Garai bat izan zen

gure ametsak,

paradisua ziren.

 

Orain beste garai bat da

paradisua

ezin bihurturik gabiltzana.

 

Berrehun kaiu hil dira

 

haizeaz pozoituak,

haizearen pisuaz

hegoak bi zatitan erdibiturik.

 

Lasunak ere

ur ustelduetan ito dira,

ur zikinen jabe

diren lasunak.

 

Mendiak,

berde oraindik.

 

Kaiuak,

lasunak,

heuren begi borobil

erdi hilekin

begira ari dira;

pentsaturik

desiraturik

inolaz ez dadila

berdearentzat

negua hel.

 

 

© Amaia Lasa Alegria