Ipui triste bat amaitzen denean

 

Bakarrik. Maitasunik gabe. Arratsaldeak ematen duen nahigabearekin, gizon maitatuaren nostaljian. Hondartza gris. Eguraldi grisaren erdian murgildua. Zuhaitz grisen tantean. Xirimiri goxo baten haseran nengoen.

        Hutsune alai batean sartu nintzen, alaiak benetan lehenengo momentuak. Harrietan. Belarretan. Zuhaitzetan, haren usai ederra sumatzen nuen.

        Nere besoak hutsean luzaturik, beren besoekin topo egiten zuen. Nere ezpainak hutsean zintzilik erantzun bat hartzen zuen.

        Hutsean, huts-hutsik gorputz guztia bihurrituta, ikusirik nolaz nere amodioaren indarrak, ahalmenak, nigan hasi eta nigan bukatzen ziren, loak hartu nuen.

        Goizean, hondartza erdian, xorien kantuekin esnatu nintzen, odolezko hibai baten gainean; hibaiaren odol ustela usanduaz, buruz behera etzanda nengoelarik.

        Egun hartan nere ezpainak hutsean zintzilik gelditu ziren, erantzunik hartu gabe.

 

 

© Amaia Lasa Alegria