11
Ihes egiteak auza aunitz g adierazten du. Zerbait garbi eta arina, txori batek zeruan hegan egitea bezalakoa. Edo zerbait zikin eta zital; alegiazko eta benetako lohian karramarro baten gisa mugitzea, poliki-poliki aurrera egin, alde batera salto egin eta atzera korrika egiteko prozesu bat.
Soro eta erreka bazterretan lo egitea da. Milietan barna ubideetan arrastaka ibiltzea. Ihes egiteak bide galduak, trenbide bakartiak, kamioi zaharkituak, auto ebatsiak eta bi amorante edozein karrikatako txoko batean hilak dakartza berekin. Karga-bagoietan lapurtutako jana da, arropa ataletan ebatsitako jauntziak; lapurreta eta hilketa da, izerdia eta odola. Konplexua xinple bihurtzen da premiaren alkimia dela medio.
Eta hau dena ezin egin laguntzarik gabe. Beraz, indar egiteko, burrukatu eta hanka egiteko, ebatsi eta hiltzeko gauza izan arren, laguntza behar da. Eta bizirik atera ezkero, goiz edo berandu, laguntza horrekin topo egiten da. Rudy Torrentok berehala harrapatu zuen, Clintondarrekin. Docek beranduago, emigratutako baserritar familia batekin, arlote bilakatutako partekariek osatua.
Bederatzi ziren, senarra, emaztea eta zazpi seme-alaba, eskailera baten antzera ttikiena hankagorri bat eta zaharrena aitaren eitea bera zuen hezur haunditako mutiko bat. Erreka lohitsu baten ondoan paratua zuten kanpamendua. Haien kamioi zaharraren bi zirrika lehertuak ziren, eta bateria lurrean zegoen. Jauntzi zarpailduak zeramatzaten, baina garbiak. Doc, Carol nerbiostua atzean zuela, sastraka baten atzetik agertu eta hurbildu zitzaienean, haiek falanje baten gisa bildu ziren; Iguzkiak beztutako aurpegi haietan begirada flematiko berdina isladatzen zen.
Carolek ez zuen nerbiosturik egoteko arrazoirik. Docek jende mota hura ezagutzen zuen; haien artean jaioa zen eta hagitz ongi ezagutzen zituen pertsona haiek. Bizimodua bizirik irautean zuten zentratua. Ez zuten esperantzarik eta ez zuten uste izan behar zutenik ere. Nolabait ere, haiek birrindu nahi zituen gizarte baten barrenean talde autonomo gisara funtzionatzen zuten. Legeak ez zituen babesten; haiendako, zirikatzeko tresna bat baizik ez zen, mugitu nahi ez zutenean mugiarazten zituena, edo gelditzea komeni ez zitzaienean geldiarazten zituena.
Docek ongi ezagutzen zituen. Bazekien nola mintzatu haiekin.
Axolagabeko agur baten ondoan, andrea eta umeteria saihestu egin zituen. Aginterik ez zuten eta haietako norbait inplikatzeak deskortesia adieraziko zuen. Senarra berekin aparte eraman eta hitz erdizka mintzatu zitzaion. Beste zerbaiti buruz bezala, kokorikaturik, eta gizonaren zuhurtasun geldo berdintsua erabiliz. Tarteka minutuak pasatzen zituzten isiltasunean. Eta mintzatzean, gainerako guzia eztabaidatzen zutela ematen zuen, afera bera izan ezik.
Hala ere, ederki konpondu ziren eta berehala iritsi ziren akordiora. Docek gizonari zenbait bilete eman zizkion, ez aunitz, ezta haundietakorik ere. Ez baitago prestutasuna erosterik, eta haiek, argi eta garbi, besteen laguntza behar zuten bi pertsona baizik ez baitziren. Gero, gizonak aginduak eman zizkion familiari.
Bi pertsona hauek lagunak ditut erran zuen. Elkarrekin eginen dugu bidaia. Ez dezala inork jakin eta ez inori utzi muturra sartzen edo mingainetik joaten.
