Itxura berriz
Ihauteri ederrak gertatu dira
Markinaldean berriz neguko umorez
ta berrogei urteko neke dolorez
garizuma luzea ezin azpira.
Algara eta barre jantzi kolorez,
hauteskundeak gero gudu iturri,
Gernikako bideak zeharo urri
ta hobiak oraino koroa lorez.
Irrintzika nahi dut hasi bihurri
etorkizun zuzena lortu beharrez,
pailasoen itxuran harturik neurri.
Urratua den boza bere indarrez
heda bedi munduan apurka apurka,
berbizturik dagoen bero ta garrez.
© Alfonso Irigoien