13
Hondakinez eta zaku-zarpilez tapaturik, Doc eta Carol Earlen kamioi zaharraren atzekaldean zeuden etzanak eta dinbili-danbala zeramatzaten mendian barna landabide batera eta handik kilometro batzuetara Earl bizi zen baserri izeneko lekura. Erdi erorian zegoen etxe zaharra zen, belarrik gabeko lurzati zerritu bat, behi bat, oilo batzuk, eta lau hektarea fruta-arbol eta beste bi edo hiruko baratzea zituena. Eguraldiak zurreatutako etxean, hala ere, bere zoru biluzi eta hondatuekin eta oholez hertsitako leihoekin batera, koloretako telebista aparailutzar bat zegoen, izozkailu sakon izugarri bat, hozkailua eta egur eta fuel-ezko sukalde bat.
Earl, bistan zenez, harro zegoen bereak zituen tresna hauekin, eta Docek laudorioak egin zizkion haiengatik. Hitzik erran gabe, bere plazerra altxatu nahian, Santisek haragi erre puska galant bat hartu zuen labetik eta platera paratu gabe mahai gainera zapla bota zuen. Earlek odola zerien puska haundiak egiten zituen bitartean, Mak beste «mantenu» batzuk paratu zituen aza egosi hotzak, ogia, kafe-ontzi bat, markako whiskyz betetako lau litroko pitxer bat eta antosin eta platerak. Gero denak jarri ziren eta Carol ez gainerako guztiak harrapazka hasi ziren laten. Han zozotu eta gogogabeturik jarria zegoen, goitigaleak zituela, jana ikusi eta usaitu hutsak ere goiti jotzen ziolarik.
Mak begiradaz luze-laburrak hartu zizkion eta whiskya hartzeko luzatu zuen eskua. Antosin bat likido argiaz erdiraino bete eta mahaiaren beste aldera bulkatu zuen.
Edan hori agindu zion. Tira! Ez errepikarazi.
Carolek edan zuen. Presaka irentsi zuen, bere goitigalea beheiti eraman nahian, eta ondoren su sendatzaile bat hedatu zitzaion estomakan eta kolorea bihurtu zitzaion aurpegira.
Orain, jan erran zuen Mak, eta Carolek jan egin zuen. Eta lehenbiziko mokaduen ondoren, janaria primerakoa iduritu zitzaion.
Bere bi begiak piska bat belztuak zeuden. Ezpainak hazi eta ubelduak, eta aurpegia eta eskuak arramaska eta ebakiz josiak. Baina inork ez zuen deus erran haren itxurari buruz, nola eginak zituen ere ez zuten galdegin. Gaiztagintzaren bide meharretan ibiltzen ohituak baitziren, aise asmatzen ahal zuten zer gertatu zitzaion.
Carolek begirada plateran finkatua eduki zuen, haien solasean parte hartu gabe. Harekin deus ikustekorik ez balu bezala.
Erran gabe doa, Doc eta biak oraindik arrisku larrian zeudela. Ezinezkoa zuten Mexikoko mugan zirrikiturik harrapatzea eta lehorreko bideetan barna sartzea. Baina Ma eta Earlek itsasoz ibiltzen zen mugalari on batekin harremanetan zeuden, arrantza-ontzi portuges ttiki bateko kapitaina, lehenago ere horrelako lanak harendako egina zena.
Ez hi bezalako arriskugarria den jenderik, noski Mak whisky dzangada bat hartu, korrok egin eta ezpainak eskugainaz garbitu zituen. Orain gauzak prestatzen ari duk, bere eginbeharrak bazter utzi nahian. Baina egun pare batean edo, azalduko duk, alferrik dabilela ohartzen denean.
Beraz erran zuen Docek kopeta zimurtuz eta kontu haundiz, badaki nor garen. Hori da erran nahi duzuna?
Mak erran zuen noski, tipoak bazekiela.
