14

 

        El Rey koroarik gabeko erregea den eremu ttikia ez da inongo mapatan ageri. Arrazoi aski xinpleak direla-eta, ez du izate ofizialik. Hortik sortu da lekua ez delako zurrumurrua, liluratuen buruetan baizik existitzen ez den alegiazko gordelekua besterik ez dela. Eta egiazale eta fidagarri fama duen inor handik itzuli ez den ezkero...

        Konprenitzen?

        Baina bada, bai horixe.

        Kostaldeko mendikate ttiki batean dagoenez, eguraldi aldaketa bapateko eta gogorrak sufritzen ditu. Jauntzi aproposik jaunztea ia ezinezkoa da, ordu baterako aproposak direnak hurrengoan sobera bero bihurtzen baitira. Eta nolabait, klimagertaera hauen ondorioz dudarik gabe, bat beti egarriak egoten da. Hala ere, klima tropikal eta erdi-tropikal aunitzek honelaxeko desabantailak badituzte, eta okerragoak. Eta beste han ere erran behar da El Reyren erresumari buruz: osasungarria da. Eritasunik apenas ezagutzen den. Gizakiak sorrerazitako eritasun zenbaitek, hala nola gaitzelikadura eta goseteak, beren ohizko indarra baino arront ttikiagoa dute, eta gizonak haren mende hil aurretik ia hutsean geratu ohi dira.

        Leku bikaina da alde aunitzetatik begiraturik. Osasungarria. Edozeinen gustoa asetzeko moduko klima du. Munduko per capita polizia-indarrik haundienaz zaindua. Nahiz eta bere ostatari herbesteratuen artean etengabeko kexak dauden. Kexa-motibo arruntena, harrigarria bada ere, ostatu guztiak —dena pagatu egin behar baita— lehenbiziko mailakoak izatea da.

        Ez dira arront garestiak, ez. Alderantziz. Lau gelako txalet bat, Frantziar Rivierako edozein opor lekutan hilabetean zenbait mila dolar eginen lituzkeena, ehundaka batzuk besterik ez da kostatzen. Baina ez dago deus merkeagorik erdiesterik. Ehundaka horiek pagatu behar nahitaez. Gauza bera janari eta edariekin, primerako gauzak besterik ez daude; berdin jauntzi, kosmetiko, tabako eta beste hamaika gauzarekin. Oso modu onean dena, zer den kontuan hartuz, baina arras garesti hainbeste diru duen eta gehiago eskuratu ezin duen jendearendako.

        El Rey kexa hauetaz aunitz arduratzen da, baina adin zehatzik gabeko haren zahar begietan gaizto-irria nabari da. Hark hoberenarekin hornitzen ditu bere bezeroak, noski. Ez da, bada, hon beti nahi izan dutena? Ez ote zuten kosta ahala kosta hon behar? Orduan zer? Ostatu-lekuak hain finak ez balira argi dago desiragarria ez den inmigrante jendea etortzera bulkatuko lukeela; bere oraingo ostatariek haiekin identifikatzea nahi ez luketen jende klasea. Zeren hala egin ezkero, ez bailirateke direna izanen, ezta ere dauden lekuan egonen.

        Jendeak, ikusirik beren altxorbeak piskana ttanttaka isurtzen, hobeki erran, parrastadan hustutzen, kalkuluak egiten ditu eta bere onetik aterata egin abalean merkezurrian ibiltzen da. Janaritan, edaritan gastatzen duena murrizten hasten da, eta jauntzi saretuekin ibiltzen da. Eta azkenean erosi gabe utzi dutena erosi balute bezain patrika-huts akitzen dute.

        Eta honek El Reyren bankuaren gaira garamatza, kexa garratzak sorterazten dituen gaia.

        Bankuak ez du mailegurik ematen, noski. Nori eman? Beraz, irabazi iturri bakarra korrituak dira, diru-sartzaileak pagatzen ditu, hari pagatu beharrean. Ehun mila dolarretako saldoendako tipoa ehuneko sei da; baina kopuru ttikiagoetan besterik gabe goititzen da, ehuneko hogeitabosteko maila itotzailera iritsiz, berrogeitamar mila edo hortik beheitiko kantitateendako. Bi hitzetan errateko, bezero batek ia ezinbestekoa du bere kontuan ehun milatik goiti edukitzea. Baina ez du zilegi merkezurrian eta mixerian ibiliz moldatzea. Baten hilabeteroko diru-mugimenduak zenbateko arbitrario batetik beheiti jausten badira —beharrezkoa den lehen mailako eskalan bizitza kostatuko litzaiokeena gutti goiti beheiti— «ihardun guttiko kontu»en gaineko kargak ezartzen zaizkio. Eta hauek, kontu-jabeak ateratakoari gehituz, guzira beste hark adina ematen dute.

