12

 

        Txoferrak harridurazko murrustada bat eginaz onartu zuen Docen eskupekoa; arlotetako hartu zituen eta kobratzeaz beldurrak zegoen. Kanpotarrak ziren, nonbait, eta oraindik ez zekiten nora jo, pentsatu zuen. Haien erranetara paratu zen berehala.

        — Beharbada, zuek mokadu bat jatera norabait joan nahiko duzue —erran zien—. Piska bat garbitu ondotik, alegia.

        — Zera... —Docek Caroli begiratu zion—. Oraindik ez dakigu noiz arte...

        — Nahi baduzue, nik zernahi ekartzen ahal dizuet. Ogitartekoak, oilaskoa patata prexituekin, apika janari mexikar edo txinarren bat. Nahi duzuena, garagardoa, alkohola, errefreskoak, eta zerbitzuarengatiko gainsaririk gabe. Taximetroak markatzen duena eta esperoan emandako denbora, besterik ez.

        — Zaude piska batean —erran zuen Docek—. Bungalow bat bilatzera joan beharko dut.

        Golie potolo eta ttikia nerbiosturik zegoen, ia beti bezala; nerbiosturik egoteko aferak beti ere izaten baitzituen. Beraz, Docek ezin izan zuen zehatz-mehatz jakin zerk kezkatzen zuen. BungaIowa aukeratzean luzamendutan ibili zen eta, azkenean, patio bukaerakoa hartu zuen. Eta arriskua somatu arren, bere susmoaren iturria zein zen hatzemateko egiten ari zen eginahal guziak alferrekoak zirela ohartu zen.

        Patiotik atera zen, txoferrari bungalowaren zenbakia zein zen erran eta hogei dolarreko bilete bat eman zion, oilaskoa birendako, zigarroak eta kafea eskatuz. Txoferrak agur egin eta presaka alde egin zuen. Doc eta Carol bungalow ilara luzean beheiti joan ziren, azkenekoraino iritsi arte.

        Docek atea ideki eta argia izeki zuen.

        Carolek gortinak beheititu zituen, gero, airean egindako jauzi baten ondoan, ohatze gainean erori zen, zangoak goiti mugituz.

        — Hi, motel! —hats hartu zuen—. Zeinen ongi dagoen han! —gero, Doci behatz batez keinu eginaz, erantsi zuen—: Hi, hator hona! Berehala!

        Docek pansu bat eman zuen harengana eta seko gelditu zen, kopeta goibeldurik.

        — Entzun! Ez dun deus aditzen?

        — O, Doc, mesedez! Noski baietz. Patioan pertsona bakarrak gu izatea nahi duk ala?

        Docek kopetilun begiratu zion, baina gogoa ez zuen bertan. Carol ohatzetik jeiki eta besarkatu egin zuen. Haren kontra estutu zuen. Ez ote zen hura elkarrekin pasatuko zuten lehenbiziko gaua? Ez zen oroitzen? Lau une luzeren ondoko lehenbiziko gaua. Beraz, txotxolokeriak eta zapuzkeriak alde batera utziko ote zituen, eta...

        — Horixe dun! —Docen begiak bapatean erdizka hertsi ziren—. Golieren familia! Inguruetan ez zegonan mor ere, ez haiz ohartu? Ezta haren emazte lodikotea ere; eta hona etorri ezkeroztik ez dun hogei oinbete ere urrundu. Alde egin behar dinagu, Carol, oraintxe berean!

        — Alde egin? B-baina... baina...

        — Goliek norabait igorri ditin, ez dun konprenitzen? Zerbaitek behartu din. Eta horretara behartzeko arrazoi bakarra zegon.

        — Baina... —Carolek ezin sinetsiz begiratu zion—. Baina, zergatik? Zerk...?

        — Ez zekinat! Eta ez din inporta! Agian dagoenekoz sobera berandu dun, baina...

        Sobera berandu zen. Kanpoko legarrean asots bat aditu zen. Atean poliki jo zuten eta ahots bigun batek erran zuen:

        — Kramer jauna? Kramer anderea?

        Doc tink jarri zen eta buzoaren atorraurrekotik errebolberra atera zuen. Caroli besotik kontu eta momentu batez halaxe eduki zuen. Gero, buruarekin baietz erran zion.

        — Bai? —erran zuen Carolek—. Nor da, mesedez?

        — Neskamea, andrea. Eskuoihalak ekarri dizkizuet.

        Docek bainugelara begiratu zuen eta burua mugitu zuen poliki-poliki. Carolen jauntzia seinalatu zuen, isilik, ahopetik hitz batzuk erranez.

        — Eskailera-mailan utziko dituzu, mesedez? Jauntzi gabe nago eta.

        Isilaldi luze bat izan zen eta xurrumurru bat, hain ahula, xurrumurruaz beste edozein gauza ere izan baitzitekeen, aditu zen. Baina hori zen gakoa. Neskamea, neskamea baldin bazen, beste norbaitekin zegoen. Norbait zer egin behar zuen erraten an zitzaion.

        Docek tokia aztertu zuen presaka. Caroli besoa estutu zion eta, komuna seinalatuz, ezpainekin «leihoa» hitza adierazi zion. Neskak burua gogor astindu zuen eta Docengana hurbiltzen saiatu zen; gero, atzera egin eta baietz erran zuen, aurpegia zurbil, Docek besoan sekulako zimikoa egin ziolakoz.

        Leihoa isil-isilik ideki eta neskameari aditu zion:

        — Ez ditut hemen uzten ahal, andrea. Zure senarra, apika, atera daiteke jasotzera.

        — Egon piska batean, mesedez —oihu egin zuen Carolek barrenetik—. Komunean dago.

        Docek salto egin zuen leihotik eta etxearen atzekaldetik isilean joan zen. Izkinara iristean, bere bungaloweko ate aldera begiratu zuen kontu haundiz.

        Rudy! Pistola eskutik erortzeko zorian izan zen. Nola arraio!

        Burutik hura kentzen saiatu zen; harrigarria zen benetan, jasan zezakeena baino karga haundiagoa. Baina gertakariak gertakariak dira. Onartu egin behar dira eta berauekin kontatu. Eta kontua zen Rudy hor zegoela.

        Harekin emakume bat zegoen —Fran Clinton hain zuzen—, eta ez zeraman agerian armarik.