Geroago, bi mutiko nagusienak herrira igorri zituen, bigarren eskuko neumatiko «berriak» erostera, baita bateria bat eta jana ere. Goizean mendebalde aldera abiatu ziren. Carol eta Docek, kamioiaren atzekaldean ahozpez etzanak, andrearen ahots kaskarra kantari aditu zuten, baita gizonaren puru merketik heldu zitzaien kea usaindu ere.
Haien ondoan, zazpi haurrak zeuden mokuru batean kamioian. Zaharrenak kuzkurtuak, estalki beheitituari egokituz. Inguratuak zituzten, bistatik altxaturik, osin baten hondoan gordeak baleude bezala. Baina, fisikoki hain hurbil izan arren, mundu ezberdinetan bizi ziren.
Carolek irriño bat egin zion nesketako bati eta, erantzun moduan, begirada hotz bat jaso zuen.
Haurtxoa buruan laztantzen hasi zen, baina zorionez eskua garaiz kendu zuen: bestela autsiki eginen zion. Nagusienak hartu zuen haurtxoa:
Ez ezazula berriz egin, andrea oharterazi zion adeitasunez. Ez da inongo ezezagunekin adiskidetzen.
Kamioiaren ziztu haundiena orduko berrogeitamar km.takoa zen. Nahiz goiz abiatu eta berandu gelditzen ziren, egunean berrehun bat milia egiten zituzten. Jana monotonoa eta bakarra zen, jaki berdinak behin eta berriz. Txerrikia gatzetan saltsarekin, gailetak edo morokila eta atxikoria gosaltzeko. Bazkal ordurako, morokila edo gailetak, eta txerrikia gatzetan, hotza, ez baitziren gelditzen. Eta afarirako, gaileta gehiago, txerrikia saltsan eta, apika, artoa edo berdura piska bat: berdura txerrikiarekin batera egosia, nahaspilo gurintsu eta gustu gabeko batean.
Docek denetarik jaten zuen, gustora. Carolek, usainaz nardatua, bizirik irauteko behar zuena besterik ez zuen jaten. Estomakako minak zegoen. Bere gorputz ttikia mindua zuen kamioiaren etengabeko dinbi-danbako ikaragarriekin. Muturbeltz jarri zen Docekin, batez ere, egoera makur haren erruduna bera zela bazekielakoz eta ez baitzuen kexarik egiten ahal.
Ez zen jende haren gustokoa. Docen emaztea zelakoz toleratzen zuten (haren emaztea, ene jainkoa!). Eta Doc gabe, galdua izanen zatekeen.
Familiak berauek nor ziren nazioko gaizkile bilatuenak ba ote zekien eztabaidagarria zen. Baina, egunkaririk irakurtzen ez baitzuten, irratirik ere ez baitzuten, eta iraute hutseko haien niundu hertsian bizi baitziren, bazitekeen ez jakitea. Eta informatzeko aukera izan balute ere, seguruaski, bizkar emanen zioten.
Jende haiek jaten ematen zieten. Jende haien gorabeherak berauenak ere baziren.
Ez galdegin eta ez duzu gezurrik entzunen. Jakinahiak hil zuen katua.
Utzi bizitzen eta bizitzen utziko zaizu.
Kamioi zaharra dinbi-danba zihoan mendebalde aldera; arriskutik, errepide moztuetatik eta polizi kontroletatik urruntzen zituen Carol eta Doc, Californiako segurantzara zeramatzan. Eta hantxe, beste bidai egun bat eman ondoan, familiaren laguntza utziko zuten.
Docek ez zuen besteek ez Carolen ez bere jomuga ezagutzerik nahi, ez zuen familia harekin lotuagorik egon nahi. Horrek nahaste haundiagoa ekarriko zuen, nahastea bilatzen denean, dudarik gabe, aurkitu egiten baita. Gainera, familiak ez zuen hegoalderago loan nahi, lurralde hark arloteen edo arlote-gai zen edozeinen kontrako giroa agertzen baitzuen. Arrai gehiago prexitzea espero zuten, sagar gehiago biltzea, eta guzi hori Pazifikoaren iparmendebaldean erdiesten zen.
Hola, bada, silaba bakarreko agurrak izan ziren, baita ere beste diru emate bat; gero, familia aurrera jarraiki eta Carol eta Doc bertan gelditu ziren...