        Gauza hauek honela antolatu behar dira. El Reyk primeran hornitutako ekonomatoa dauka; eta horretarako bezeria finko batendako ihardun behar. Hori da legea ia lehen mailako leku guzietan. Ostatari bakoitzari hainbesteko kuota bat kentzen zaio, eta hark ordaintzen duena gastatzen duen ala ez, bere kontua da.

        Beste analogia bat aipatzeko: inor ez dago beharturik El Reyren bankuan dirua sartzera. Baina lekuaren zuzendaritzak, Poliziak zehazki, ez du bere gain erantzukizunik hartzen bati lapurreta egiten badiote —seguruaski gertatuko zaion gauza—. Badira arrazoi sendoak pentsatzeko poliziak berak egiten dietela lapurreta dirusartzaile ez direnei. Baina ez dago frogatzerik, eta deus egiterik ere ez, hori ziur.

        Beraz, kexak ez dira akitzen. El Rey, ez da zuzena. Ezin zaio irabazi («Zuzentasuna neri erakutsiko ote didazu, señor? Baina zergatik espero duzu irabaztea?») Kexa guziak kortesiaz entzuten ditu, baina hark ez dizu satisfakziorik emanen. Zure hitzak zerorri bihurtzen dizkizu, galderei galderez ihardesten die, parabola zorrotz eta ironikoak ematen ditu ordainetan. Zoaz harengana hau eta hau gaizki dagoela erratera, eta konponbide on bat proposatu eta ihardespentako Apika eta Akaso izengoitiko semeak zituen erregearen erran-zaharra aipatuko dizu: 'Galdera bat egin zioten haien izaerari buruz, señor. Mutil onak ala gaiztoak ziren, eta zein zen bata eta zein bestea. Eta erregeren erantzuna: Apika izanen da Akaso eta Akaso izanen da Apika.

        Jendeak kristorenak erraten ditu haren gainean. Deabrua dela erraten dute, eta bere burua Jainkotzat edukitzeaz salatzen dute. Eta El Reyk salaketa guziak onartzen ditu.

        — Baina badago diferentziarik, señor? Non da diferentzia kastigu eta sariaren artean batek eskatzen duena besterik erdiesten ez duenean?

        Erresumara etortzen diren inmigrante aunitz binaka etortzen dira, ezkondutako bikoteak edo bikote soilak. Bidaia neketsua baita, besteren laguntza gabe nekez egiten ahal dena. Hasieran nork bere dirua maneiatzen du, amankomuneko gastuetan dirua erdibana zintzo paratuz. Baina hau lan traketsa da, eztabaidak ekartzen ditu, eta bakoitzak daukana goiti beheiti beharraren mamuaz erabat aske izatea ezinezkoa da. Beraz, agudo hasten dira baterako kontu baten abantailak pasadan aipatzen, eta, ez oso luzera, ados jartzen dira bat irekitzeko. Eta hortik aurrera... bada... nor den azkarrena, odol-hotzena nork duen edo lo guttien nork behar duen, ondorioak horren araberakoak izaten dira.

        Eta bietan bizirik ateratzen dena, eta ondorioz kontua bere esku duena, ez da luzaroan bakarrik egonen. Beste lagun bat biltzera bulkatuko dute, edo haren bila hasiko da. Eta haien kidekotza akitzen denean, ezinbestekoa baita, berriz beste hainbeste.

        Prozesua behin eta berriz errepikatzen da, ezinbestean aldaketarik gabe. ABC-a bezain sinpleki.

 

* * *

 

        El Reyren polizia aiatu dugu; jendailari ematen dioten babesa. Baina hau inplikazio handiak dituen hitza da. Bat babesteko badago, ezin dezake molestatu. Bizitza bizidunena dela oroitu behar du. Bere eginbeharren muga-barnean ibiltzeko adina zentzu izan behar du, agian izan ere ez den alprojarren baten atzetik ibili gabe.