        Errebolberra eskuan, Rudy emakumearen ondoan zegoen, Doci bizkarra emanaz.

        Ez zuen arma erabili nahi, noski. Ezin tiroka hasi; Doc eta Carolek ere ez zuten horrela gertatzerik nahi. Harm helburua eta Docena berbera zen: zorrak isiltasunean kitatu, inork ikusi gabe, bungalow barreneko intimitatean.

        Docek errebolberra haztatu zuen kainoia besagaineraino goitituz. Isilean, izkinatik abiatu zen haiengana.

        Rudy lehenbizikoa... pistolaz emandako kankarreko on batez. Gero emakumeari, ohartu, mugitu, oihukatzen hasi baino lehen, gantxo bat libre zuen eskuaz.

        Begiak haiengandik kendu gabe, Docek oina goititu zuen, poliki-poliki, eta beheititzean, noizpait lore-sailak inguratzen zituzten ertzetako adreiluetako batekin behaztopatu zen. Zerraldo erori zen, luze-luze.

        Erortzean tiro egin zuen: momentu hartan egiten ahal zuen gauza bakarra.

        Rudy instantean bueltatu zen, errebolberrari sua zeriola eta emakumea bere aurrean paratuz. Balak Docen gainetik galdu ziren, baina honen balek emakumearen gorputza zulatu eta Rudyren erraietaraino sartu ziren.

        Segundu guttitan biak lurrean zeuden; Rudyren esku batek oraindik ere emakumeari beso batetik kontzen zion bizkarraldetik.

 

* * *

 

        Handik bi etxe-sailetara, txoferrak tiroketa aditu zuen, baina ez zitzaion bururatu Golieren etxean gertatuko zenik ezta, are guttiago, bere bezero berriak saltsan sartuak izan zitezkeenik ere. Gero, Doc eta Carol ikusi zituen beregana korrika heldu zirela —To! begira neskatoa korrika, harrapa ezak!—. Harriturik, autoa gelditu eta jautsi egin zen.

        — Aizue! Zerbait gertatzen da? Norbait ari da zuek molestatzen?

        — Bai —erantzun zion Docek—. Hiriko bidean kontatuko dizut.

        — San Diegora? Baina, eta jana? Zer...?

        Docek tripan sartu zion errebolberra eta auto barrenera bulkatu zuen.

        — Bizirik jarraiki nahi duzu? Bai? Orduan nik errandakoa egin!

        Txoferrak obeditu zion, baina gogo txarrez. Egoskorren aproposeko maltzurkeriaz. Errepide nagusian sartu eta hiri aldera jo zutenean, begirada harroputza bota zion Doci.

        — Ez dizu deusetarako balio izanen, Mac —erran zuen—. Ez dakit zer asmo duzuen, baina oraingoan ez duzue erdietsiko.

        Docek, ezpainak estutuak, begiratu zion. Atzekaldeko jarlekuan, Carol Doci hurbildu zitzaion nerbiostua.

        — Doc... arrazoia duela uste diat. Jada gu bilatzeko alarma emana izanen ditek. Goliek dena kontatuko dik. Noraino ailegatuko gaituk zirkoauto honekin?

        Docek zakar galdegin zion noraino ailegatuko ziren hura gabe. Alarma emana baldin bazen, non erdiesten ahalko zuten beste autorik?

        — Txakurrek ez zekiten auto honetan gabiltzala. Ezta ere autoz goazen ala ez. Akaso mugara iritsiko gaitun, haiek jakin baino lehen.

        — Mugara? Baina zer...?

        — Ez duzu inola ere erdietsiko, Mac —moztu zion txofer setatiak—. Hobe duzue etsi eta poliziaren eskuetan jartzen bazarete. Orain,...ai!

        — Horrela gustatzen zaizu? —Docek zartako eman zion errebolberrarekin—. Gehiago nahi duzu?

        Hortzak estuturik, gizonak ezetz erran zion buruarekin.

        — Konforme, bada —jarraiki zen Doc emeki—. Orain ezkerrera jo eta gero zuzen-zuzen segi, Mission Valley aldera, nik biratzeko erran arte.

        Autoak ezkerrera jo zuen. Bide makurra baitzen, ahal izan zuten abiadura hartu zuen eta denbora puska baten buruan, Doc, lepoz bueltaturik, Caroli mintzatu zitzaion. Ez zuten muga pasabideetatik iragaiten ahal, erran zuen. Argi zegoen, ezinezkoa zen. Baina mugazainik gabeko pasabideren bat aurkitzen ahal zuten.

        — Jendeak behin eta berriz egiten din —jarraiki zen—. Ez dun biderik onena, eta gurutzatzean eta gurutzatutakoan ere arazoak izanen ditinagu, baina...

        — Ez duzu erdietsiko —moztu zion berriz txoferrak muturra sartu nahian—. Saiatzera zoazen ondoko pasabideetan barna ez. Muga ederki aski ezagutzen dut, jauna, eta ziurtatzen ahal dizut...

        Erraten ari zena garraxi batez akitu zen. Autoa eseak egiten hasi zen eta txoferrak, oinazearen eraginez, ero-begiz begiratu zion Doci.

        — Berriz ere saiatu! —oihukatu zuen—. Berriz ere saiatu eta zer gertatzen den ikusiko duzu! Ez zuela berriz eginen agindu zion Doci.

        — Hurrengoan akabatu eginen zaitut. Orain, hurrengo gurutzean buelta eman. Hiria gurutzatu eta Tijuanako autobidea hartzera goaz.

        Autoak, zirrikek irringa eginaz, buelta eman zuen. Mission Hillseko bide aldapatsuan abiatu ziren, gero, San Diegoko negozio-barrutia inguratzen duen bide nagusia hartzeko. Trafikoa geroz eta usuagoa zen. Sirena baten ulua urrutian itzaltzen ari zen.

        Parabrisa gaineko irrati altabozaren murmurio iluna ahots garbi bihurtu zen:

        — Hirurogeita bederatzi zenbakidun taxia! Hirurogeita bederatzi, erantzun! Hirurogeita bederatzi!

        Txoferrak ez zuen kasorik egiten. Docek identifikazio plaka ikusi eta erran zion bortizki: —Zuretako da. Erantzun! —Zer erratea nahi duzu?

        — Erran iezaiozu bueltatxo bat egin nahi duen bikote bat daramazula. Ordubete edo iraunen duela.