Ez oso modu egokian, Los Angelesko hirian.
* * *
Doc lan-jauntzi urdinez jauntzia zegoen, kamiseta eta trenbideko langue baten boneta marradunaz. Makur samar zebilen eta sudur puntan metalezko monturadun antiojuak zeramatzan, eta haien gainetik ari zen sos-zorroan miatzen txartelerako diru bila. Beso baten azpian zaretto bat zuen eta, arropetan altxaturik Carolek bezalaxediruz betetako gerriko zabal bat.
Carol minutu batzuk beranduago iritsi zen geltokira.
Hura ere makurturik zebilen, atsoz mozorrotua. Soingaineko luzea jaunzten zuen, beltza, formarik gabea, eta burua estaltzen zuen oihalaren azpitik iguzkiak jotako aurpegi belztu eta zimeldua antzematen zen.
Bakoitza bere aldetik igan zen trenera. Carolek atzeko jarleku bat hartu zuen eta Docek beste bat erretzaileendako tokian. Gero, errebisorea iragan eta trenak bidai puska ederra egindakoan, Doc Carolen ondoan jarri zen.
Zarettoa ireki eta barrenetik botila bat whisky atera zuen. Gogoz edan zituen trago batzuk, botila muturra mankaz garbitu eta Caroli eskaini zion.
Hark ez zuela nahi adierazi zion eta sudurra zimurtu zuen nazkaturik.
Beharrezkoa duk horrekin jarraikitzea? galdegin zuen kopeta goibel.
Horrekin jarraikitzea? Doci ere kopeta goibeldu zitzaion. Han dun azken egun hauetan edaten dudan lehenbiziko tragoa.
Beno, baina hau bezalako egoera batean sobera duk. Nere eritzia erratea nahi baduk...
Ez baitut nahi beste trago fuze bat hartu eta botila zarettoan sartu zuen. Begira erran zuen bere onetara itzuli ondoan, zer egitea nahi dun? Bereiztea? Hire aldetik joan nahi dunan jakin nahi ninake.
Ederki dakik, bada! Nik gauza bat egin nahi izateak edo egin nahi ez izateak axolarik badik? Lasai erran zuen Docek, lasai...
Momentu hartan Docek ez zuen harengandik bereizi nahi. Praktikoena izanda ere, ez zuen nahi. Eta besteak zernahi erranik ere, bazekien berak bezalaxe pentsatzen zuela. Lehen bezain maitemindurik zeuden. Arraro iduri arren, sentimentu hura ez zen bat ere aldatu.
Begiak erdizka hertsi zituen. Arlote-familia non ote zegoen galdegin zion bere buruari, eta gogo barrenean haiekin egon nahiko zuen. Estatu Batuetan barna lurraldearen erdia gurutzatuz egindako bidaia luzea ez zen bat ere gaizki atera. Ibili eta ibili, besterik ez, hurrengo eguna aurrekoa bezalaxekoa. Ez kezkarik, ez hartu beharreko erabakirik. Askatasuna gauza guzien gainetik, premiaren arabera jo eta hitzik egin beharrik gabe.
Ez zuen sekula sentitu isiltasunaren bedeinkapena, nahi izan ezkero isilik egoteko askatasuna. Ez zen ordurarte ohartu bedeinkapen hori haren pribilegioa izan zitekeela. Bera Doc McCoy zen, eta Doc McCoy sekulako tipoa izateko premiarekin jaio zen: eragilea, nortasun haundikoa, maltzurra, atsegina, izaera onekoa eta ikarakaitza.
Edonork hatzematen ahal duen gizasemerik atseginenetako bat: Horixe zen Doc McCoy. Hura egin zutenean moldea hautsi egin zuten. Eta, noski, Docek jendea maitatzen zuen eta jendeak bera maitatzea atsegin zitzaion. Besteen begirune hori erdiesteko egindako eginahalek ederki aski eman zizkioten fruituak. Baina... azken finean esfortzuak ziren. Horretaz ere ez zen ohartu.
Akaso, besterik gabe, nekatua zegoen, pentsatu zuen borondate onez. Baina arront kezkatua. Golierenera ailegatzean ez baitzekien zer egin behar zuten.