        Hilketak ezezagunak dira El Reyren lurraldean. Inor ez dure tirokatzen, nabalaz zulatzen, porraz egurtzen, ito edo hiltzen ohizko hilketa-agentziek.

        Izanez ere, ez da hilketarik. Ofizialki ez da horrelakorik. Heriotze tasa haundia suizidio ugarietatik eta inmigranteen istripu hilgarrietarako joeratik heldu da.

        Txaletetako igerilekuetan Inor gutxi ibiltzen da. Ikuilu publikoetako zaldiak ibili faltaz gizendu egiten dira eta txalupak usteltzen egoten dira kaietan. Inork ez du arrantzarik edo ehizarik egiten eta golfean, tenisean edo dardoetan jostetan ere ez da Inor ibiltzen. Laburzki, El Reyren urteroko Dantza haundiaz aparte, ez da ia bizitza sozialik. Besteri hurbiltzean edonor susmagarri edo susmati da.

        Docek ez zuen asmatzen zer egin. Behin, hara ailegatu eta hilabete batzuetara, mendira buelta bat egitera abiatu zen; eta han, bailara polit batean txoko bat bilatu zuen herritik aldendurik. Karrika bakarra galtzara-harriz ederki zolatua zen; etxeak zuritu berriak. Itsas haizearekin batera erretzen ari zen haragi piperreztatu usaia heldu zitzaion sudurrera. Bistan zeuden bakarrak kale izkinako bi gizon ziren, ezpel kerten-luzeekin galtzara-harriak garbitzen ari zirenak; Docen ezagunak ziren; eskua goititu zuen diosala-mostra bat eginaz; baina ez ikusiarena eginik, ezpela pasatzeari utzi eta etxe batean altxatu ziren.

        — Bai, señor? —uniforme urdineko karabinero bat atera zen ondoko ate batetik—. Zerbaitetan laguntzea nahi baduzu?

        — Ez, deusetan ez —irri egin zuen Docek—. Bi gizon haiek ezagunak nituela iduritu zait.

        — Kalegarbitzaileak? Lagunak dituzu?

        — Ez, ez. Ezta pentsatu ere. Egia erran, juxtujuxtu ezagunak.

        — Konprenitzen dut. Heldu berriak dira bi horiek. Orain hemen biziko dira, beren ohizko bizilekuetan ez izateak harritzen bazaitu, badakizu.

        Docek ingurura begiratu zuen; lekuaren edertasunaz komentario bat egin zuen. Karabineroa konforme zen, dena txukun zegoen benetan.

        — Beharrezkoa da. Bizilagun bakoitzak ahal duen heinean bere esku dagoena egiten du horretarako.

        — Bai beraz —Docek burua astindu zuen—. Kooperatiba da, ezta? Dirua eman ordez lana da ematen dena.

        — Horixe, señor.

        — Mm-mm —Docek beste azter-begirada bat bota zuen inguruan—. Zera ari nintzen nere baitan, andreak eta biok badugu txalet bat hirian baina...

        — Ez, señor. Zuk ez zenuke ametitua izateko aukerarik izanen.

        — Ondo da, ez nuen hori erran nahi —hasi zen Doc, baina ofizialeak moztu egin zion.

        Seguru zegoen Doc ez zutela ametituko. Hala gertatu ezkero, aditzera emanen zitzaion.

        — Esperoan geratzen ahal zara, señor. Bitartean, agian buelta bat eman nahiko duzu... zure etorkizuneko etxea nolakoa izanen den ikusi.

        Docek erran zuen eginen zuela, eta karrika zabal distirantean beheiti abiatu ziren. Etxeetako tximinietan goiti kea zirimolatzen zen. Baina inor ez zegoen ate aintzinetan edo leihoetatik begira eta haietatik apenas asotsik heldu zen. Aire lehorra arront beroa zen eta Doc aurpegia xukatzera geratu zen.

        — Edaritegia non da? Edariak nik erosiko ditut. —Ez da bat ere, señor. Hemen ez da edaririk saltzen.

        — Bale, kafea orduan.

        — Ezta ere, señor. Ez janik ez edaririk.