        — Bueltatxo bat egin? —txoferra eroso jarri zen jarlekuan eta bolante aldera makurtu zen—. Ez dute sinetsiko, jauna. Tijuana aldera doan pare bat gaizkile daramadala antzemanen du. —Zer? —Docek bekainak zimurtu zituen—. Nola jakin behar du?

        — Jakin eginen du, ziur. Momentu honetan non gauden ere jakinen du. National Cityko bidea hartzen ari garela.

        Instantean konprenitu zuen Docek. Txoferraren solas zentzugabea eta emisoraren isiltasuna. Eta, basa moduan, nerbioak gori-gori, taxista egoskorra aurpegian jo zuen errebolberraren kainoiaz.

        Berriz jo zuen, behin eta berriz. Txoferrak orro eginaz atearen kontra bota zuen bere burua. Kolpearekin ideki eta zilipurdika erori zen errepide erdian.

        Atea berriz hertsi zen. Docek bolantea berehalaxe hartu zuen bere bidetik heldu zen beste auto baten kontrako danbatekoa galeraziz. Carol horma bezalako isiltasunean murgildua zegoen, isiltasun kezkatia. Gero, erantzunik izan ez zuen galderari ihardetsiz, irratiko ahotsa berriz mintzatu zen:

        — Hirurogeita bederatzi? Hirurogeita bederatzi, entzun dizut, hirurogeita bederatzi...

        Docek interruptorea harrapatu eta itzali egin zuen.

        Autobidetik atera eta parean zegoen legarrezko pista txar bat hartu zuen agudo. Gero, galdegin zuen:

        — Hor, atzekaldean, mikrofonorik bazegon?

        Carolek ezetz erran zion. Gainera, ez zuen axolarik. Biek ederki baitzekiten handik goiti zer gerta zitekeen.

        Pistak National Cityra hurbildu zituen eta gero, ezinbestez, errepide nagusira eramanen zituen.

        Doc handik urruntzen saiatu zen. Argiak itzalirik, albo-karriketan barna eraman zuen taxia. Horrela, hegoalderaxeago joatea baizik ez zuen erdietsi eta, azkenean, errepide nagusira aterako ziren berriz ere. Autoa seko gelditu zuen lehentxeago, buruan aterapidea aurkitu nahian, autoaren motorra baino bizkorrago arituz.

        Landetan barna... soroetan barna, oinez? Ez, ez, sobera berandu zen. Ez zen bat ere praktikoa, beste auto bat ebastea bezain ezinezkoa.

        Eta, eta auzo haietako batean gelditzen baziren? Haietako etxe batean sartu, familia bahituratako hartu eta ihes egiteko aukera izan arte hantxe altxatzen baziren?

        Hori ere ez. Halako eremu ttikian harrapatuak izanik ez. Gelditzeak orain ere zituzten aukera bakarrak deuseztatzea suposatzen baitzuen.

        Docek, oharkabean, besagainak goititu zituen. Gurutzea iragaitean beste autoen argi distiratsuak ikusi eta motorren asotsa aditu zuen. Azkenean, beste aukerarik ez baitzegoen, errepide nagusian sartu zen.

        Beste auto batzuek aurrea hartzen zieten eta gau hartan galtzen ziren irri eta solas puskak uzten zituzten. Plazer goseak zeuden; mugaz beste aldean jan-edanean hasteko presa zuten eta haien kezka bakarra biharamuneko bestondoa zen. Aisialdia irabazia zuen jendea.

        Doc mantso zihoan. Bere bizian lehenbiziko aldiz ez zuen plan bat ere. Ez zuen aterapiderik ikusten. Ezin atzera egin. Ez zuten muga inon barna iragaiten ahal, ez mugaetxeetan barna ezta inon barna ere.

        Poliziak esperoan egon baizik ez zuen egin behar. Sarea hedatua zegoen, harik eta haiek bertan erori arte.

        Denbora piska baten buruan errepidetik atera zen, itsasoan akitzen zen bide bat hartuz. Buelta eman eta lehenagoko tokira jo zuen. Errepidean, berriz ere, hegoaldera jo zuen.

        Orain, gainerako autoak ez zihoazen lehen bezain bizkor. Taxia aurreratu eta ehunen bat metrotara abiadura mantsotu egin zuten. Docek urrutira begiratu eta zergatia jakin zuen.

        Baita Carolek ere; aspaldiko partez mintzatu egin zen. Hizketako tonuan beldurra, haserrea eta poz pittin bat biltzen ziren.

        — Ongi, Doc. Zer egin behar duk orain? —Egin?

        — Errepidea blokeatua zegok. Zer egin behar diagu? —negarretan hasi zen—. Aurrera jo? Aurrera jo eta argi erran, bai jauna, ni Doc McCoy naiz eta hau Carol nere emaztea duzue, eta... eta...

        — Isilik egon hadi! —moztu zion Docek—. Begira ezan!

        — Ez ezakela inora begiratzeko erran! ...Nora?

        — Gure aurrean. Errepidearen alde horretan dagoena.

        Errepide ertzetik sel oinetara zintzilika zegoela iduri zuen: mantxa lauso luzesta argitu bat, gainean beste mantxa ilun haundiago bat zuena. Gero, autoa hurbildu ahala, bi mantxen siluetek itxura hartu zuten eta gizonezko boneta baten azpiko emakumezko aurpegi bat erakutsi zuten.

        Eskuargia zeraman eta noizean behin bere aurpegia argitzen zuen. Libre zuen eskuan, zintzilika, errifle bat zuen. Emakume ikaragarri haundia zen, buzo eta ardi larruzko berokiaz jauntzia. Adi-adi begiratzen zien; hobeki erran, autoari begiratzen zion eta karrozeriaren gainean argi-zirtaka ari zen.

        Eskuargiarekin seinale ttiki bat egin zuen eta argia, bera bezala, desagertu zen.

        Docek harridurazko oihu ito bat bota zuen. Atzera begira eta heldu ziren bi autoei aurreratzen utzi zien.

        Carolek galdegin zion haserre:

        — Doc, zer arraio gertatzen zaik? Nor... zer zuken hori?

        Eta Docek irri basatia egin zuen, ezin zuela sinetsi ahopetik erranaz. Gero, abiada mantsotuz, maniobra bizkor batez zirrikek eskuinera jo zuten, errepidearen bazterbidea irringaka gurutzatu eta landan sartu zen.

