan) .

 

Silosko Santo Domingon

XII-garren gizaldian

 

 

© Xabier Azurmendi