        — Ez? —Docen kopeta zimurtu egin zen—. Dena hiritik ekarri behar da orduan? Ez zait batere gustatzen hori.

        Ofizialeak burua astindu zuen.

        — Ez gustatzea libre duzu, señor. Baina, ez, ez da hori erran nahi dizudana. Hiritik ez da deus ekartzen, jendea bera besterik.

        Hitzak airean zintzilik geratu ziren, hausnartzeko mezu bat isiltasunean marraztua. Karabineroak haiek estudiatzen zituela iduri zuen, haiek arakatu eta Doci begietara begiratuz. Eta galdera bati erantzunez bezala emeki mintzatu zen.

        — Bai, señor, hori da hemengo legea. Kanposanturik ere ez dela ohartu izanen zara honezkero.

        — Ba-baina... —Doc-ek bere esku dardartia ahoan paratu zuen—. Baina...

        Aire itogarri hura. Erretzen ari den haragi piperreztatu usaia. Piperrak nonahi ziren biltzeko, baina haragia...

        — Oso egokia, e señor? Eta zein bukaera nekegabea. Batek aski du bizitzea bere ametsean beti bizi nahi zuen bezalaxe.

        Irrifarre atsegina egin zuen eta Doci korapiloa egin zitzaion zintzurrean. Gizona ez jotzeko hori besterik ezin zuen egin.

        — Egokia? —erran zuen amorruz—. Narda... nardagarria bai! Higuingarria, goitigarria, inhumanoa...

        — Inhumanoa? Zer ikusteko du honekin, señor?

        — Ez hasi irri zuriz nerekin! Zu baino gizon hobeekikoak gutxixeagorengatik egin izan ditut...

        — Seguru naiz horretaz. Horrexegatik zaude hemen, ezta? Baina, zaude... —eskua luzatu zuen—. Uste dut hor ezagun bat duzula..

        Gizona etxeetatik atera berria zen. Metroa eta lauetan hogeitik dezentez goiti zen altueran, seizazpi bat zentimetro. Eta haren pisu normala izarien zen —izana zen— ehun eta hogei kilotik goiti.

        Baina orduan haren herenera ere ez zen ailegatzen.

        Begi izigarriak ageri zituen bere aurpegi hezurhutsekoan. Lepoa ez zen Docen eskurnuturra baino lodiago. Sinestezina zen bizirik iraun ahal izatea; baina klima, jakina, El Reyren erresuma osasungaria da oso eta jende aunitz ehun une eta handik goiti ere bizi da egun.

        Docengana balantzaka heldu zen, ahuleriaren eraginez isilik hats hartuz. Bere isiltasun urrikarian, bere mugimenduen gelditasun nabarmenean, ameskaizto izigarrian harrapatutako gizona zirudien.

        — Pat... —Docen ahotsa zorabiozko hasperena zen—. Pat Gangloni. Automatikoki, mamu harengandik atzera egin zuen, eta ondoren, bere burua behartuz pauso ausartez aurrera egin eta Gangloni besoetan hartu zuen—. Lasai, Pat. Ez larritu, mutil. Dena pasa duk —eskeletoaren besaburuak igurtzi zituen, eta Ganglonik isilik negar egin zuen.

        Karabineroak begiratu egiten zien, begietan urrikalmendu ez ohizkoa nabari.

        — Kasu triste bat —murmurikatu zuen—. Bai, benetan tristea. Bera ez da gauza etsitzeko. Beste asko baino denbora franko gehiago egin du dagoenekoz hemen.

        — Ez horri kasurik egin! —Doc haserre bihurtu zen—. Auto bat... taxi bat eskatuko didazu? Hemendik hau ateratzeko zerbait?

        — Be...eno, bai. Denbora beharko da, baina egiten ahal dut.

        — Tira, bada, egin ezazu. Zoaz!

        — Barkatu, señor —karabineroa ez zen mugitu. Hemendik aterako duzula erran duzu. Hemendik nora?

        — Nora? Nere etxera, jakina! Zaintzeko leku batera. Zutitzeko gauza dela paratu.

        — Eta gero, señor? —Gero?

        — Zuk mantenduko duzu?

        — Beno, e... —Doc piska bat pentsatzen hasi zen—. Beno, bai, jakina. Hala uste dut. Zera ...