        Eremu latza zen, lurrik gabeko harri kozkor erosionatuzko zabaldia. Emakumearen figura luzea berriz agertu zen haien aurrean; gero, urrutiratu egin zen eta, gidari gisa, muino bateraino eraman, bertatik plater moduko sakan batera ailegatuz.

        Hantxe etxe bat zegoen, etxola ilun bat, abandonatua antza. Etxolaren atzekaldetik bi gauza haundi atera ziren saltoka —artzanorak— eta isil-isilik autora hurbildu ziren korrika. Baina emakumea mintzatu, keinuak egin zizkien eta gauza haiek haren atzean jarri ziren. Atzetik jarraiki zitzaizkion etxolatik haratago, eta iluntasunean galdu ziren.

        — Doc, kasu eginen didak? Hau dena zer den jakin nahi diat.

        Docek ez zion erantzunik eman. Apika, bere baitan pentsatzen baitzuen dena esplikatua zegoela eta momentu hartan bere gogoa emakume harengan eta hark ematen ahal zien salbazioan zegoela.

        Etxolatik ehun bat metrotara emakumea gelditu zen, haiengana bueltatu eta hurbiltzeko seinalea egin zien, la bere ondora iritsi arte. Gero, berriz ere keinuen bidez, geldiarazi zituen eta autoaren atea idekiz:

        — Gorde nahi duan zerbait daukak, Doc? Bada, bildu. Traste horretaz behin betikoz libratu beharra diagu.

        Dena atera zuten. Emakumea zegoen tokiaren atzean berean bazen putzu zabal bat, ilargiaren argi ahula ur ilunaren azalean isladatzen zuena.

        — Legar harrobia —argitu zuen emakumeak laburki—. Hondorik gabeko putzua duk, nik dakidala. Orain, eman diezaiogun kafetera boni bulkadatxo bat...

        Bulkatu egin zuten autoa, berez behar adina ziztua hartu arte. Gero, emakumearen seinalearekin batean, gelditu ziren: autoa putzuaren ertzaren gainetik pasa eta, gurguilu asotsa eginaz, hondoratu egin zen azal oliotsupean desagertu arte.

        Emakumea bueltatu eta Docen eskua hartu zuen.

        — Doc, begi nekatu hauendako ikusgai ederra haiz, bai horixe. Iluntzean irratian hire izena aditu dudanean, ezin niken sinetsi.

        — Baita zu ere, erran beharrik ez dago, begi nekatu hauendako ikusgarria zara —erran zuen Docek—. Gure esperoan zinen errepidean?

        — Bai. Banekiken alderdi honetara heldu hintzela eta ni ikusteko aukera izan hezakeela pentsatu diat, eta arriskatu. Zera, gauza bat —ahotsa piska bat aldatu zitzaion—, bost axola zaidak baina, zer gertatu duk Rudy eta bien artean?

        — Zera... —Doc zalantzan zegoen—. Badakizu Rudy nolakoa zen. Inoiz ez zen burutik sano ibili, eta azken bolada honetan okerragora jo zuen. Harekin zenbat eta zentzu haundiagoarekin jokatu, orduan eta...

        — Bai, noski. Azkenean burua lehertu diok, e? Beno, aspalditik espero niken —emakumeak burua zuhurki mugitu zuen—. Pikutara gizajoa! Orain, zuek nola altxatu pentsatu behar diagu... hi eta...

        Begirune zakarraz isildu zen eta Caroli begiratu zion.

        — Barkatu, Ma. Ma Santis... Carol, nere emazren nlazer haundiz aurkeztu nahi dizut.

        Ez da harritzekoa Carolen bosteko-ematea ahul samarra izatea. Hain zuen entzuna emakume ihar, aurpegi hezurtsuko haren izena, ezen ia mitotako hartzen baitzuen.

        Ma Santis. Gaizkile baten alaba, gaizkile baten emaztea eta sei gaizkileren ama. Maren semeetako hi poliziarekin izandako tiroketetan hil ziren; beste di —aita bezalaxe— aulki elektrikoan. Bi gelditzen ziren: bat presondegian eta bestea, Earl, libre. Santistarrak ez ziren gaizkile-gaizkileak, hitzaren erranahi arruntean, jende basa, hezigaitz eta bazterreratuak baizik. Ez zuten sekula mesede bat ahazten, ezta irain bat ere. Benetako ohorearen zentzua zuen jendea. Gaizkileen munduko perla arraroa ziren: beste garai batean bizi izan balira, itsaslapur, kortsario edo sari-soldaduak izanen ziren. Haien zorigaitza, eta akaso nazioarena ere, inoren arrazoi eta beharrak kontuan hartu gabe ezarritako ordenamenduarekiko adostasuna bultzatzen zituen zibilizazio batean jaiotzea zen.

        Santistarrak ez ziren amore emateko sortuak. Hil eginen ziratekeen —eta hil egin ziren— hura eman ezkero. Eta orain, hiruetan hogeita lau urte luzerekin, presondegian hogei baino gehiago iragan ondoan, Ma hamalau urtetan bezain hezigaitza zen.

        Earl, bere semea, nazioaren barnekaldean bizi zen, esplikatu zuen. Errespetagarri itxura emateko laborantzan lan eginaz, baina aspaldian harrapakerietan erdietsi eta ongi gordea zuenarekin kristoren bizimodua eramaten zuen.

        — Aspalditik ez diagu lapurretarik egin eta jendeak atzendu egin gaitik —erran zuen irrika Mak—. Beraz, ez diat uste etxerainoko bidean istilurik gertatuko zaigunik, hala ere, ez diagu fidatu behar. Nik erakutsiko diadan tokian altxatuko haiz, hank eta Earl agertu arte eta... zera, El Reyenganako bidean hintzen, Doc?

        — Horixe.

        — Ongi, bada, ez izan zalantzarik ere erdiesteaz —erran zuen Mak sendoki—. Earlek eta biok adiskide aunitzi lagundu zieagu harenganaino ailegatzen: Pat Gangloniri, Red Readingi, Ike Moss eta bere andreari. Noski, zuek, beharbada, horiek denak baino arriskutsuagoak zarete, baina... Hemendik.