Beste zein ibiliko duk oraintxe bertan lurralde hau utzi nahian? Baina ez apuratu horregatik batere, Doc. Gu Santistarrok ederki ezagutzen gaitik, eta ez duk zertan apuraturik.
Ongi da erran zuen Docek. Bai, ziur nago arrazoia duzula.
Roy Santis presondegitik une beteren buruan edo zen ateratzekoa. Horrekin hiru izanen ziren libre zebiltzanak, jendakiak eta lagun ugariak alde batera utzirik. Eta urrutitik izanda ere, Santistarren fama ezagutzen zuen edonori ez zitzaion bururatuko haiek gaizki hartuko zuten deusik ere egiterik. Ordainaren esperantzarekin edo zigorraren beldurrez horrelakorik egiten zuena ez zen biziko kontu horiek zabaltzen ibiltzeko.
Otordua akitu ondoan, Earlek lurrezko pitxer bat urez bete eta Carol eta Doc atzeko patioko pasabide estuetan barna meta baten tamainako simaur pila bateraino eraman zituen. Partez lurpean egina zen, simaurrez estalitako sabaitako oholak paratuz. Etxetik begiratuz sarrera lona zati batez altxatua zegoen, behi simaurrez zikindua, orain lehortua baina itxuraz bustirik zegoela ematen zuena.
Zalantzaz Earlek ur pitxerra eman zion Doci.
Jan piska bat ere emanen diat nahi baduk, Doc. Hala ere, gauean ateratakoan jatea nahiago izanen duala uste diat.
Jakina erran zuen Docek. Orain ez diagu deus behar, Earl.
Zer... a, bai. Ez erre... Uste diat ez dagoela erran beharrik ere. Egonen zareten lekuan nik misto bat ere ez nikek piztuko. Ke izpi bat edo su izpi bat urrutitik ikusten ahal duk.
Noski. Ez diagu surik piztuko... agindu zuen Docek.
Mastikatzen duk? Baditiat tabako puska bikainak, nahi baduk.
Beno, ongi etorriko zaiguk erran zuen Docek. Esker mila, Earl.
Earl etxera itzuli zen. Docek lonazko atea baztertu eta kortesiaz Caroli aurretik sartzen utzi zion.
Argiasterako ordubete edo falta zen. Hitzik erran gabe, Carol lurrean kiribildurik etzan eta ia berehala loak hartu zuen berriro. Doc hormaren kontra makurturik geratu zen eta tabakoa mastikatzen hasi zen. Nahiko lo egina zen aurreko bi egun eta gauetan. Loa esna egon ezin zenerako zen beraz; ernetasunaren asperretik libratzeko geroko gorde behar zen zerbait. Mastikatu eta ttuka egiten zuen, ttukada aldiro arretaz tapatuz. Carolen gorputzak osatzen zuen itzalgune ilunari begiratzen zion noizbehinka, eta begiak hausnarkor eta pentsati bihurtu zitzaizkion.
Argiasteko lehenbiziko errainuekin, simaur pila berotzen hasi zen. Hamarretarako, Carol orduantxe bapatean esnatu baitzen, Doc oinetakoak eta galtzerdiak ez gainerakoa erauntzirik biluzik zegoen bere arropa mokurua ipurdipean zuela zangoak gurutzaturik.
Buruarekin mehatxu eginaz astindu zuen Carol bapatean algaraka hasi zitzaionean, gero bere buruaren onginahiezko mesprezuz irri egin zuen.
Zer dun hire eritziz irrigarriena? xuxurlatu zion. Ni edo egoeraren sinbolismoa?
Ezin erran irriño bat egin zuen Carolek. Neroni ere egoerarako prestatzea izan duk hoberena.