        — Behartua zeundeke, señor. Zure burua mantentzeko gauza zinatekeen bitartean. Bestela alfer lana litzateke. Krudela. Inhumanoa, lehentxeago erran duzun bezala.

        Gangloni hotzikarak jo zuen gogorki. Ez zen mintzatzeko gauza, baina entzuteko bai; ameskaiztoan denaren gisara, bazekien zer gertatzen zen. Docek bere burua askatzeko kolpe ttiki bat eman zuen, eta eskeletoaren besoek estuago inguratu zuten.

        — Lagun ona da, e? Asko zor diozu —karabineroa atsegintasuna pertsonifikatua zen—. Konprenitzen dut. Honen kasuan, nik erranen nuke, barne fintasuna badela. Sinesteak, printzipioak baditu... agian bihurritu eta makurtuak, baina...

        Doc kolpe zakar batez Ganglonirengandik bereizi zen. Galtzara-harrietan atzera egin zuen; keinuka, desenkusak murduskatuz.

        — Ge-geroxeago etorri behar dut. Nik... badakizu. Lehenbizi konponketa batzuk egin behar.

        N-nere andrearekin mintzatu. Dena konponduko da, baina... baina badakizu. Emakumeak nolakoak diren, alegia. Nik... Nik... Pat! Ez begiratu horrela! Ez...

        Itzuli eta laisterrean hasi zen.

        Bapateko itsas haize freskoa atzetik zuen: —Hasta la vista, señor. Ikusi arte.

 

* * *

 

        Amets txar bat dela erraten diozu zure buruari. Hil zarela —zerori, ez besteak— eta infernuan ernatu zarela. Baina zuk jakinen duzu. Zuk jakinen duzu. Ametsek bukaera izaten dute, eta honek, berriz, ez. Eta jendea hiltzen denean hilak dira ...nork jakinen du zuk baino hobeki?

        El Reyk bere eginbeharra bete besterik ez du egiten.

        Bere gaiztagin santutegia beste aunitz baino hobea da. Ez zaitu hiltzen zure harrapakinaren aldera. Zure diruaren balioa ematen dizu. Goi mailako leku bat gobernatzen du, eta mixerian ibiltzea ametitua balego ezin izanen luke horrelakorik eduki. Eta ezin dizu utzi luzamendutan ibiltzen dirua akitzen zaizunean. Hori egin ezkero jende berriarendako ez litzateke lekurik izanen; eta biltzen utzi ezkero, zu eta zure klasekoak nagusituko lirateke. Zuk haren lekua hartuko zenuke, eta hark zurea etxe zuri distiranteak dituen galtzara-harrizko zolako kale honetan. Eta berak hori badaki. Berak eta bere bertako lagunek ere bai. Horrek argitzen du zergatik gozatzen duten horrenbeste ironia eta sinbolismoarekin; zure burua den bezalakoa eta haiek zu ikusten zaituzten bezalakoa ikus dezazun, zure aurrean ispilu bati eustearekin.

        Ez, ezin duzu zure burua engainatu. Erresuma hemen dago, mapak eta ofizialtasuna goitibeheiti. Hor dago, deitu nahi duzun bezala. Oro har, bere klaseko lekurik hoberena da. Eta dituen alderdi kaskarrak, diren bezala hartuz, ez dira El Reyrengandik etortzen, ostatariengandik baizik.

        Ez dizu ziririk sartzen. Ez zaitu hilko. Ez zaitu mantenduko, ezin baitu, baina ez dio zure bizitzari errematerik emanen, zenbatnahi urtez bizi zarela ere. Eta klima osasungarri honetan eternitate batez bizi zarela idurituko zaizu.

 

* * *

 

        El Reyren erresuman bada gau bat —urteroko dantza haundiaren eguna— «suizidiorik» edo «istripu» galgarririk izaten ez dena. Gonbidatu guziak Erregeren Jauregian sartu aurretik, besta han izaten baita, gizalegez baina goitik beheiti katxeatzen dituzte. Denei abisatzen zaie edozein gonbidaturi gertatutako edozein ezbehar doilorkeriatako hartua izanen dela. Urte asko dira horrelako ezbeharra gertatu zela, eta laugarren solairuko leihotik erortzea benetan istripuzkoa izan zen. Baina aurrean ziren guziak gogorki zehatuak izan ziren eta istripuaren ustezko bultzagileak —emakumearen senarra— bere banku-kontuaren erabateko konfiskazioa jasan zuen. Hola gaur, inork inorako batere mugimendurik ez egiteaz gain guziek beste edozeinen erosotasunaz ardurarik haundiena agertzen dute. Mintza zaitez behar baino ozenxeago, eta ehun begi larrituren xede bihurtuko zara berehala. Hasi mukizapi edo zigarro baten bila, eta dozena bat lagun hurbilduko zaizu.