Doc erran zuen Carolek, zer egin behar diagu Golierenera ailegatutakoan?
Docek keinu egin zuen. Nere pentsamoldeak irakurtzen ahal ditu, erran zuen bere baitan.
Horretan ari nindunan erantzun zuen. Oraindik ez dinat erabaki.
Ez dakik, enta? Ez daukak planik.
Hau zailagoa baita. Inguruak aztertu beharko ditinat eta... Carolen irri lotsagabeak isilarazi zuen. Konforme erran zuen atzenean. Ez zekinat.
Carol zai gelditu zen, begiradarekin galdeginaz. Docek zarettoa ideki eta beste trago bat hartu zuen. Botila gorde eta jarraiki zen:
Ni... Errez-erreza gerta zekigukenan azaldu zuen, alarma eman baino lehen egitea izan bagenu, alegia Mexicotik helduki ibilbide polita egiten ahal dun. Baina, behin muga iragan ezkero, ez zinaten bigarren aukerarik emanen. Beharbada oinez pasa zitekenan, edo autoz, eta...
Konforme! Baina egin genezakeena duk hori...
Beno.. Apika, orain ere egitea badinagu. Alderdi honetan bazirudin ez direla gure inguruan bazterrak sobera nahasi. Akaso...
Isildu egin zen, ez baitzen gezur nabarmenarekin aurrera segitzeko gauza. Beharbada Mendebaldeko Kostaldean ez zebiltzan hain burn belarri berauen bila, baina mugazainak, ziur, jakinaren gainean zeuden.
Ikusiko dinagu erran zuen ahopetik. Aztertu beharko dinat. Baziteken Ma Santis aurkitzea.
Ma Santis! Carolek haserre keinua egin zuen. Eta nola egin behar duk Ma Santisekin harremanetan sartzeko? Hila zela uste huela erran didak eta, bestela balitz ere, jakin nahi nikek nola konponduko haizen harekin edo beste edonorekin kontaktatzeko. Ezin duk galdezka ibili, ez haiz kuxkuxeoan ibiltzen ahal eta...
Egia dun, ezin dinat moztu zion Docek, eta zutitu ondotik komun aldera abiatu zen.
Larruzko besaulkian jarri zen, zigarro bat piztu eta, pentsakor, ilargiaren argiak argitutako gauari so gelditu zen. Beti pentsatzen zuen lur puska hura munduko ederrena zela, laranjadi eta aguakate sailez, muino borobil berde-beltzez, bukaera gabeko hondartzaren ondoan zerrendan ziren eta harbelezko teilatuak zituzten etxez beterik, azken hauek denak berdinak eta aldi berean arras ezberdinak. Egunen batean hona bizitzera etortzeko asmoa zuen eta, nahiz ideia hura erokeria zen, gogoan gordetzen zuen. Etxe arront alaitsu horietako batean, patioan, Carol eta biak imajinatzen zituen. Haragi zerra erretzen edo, itsasoari begira edari bat poliki-poliki edaten. Itsas haize freskoak joko zuen kresal usaia ekarriz. Eta..:
Doc xuxurlatu zuen Carolek atean bapatean agerturik.
Banoan erran zuen Docek, eta neskarenganatu zen. Eskua laztandu eta maitasun irriñoa erakutsi zion.
Gauza bat erran behar diat, Doc erran zion ahopetik. Hau elkarrekin gauden lehenbiziko gaua izanen duk. Elkarrekin eta biok bakarrik gauden lehenbiziko gaua.
Egia dun! Docen ahotsa hagitz atsegina zen. Gezurra iduri din, ezta?
Eta ez dik deusek ere galeraziko. Deusek ere ez! Gaurko gauean ez diagu kezkarik eduki behar. Bazter dezagun buruan dabilkigun guzia, hustu ditzagun geronen buru barrenak, bainu luze bero-bero bat hartu, gero zerbait jan eta... eta eskua gogorki laztandu zion.
Saaan Dieeegooo! oihu egin zuen errebisoreak. Hurrengo geldialdia San Diegon!
© Jim Thompson © itzulpenarena: Juantxo Ziganda