Arropak erauntzi, izerdia bere jauntziez xukatu eta Docek bezala ipurdipeko bat prestatu zuen beretako. Eta bakarrik zeudelakoz, orduan bai, Docek haren urratu eta kolpeez arreta haundia hartu zuen. Carolek ez zituen kontuan hartzen; mereziak zituen, erran zuen, hain tuntuna izateagatik. Baina haren arreta atsegin zuen, eta arront lasai eta erlajaturik, maitekor sentitzen zen Docenganako.
Baina alde batera okerturik, begirada bihurri bat bota zion Carolek. Gero bapatean makurtuz aurpegia... eskuen artean hartu eta...
Masa zikin batek jo zuen kopetan eta aurpegian beheiti irristatu zitzaion. Sostean atzeraka eginaz jarri zen, hura eskuaz harrapazka kenduz. 'Aaaj' nazkaz ttuka egiten hasi zen, sudurra okertuz.
Uff? Hau nardagarrikeria zikina!
Tira, lastima izan dun erran zuen Docek. Beroaren kontua dun, nik uste. Zaborreria hau bigunerazi egiten din eta...
Mesedez ! nazka keinu bat eginaz. Ez da aski, orain gainera xehetasunak ematen hasteko?
Maite-losintxak hor akitu ziren. Doc bere aurpegiaren lasaitasun mozorroaren atzean altxatu zen eta Carol bere aurreko indiferentzian murgildu. Ordu luzeak geldiro pasatzen ziren bitartean bere buruarekin ari zen hizketan; zehaztu gabeko haiek batzuk izendatuz, berauek ziren babo arraioei irri egiten zien.
Sekulako dibertsioa, ez da hala? Bai, noski! Zinea bezalakoa. Benetan dramatikoa eta zirraragarria. Bi banku-lapur izigarri, makur, burutsuak, simaur pila batean biluzik altxaturik!
Beroak euliak zurrunbiloka erakarri zituen. Hilotz koloreko kakalardo-harrak, berriz, saldoan, eta hauek buru gainera erortzen edo zorutik haien zangoetan goiti igaten zitzaizkien. Eta kirsats itogarri hark begiak erretzen zituen, eta iduri zuen beren azaleko poro guzietatik sartzen zitzaiela.
Momentu batean, etsirik, lonazko atea baztertzen hasi zen Carol. Baina Docek irmoki baztertu zuen handik:
Hobe dun horrelakorik ez egitea... Tira, har ezan tabako piska bat murtxikatzeko.
Tabakoa? Horrek kenduko ote dik zabor honen kiratsa?
Ez, baina gustoa kenduko din ahotik.
Zalantzan geratu zen, gero eskua luzatu zuen. Emaidak. Ez zizkidak barrenak gehiago nahasiko.
Puxka ttikia hartu zuen. Barrenak gehiago nahasi zizkion, baina goitigale desberdina zen eta bere txarrean ere, deskantsu ederra.
Doc eta biak tabakoa murtxikatzen eta ttuka aritu ziren, ttukada tapatzeaz arduratu gabe, ez baitzen horren beharrik. Simaur xirripa eta puskak erortzen zitzaizkion gainera. Euliak zunburrunean zebiltzan, eta harrak arrastaka. Eta horrela pasa zen eguna, ez berehalakoan, eta azkenean gaua etorri zen.
Earlek zenbait ur ontzikada ekarri zituen etxetik, eta zaborreria piska bat garbitzeko aukera izan zuten. Baina kiratsa eta tabako-kutsuko gustoa ez zitzaien kendu. Jateko gauza izan ziren eta jan piskari ere bere kutsua erantsi zion; haien irudimenean Earlek patrika-botil batetik zerbitzatu zien whiskyari ere eransten zion.
Ez zen inor etxean, beraz, Earlek etxera behar zuen agudo. Eta horrek erran nahi zuen Carol eta Docek espero zutenaz bestera ezin zirela kanpoan luzaro ibili. Gogo txarrez lonazko ate azpira sartu ziren beste gau bateko zama ikaragarria sufritzera. Doc sartu eta ahalik erosoen jarri zen. Carol zoru zikinean batetik bestera etengabe geldi egon ezinik ibili zen.