        Korbata zuria eta esmokina jauntzirik, Doc McCoy dantzagela bikainaren ondoko pasealekuko ertzean zegoen; dantzarien jirabuelta neurtuak miretsiz, bikote honi erreberentzia, beste horri irrifarre, beste hari buru-makurtua eginaz. Bikote-lagun bikainarekin, bere lokiak ukitu gris batekin, jaun mundutar baten erretratoa, ongi-heziaren ispilua zen. Baina gutxitan ibili zen hain deseroso, edo urrikariago sentitu.

        Bere gorputzaldi txarra —bere oin sorgortu eta bizkarreko minak— bi bake-epaileen emazteei egotz zekizkieken hein haundi batean. Andereak ez ziren metro t'erdi luze ere, baina haien pisua batera hartua tonelada laurden bat baino gehiago bazen. Eta Docek sekula ezagututako nekagaitzenak ziren iatsu. Txandaka ibili zen haiekin dantzan, irri inozoak eginaz, oinak zapaltzen zizkiotenean desenkusa fin-finak xuxurlatuz, kunplimenduak belarrira eginaz haren bizkarrak makurtu beharraren beharrez kristoren sastadak ematen zizkion arren. Andereekin zurikeriatan majo ibili zen, baina majo; zeren bazekien bakarrean sorginak zirela, eta beren senar oilanden nagusi. Bere buruari isilean zorionak emanaz an zen bitartean, Carol polizi buruaren besoetan dantzan ikusi zuen. Eta ohartu zen bere eginahal neketsuak alferrikakoak izan zirela. Polizi burua bake-epaileen aldean; inolako abantailarik bazen, Carol gailentzen zitzaion. Sofrikarioa izanen zen harendako, agian, bera erresumako suizida edo istripuzko biktima suertatzen bazen. Baina hortik berak ez zuen deus onik aterako.

        Ordu bete baino gehiago bazen andrea edo polizi burua ikusten ez zituela, eta geroz eta nerbiosoago zegoen. Agudo zerbait asmatu beharra zeukan, edo bestela hura izanen zen joanen zen azken dantza haundia.

        Dantzagelari azken begirada bota zion. Gero, itzuliz, jendetzaren artetik emakume-esku lodi batek egiten zion agurrari itxuraz ez ikusiarena eginaz, ertzetan palmondoak zituen pasealekuan beheiti poliki joan zen. Eta auskalo zergatik Kansasko aspaldiko egun hura etorri zitzaion burura; trena utzirik Carol eta biak joan ziren merendu lekua.

        »..z berriz harremanak estutzen hasi behar genikek, Doc. Behar beharrezkoa dela uste diat!».

        Docek bere buruari irri egin zion tristeziaz. Berriro harremanak estutzen hasi? Bai zera, ez zuten horrelakorik behar. Ordurarte problemak hortik sortu zitzaizkien, elkar sobera ongi ezagutzetik. Behar zutena hartu egiten zuten, hori zen haien bizimodua. Parera ateratzen zitzaien edo balio ez zien edozein bazterrera botatzen zuten. Ohitura hori zuten; horrelakoak ziren. Eta benetako ordua iristearekin, elkarrekin ez zuten beste edozeinekin baino urriki gehiago erakutsiko...

        Bere gogoetan murgildurik, Doc pasealekuan beheiti joan zen poliki, konta ezin adina egongela, harrera gela eta barretako ateetatik barnera begiratuz. Haietako batetik, Ike Moss potoloak ahoa babestuz diosala egin zion; keinuz, ongi hornitutako mahai luze bateko kutixiz ahoa betea baitzeukan. Baina Docek irrifarrez buruari eragin eta aurrera jarraiki zen. Ike Moss, pentsatzen zuen nardaturik. Zein zabar, zein txukuntasun zentzu izpirik gabea bihur zitekeen gizona? Astebete besterik ez zen bere emaztea bainuan ito zela, eta gizona bere arropa hoberenak jauntzirik han zebilen, bistan zegoen guzia irentsiz.

