IV
GODOR-LAHOMOR
(Etor. XIV, 18)
(Hiri-sartze bat.
Laupabortz so/dado lorietan).
Denek
(Kantuz)
Bi mila kamelu, berrehun behor
Takata-takata, taka-takata.
Joan da eskapo Godor-Lahomor
Takata-takata, hau tarrapata!
Batek
Erregen-errege Godor-Lahomor
Nausirik munduan ehuen nihor...
Abramen ezpata agertu baita
Takata-takata, hau tarrapata!
Denek
Bi mila kamelu, berreun behor
Takata-takata, taka-takata,
Joan da eskapo Godor-Lahomor
Takata-takata, hau tarrapata!
Batek
Airos hintzen joaki Godor-Lahomor
Zodom hartu-eta bai eta Gomor...
Abramen ezpata agertu baita
Takata-takata, hau tarrapata!
Denek
Bi mila kamelu, berreun behor
Takata-takata, taka-takata.
Joan da eskapo Godor-Lahomor
Takata-takata, hau tarrapata!
Batek
Espanta gaitzeko Godor-Lahomor,
Nahitez Abrami eman duk amor.
Abramen ezpata agertu baita
Takata- takata, hau tarrapata!
Soldado 1
(Mintzatuz)
Akabo ginen akabo
Ez balitz Abram etorri.
Soldado 2
Laster baitio harek eginarazi eskapo
Godor-Lahomor arto-bizar horri.
Soldado 1
Ai, ei, ai! (denek irri)
Soldado 3
Bai espantu guti dikek orai.
Soldado 2
Alta! aspaldian
Hura zikan denen jaun, toki hautan;
Eta bazter hautako
Lau erregeak asaldatu orduko,
Hor ginikan
Sekulako karraskan.
Bertze lau erregekin:
Nor den nor
Godor - Lahomor
Ginezan jakin.
Soldado 1
Nausitu baituk ordean:
Erregeak eta oro ditik ereman.
Soldado 3
Ba!... bainan Abram hebrearra
Gauez gau gainerat erori zaio
Eta zanka sarta dio
Gibel-aldian aztaparra.
Batek
(Kantuz)
Espantu gaitzeko Godor-Lahomor,
Nahitez Abrami eman duk amor.
Abramen ezpata agertu baita
Takata-takata, hau tarrapata!
Denek
Bi mila kamelu, berreun behor
Takata-takata, taka-takata.
Joan da eskapo Godor-Lahomor
Takata-takata, hau tarrapata!
Soldado 2
(solasean)
Hiru ehun ta zonbeit gizonekin
Zer jokoa duen, haatik, Abramek egin!
Soldado 3
Bere iloba Lot eremana zela, jakin orduko
Mugitu dela fitexko.
(Zilarrezko turruta-soinu bat... Soldadoak zalapartaka).
Soldado 1
Hor ditugu: Abram, Lot, Erregeak eta guziak.
Soldado 3
(4-ri)
Mugi ba, zozoa.
Soldado 4
Bai eta hi urde tontoa.
Soldado 2
Utz orai tetelekeriak.
* * *
(Abram Lot-en sorbaldari jo)
Abram
Ai! gizona, gizona,
Norat ari zinen hola Godor-Lahomorrekin,
Haren mutila egina?
Lot
Bainan nolaz duzu jakin?
Abram
Manbreko haitzetarat
Etorri zait artzain bat hatsantua:
«Berri izigarri bat:
Godor-Lahomor nausitua...»
«Beude, beude!, erran diot. Antola ditela
Zelai zoko hoitan»
Ai! haatik, ereman zintuztela
Aditu dutanean...
Lot
Mendietan utzi zintudan
Eta uzten ahalko ninduzun.
Abram
Alo! alo! ez holakorik erran.
Jainko Jaunari eskerrak ditzogun.
Errazu eta... Zodom ta Gomorreko Erregek
Nor dute hor lagun?
Lot
Melkhizedek
Zalemko apez erregea.