Zergatik? xuxurlatzen zuen amorrazirik. Zergatik egon behar zuten leku horretan? Lehenbizi urpeko zulo izigarri haiek, arratoiek berek ere onartuko ez lituzketenak, eta orain, zera... leku... leku hura. Ez zuen zentzurik. Trenetik salto egin ezkeroztik gauzak gori-gori zeuden eta altxatu beharra izan zuten. Baina Santistarrek eman zieten gordelekua bezain txarrik ez zuten ezagutu.
Orduan ihespidean gintunan oharterazi zuen Docek apalki. Ez geundenan honelako leku ttikian inguraturik.
Bost axola zidak! Bederen, moduko lekuren bat izatea ez duk asko eskatzea... agoantatzeko modukoa, alegia.
Ordurarte agoantatu zutela erran zuen Docek, ustez behinik behin... Gero, pazientziaz, adierazi zion altxalekurik hoberena zela gizakia han bizitzea ezinezkotako jotzen zena. Urpeko zuloak adibidez; hark erran bezala, arratoirik ere atzera eginen zuketen handik. Eta orain simaur pila. urrutira ere nazkagarria eta ok eragingarria bazen, nork pentsatuko zuen han inor altxa zitekeela?
Carolek kasurik egin gabe entzuten zion. Gem entzutetik gelditu zen. Edo pentsatzetik. Hobe zuen gehiago ez kexatzea, hala iduritu zitzaion. Bere egoera ez zen batere segurua. Doc ez bezala, hala ere, bera ez zegoen ohitua aida ezin zezakeena onartzera, beraz, bere burua horretara behartu zuen. Sorgorraldi itsu, huts batean sartu zen puska baterako, denbora akaberarik gabea eta izaterik gabea, biak batera, zen egoera batean.
Earl gorapean zebilen harat-honat, bere itxura gaiztoko zakur arraza-nahasikoak inguruan jirabueltaka zituela. Sukaldeko mahaiaren inguruan jarriak Ma, ontzi-kapitaina, Carol eta Doc zeuden. Carolen ilea motz-motz egina zen. Doc eta biek artilezko txano bilduak, bakeroak, eta elastiku zabalak zituzten jauntziak. Itxuraz kapitainaren ontzi-gizonetakoak ziren: han zeuden haren konfiantzako hiru gizon, haren aulkiaren atzean alai, kopetilun edo irrifarretsu, kasuan kasu, kapitainaren aurpegikerak era exajeratuan errepikatuz.
Une hartan denak kopetilun zeuden.
Baina nola hoitabost mila? kapitainak begiak zerura goititu zituen. Zer dira hoitabost mila honelako arrisku baten aldera? Huskeria!
Beraz, ez duk arriskua benetan axola zaiana erran zion Mak modu latzean, eskuzabalez pagatu ezkero berdin zaik. Zenbatekoa den arriskua, nola dagoen neurtua, hori duk kontua, Pete?
Beno...
Hori duk, bai. Arrisku haundiagoan habil, beraz, diru gehiago izanen duk. Sekula poltsan sartu duan baino bi aldiz gehiago. Hori gehiegizkoa duk, eta hori duk izango duan guztia.
Bi diru-gerrikoak mahai gainean zeuden. Mak haiek ireki eta bakoitzetik diru kopuru berdina hartu zuen.
Melodramatikoki kapitainak bere protestekin segitu zuen.
Ez da aski, senhora! Neri ez zait axola. Aspaldiko lagunak gara, eta lagunekin bihotz-zabalak izaten gara. Baina nere ontzi-mutilak... jiratu eta burua astindu zuen. Ikusten? Ez dute eginen. Erran dute...
Zeini sartu nahi diok ziria? Ma irriz hasi zen. Babo arraio horiek ez zekitek zer erraten ari garen ere.