        Seguruaski hozkailua harrapazka hustuko zuen harekikoak egin ondoren, pentsatu zuen Docek. Eta isilean irri egin zuen burura etorri zitzaion irudiak eraginik.

        Bilar-gela ttiki batera hurbildu zen; aurrera segi zuen. Gero bapatean geratu egin zen,soinak goititu, eta atetik sartu zen.

        Max Vonderscheid Doktorea bilar mahai bakarraren ondoan zegoen. Bere nano gorputz korkoxa beltz higatuz jauntzia zen, traje aldrebesaren esmokinaren behekaldea ia lurreraino ailegatzen zitzaiola. Eta bere lehoi burn grisa mahaitik zentimetro gutxi nabarmentzen zeta. Baina hala ere bere austeritatean eder eta dotore ageri zen; eta bolak tapiz berdean barna sorginkeriazko doitasunez mugierazten zituen batetik bestera karanbolak eginaz.

        Azkeneko biak bi-ertzetako kolpe zail batez zuloratu zituen. Docek txalo egin zuen poliki, eta Vonderscheidek makilaren kiderra zoruan paratu zuen, eta hartan bermatu zen Doci begiratuz.

        — Bai, Herr McCoy? Zuri laguntzerik badut?

        Ia ez zuen kutsu berezirik hizkeran; Doc ohartua zen El Reyren aurrean izan ezik hala izaten zela la beti. El Rey eta biak ongi konpontzen ziren, hark doktoreari errenta eta beste zenbait gastuen kontuan sekulako mesedeak egiten baitzizkion. Hala ere, Vonderscheidek diru-sarreraren bat eduki behar, eta han ez zuen lan egiteko aukera haundirik.

        — Bai? —Korkoxaren begietan distira berezi bat agertu zen—. Ezin zara deliberatu zerbait erratera?

        — Barkatu —erran zuen Docek nerbiosturik—. Zure jokuari begira hain liluratua nintzen non... bailla, bai, laguntza ematea baduzula uste dut. Ni, zera, emaztearekin hagitz kezkatua nabil. Ez dut uste ongi dabilenik.

        — Konprenitzen dut. Eta?

        — Zera... —Doc apalxeago mintzatu zen—. Arront isilpekoa da, Doktore. Arront bakarrean mintzatu nahi nuke.

        Vonderscheid jiratu eta ingurura begiratu zuen, une batez begi-ertzezko begirada esku-ahurrez babestuz. Bekainak goitituz, Docengana bihurtu zen berriro.

        — Hau aski pribatua bada, nik uste —erran zuen—. Balio du, nahi izan ezkero. Bai, zer da zure emaztearen kontu hori eta zergatik kontsultatzen didazu niri?

        Dock esplikazioak kontuz ematen hasi zen. Bukatu ere egin gabe Vonderscheidek pazientziarik gabeko keinu batez moztu zion—. Mesedez, Herr McCoy! Horrenbesteko erretolika holako gauza topiko batengatik. Zure andrea aztertzea nahi duzu, bai? Zure proposamena dela jakin gabe, azterketa bat izan behar lukeela proposatzea. Eta gero operazio bat behar duela nik hari erratea. Horretaz komentzitzea. Eta operazioan, nik egin beharko nuke...

        — Ez dago hitzez hitz erran beharrik —erran zuen Docek agudo—. Azken finean, jende pila izugarria hiltzen da operazioetan. Eta orain, zure lansaria gutti goiti beheiti zenbat izanen den erran nahi badidazu...

        — Egite ezkerotan, musutruk izanen da. Zure andrea edo zu gizartetik desagertaraztea plazerra eta pribilejioa izanen litzateke. Zoritxarrez ezin dut horrelakorik egin. Nere izena Vonderscheid da, ez Katzenjammer. Doktorea naiz, ez asesinoa.

        — Ez, zaude piska batean —Docek haserre—. Gaizki entenitu duzu, Doktore. Ez duzu pentsatuko nik...