        Bueltatu zen eta aintziraren bazterreraino joanez, makurtu eta eskuargiaz toki bat argitu zuen.

        — Ikusten dituk hot bi sastraka multzo? Orain haien azpira begiratu: uraren azpian bi gune beltzagoak dituk.

        — Ikusten ditut —baieztatu zuen Docek—. Kobazuloak?

        — Horrela deitzen ahal diek, nahi baduk. Zuloak baizik ez dituk, baina sartu eta ikus ez hazaten bezain haundiak. Hori duk behar duana, ezta? —Ma irriz hasi zen, alaiki.

        Docek duda izan zuen eta Carolen aurpegi gogortuari begirada bizkor bat bota zion.

        — Zera... Beharrezkoa da, Ma? Hau da... —Beharrezkoa ez balitz ez niake erranen —mintz_atzean haserre punttu bat antzematen ahal zitzaion—. Ez duk horrenbesterako, Doc. Aire fresko korrontetxo bat sartzen duk nonbaitetik eta ez diat uste makurtu beharrik izanen duanik. Pat Gangloni bera ere hantxe egon zuken denbora batez, eta hik Pat ezagutzen duk. Hire tamainako bi behar dituk haren gisako bat egiteko eta erdia sobratzen zaiok.

        Docek irri egin behar izan zuen. —Erauntzi beharko dugu, ezta?

        — Bai. Barreneko arropa eramaten ahal duzue. Behean mantak badituk eta, dena dela, bero egiten dik barrenean.

        — Ongi da —erran zuen Docek—. Beno...

        Atorra erauntzi eta lurrean utzi zuen. Gero jarri eta zapata eta galtzerdiak kentzen hasi zen. Mak Caroli begiratu zion.

        — Soka bat beharko duzue, seguraski —erran zuen, eta iluntasunean desagertu zen.

        — Carol —erran zuen Docek. Eta berehala—: Carol!

        — E-ez —erran zuen Carolek dardaraka—. Ez, ezin diat! Nola jakiten ahal...?

        — Nerekin hago. Nere txartelarekin ari haiz bidaia honetan. Eta orain, erauntzi arropa!

        Zutitu eta galtzak erauntzi zituen. Dirua gordetzen zuen gerrikoa askatu eta arropa mokuruaren gainean utzi zuen. Instant batez itxoin, irri bizkortzailea saiatu eta ahots eztia prestatu zuen. Segituan, eskuak luzatuz, pausu bat eman zuen Carolengana. Neskak atzera egin zuen:

        — E-ez. Ez! —erran zuen totelka—. Bazekiat zer nahi duan! Ni hor behean sartu eta...!

        — Hago! Bestela zer egin dezaken? Erran!

        — Ezagutzen zaituztet! Ez nindukek sekula aterako! Hura hire laguna duk, ez nirea! Hura... zuek hor abandonatuko nauzue, lurpean, eta...

        — Beno, hemen nauzue —Ma Santis ustekabean itzuli zen haien atzetik—. Arazorik?

        — Sentitzen dut —erran zuen Docek —. Nere emaztea urduri samar dago.

        — Hummm —bota zuen Ma Santisek haserre—. Hori bera susmatu diat nik. Beno, ni ere arrenkuraturik nagok. Hain bide luzea egin eta nik zuei laguntzea espero niken, baina orain ez nagok horren ziur. Gauzak argi utzi nahi nitizkek aurrera segi baino lehen.

        Docek sentitzen zuela errepikatu zion. Mak erriflea besapean hartu zuen eta berehalaxe bi artzanorak erne jarri ziren. Zai gelditu zen Caroli tinko begira. Eta Carolek bere ahots propioa aditu zuen, oso urrutitik baletor bezala, adiskidetze irri bat eginaz aurpegia gogortu zitzaiola sentitu zuen.

        Sentitzen zuen, errandakoa damutzen zitzaion, Marenganako esker ona baizik ez zuen. Bera...

        Isildu egin zen eta makurtuz, soineko beltz haundia erauntzi zuen. Gero, ia haserre bizian, diru gerrikoa askatu eta atsoari eman nahi izan zion. Ma ez zen apenas mugitu.

        — Arropa mokuruaren gainean utzi. Eta lasai egon, ez da deus ere faltako.

        — Nahi adina hartzen ahal duzu —erran zuen Docek eztiki—. Han da, Ma, zera...

        Emakumeak buruarekin eman zion baietza. Bazekien Docek zer erran nahi zuen, baina ez zuen deus ere behar.

        — Beti ere pentsatu izan diat benetan tipoa haizela, Doc. Kontrako kontu pare bat entzun izan diat baina hik eta biok beti hartu izan diagu elkar. Ez zegok gure artean inor hire hitza sinesten ez duenik.

        — Hori bera dut nik zureganako eta zure tartekoenganako sentimentua, Ma.

        — Baina —jarraiki zen atsoa— ez diat besteen istiluen tartean sartzeko asmorik. Ez nauk zuen gorabeheretan orain baino gehiago sartuko. Elkarren arteko borroka hasi behar baduzue, eta horrela ez gertatzea espero diat, beste nonbait konpondu. Bestela, neroni arduratuko nauk bakea egin dezazuen, eta istilua hasi duenak larrutik pagatuko dik.

        Isildu eta biei gogor begiratu zien, bere baldintzen onarpenaren zain. Harrigarria bazen ere, Carol Doc baino konformeago zegoen.

        — Ederki, hola gustatzen zait —erran zuen Mak hotz—. Zera, zuloetan bada ura, mingostua beharbada, baina egarriak bazaudete edan daitekeena. Bazkarik ez dago, noski. Hor behean iraganen duzuen denbora jan gabe ere ematen ahal duzue. Ez erre, enta surik egin ere, ez baitago behar bezainbeste aire. Beno, han da dena, uste dut. Jausten laguntzea nahi duzue, Doc?

        Docek buruarekin ezetz erantzun zion.

        — Bakarrik egiten ahal dut, mila esker. Zenbat egun pasa behar ditugun erraterik baduzu, Ma?

        — Beno, bihar gaua arte erranen nikek, baina badakik gauza hauek nolakoak izaten diren, Doc. Come-see come-sah —ozenki egin zuen irri—. A, bai! Banekiken zerbait ere atzentzen zitzaidala. Lo egiteko pastilak... Ez dakit zehazki non diren, baina haztamuka besterik ez bada ere, harrapatuko dituzue.