Kapitainak kopeta zimurtu zuen, gero erabateko aldaketa ikusi zen haren jokaeran, irri ere egin baitzuen.
Beno, beti saiatu behar da, ez da hala? Lagunekin ere, eginbehar den gauza da, hori gutxienez. Baina akordio batera iritsi garen ezkero...
Dirua hartzeko eskua luzatu zuen. Mak pernil gisako bere eskua jarri zuen harenaren pineau.
Itzulitakoan. Hauek doazen lekura bizirik eta osasuntsu, eta berea dutena aldean dutela ailegatu direla aditzera ematen didatenean.
Baina... baina... kapitainak marmarrean, gorrituz, traidorea naizela uste duzu? Ez zara nirekin fidatzen, ezta?
Tira... ez diat horrelakorik erran.
Orduan zergatik? Eta eman dezagun problemak direla. Itzuli ezin banaiz, zer?
Orduan gabe geratuko hintzateke. Eta bekoz-beko begiratu zion, beharrik ere ez huke izanen, Pete.
Begiak beheititu zituen Petek. Ez zegoela eztabaidan ibili beharrik zezeldu zuen isilean; pozik esperatuko zuen itzuli arte dirua jasotzeko. Mak buruaz onartu zuen, bileteak estutu eta bilduz erroilo bat egin eta bere soinekoaren aintzinaldean gorde zuen.
Earl gorapetik sartu zen. Denek elkarri eskua eman zioten eta Docek proposatu zuen Ma eta Earlek bidaia haiekin egitea. Uko egin zioten, elkarri irri eginaz, isilpeko txiste bat trukatuz bezala.
Ezetz uste diat, Doc. Earl eta biok hau gustokoa diagu.
Bai erran zuen Earlek. Bai, jauna. Hau benetan gustokoa diagu.
Eta, noski, ezin joan orain, inola ere. Roy oraindik itzalean dela.
Docek konprenitzen zuela erran zuen. Isiltasun une zozo bat izan zen, inor mintzatu edo mugitzera ausartzen ez zena. Eta gero, Maren jarreran ikusitako zerbaitek bulkaturik, Doc behartua sentitu zen Earl eta biek emandako laguntza pagatzea proposatzera.
Arront hobeki sentituko nintzateke erran zuen erabateko zintzotasun gezurtiaz. Badakit erran duzula dirurik ez duzuela batere behar, baina...
Be-eno, ea ba erran zuen Mak. Zenbat balio dik hire ustez, Doc?
Zera... bere irrifarre atseginarekin segi zuen, baina estomakan zirrara hotz bat sentituz. Ordurako gerrikoetako dirua buruz kontatu eta bi zati eginak zituen. Zera, ez dizut zifra bat ematen ahal, Ma. Zuk erraren duzuna balio du, eta errandakoarekin ni erabat ados nago.
Bost haundi zer iruditzen zaik?
Bost! Hark espero zuen... beno, ez zekien zehazki zenbat. Baina jendeak holako tratu batean prezioa jartzean, bati la zuen guztia xurgatzen zion. Eta onartu beste erremediorik ez zen izaten.
Ez da aski-erran zuen serioski, lasaitu ondoren eskuzabal sentituz.
Banekiken horrela hartuko huela Mak eskua satisfakzioz bihurritu zion. Erran zioat Earli, ez da hala mutikoa? Baina ez duk guretako. Buruan neukana zuken, bost edo hamar hozka polita ez ote zen...
Hamar. Eta hozka izan ala ez, bost axola! Ederki. Pat Gangloniri pasatzea nahi nikek.
Uste diat erran niala han dela. Ihes egindakoan ez ziken karga sobera eraman eta kezkatua negok. Pat gizarajoa erran zuen Docek. Nere esku hari ematea, Ma.
Neronek ere lagunduko nioken. Baina oso presaka zebileken, etorri orduko joana zuken, eta hain agudo ezin izan niken deus erdietsi. Beraz, eskuari eragin zion, pozten nauk hi arduratuko haizela jakiteaz. Bazekiat eginen duala, bestela ez huen erranen.