        — Mesedez! —Vonderscheidek moztu egin zion makila-kolpe bat emanez—. Ez eskatu zu edo zure emaztearen ordez pentsatzeko, zuen gorputz ederrez, gogo sendoez, aukera paregabeez. Horren erdia neronek edo Rudy Torrentok izan bagenu...

        — Hori da, beraz —erran zuen Docek bere irri garratz eta ironikoaz—. Rudy eta zu lagunak zineten...

        Isilik geratu zen. Vonderscheidek pauso bat atzera egin zuen, makila bi eskuez kontuz. Mehatxu keinu bat egin zuen, eta Docek hauteman zuen beste deus ez zuela errateko.

        — Akitu duzu, McCoy? —doktoreak keinu zakar bat egin zion—. Orduan nik ere akituko dut. Rudy nere laguna zen, bai. Erotua zegoen; ia sortze beretik zanpatua izan zen; ezinbestean bilakatu zen bilakatu zena. Ez zuen sekula lagun bat izan, beraz, ni izan nintzen haren lagun bakarra. Ez nuen hiltzaile gisa ikusten. Eta nere burua ere, legea hautsi dudan arren, ez daukat hartakotzat. Horixe. Horixe da guzia, Herr McCoy, bi gauza ezik. Zure andrea duela minutu batzuk la proposamen berdina egitera hurbildu zait. Egia erran, oraindik ere hemen izan daiteke —landare-ontzietako palmondo mukurua seinalatu zuen—. Beraz, elkarri doluminak eman nahi badizkiozue...

        Irri karkara eroa egin, bere bilar makila mahai gainera bota eta alde egin zuen.

        Docek ezpaina autsiki zuen. Zegoen tokian geratu zen une batez, eta ondoren, indiferentzia nekatuaz, mahaia inguratu eta palmondoen ondotik iragan zen.

        Carolek bere aurrean likore-mahaitxo erabilgarri bat hedatua zeukan. Isilik haren ondoan jarri zen, eta honek isilik trago bat prestatu zion, begietan urrikia nabari.

        — Benetan joko maltzurra izan duk, Doc. Sentitzen diat.

        — Lasai —Docek intziriz—. Nere partetik ere berdin, zikina zunan jokoa, maitea.

        — Nerea bost axola zaidak. Jakintsuek eman zidatek kontseilua. Baina hik bezalako batek, denek beti maite izan duten batek...

        Carolek eskua laztandu zion, eta Doc harenga na bihurtu zen harriturik eta pentsakor.

        — Badakin? —errar zion Docek—. Benetan maite naunala este dinat.

        — Hi maite? —kopeta zimurtu zuen—. To, noski baietz. Hik ez nauk maite?

        — Bai —Docek poliki baietz egin zuen buruaz—. Bai, Carol, harrigarri samarra bada ere, asko maite haut. Beti maite izan haut eta beti maiteko, eta beste inor ez ninake maitatzen ahalko.

        — Eta nik ere ez. Nik... o, Doc. Doc!

        — Eta ez din bat ere axola, ez da hala, Carol? Edo bai?

        — Badik? —eskuzapiaz begiak igortzi zituen—. Erran baduela, Doc, eta baduela erranen diat. Eta orduan ere zer arraio axola izanen dik?

        Docek baietz egin zuen deus adierazi gabe. Gero basoak bete zituen. Jauregi dorrean kanpai haundi bat dandaka hasi zen hamabiak joaz. Eta dantzagelan banda Home Sweet Home jotzen hasi zen.

        — Ongi da, —erran zuen Carolek—. Han akabera dela uste dinat, Doc.

        — Bai —erran zuen Docek—. Akabera edo, Carol.

        — Aizak —erran zuen, eta haren ahotsa bapatean amorruz, ikaraz, saminez bete zen—. Hire ohoretan topa proposatuko diat, Doc maitea!

        — To, bai atsegina haizela —erran zuen Docek, eta bere basoaz harena ukitu zuen—. Zein izanen dun?

        Hiregatik! Hi eta hire ihes arrakastatsuarengatik!

        — Eta hiregatik, maitea —erran zuen Docek—. Eta beste honelako garaipen batengatik.

 

 

 

© Jim Thompson

© itzulpenarena: Juantxo Ziganda

 


www.igela.com
www.susa-literatura.eus