        — Ongi, orain eskatu behar nizkizun. Zera, badaezpada ere piska batean argi eginen bazenit, Ma...

        Ma makurtu egin zen eta eskuargiaren argia zuloaren pareta aldera zuzendu zuen. Docek aztertu zuen, bizkarrean kolpetto eme bat emanaz eskerrak eman zizkion eta balantzaka hasi zen bazterrean.

        — Gabon —erran zuen, eta Caroli irri eginaz—: lo egin dezanala, maitea.

        Eta orroa entzun zen zangoak zurrun paratuz ura jo zuenean.

        Murgildu zen eta gero azalera agertu. Ondoren, sastraketaraino igerian joan eta berriz murgildu zen.

        Eta urpean jarraiki zen.

        — Horra hor, bai tipoa dela —erran zuen Mak ahopean—. Ez badakizu ere, erran egiten dizut.

        — Badakit —erantzun zuen Carolek.

        Mak eskeintzen zion soka hartu eta gerrian lotu zuen. Lurrean arrastaka, aintziraren ertzeraino iritsi eta zirrara sentitu zuen. Gelditu egin zen, airean erdi zintzilika, asnasestuka. Gero, bueltatu eta Mari erausteko seinalea egin zion.

        — Buruan zerbait baduzu —Mak segundu batzuez zintzilika eduki zuen—, hobe duzu lehenbailehen erratea.

        — Nik... deus ez. Lokararazteko pastilei buruz galdera bat besterik ez zen. Zergatik jarri zarete ados Doc eta biak haiek hartu beharraz?

        — Zergatik? —Mak bekainak zimurtu zituen ezin sinetsiz—. Hara, ez daramazu denbora sobera saltsa honetan, antza, e!

        — Zera, nik baietz uste nuen...

        — Mmmm, beno, pastilei buruz zerbait erranen dizut —agertu zion Mak—. Ziur egon haien beharra izanen duzula. Eta behar izan arte ez esperatu. Beheiti ailegatu bezain agudo bat hartu, eta efektua desagertzen denean...

        Carolek kolpetxo bat eman zion sokari eta mantso-mantso askatuz joan zen. Ertzeraino iritsi eta jausten hasi zen uretara piskanaka.

        — Bai? —oihu egin zuen ur azala oinekin ukitzean—. Efektua akitzearekin zer?

        — Gehiago hartu —erran zuen Mak.

 

* * *

 

        Zuloa ezponda batean zegoen eta sarrera urez betea ikusten zen, tarte hura iragan arte hatsik hartu ezin zela.

        Carolek presaka iragan zuen. Lauroinka jarraiki zen, begiak hertsirik, hatsari eutsiz, buruak zuloaren akaberako harria jo zuen arte. Orduan, lasaiago, asnasa hartuz, bere burua abandonatuz, ahozgoiti etzan zen.

        Tokia ez zegoen arront ilun, harrigarria bazen ere. Haize korrontetxo bat bazen, eta leku beretik, argi izpi bat ere sartzen zen, gauaren argi berezia, zulo hartako iluntasuna arintzen laguntzen zuen argi hura.

        Hilkutxa baten barrenean bezalaxe, pentsatu zuen. Argi ahulez eta airez hornitutako hilkutxa. Ez zen ezerosoa. Oraindik behinik behin. Estu samarra. Baina bertan egotea aski izan ezkero eta ateratzen saiatu ezzan...

        Derrepentean pentsamolde hura burutik kendu zuen.

        Erdi-iluntasun hartan, eskuekin zuloaren paretak arakatuz, kantinplora bat harrapatu zuen. Astindu eta likidoaren mugimendua sentitu zuen. Lurrean utzi ondoan, bila jarraiki zen ongi hertsitako ontzitxo bat hatzeman arte. Ideki eta barrenekoa haztatu 'zuen. Gero pastila haietako bat hartuz, dastatu egin zuen.

        Mikatz samarra zen; gazia, piska bat. Ontzira bota eta tapoia paratu zion.

        Ez zuen zikinkeria hura behar. Momentu hartan zegoen baino ahulago sentitzeko ez zuen deus ere hartuko. Mak hainbat aldiz ez zuela deusen beldurrik izan behar erran zion. Bera eta Doc emakume haren babespean egonen ziren beren gisara ibiltzeko gauza izan arte. Eta, horrexegatik, ez zuen bere burua asaldatu behar ergelkeria haiekin. Ma arront leiala izan zitekeen. Bazitekeen. Gainera, Docek atsoa bezalako jendajea ederki ezagutzen zuen eta gauzak horrela egitea erabaki bazuen, horrela jokatuz seguru zeudela uste bazuen... beno, bost axola. Baina Iokararazteko pastilak mola ere ez.

        Lokararazteko pastilak baldin baziren.

        Gogoan buelta eta bueltaka zebilkion afera haren gaineko ideia hura, nolabaiteko setakeria nahasiaz itzuliz. Koherentziazko inongo prozesurik gabe konklusio bat atera zuen, bere segurtasunik ezarekin bizitzen ohitua denak ohi duen bezala; segurtasunik ezak beti erroak iraganean izaten ditu, gehiegizko edo guttiegizko babesean, aitaren autoritatearekiko mesfidantzan, autoritate bakarra bilakatzen baita. Geroago, heldutasunarekin —kontzeptu zabala— gainditzen ahal da, pentsaera argiak uxaturik. Edo norberaren kontrako errusentipenez eta auto-urrikiaz sendotu ere egiten ahal da. Haunditzea ere gerta daiteke sortzezko autoritatea soportaezina eta aldaketa ezinbestekoa bihurtu arte. Ez pentsaeraz erradikala den batendako, hori sobera problematikoa, sobera mingarria bailitzateke. Aldaketa horren ondorioz autoritateak beste mozorro bat hartzen du, eta honek denborarekin, eta presio haundi baten pean, mesfidantza eta lehenbizikoak baino muzin haundiagoa sortuko ditu.

        Kontu hauek —eta bere gogoa— astinduz, Carolek bere buruari galdegiten zion zergatik egoten zen Docen beldurrez, eta harekin fidatzea ezina zen beretako. Hala ere, aldi berean, beste inor sekula maitatuko ez zuen moduan maitatu.

