Edurne Alegriari
Herri berri baten bila nabil;
bizitza izatea
bizitza naharoa
sortarazteko eskubidea,
emango didan
herri berri baten bila.
Getaria!
maite ezin izan ez nuen
paradisu nabarra,
herioaruntz ninderaman
paradisu,
nahi gabe
galdua.
Beste itsasoak
zabaldu dira neretzat,
zureagandik
urruntzen nautenak.
Itsas handietan
sarturik nabil
bapore baten antzo;
bihotz-ondoan eramanik
Getaria!
zu zaren harlatzezko
harria.
Eta
berriro galdua
izanen bazara ere,
ez zara Getaria!
nahi gabe
galdua izanen.
© Amaia Lasa Alegria