Egina bezala jo agindu zuen Docek. Azken finean, Pat neronek ere lagun haundia.dut.
Kapitainaren autoan joan ziren, Doc aurreko jarlekuan harm eta ontzi-gizonetako baten artean, eta Carol atzean beste bi ontzi-gizonen artean. San Diegora hurbiltzean lainoa itxiagoa zen, badiara geldiro jautsiz. Autoak poliki barreneratzen zen lainotan kaira iparraldetik sartuz, gero hiriko erdigunea inguratu eta hegoaldetik itzuliz.
Ontzia hamabost metrokoa eta sendoa zen, moila luzearen erdi parean amarratua. Alde banatan beste alturako ontzi pare bat zeukan, izkirabapore bat eta yate bat, baina bietan ilunpea eta isiltasuna ziren nagusi. Kapitainak autoa aparkatu eta giltzak goanteran utzi zituen. (bere lagunetako batek jasoko zituen, ugari baitziren.) Atea irekiz, portuges eta inglesez agudo mintzatu zen.
Tira, presaka gabiltza; itsasgorarekin atera behar dugu. Baina ez itsumustuan. Geldiro baina agudo, bai?
Irri urduri bat egitean hortz distiranteak agertu zitzaizkion. Atera eta besteak atzetik joan zitzaizkion, kaian barna pauso onean aurrera eginaz. Kapitainak ontzi gainera salto egin zuen eta Caroli eskuak luzatu zizkion. Doc segundu bat geroago ontzigainean zen eta erdi isilka aginduak emanaz, kapitainak beren gelattoa erakutsi zien. Bidaian haiena izanen zen. Bera ontzi-gizonekin batera oharkan lo egingo zuen.
Atera eta atea hertsi zuen; ahots xurrumurru bat, soinu nahasiak entzun ziren. Gero ontziaren bi dieselen burrrunba azkar mututu zena. Eta han zihoazen badian barna.
Kapitaina itzuli zen, ontzi-leihoetatik kortinak baztertu eta argia piztu zuen.
Isilik egonen zarete, ezta? irri egin zuen, bere irrifarre nerbiosoarekin. Uretan asotsak agudo egiten du bidea.
Berriz joan zen. la oharkabean ontziak abiada hartu zuen. Lainotan geroz eta barreneragotuz zihoazen eta haren masa grisa atzean hertsi egiten zen.
Doc gelatxoan harat-honat zebilen, arrotza zitzaion edozein leku bezala automatikoki arakatzen. Ez zuen deus bilatzen. Begiratu soilik. Goimailako gaizkile aunitzek izaten du ohitura hau. Doci bizitza behin baino gehiagotan salbatu zion, ordainetan beste norbaiten edo norbaitzuen biziaren galtzea ekarriz.
Hango liburu-arasa ttikiak eta botika-armarioa arakatu zituen. Oharkaren azpian begiratu zuen, irrifarrez. Caroli barkazioa eskatuz, hau haren gainean etzana baitzen. Idazmahaiaren zokoak miatu zituen, giltz-ustai bat harrapatu eta kajoi guztiak ideki eta arakatu zituen. Berriro hertsiz eta barnekoa aurkitu bezalaxe utziaz, oharkaren barreneko kutxa astunak erakarri zuen haren arreta.
Muturretan herskailu bana zeukan. Giltz-ustaitik lehenbiziko aukera bat egin zuen, egokiak lehen kolpean aurkitu eta haritzezko estalki sendoa baztertu zuen. Manta grisaska mordo hat zegoen; haien artean altxaturik zenbait munizio kaxa, errepikako bi errifle eta hamabiko bi kainoiko eskopeta. Docen begiak argitu egin ziren. Gero, ia oharkabean, eskopetak kargatu zituen, kutxaren gainkaldean utzi eta estalkia jautsi zuen. Herskailuak atzera beren kakoetan paratu zituen hertsi gabe, hala ematen bazuten ere. Horrekin bere miaketa eta honen inguruko eginkizunak akitutzat eman zituen, eta orduan giltzak beren apalzuloan utzi eta trago bat prestatu zuen.