Bi erregek
(turrutariekin)
Abram! Abram! gure salbatzailea.
Abram
Jaunak, dakizuen bezala,
Zeruko Harek emaiten du nausitzeko ahala.
Kantariek
Goikoaren gizona
Abram Hebrearra!
Jaunak dio emana
Zeruko indarra.
(turrutariek)
Melkhizedek
Eskerrak Abrami,
Diren guzien
Egilea den
Jaun Goikoaren
Izenean.
Eskerrak, eskerrak
Jaun Goikoari,
Harek baitauzkitzu
Etsaiak eman
Eskupean.
Kantariek
Jainkoaren gizona
Abram Hebrearra!
Jaunak dio emana
Zeruko indarra.
Abram
(Solasean)
Melkhizedek apeza,
Entzun zaitzala Jaunak. Amen! amen!
Eta onhar: egun hartu guzien
Hamarrenaren eskaintza.
Melkhizedek
(eskua kopetarat)
Jaunak ongi dagizula
Orai arte bezala.
Zodomeko Erregea
Abram, atxik: gaur harto ontasunak;
Eman bakarrik jendeak: libratu ditutzunak.
Abram
Zeru-lurrak egin dituenaren
Aintzinean zin egiten dut hemen,
(altxatuz eskua):
Ez ari
Ez oinetako lokarri
Deus ez dut zuretarik hartuko;
Eta ez dute erranen ahalko
«Nik dut Abram aberastua»
Deus eta deus neri.
Nere mutileri
Eman zerbeit sari;
Bai eta nerekilako Eskhol, Aner eta Manbreri
Emozute merezi duten hori.
Zodomeko Erregea
Nahi duzun bezala.
Bainan Lot zure iloba ez dagola
Hiriz kanpoko bazka-toki hoitan.
Zodomeko toki ederrenean
Badaukat harentzat etxea.
Agur eta ongi izan.
(badoatzi)
Abram
Zuekin dagola Jaunaren bakea!
Kantariek
Goikoaren gizona
Abram Hebrearra!
Jaunak dio emana
Zeruko indarra.
Jaunaren mintzoa
Ez beldur izan, Abram, ez beldur izan:
Zure indarra naiz behar-orduan,
Zure saria
Zoin handia!
Abram
Ai Jainkoa!
Zer sari eman neri
Zer sari?
Haurrik gabe noa
Hara ez dautazula semerik igorri
Eta sehi bat dut ene ondoko ezarri.
Jaunaren mintzoa
Ez! nik dautzut: izanen duela
Zure ondokoak zure odola.
Begiak altxa
Zerurat beha
Eta neholaz ahal hada
Izarrak konda.
Heien parekoak
Zure ondokoak.
(Oihala)
Kantariek
Jaunari dena fede
Abram egon baitzen,
Hargatik mendez mende
Jaunak dauka zuzen. (G. 15, 6)
Jainkoa nere Jauna,
Nola jakin nola
Zuk hitzeman guzia
Gertatuko dela. (15, 8)
«Joan ergi, ahuntz, aker
eta uso bila». (15, 9)
Jaunari dena fede
Abram egon baitzen,
Hargatik mendez mende
Jaunak dauka zuzen. (G. 15, 6)
Jaunak nahi eskaintzak
Zituen ekarri,
Ergi, ahuntz, akerrak
Zatitan ezarri,
Zatiak odoletan
Eta so elgarri.
Iduzkia zeruan
Itzaltzerakoan
Sartu zen tanpez Abram
Lazgarriko loan.
Iduzkia zeruan
Itzali ondoan,
Hara nun su handi bat
Itzindika doan,
Zatiz zati erditik
Joaterainokoan.
Jainko Jauna bera zen
Su-garra iduri,
Abramekin batasun
Hor egiten ari:
«Zure ondokoeri
Nik erran lur hori».
Iduzkia zeruan
Itzaltzerakoan
Sartu zen tanpez Abram
Lazgarriko loan.
© Xabier Iratzeder