Irudi sakabanatuak

 

Pasaian, gazteluan, gizonek, kaiuaren antzo, habia bat itsasertzean egin zuten. Habia, sugea bezain estu, borobil eta oker etzaten da, itsas gainean dagoen malda batean.

        Bakartiar den paisaje hontara nator, inguruko giroaren gogoa ez da bakardadea. Imajina guztiak ez zaizkio gogozko gure gizarte beldurtiari; eten gabeko ihardunean zuloak tapatu ezinik dabiltza. Gizarteak ez du fantasia maite.

        Gaztelutik ikusten zen, portua itsas barrura nolaz luzatzen zen. Batzuentzat kaia, haitzulo ilun bat zen, ilunaren beltza gatik, kolore gabea.

        Portuko sarreran marmoka urdin bat airean dabil. Bere gorputzak aurpegirik ez baitu, irrigar alaitsu bat sortzen du bere zortzi besoez. Marmokak itsasoa utzi du eta airean dabil ura dariola, egon ezin handi batekin. Baina gau hartako uhin beltzek marmoka urdina irentsi dute. Itsasoa, marmoka galtzeko ez zegoen prest eta marmokak airean ibiltzeko eskubidea galdu du.

        Eguna amaitzen denean, gaua bezten denean, misterio deigarriak sorrarazten ditu gauaren beltzak. Gau hortan nik ez diot, zor diodanari, leialtasuna gordeko eta gauero bezala, gauero, desleial izanen natzaio.

        Portu barrura karramarro bat heldu da, bapore handiarekin batera. Portu erdian karramarroa geratu da, itsas hondoa zulatuz, urak sakontzeko asmoarekin. Baporea bere bideari jarraitu zaio eta oihu baten modura tutua jo du, kosta hartako kaiu guztiak bereganatuz. Baporea ez da portuan geratu, badoa, atera da portutik, bere atzetik kaiu guztiak daramatzilarik; portua gauari zor dion isiltasunean murgildu da berriro. Karramarroa nekaturik dago, nahiko lur, hondar, harri, arrai, bizi, lapurtu dizkio itsasoari. Burnizko bere hontz zatar handiak goruntz begira jarri ditu, beldurtzen ez duen fantasma izugarri baten modura, errespetua ukatuz zeru lurren egileari, garai hartan amets berriak asmatzen zeruan lotan egongo den, Jainko ahal guztidunari.

        Goitik behera, beheruntz doan hotzikara goxo hori dut gogozko, ilunabar bero gorri bakartietan.

        Behin eta berriro neure begiak itxi ditut, errealitate horren begirada izugarriaren aurrean. Errealitateari so eginik kixkaltzen zaizkit mila koloretako ametsak. Koloreak beltz bihurtzen dira errealitatearen aurpegi gorri-beltzari begiratzean.

        Neure sabel hutsa ukitzen dut, arrazoiak inoiz beteko ez duen sabel hutsa.

        Biharko jatekorik ezak, ez dizkit gaurko ametsak ilunduko.

        Itsasoko urak, marea behera doaz.

        Haitzetatik ihesirik marea behera urruntzen den bezala, hustuz doaz gorputz eta izpirituak, desleialtasunarekin.

 

                Itsaso!

                zuri begira egoteko

                jaio banintz bezala

                nago.

                         Orduaren iragaiteari kasu egin gabe

                         denboraren indarra

                         zure ertzean amaitzen delakoz.

 

        Gauero desleial izanen nauzu, mugarik gabeko udazken gorritsu hartan maitasuna ukatzearekin, gaua erakutsi zenidalako, ni, argiaren maitale nintzenari.

        Hiltzeko gogoak inguruko fantasmak nere ariman biltzen dituenean, ezin besoak zabal bizitza emateko.

        Egia bada zuria dela mantxarik gabeko eguna, ezin desio eguna, mantxa izanik, zuen zuria zikintzen dudalako.

        Mitxeleten antzo kolorez jantzi zaitut, gaueko bide iluna argi dezazun.

        Nere gorputza, berriro, zulo desegokietan sartu dudalako, erori dira bere besoak.

        Pasaian, gazteluan, hondarra zegoen lekuan, zuhaitz handi baten gerizpean kaiu batekin, kaiuaren antzo, eztarria estutuz, ahoa zabaldurik, oihu egiten genuen, hitzaren zentzua galtzen ari zen gizaldi usteldua desafiatuz. Kaiuak eta nik gure begi borobilekin elkarri begiratzen genion, berak bere izatearen berri jakin nahiaz, ni kaiu bihurtu nahiaz.

        Gazteluan ateak, krik!; kristalean klin! egin zuen zuhaitzetik ihes egin zuen hostoaren hotsak. Ziiiiii! zen airearen kexua haize bihurtu zenean.

        Murgildu nintzen, murgiltzen naiz, murgilduko naiz, herriko haizeak sortutako zurrunbiloan, nere herrian, han, nere besoak lasaituko dira, nere behatzak mugituko, eskuak zabalduko, neure neurea den aldapa igotzeko.

        Eguneroko egunari zor diodan libertatea eskaintzeko ez naiz inoiz aldaparen haseran geldituko.

        Kastillako eremuan kaiua galtzen den bezala, gauero gauetan galtzen naiz. Baina gauaren iluna ote hamaika mila koloretako eguna?

        Nola diren laztanduak, nola desiratuak egun hotzetako eguzkiaren printza beroak!

        Egunak bere eginkizunaz fantasia itotzen duelako, egunez erlojua neurririk gabeko denbora neurtzera ausartzen delako, gauero, gauetan nago, gure herriko sorgin baten antzo, gauean, gizarte ustel batek egunez, ukatzen duen poesi berri bat sortzen.

        Nere sabel hutsa ikustean nere amaren begiak irripar gozoz alaitzen direnean, ulertzen dut zein gogorrak izan diren bere sabeleko hezur-berriak, burnizko lokarriak, lurrean betiko lotuz gero, inoiz hegada lasai, zabal, luze bat egiten utzi ez dien hezur berriak. Horregatik ez dira nahikoak nere laztanak, ni izan nintzen hezur-berria arintzeko.

        Gauean, Pasaian, gazteluan, gelako lau hormetatik bi erori dira, haize bero batek gelako hotza berotu du, itsasoa gelan sartu da, uhin baketsuek egun berri bat ekarri zuten.

 

 

© Amaia Lasa Alegria