Oharkan etzanik, Carolek senarrari begiratu zion piska batean, gero jiratu eta begiak hertsi zituen. Senarraren portaeran ohitura-aldaketa izan zen. Horren atzean beste asmorik ez bazen, erranen zion. Behar zen garaian, eta beharrezkoa izan ezkero.
Loak hartu zuen.
Ilunpe hartan, ontziaren motoreek asots berezia ateratzen zuten. Edo ez, ez zen oihartzuna, baizik eta beste motore baten hots geroz eta ozenagoa. Eta ontzi-leiho hertsietatik, lainoa temati zeharkatuz, argi-distira lauso bat sartzen zen.
Gelattoa ilunpetan zegoen. Isiltasuna ezinegonezkoa, urduria zen nagusi. Gem Docen asnasa erlatsa. Carol bazen ikusteko gauza, eta Doc bere aldamenean jarria zegoela ohartu zen. Eta ate ondoan kapitainaren hortzen distira zuria ikusi zuen.
Nere erranak bete, Pete. Andreak eta biok eginen dugu gainerakoa.
Ez! Mesedez, senhor! Ezin dut... Ez da beharrezkoa! Motora ttiki bat, hiru gizon besterik ez dira, badakit. Zera...
Hainbat hobe.
Mesedez! Erran dizut ez dela beharrezkoa! Zin egiten dizut, kosta-zain horiek ezagutzen ditut. Zer naiz ni haientzat, arrotza? Ez ote dut bide hauxe beste aunitzetan egin? Minutu batzuk berriketan pasako ditugu akaso, eta...
Eta bitarte horretan harrapatu egingo zaituzte. Non zaren antzeman eta nora zoazen. Behar duten adina informazio bildu eta gero polizi ontzi haundiago batean atxiloturik eramateko.
Baina... baina... iluntasunean intziri bat entzun zen. Eta gero, senhor? Gero zer? Harm posizioa ezaguna izanen da eta jakinen dute, ni, nere ontzia zihoala...
Niri bota kulpa. Andrea eta biok ontzira zuen oharkabean igo eta zuen arma eta munizioen jabe egin garela erran.
Zera ere! Honelako ixtorioa sinetsiko dutela uste duzu?
Zergatik ez? Ez da batere txarra Doc isilik gelditu zen mehatxu jarreran. Egia erran, bestea baino hagitzez hobea, nere ustez.
Erraten erreza da... Eta bestela zer?
Ma Santisi erran beharko zenioke. Alferrikakoa izanen litzateke, Pete. Edozein gauza erratea alferrik izanen litzateke.
Baina...
Kapitainak intziri etsia egin zuen. Motoraren asotsa burrunba motela bihurtu zen.
Nik ere ez dut atsegin hau egitea, Pete erran zion Docek biziro. Hiltzea ez dut atsegin eta hau beste deus baino guttiago. Baina bestela zer egin dezaket?
Bestela zer? ez zuen kapitainaren ahotsa ematen. Beste zer, senhor? Zer da norberaren bizia baino maiteago?
Itzuli eta alde egin zuen. E! Aizue! E! Elena Isabella. Gero kolpe ttiki bat eta zurak zurarekin egiten duen karraska.
Docek eskopetak tiratzeko prest paratu zituen. Bat Caroli eman zion eta isilik bi leihoak ideki zituen.
Hiru gizon zeuden kainoi-ontzian: arma-maisua, lemazaina eta kapitaina, teniente gazte, graduatu berna zena. Zutik zegoen oin bat karelean paraturik, boneta buruan atzera botaia zuelarik. Lemazaina lasai zegoen ukalondo bat parabrisean kokatua zuela. Arma-maisua eskuak sakeletan zituela popako ametrailadoraren ondoan.