        Orain ere, beldurra eta meshdantza goiti beheiti, Doc bere ondoan izateagatik zernahi gauza emanen zuen.

        Beti —edo ia beti— lasai eta bere buruaren jabe izaten zen. Beti ere jakiten zuen zer egin behar zen eta nola egin. Bere baitan desegina egon zitekeen, baina bere jokaeran ez zitzaion antzemanen. Atsegina eta zintzoa izan zitekeen, bizitzan inolako kezkarik ez balu bezala. Horrelako pertsona batekin kasu haundia eman beharra zegoen. Behin ere ezin jakin benetan zer pentsatzen ari zen. Baina...

        Emazte-hasperen sakona egin eta hotzikara sentitu zuen gorputz osoan. Doc McCoy... kontuz ibiltzeko tipo bat, erran zuen Mak. Bai, halaxe zen, antza.

        Munduan Doc bezalakorik ez zen, eta ez zen sekula izanen.

        Pastila ontziarekin ari zen jostetan. Gero bueltatu eta pareta jo zuen harekin. Doc ez zen sobera urruti izanen, harri hotz eta heze haren beste aldean, metro batzuetara bakarrik. Hark aditu eta erantzutea erdietsiko balu... zera, atsegina izanen zen. Bestea ongi zegoela jakitearekin, erran zuen bere baitan, lasaituko ziren.

        Berriz ere jo zuen ontziarekin eta adi-adi gelditu zen. Nerbiosturik, kopeta zimurtu zuen. Gero, gogoan argi bat piztu balitzaio bezala, bihurtu eta kontrako paretan jo zuen. Akaso han zegoen, beste alde hartan. Dena dela, alde batean edo bestean egon behar.

        Jo eta aditu.

        Kolpeen arteko isiltasunak izitzen zuen. Mingarri bilakatu zen, bete behar zen hutsune bat. Soportaezina zen eta soportaezina dena ezin soportatu baita, irudimenak, etsai laguntzaile horrek, muturra sartu zuen.

        Argi eta garbi aditu zituen Docen erantzun kolpeak. Beno, apika ez horren garb, —irudimenak ere bere mugak baditu—, baina aditu egin zituen.

        Berriz deitu eta Docek —irudimenak— erantzun egin zuen. Seinaleak geroz eta indartsuago errepikatu ziren. Arras lasaiturik sentitu zen; gero, oinburuen gainean jarririk, urduritasuna eta haserrea nola ari ziren bere gogoaz jabetzen nabaritu zuen.

        Jotze hutsak, erranahirik gabeko asotsa egiteak zentzurik ba ote zuen? Mezuren bat igortzea balu. Galdegin, zerbait erran...

        Baina, beharbada, Docek ere hartaz pentsatuko zuen eta ezinezkoa idurituko zitzaion. Eta akaso halaxe zen.

        Paretaren kontra paratu eta beste paretarainoko espazioa neurtu zuen. Bazirudien zulo hartan bi pertsona ere sartzen ahal zirela. Estu-estu egon beharko zuten, noski, eta ez zen bat ere erosoa izanen. Baina unetxo batez, ordubetez edo, hagitz atsegina izanen zen.

        Sabairainoko espazioa? Esku ahurrak goiko paretan paratu zituen eta beregandik hurbilen zegoen tokitik hasi zen. Erdi-iluntasun hartan altuago ematen zuen. Bulkaka hasi zen, bulkaka ari zela ohartu gabe. Bapatean, eskumuturrekin joka hasi zen.

        Jotzez agudo utzi eta geldi-geldi geratu zen zenbait minutuz, ahozgoiti, bihotzaren taupada eroak lasaitu ziren arte. Gero, ukalondo eta oinburuekin ekinaz, sarrera aldera hasi zen arrastaka.

        Urak oinak ukitu eta, muzin eginaz, kendu zituen. Berriz sartu eta horrela iraun zuen denbora piska bat. Ondoren, etsipen mingarriaz, atera egin zituen. Bistakoa zen ez zuela handik atera behar, aintzirara itzuli behar. Ikus zezaketen. Ederki zekien momentu hartan bazitekeela inguruak poliziaz beteta egotea. Dena dela, aintzira hagitz sakona zen —hondorik gabea, erran zuen Mak— eta igerian hagitz gutti zekien. Doc zegoen zuloa harrapatzen ez bazuen edo bere zulora bihurtzen asmatzen ez bazuen...

        Akaso haiek hola prestatu zuten. Haiek ateratzen saiatuko zela espero zuten eta bazekiten saiatu ezkero ito eginen zela.

        Baina, nolanahi ere, ez zegoen handik ateratzerik. Besteek atera arte gelditu behar zuen. Bere gogoaren penduluak bestealdera egin zuen berriz: ziur zegoen handik aterako zutela. Docek aterako zuen. Azken finean haren emaztea zen, elkarrekin pasadizo aunitz bizi izan zituzten, eta neskak laguntza haundia eman zion. Eta... eta... eta hark bere ondotik desagertaraztea nahi bazuen, oraingo honetan baino lehen aukera franko izan zituen.

        Libre izan bezain agudo Docek handik aterako zuen.

        Mak behartuko zuen horretara.

        Zuloaren sarrera aldera espazio gehixeago zegoen. Sabaia altuxeagoa zen. Altuera arrabeteka neurtu zuen eta jarririk egoteko behar adina toki bazela pentsatu zuen. Eta hura pentsatu bezain agudo, jartzeko premia sortu zitzaion.

        Jarri behar zuen, ezin gehiago aguantatu ahozgoiti etzanik edo ukalondoen gainean erdi altxaturik.

        Kokotza bularraren kontra, goititzen saiatu zen. Se, hazbete, oinbete, oinbete t'erdi, bi... burua harriaren kontra bulkaka sentitu zuen. Bulkatzeari eman zion eta gero, erdi erreprimitutako O! batez, lurrean etzan zen.

        Unetxo batez atsedena hartu eta berriz saiatu zen. Orain aldezka, belaunak goiti luzatuz. Modu hartara gehixeago goititu zen, baina ez behar hainbat. Hala ere, martingala zein zen asmatu zuen —edo hala uste izan zuen.

        Neska liraina zen eta oso arma, orain, gainera, nazioan barna egindako bidaiaren gorabeheren ondorioz, hagitzez meheago zegoen. Beraz, bada, estomaka barreneratu, belaunak haren kontra paratu eta kokotza belaunen artean sartu zuen. Hola, pilota baten antzera, bulkada egin zuen goiti eta aurrera.

