Fraileburu hil zen gauen
Fraileburu Getariako txoko gozo bat zen,
San Anton mendiaren bukaera, itsas gaineko
muintxo bat. Maiteminduak han elkartzen ziren.
Arrazoirik gabe Getariakoeri txoko goxo hori ukatua
izan zitzaigun. Han, Club Naútico bat eraiki dute.
Fraileburu hil egin dute eta itsasora joateko bidea itxi egin digute.
Elizako dorrean kanpaiek ordu bata jo dute. Herriko jendea molla aldean dabil, itsasoari begira, eguzki beroak beren gorputzetatik neguaren hotza kentzen duen bitartean. Kaiurik ez. Herri guztia marmarreuan arraiaren zai. Elizako dorrean kanpaiak geldirik, ordu bata jo ondoren.
Mollakoek bizi-bizi lanean hasi ziren. Tresnak, mollaren punta batera edo bestera nolanahi zihoaz zen egundoko zarata atereaz. Gizonak baporetik mollara, mollatik baporera arraiekin, kamionak kargaturik. Emakumeak sare konponketan. Zarataz erne itsas ertza. Denak indarrak lan bihurturik, itsasoari lapurtuta, lurra arraiez betetzen.
Molla gainean zaharrak so, min-minean hunkituta beso gazte haien aurrean, irripar goxoa ezpainetan, gaztaroko oroimenez bihotza beteta. Orain besteak lanean eta berak beren bilobak mollaruntz pasiera eramaten, itsasoko bidea erakutsirik.
Itsasoa, herriko gizonen paradisu izertua. Ordu bata aspaldi jo zuen. Molla hutsik dago. Zarata isiltasuna bihurtu da. Gizaldietan igaro diren orduak, orduetan herriak egin dituen ametsak, urteetan egin dituen lanak, dena alde batera utzita.
Fraileburu hil dute.
Fraileburuk lurra jo du eta han, hilda datza. Buruak eta oinak nun dituen jakin gabe, gorputzeko harriak itsasertzeraino eroriak.
Orain marmarreoa ezin isilagoa. Kaiuaren oihuz bete da, herria. Denok, babesik gabeko etxetan gorde ginen.
Egunaren amaian eta egunero egunak dioen bezala, gaua izan zen. Argi batzuk biztu ziren. Bat, bi, hiru, lau behar bada, baina ez gehiago, nahikoa bai ziren iluna ikusteko.
Itsas argitua eta itsas iluna bat egiten diren mugan, Fraileburu hilda zegoen parean, gau hartan, hiru muertoek, herdoiez orituak, ezin egona dute, alde batera eta bestera dabiltza, marearen gora beheran, batzuetan lehorrera hurbilduz, bestetan lehorretik urrunduz.
Itsasoko haize bolara batek herria mugitu du. Elizako dorreko kanpaiak ez dute ordurik jotzen. Arraldeko uhinak erdi lo. Kaiuak burua galdurik, itsasotik lurrera eta lur barruan itsasorik ez. Herriko jendea gauero bezala ohera doa. Fraileburu hilik datza.
Hiru muertoak emeki, emeki hurbilduz doaz. Argia eta itzalaren mugan batu dira.
Gorputz bat sortu da muerto herdoituen gainean. Gorputzak, beso, oin eta ile oso luzeak zituen. Biluzik zegoen eta ez dugu inoiz jakin, arra ala emea zenik.
Herria loak hartu zuen. Fraileburu hilik zetzan eta gorputz hark dantza ero bati hasera eman zion. Dantza eroak gorputzaren zati guztik bihurritu zituen; ileak, oinak, besoak bat eginik. Gorputzak garraxi handi bat bota zuen:
Ez egin lo, Fraileburu hil dute.
Luzaroan ez duzue jaberik sumatu eta itsasoa arraiez ugaria izan da.
Ez duzue goserik pasa, libreak izan zarete, zuen lanaren poderioz.
Gaur etsaia sartu da, zuen gogoak ukatzeko, zuen ametsak zapaltzeko; zuen libertatea lotzeko.
Zuen baporeak molla txiki batean itoko dira; etsaiek itsasoa lapurtuko dute, ez da gehiago arrairik izango.
Ez egin lo, Fraileburu hil dute, libertatearen bukaera hasi da.
Gauaren bukaeran egun berri bat sortu zen. Herria berriro lanerako esnatu zen. Zaharrak bakarrik lotan jarraitu zuten, ez zuten esnatu nahi, ez zuten ikusi nahi nolaz herriko beso gazteak eguneroko molla txikian lanean ari ziren, isil-isilik lanean, txikiegia zen molla hartan; Fraileburun ordez, inork eskatu ez zuen etxe berri bat egiten ari ziren bitartean.
© Amaia Lasa Alegria