Docek gizon honi erreparatu zion. Caroli besotik kontu zion geldierazteko aginduz. Esperatu! Ea gehiago elkartzen diren.
Zer presa dabilkigu, Pete? Tenientea alaiki eta era ponpoxoan mintzatzen zen; lagunarteko berriketa zirudien. Ez zinen nere ihesi ibiliko, ezta?
Ihesi? kapitainak algaraka. Nor doa ihesi? Nor dabil presaka?
Gaur gauean ez duzu deus harrapatu, ezta? Zergatik?
Zergatik? Arratsaldean hasi naizelakoz. Eta horma, fuel, eta hornidura hartu, andreari musu eman...
Bale, bale erran zion tenienteak irriz. Kaferik baduzu sukaldean? Jack, ekarri gure ontzia horra.
Arma-maisuak metalezko janari-ontzi bat ekarri zuen. Tenienteak goiti luzatu zuen, besteak eusteko.
Orain erran zuen Docek.
Biak jo zituen, tiro bikoitz bakar batez gerri paretik la erdibituz. Doblaturik behaztopa egin eta uhinetara erori ziren bi ontzien artean. Carolen tiroak lemazaina aurpegian eta bularrean harrapatu zuen. Bizirik zegoen arrantzalearen mutiletako bik kareletik behera bota zutenean, eta itsuturik, aurpegirik gabe, ur gainera eginahalak eginaz ateratzea erdietsi zuen. Urrikaldurik gizonetako batek aizkoraz burezurra puskatu zion. Motoraren zorua zulatu eta beren ontzira salto egin zuten berriz.
Motoreak orroaka hasi ziren eginahalean. Ontziak uhinei eraso egiten zien, uhinak erdibitzen zituen eroturik bezala. Behar adina inoiz urruntzea ezinezkoa balu bezala, behin betiko ospa egitera balihoa bezala. Eta gero, orduak iragan ahala, abiada motelduz. Zeren egina egina zegoen, eta momentuz behinik behin, ez zegoen hain agudo ibili beharrik.
Eta Carol eta Doc berriz...
Elkarren besoetan zeuden etzanak; aseturik azkenean berriro elkarturik. Docek oso estu heltzen zion, buruari babes emanaz ferekatzen zion. Zeren emaztea baitzuen, senar arruntak emazte arruntak maite duen baino askoz maiteago zuena.
Eta zenbait gorabeherak kontrariotako edukitzera bulkatu arren eta ez zegoen seguru hau hala zenaz ere, maitasun berdinez egiten zuen, eta benetako penaz.
Dardarak jota Carol Docen kontra estutu zen, honen bularrean moteldu ziren asotsak egin zituen ahoaz. Docek senarren ohizko 'tira, tira' batzuk erran zizkion, dena konpondua zela eta lasai egoteko. Gero, irriz ari zela pentsatuz, musu xamur bat eman zion.
Zer, zer dun irri egiteko, hmmm?
Hi! Ni.. ni ez negok haserre, Doc, baina... Ni ere ez naun haserretuko. Zer egin dinagu irri egitekorik?
Deus ez! Hiri ari ninduken irrika, besterik gabe gustora eta trufatuz egiten zuen irri. Ez duk sekula Mexicon bizitzeko planik egin, ezta? Hara iristeko esperantza ez huen sekula galdu. Noizbait, nolabait, saiatu hintzen. Bazekiat ongi aski. San Diegora trenez gindoazelarik hire aurpegiko espresioan ikusi niken, eta... eta...
Eta?
Beno, badakik. Orain ezin duk. Ez gaurko saltsaren ondoren.
Zuzendu hori erran zuen Docek. Orain ezin dinagu.
© Jim Thompson © itzulpenarena: Juantxo Ziganda