        Buruak, asots latz bat eginaz, sabaiaren kontra jo zuen, eta aurrera jarraiki zen ile eta larru arrastoak utziz. Lehenbiziko kolpean gelditu behar izan zuen, baina gorputzaren mugimenduak aurrera eragin zion. Azkenean jartzea, edo ia jartzea erdietsi zuen, aintzina makurturik egonda, nekez erraten ahal baita jarria zegoela, bon ez da hitzik egokiena.

        Sabaiak lepoa eta besagainak estutzen zizkion. Burua, nahitaez, beheiti eduki behar. Zangoak, luzaturik, lurraren kontra zeuden, eta bere buruari kontzeko besoak zangoen artean zituen. Beso bat altxatu zuen aurpegitik pasatu nahian, baina egin zituen eginahalek sortu zioten oinazeak besoa euskarri gisa paretaren kontra para arazi zion.

        Atseden hartu zuen; hatsa sakonki hartuz, egoera hartan hatsa hartzea ere zaila baitzen; pentsatzen hasi zen: heno, orain behinik behin badakit egiten ahal dudala. Nahi izan ezkero jartzen ahal naiz. Gero, egoera makur hark oinaze izigarria eman zionean, berriz etzaten saiatu zen. Eta mugitzea ia ezinezkoa zitzaiola ohartu zen.

        Ez zuen onartzen ahal. Sobera ikaragarria zen. Hala ere, pentsatu zuen, hemen sartu baldin banaiz, ateratzea ere izan behar dut. Jartzea izan badut, etzatea ere izan beharko.

        — Noski ahal dudala —mintzatu zen ozenki—. Zergatik ez? Ea, bada!

        Galderari erantzuten zioten arrazoi pilo bat bazen. Ezinezkoa zuen zangoak goititzea, hasieran bezalaxe paratzea. Ezin zituen la mugitu ere egin. Pilota bezala paratzea... zera, halaxe zegoen; lehen baino bilduago. Baina orain pilota ez zen mugitzen. Gorputza sobera bildutako mueile baten antzera zuen, gehiago bildu bai baina laxatu ezin zitekeena.

        — Ez —erran zuen indarrik gabe—. Ez.

        Gero, ahotsaren tonua indartsuago, oihukatu ZLlen:

        — Ez, eeez!

        Asnasestuka itxoin egin zuen; burutik odola zeriola eta adatsak begiak estaliz. Eskumuturretan taupadak sentitzen zituen eta ukalondoek min izugarria ematen zioten. Derrepentean, besoek huts egin zioten eta soina aurrera makurtu zitzaion, ezpainetatik garrasi latz batek ihes egiten zion bitartean.

        Negar batean apuntalatu zen berriz. Malkoak matrailetan irristatzen zitzaizkion eta ezin xukatu. Eta geroz eta oinaze eta histeria haundiago haietan hura iduritzen zitzaion gauzarik soportagaitzena.

        — Ezin... ezin dut behatz bat ere mugitu —bota zuen negarretan—. E-ezin dut... ezin naiz mugitu...

        Gero, ahul-ahul, bere buruak ere ozta-ozta aditzeko moduan, jarraiki zen:

        — Mak bihar gauerako erran du. Bihar gauean, seguraski.

        Hitzak isiltasunean urtu ziren. Asnasa neketsuago bilakatu zen. Ttu eta eztul egin zuen, gorputzaren astinaldiak zirela medio garrasika, eta malkoak ugaritu egin ziren.

        — Ezin dut gehiago —oihuztatu zen—. Aditu didazue? Ezin dut gehiago, ezin dut gehiago! Eeeezin duuut gehiaaagooo!

        Oihuka ari zen, eta eginahalen oinazeak oihu gogorragoak eragiten zizkion; oihu bakoitzak beste bat sorrarazten zion. Orroa, garrasi egin zuen, oinaze eta haserreak ekarri zioten eroaldi hartan harrapaturik. Buruak sabaiaren kontra jotzen zuen, oinburuek lurraren kontra, ukalondoak bulkaka eta kolpeka estutzen zuten pareta haien kontra.

        Odola malkoekin nahasia zegoen, bizkarrean, besoetan, zangoetan isuriz, eginak zituen ebaki eta zauri ttikietatik jarioz, gorputz osoa estaliz. Odol gorri beroa, kobazuloko hautsa eta hezetasuna bezain irristakor eta lirdinga.

        Behin ere ez zuen jakin noiz askatu zen. Ez nola. Ezta erdietsi zuen ere. Borrokan ari zen oraindik, garrasika, eta pastilla ontzitxoa hartuz, ahoan hustu zuen...

        Iluntasun gozo hartatik umore txarrez iratzarri zen. Zerbaitek txorkatilak harrapatzen zizkion eta neskak askatzeko eginahalak egiten ari zen. Baina zerbait horrek gogor kontzen zion. Zangoetatik tiraka zulotik aterarazten ari zen, gorputzetik azal gehiago harrotuz. Protesta moduan, oihu egin zuen baina, urpean sartu zenean, oihuak ito egin ziren.

        Eztulka, ostikoka, zulotik atera eta aintziran agertu zen. Berriz ere gaua zen —edo oraindik lehengo gaua?—, eta ilargiaren argitan, begiak lausoturik sekula ikusitako begi hotzenak ikusi zituen.

        — Earl naiz —irri egin zuen, hortz okerrak agertuz—. Orain, gogor kontu eta...

        — Utzi bakean! —Carol bortizki bota zen atzeraka—. Utz nazazu bakean! Ez dut inora joan nahi! Mesedez, faborez, ez behartu deus ere egitera! Utzi hemen gelditzen!

        Eta belarrei eutsiz zulora berriz jautsi nahi izan zuen. Earl, urptan pauso batzuk emanaz, hari hurbildu eta zaplada eder bat eman zion.

        — Alua —erran zuen ahopeka, gerrian soka bat lotzen zion eta Ma eta Doci seinalatzen zien bitartean—. Berrogeita zortzi ordu ez dira zuretako aski izan?

 

 

 

© Jim Thompson

© itzulpenarena: Juantxo Ziganda

 


www.igela.com
www.susa-literatura.eus